Amagoia Mujika Telleria

Jendartea erabakitzeko eskubidearen inguruan trebatzen segitzeko apustua

Bere bigarren urte politikoan, Gure Esku Dago ekimenak aurrera begirako pausoak zehaztu ditu: erabakitzeko eskubidearen inguruko informazio gardena zabaldu eta jendartea trebatu, inoiz eskubide hori erabiltzeko aukera baldin badu, gizarte informatua eta heldua izan dadin. Eskuak eta ilusioa, horiexek lanean segitzeko erremintak.

Jon URBE | ARGAZKI PRESS
Jon URBE | ARGAZKI PRESS

Ez da egun baterako asmakizuna. Ez da tontor bat. Gure Esku Dago ekimena bide bat ibiltzeko sortu zen eta horretan segitzen du, pausoz pauso. Duela aste pare bat Gasteizen batzarra egin zuen, bigarren ikasturte politiko honetarako bide orria zehazteko. «Ekaineko giza katearen ondoren ebaluazioa egin genuen. Ondorio batzuk atera genituen: zertan asmatu dugun, zertan ez, zer hobetu behar dugun... Ebaluazio horren ondoren ariketa bat proposatu genion sarean dagoen jendeari: orri zuria betetzea. Eta horretarako bi galdera jarri ziren mahai gainean: ‘Zer egin nahi dugu aurrerantzean? Nola egin nahi dugu?’», hasi da kontatzen Zelai Nikolas, dinamikaren sustatzailea. Izan ere, ekainaren 8ko giza kate erraldoiaren aparretatik jaitsi eta ibilian segitzen du Gure Esku Dagok, «ekainaren 8a eta gero oraindik dena dagoelako egiteko», gaineratu du.

«Uda osoan batzordeak lanean aritu dira. Irailaren 27ko Gasteizko batzarrerako herrietatik eta saretik iritsitako gogoeta guztiak bildu eta laburbildu egin ditugu. Laburpen horretan jasotzen dira asanbladan hartutako erabakiak, aurrerantzean jarraituko dugun noranzkoa».

Finean, Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean pausoak ematen jarraituko du eta jendartea informatzen eta trebatzen, eskubide hori gauzatzeko unea iristen bada, ondo prestatua egon dadin. Eta hori guztia puntu gutxi batzuetan eta modu zuzen eta gardenean bildu du (ebazpenak www.gureeskudago.net web orrialdean). Izan ere, dinamikaren tasunetako bat hori da: hizkuntza garbia, mezu zuzenak eta ulergarriak eta jende askorengana iristen direnak.

«Printzipio demokratiko bat lantzen ari gara, eta printzipio demokratikoaren oinarria informazio gardena erabiltzea da. Demokrazia herritarrok hitza hartzea da, eta horretarako jakin behar dugu zertaz eta nola. Eskoziako eta Kataluniako prozesuetan informazioa tratatzeko modu berri bat dagoela ikusten da, nabarmen gainera. Ideiak argi aztertu behar dira eta argi azaldu, horien inguruko eztabaida egokia sustatzeko. Batzuetan politikan termino ilunak erabiltzen dira hain juxtu herritarrek gauzak ez ulertzeko. Eta hori irauli beharra dago».

Eskozia, Katalunia eta Euskal Herria. Azken hileotan erabakitzeko eskubidea agenda politikoaren lehen lerrora pasatu da. «Duela urte batzuk erabakitzeko eskubidea lokatzetan zegoen kontzeptu bat zen. Banaketarekin lotzen zen eta ideia marjinal bat zen. Nazioartean ere tentuz hartzen zen. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen inguruko prozesu bat jarri zen martxan; Gasteizko Legebiltzarrak gehiengo oso bat lortu zuen termino horren inguruan; 2004ko Estatutuan, Loiolako akordioetan, Udalbiltzako Eskubideen Kartan... erabakitzeko eskubidearen ideia presentzia hartzen joan zen eta gizartean txertatzen oso modu naturalean», eman du bere ikuspegia Nikolasek.

“Erabakitzeko eskubidea” terminoa Kanadako Auzitegi Gorenak «maisutasunez eta demokrazian benetan sinetsiz» jarri zuen mahai gainean, Quebeceko auziari irtenbide demokratiko bat eman nahian. 1998. urtean Kanadako auzitegiak ulertu zuen eta azaldu zuen legea ezin dela inposatu edozeren gainetik. «XXI. mendean printzipio demokratikoak arazoei aurre egitera eta irtenbideak ematera behartzen du», nabarmendu du Zelai Nikolasek.

Izan ere, Kanadako Auzitegi Goreneko txostenean bada paragrafo izugarri esanguratsu bat –Kataluniako kontsulta legearen pasarte batzuetan Kanadako ebazpen hori erreferentzia modura hartzen da– printzipio demokratikoaren eta legaltasun printzipioaren arteko harremanak zer-nolakoa izan behar duen aipatzen duena. Lege bat zein kasutan inposa daiteke? Zer-nolako lotura izan behar du demokrazia ez formalarekin? Gehiengo hutsa edo osoa izatearekin? «Ebazpen horrek zilegitasunari buruz hitz egiten du, alegia, zure burua lege hori betetzera behartuta dagoela sentitzeari buruz», zehaztu du Nikolasek.

Eskozian eta Katalunian, moduak

Eta Kanadan ereindakoa Europara ere iritsi zen, eta Euskal Herrian, Eskozian eta Katalunian lantzen hasi ziren. «Auzia agendan lehen lerroan jartzeaz gain, Eskozian eta Katalunian metodologia bat landu dute, eta hori da beren ekarpena; ez dute bakarrik ideia landu –Euskal Herrian ideia indartzen aitzindariak izan ginen–, ideia hori praktikara eramateko moduak garatu dituzte, bakoitzak berea».

Eskozian joan den irailaren 18an izan zuten ariketa demokratiko hori gauzatzeko modua. Ezezkoa gailendu zen, baina zaila da galtzaileak izan zirela esatea. «Garrantzitsua da gizarte batean auziei ez iskin egitea. Cameronek ondo adierazi zuenez, berak asko maite du Eskozia, baina denaren gainetik bera demokrata da. Erresuma Batuak egin duen ariketak nabarmendu du benetako demokrazia batek konponbideak eman behar dituela».

Eskozian 2007an hasi zuten prozesuan herritarrek informazio anitza eta osoa jaso dute, herritar bezala eragiten dien eremu guztien ingurukoa gainera. «Gaur egun eskoziarrek oso ondo dakite zein arazo dituzten, zein arlotan daukaten mendekotasun maila, zein arlotan izan daitezkeen autonomoago, zein baliabide dituzten alor bakoitzean eta zein konponbide eskaintzen diren alde batean eta bestean. Erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida batek gizartea formatu egiten du, gizartea sendotu egiten du. Eskozian gertatu dena esanguratsua da oso: kontsulta ‘galdu’ eta astebeteko epean SNP alderdiak militante kopurua bikoiztu egin zuen», jarraitu du Nikolasek.

Gure Esku Dago dinamikaren erronka nagusietako bat horixe da hain juxtu, euskal jendartea informatzea eta trebatzea, jendarte heldua izan dadin. «Guk gizarte informatuago bat nahi dugu, edozein auzi hitz eginda konpon daitekeela sinesten duen gizarte bat. Azkenean, munduan bi eredu dabiltza. Batzuk autoritarioak dira eta gauzak indarrez egiten dituzte. Lurralde auziak eta estatus politikoaren ingurukoak indarrez eta gerren bidez konpondu izan dira orain arte. Baina bada agertzen ari den harreman modu desberdin bat ere, berria, emakumetuagoa akaso, gauzak hitz eginez egin daitezkeela sinesten duena. Indarrak epe motzean arazoa konpontzen du, baina epe luzera arazo gehiago sortzen ditu. Aldiz, arrazoien gainean eta konbentzimenduz hartutako erabakiek pertsona sendoago eta helduago egiten dute. Eta hori gizartera aplikatzea da erronka».

Eskoziarrek hitza hartu zuten eta, orain, Kataluniara begira daude fokuak. «Kataluniako herria oso ondo ari da, heldutasun demokratiko izugarria erakusten ari da. Estatuaren jarrera autoritario horiei oso modu helduan, demokratikoan eta akatsik gabekoan ari da erantzuten. Erabakitzeko eskubidearen ariketa demokratikoaren sekulako erakustaldia ematen ari da. Normalean gizarteak ahuldadeak ditu eta badugu ezkor jartzeko joera; ‘amore emango dute’, ‘banatu egingo dira’... moduko mezuak entzuten ditugu. Katalanek, baina, erakutsi dute alderdien arteko adostasunaren eta herri dinamika indartsu baten bidez prozesu bat martxan jar daitekeela. Hori da Kataluniatik jaso dezakegun leziorik onena, modu batera edo bestera bukatuta ere. Orain artekoa erakustaldi bikaina izan da, eredu interesgarria oso», iritzi dio Zelaik.

Herri bat martxan jartzen denean, zaila baita geraraztea. «Azken finean demokrazia zer da ba? Herritarrak martxan. Gai publikoetan erabakia eurena dela jabetuta dauden herritarrak. Baina luzaroan delegatu egin dugu. Ondo dago delegatzea, baina gauza bat delegatzea da, eta, beste bat, utzikeria. Herritarren lana da delegatzen dioten horri kontuak eskatzea, ondo kudeatzea exijitzea. Luzaroan delegazio erabatekoa egon da, eta horrek ustelkeria ekarri du. Uste dut unea dela herritarra aktibatzeko, baina ez bakarrik kritika egin dezan. Kritika ondo dago, baina kritika egitetik elkarrekin eraikitzera pasatu behar dugu, politikariak ez dezan aukera izan bere ordezkaritzatik harago joateko. Gizarte heldua behar dugu, kritikotasun positiboa eraikitzen dakiena eta adostasunak lortzeko gaitasuna duena», esan du Gure Esku Dago dinamikako sustatzaileak.

Eta proiektu horretan, Gure Esku Dagok bere papera bete nahi du, «batetik demokrazia zer den azaldu nahi dugu, pedagogia gutxi egiten baita printzipio garrantzitsu horren inguruan. Zer da demokrazia XXI. mendean? Beharrezkoa iruditzen zaigu hori zabaltzea. Eta, bestetik, ariketa demokratikoak proposatzen ditugunean jendea trebatu nahi dugu. Herri honek inoiz bere erabakitzeko eskubidea erabiliko badu, bere estatus politikoa erabaki behar badu, herritarrok garbi jakin behar dugu zer-nolako filosofiarekin egin behar den ariketa hori; zein zailtasun dauden galderak zehazteko, zein irizpide dauden finkatuta nazioartean... Herritarrak informatuta egon behar du, eta gero eta gehiago jardun, eta gero eta ariketa txiki gehiago egin, errazago egingo zaigu Euskal Herriaren erabakitzeko eskubide hori heldutasunez erabiltzea. Jarraituko dugu formakuntza, prestakuntza eta dibulgazio lana egiten. Saiatuko gara beste eredu batzuk aztertzen eta saiatuko gara ariketara hurbiltzen, ariketa txikien inguruko adostasunak lortuz».

Sarea josteko urtea, sendoa izan dadin

Hurrengo hitzordua: azaroaren 8a, Donostiako Zurriola hondartzan, mosaiko erraldoia egiteko. Gure Esku Dago dinamikak gorriz margotu du egutegian egun hori, eta asmoa da 10.000 pertsona biltzea marrazki hori osatzeko. Kataluniako kontsultaren bezperako eguna da, eta berezia horregatik. Mosaiko horrek bi mezu bidali nahi dituela azaldu du Zelai Nikolasek. Lehena, barrura begirakoa, «ekainaren 8an sare polit bat osatu genuen, baina sare hori josi egin behar dugu denon artean. Aurtengoa josteko urtea izango da, indartsu, hurrengo urratsen aurrean sare hori sendoa eta edozer eusteko modukoa izan dadin». Eta bigarren mezua, Katalunia aldera begirakoa, azaroaren 9ko kontsultaren aurrean «elkartasuna» adierazteko.

«Neketsua izaten ari da, baina zoragarria»

Gure Esku Dago ekimenaren inguruan jende asko mugitzen da; lanorduetatik kanpo, desorduetan... Zelai Nikolas legelaria da eta bere agenda topera izaten da gehienetan. «Esperientzia ikaragarri polita izaten ari da. Ekainaren 7an negar asko egin nuen, baita ondoren bideoak eta dokumentalak ikusten ere. Nik sentsazioa daukat lan oso polita egiten ari garela, eta bildu garen guztiek daukagula Euskal Herriari, gure herriari, ekarpen bat egiteko. Inguruan ditudan ezagun askok aipatu didate ideia berdina: ‘zain geunden noiz sortuko horrelako esparru zibil bat gure ekarpena jasotzeko prest zegoena’. Neketsua izaten ari da, baina zoragarria. Oso urte bereziak bizitzen ari gara eta etorkizuna egunero-egunero eraikitzen ari gara. Animatuko nuke jendea ekimenarekin bat egin eta lana egitera».