Maider Eizmendi

Haur Literatura eta sexu rolak

2001ean egin zuen lehendabiziko azterketa eta orain esperientzia errepikatu du. Ipuinak aztertu ditu pertsonaien sexuan, jardueran eta izaeran erreparatuta. Aurreratu da, gero eta pertsonaia femenino gehiago agertzen direlako, baina oraindik ere sexu rolei dagokionean datu deigarriak topatu ditu Julen Gabiriak.

Soziologia lizentziaturako amaierako tesina osatzeko gerturatu zen 2001ean Julen Gabiria idazle eta itzultzailea sexu rolek haur literaturan duten pisua eta nolakotasuna aztertzera: «Nolabait gai honen bueltan pilatzen ziren nik nituen interes nagusiak: literatura, rolei buruzko teoria eta gizarteratze prozesua». Lan hartan 8 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta 1998an argitaratutako ipuinak aztertu zituen, orotara 25 liburu. Haietan agertzen ziren pertsonaien sexuan, jardueran eta izaeran erreparatu zuen. «Datu esanguratsuak» topatu zituen.

Urte mordoa igaro da ordutik, eta, «aldaketak» izango zirela iritzita, azterketa bera errepikatu du Gabiriak, adin tarte berbereko haurrei zuzenduta 2012an argitaratutako lanak abiapuntu. Bi ikerketetan batutako datuak, egindako lanaren ezaugarriak eta gertutako aldaketak azaldu zituen pasa den astean “Sexuaren araberako rolak haur literaturan” izenburupean Bilboko Foru Liburutegian eskaini zuen hitzaldian.

Datuen aurkezpen eta azalpenean sartu aurretik, pertsonon gizarteratze prozesuan aktore desberdinek parte hartzen dutela gogora ekarri zuen, eta literatura ez dela «agenterik garrantzitsuena inondik ere». Hala ere, «eragin handienen atzean, halako txokoren batean» azalduko dela literatura iritzi zion. Eragin handiagoa ala txikiagoa izan, egindako azterketa bietan datu esanguratsuak topatu ditu, kontuan hartzeko modukoak eta aretoan batu ziren entzuleen interesa piztu zutenak.

Aztertutako protagonista nagusien sexuari dagokionez gertatu dira seguru asko 1998ko eta 2012ko ipuinen artean aldaketa handienak. Orduko erreferente nagusiak pertsonaia maskulinoak ziren, %68,57. Irauli egin da azken azterketa honetan datu hori. «Tortillak buelta eman du erabat, azken azterketa honetan pertsonaia protagonista femeninoak nagusi dira-eta, %65,21», azaldu zuen.

Pertsonaia nagusiak ez ezik, ipuinetan agertzen diren pertsonaia guztiak ere aztertu ditu Gabiriak. Kasu horretan datuak askoz ere paretsuagoak dira, eta, gutxigatik bada ere, pertsonaia maskulinoak gailentzen dira, %52,51. Aldea modu honetan azaldu zuen Gabiriak: «Haurrentzat liburu bat idaztean idazleak pertsonaia nagusia modu kontzientean aukeratzen du, eta argi dago pertsonaia femeninoen aldeko apustua egiten dela gero eta gehiago; pertsonaia guztiak txertatzeko orduan, ordea, filtroak ez dira hain indartsuak eta idazlearen inkontzienteak pisu gehiago hartzen du».

Zehaztu gabeko pertsonaiak

Sexuan ez ezik, ipuinetako pertsonaien jardueran ere erreparatu du Gabiriak, «zer den egiten dutena edota egiten ez dutena». Aipatu zuen, oro har, «haurrek identifikazioa» topatzen dutela haur literaturako liburuetan, «kasurik gehienetan pertsonaiak bere adinekoak» izan ohi direlako, ikasleak beraz. Hori dela eta, Gabiriari atentzioa deitu zioten 1998ko liburuak kontuan hartuta lortu zituen datuek; izan ere, pertsonaia femeninoen kasuan askotan ez zen zer jarduera burutzen zuen zehazten: «Liburuko protagonista nagusia emakumea zenean, hamar kasutatik hirutan ez zen jarduera zehazten». Amak ziren ia guztiak. «Idazleak irudikatzen du ama hori etxean, afaria egitean, haurra esnatzen... Agertoki horretan baino ez du irudikatzen, baina nork esaten digu ama horrek ez duela soldatapeko lan bat etxetik kanpora? Ez dakigu», ohartarazi zuen. Hori, bere esanetan, «ez da erabaki kontziente bat, inkontzienteki egindako irristaldia baizik». Denbora pasa eta aldatu egin da joera hori. 2012ko lanak kontuan hartzen badira, izan ere, gutxiago dira zehaztu gabeko jarduera duten pertsonaia femeninoak –portzentaje hori %15,78ra jaitsi da–. Aldaketa oso baikorra dela nabarmendu zuen. «Idazleak beti du presente balioen arlo hori, eta, beharbada, ez du ahaztu behar. Baina aldaketa modu naturalean gertatu da, ez da egon polizia literario bat pertsonaia femeninoen inguruan aginduak eman dituena, berez gertatu da», esan zuen.

Nagusiak ez, pertsonaia guztiak kontuan hartuta, 1998ko datuetan deigarri jo zuen pertsonaia femenino gehienak etxekoandreak izatea: «Kezkagarria da haur literaturako lan bat hartu eta topatutako pertsonaia femenino gehienak etxekoandreak izatea, etxekoandre definituak: etxean daudenak mugitu gabe eta gehienez ere erosketak egitera irteten direnak». Gainerakoak, ikasleak eta irakasleak ziren, beraz, «gizarteratzeko agenteen bueltan pilatzen ziren pertsonaia gehienak». Egun aldatu egin da joera hori, besteak beste, ipuinetan agertzen diren emakume langileak gehiago direlako. Hala ere, ordaindutako lanari dagokionez oraindik ere zehaztapenak falta direla azaldu zuen Gabiriak.

Neska arduratsuak

Aztertu duen hirugarren puntua pertsonaien izaerari dagokiona da. «1998an egin nuen azterketan ondorioztatu nuen mutilak zirela abenturaren nondik norakoak erabakitzen zituztenak; iniziatiba heldua zuten, azkarrak ziren eta gainera ausartak», azaldu zuen. Neskak ere ausart agertzen ziren, «baina maitasunaren alorrean». Bere esanetan, neskek agertzen zuten ezaugarri nagusia «arduratsuak» izatea zen, eta, maiz, «mutilen abentura goseari mugak jartzen aritzen ziren». Aldaketak gertatu dira: «Oro har haur literaturan pertsonaia femeninoei tradizionalki maskulinoak izan diren rolak txertatu zaizkie; beste aldea behar da, pertsonaia maskulinoei tradizionalki femeninoei egozten zaizkien balio eta jarrerak txertatzea».

Oraindik ere ipuinetan agertzen diren pertsonaia femenino guztiak kontuan hartzen badira haien ezaugarri nagusia arduratsua izatea dela aipatu zuen idazleak, «batez ere, amak direlako». Ohartarazi zuenez, «harrigarria da zenbat ama agertzen diren adin horretako neska-mutilei zuzentzen zaizkien liburuetan».

Datuetatik haratago, Gabiriak ikasgela batean egin zuen ariketa bat azaldu nahi izan zuen datuen osagarri gisa. Hala, gela bateko neska-mutilei istorio baten hasiera marraztu ziela kontatu zuen, haiek amaiera eman ziezaioten: «Badoa itsasontzi bat Brasilera bidean eta ozeanoaren erdian hondoratu egin da. Hiru lagun salbatzen dira...», azaldu zien ikasleei. 20 laguneko ikasgelan, orotara 60 pertsonaia asmatu behar izan zituzten: «45 mutilak ziren eta soilik bost neskak; gainerako hamarrak, berriz, ez ziren zehazten», argitu zuen idazleak.

Aretoan bildutako lagunen harridura sortu zuen datuak. «Hauek ez dira idazleak; idazleek errealitatea birsortzen dute errealitatetik abiatuta; haurrek ez dute birsortzen, imitatu egiten dute», erantzun zuen idazleak. Idazleei eskatzen zien kontzientziarik ezin zaiela haurrei eskatu ekarri zuen gogora, eta, azken batean, ikusten duten hori azaldu baino ez dutela errepikatzen nabarmendu. Galdera bat ere jarri nahi izan zuen mahaiaren gainean: «Nik planteatu nuen istorioak abentura kutsua zuen, eta, horregatik akaso, protagonista gisa mutilak deskribatu zituzten, zer gertatuko litzateke maitasun istorio baten hasiera marraztu izan banie?».