Saioa Iraola

Denboraren akrobatak

Egunak 30 ordu izango balitu, guztiak beharrezkoak» esaldia txikitatik entzun izan diet inguratu nauten emakume askori. Bizi garen jendarte “hiper-korrikalariaren” eragina izango da... Eguneko ordu, minutu eta segundoak xahutzen ditugu batetik bestera. Denboraren jabetzarik gabe, denborak eskuetatik alde egingo baligu bezala. Baina zerk ala nork eragiten digu iritsi ezinaren sentsazio hau? Azkenaldian denboraren inguruko teorizazioak irakurtzen jardun naiz eta konbentzitu naute: denboraren ulermena ez da unibertsala, ez dugu guztiok berdin bizi eta bizi garen tokiko kulturaren eraginpean dago. Kapitalismo patriarkarrak aurrera egiteko emakumeoi jartzen digun tranpa bat gehiago. Inoiz ez dugu nahikoa egiten, ez gara inoiz lasaitzen.

Denbora gure neurgailua da, baina hau ez da neutroa. Lantegiko jardunak egunean zortzi ordu ditu –ordu estrarik sartu ezean– errekonozitutakoak; baina, aldiz, etxe barruko zereginetan, garbiketan, zainketan, emozioen kudeaketa lanetan... igarotako denborak ez du orduka kontatzen. Orduok ez dute baliorik, badirudi ez direla neurgarriak eta ez dira inon kontabilizatzen.

«Hau denbora galtzea» esaldi famatuak laguntzen digu hau ikusten. Nola galtzen da ba denbora? Sentipen hau oso ohikoa da gure jendartean. Denbora erlojuaren orratzek markatzen dute, eta, industrializazio garaietatik hona, produktiboa ez den orok ez du balio sozial nahiz ekonomikorik. Denbora ez da pasatzen, gastatu egiten da. Eta hala izan dadin, denbora edukiz husten da aurrez; homogeneizatu, estandarizatu eta programatu egiten da. Akrobaziak egiten ditugu denbora aprobetxatzeko, bada, denboraren akrobatak izateari utzi eta aritu gaitezen denborarekin dantza lotuan. «Gaur ez dut ezer egin» diogunean entzun dezagun gure ordularia, ez egitea ere egitea dela baitio denborak. •