Mikel Zubimendi

Excaliburri herri harresia... eta «txakurran flautia»

Egoera hain beldurgarria ez balitz, Espainiako egoeraz eta jokaerez barre egitea osasun publikoaren agindua izan beharko litzateke. Beldurgarria da, baina. Asteon marka guztiak apurtu dira! Herrialdea krisi ekonomiko, konstituzional, lurralde mailako... bete-betean, sinesgarritasuna zeropean eta aste osoa Ebola birusaren eta Excalibur izeneko txakur baten sakrifizioaren inguruan eztabaidatzen. Ikaragarria! Hitzik ez dut Excaliburren defentsan herri harresia antolatu dutenen aurrean, ezta zabaldu dituzten mezuak azaltzeko ere. Albert Camusen “La Peste” eleberrian edo Luis Buñuelen inongo pelikuletan ere ez dut halakorik ikusi. Surrealismoa, esperpentoa, kirtenkeria, lardaskeria... ez dut hitz egokiarekin ematen. Denetarik poxi bat egongo da, bai. Hori guzti hori baino gehiago ere badago, ordea.

Espainiako Gobernuarentzat soberania ez datza herritarrengan, beraiengan errua datza soilik. Gobernuak ez du sekula okerrik egiten, errua egotzi eta zigortu egiten du. Yak-42 hegazkina erortzen bada, errua pilotuarena da; Prestige ontziko hondamendian, errua petroliontziko kapitainarena; Santiagoko Alvia trenaren tragedian, errua makinistarena; eta beste oker eta arazo guzti-guztien errua, ETArena edo kataluniarrena. Sorpresa gutxi, beraz: Mendebaldera Ebola birus terrible hori Madriletik barna sartzen bada –“Espainia markaren” azken marka–, errua erizain soil bati egotzi eta kito.

Erizainaren Excalibur txakurra salbatzeko herri harresia ikusita min hartu nuen. Ebola Afrikako mugen barruan mantentzen bada, ia ez dago notiziarik, milaka hildako eta kutsatu daude, baina ez dute europar zuri baten balio informatibo bera. Txakurraren aldeko herri harresia eta zalaparta informatiboa, bai, baina txakur bat baino okerrago tratatzen dituzten milaka etorkin afrikarrak edo Ebola birusak atrapatu dituenak laguntzeko ez da halako ahaleginik ikusten. Min ematen dit horrek, pertsona bezala, gizaki bezala, gure berekoikeria, gure eskaskeria, argiro islatzen duelako.

Espainia, berriz ere, beste behin ere, lardaskeriaren eta kirtenkeriaren adibide europar bezala ageri da. Camusek izurria beldurraren eta errepresioaren ikur egin zuen bezala, PPk Ebola metafora bihurtu du: lardaskeria, zuzentasun falta eta prepotentziarekin nola gobernatzen den adierazten duen metafora, desolazioaren eta degradazio demokratikoaren metafora. Merezi, horixe merezi duela Espainiako Gobernuak isolatzea eta ziurtasun protokolo zorrotzenak aplikatuz koarentenan jartzea. Baina, zoritxarrez, ez da halakorik gertatuko.

Gerta daiteke, baina, honakoa: krisiak (Ebolarena ala Kataluniakoa, hain ezberdin izanagatik ere adibidetarako baliagarri zaizkit) hain sakonak direnean, gertaeren abiadura handia denean eta jendearen gogo-aldartea sutua, inork nola eman den oso ongi jakiteke, bat-batean, aski izaten dela keinu bat, detaile bat, irudi bat, anekdota bat edo egoera bat –noski, ez dut esaten Excalibur izango dela baina batek jakin zein– kolosala den energia soziala askatzeko eta denbora oso laburrean ezinezkoak ziruditen kontuak errealitate saihestezin bilakatzeko. Eta hobe genuke euskaldunok, eskuartean ditugun beste hainbat konturekin batera, horrelako aukera edo agertoki bat imajinatzea eta prestatzea. Historiaren istripuak deitzen dituzte batzuek, niri bost ematen zaion izena, aukera aurkezten bada atrapatu beharrekoa dela barneratzen bada.

Izan ere, Rajoyk jokamolde ofizial egin duen «ezer ez egitea, ondo egitea da» horrek, bi ahulgune ditu, politikari azkar batek inoiz erakutsiko ez lituzkeenak: arazoei, aurkariei, norberaren aurretik makurtuta pasatzea baino beste aterabiderik ez uztea akats handia dela, eta, krisi sakonetan, aldaketa garaietan, denbora geldotu eta gogo-aldarte sozialak baretu nahiak muturreraino eraman eta kontrako bilakatzen dituela, hots, gertaerak azkartu egiten dituela.

Barkatuko dit Excaliburrek, baina ikusiak ikusita, Bergarako euskaran esaten den bezala, Espainia sendo aurrera aterako dela eta euskaldunok «ezer ez egitea, ondo egitea da» politika horrekin izorratuko gaituztela pentsatzea txakurran flautia baino ez da. •