Amagoia Mujika Telleria

Trebiñu Arabara batzeko eskaera Madrila iritsiko da

Arabaz inguratuta dago; geografikoki, soziologikoki, ekonomikoki, kulturalki... Trebiñu Arabara estu lotuta dago. Baina, administratiboki Gaztela eta Leoni korapilatuta dago, eta mendeak daramatza soka hori askatu nahian. Azaroan, lehen aldiz, Madrilgo Gorteek Trebiñu Arabara batzeko proposamena entzungo dute.

Trebiñu
Trebiñu

Eskaera ez da atzo goizekoa. Trebiñu Arabara batzeko lehen saioak XVII. mendekoak dira.  Geroztik, trebiñarren borroka etengabea eta jarraitua izan da. “Trebiñu Araba da” herri eskakizuna zabala eta ozena da, bertako herritarren egunerokoa asko aldrebesten duen egoera baita Trebiñu Konderria Gaztela eta Leongo erkidegokoa izatea. Burgos 105 kilometrora dago; Gasteiz, 18 kilometrora. Baina distantziak distantzia, trebiñarrek oso garbi daukate arabarrak direla.

Arabaren bihotzean dago Trebiñu, baina Arabarekin dituen loturak ez dira geografikoak bakarrik; sozialak, kulturalak, soziologikoak, ekonomikoak... Ignacio Portilla Trebiñuko alkatearen hitzetan, «lotura erabatekoa da, eta logikoena, zentzuzkoena eta argiena Trebiñu Araba izatea da. Batere zentzurik ez duena eta erabat aldrebesa dena bestea da, Trebiñu Gaztela eta Leon izatea eta administratiboki Burgosi lotuta egotea. Guk oso garbi daukagu, eta zaila da hainbestetan azaltzen aritu beharra».

Trebiñarrak nekatuta daude, urte gehiegitan aldarrikatu behar izan dute berentzat erabat agerikoa eta logikoa den egoera errealitate bihurtzea. Orain, baina, ilusionatuta eta indartsu ere badaude, azkenean ate bat ireki zaielako: Historian lehenengo aldiz Madrilgo Kongresuak Trebiñu Arabara batzeko proposamena eztabaidatuko du. Datorren azaroan izango da.

Eusko Jaurlaritzaren zubi lana

(Azaroaren 17an eguneratua) Trebiñu Arabara batzeko azken saio hau 2013ko martxoan jarri zen martxan. Trebiñuko eta Argantzungo udalbatzek gehiengo osoz onartu zuten Gaztela eta Leondik banatu eta Arabara batzeko prozesua martxan jartzea. Baina udalek ez dute eskumenik Kongresuraino iritsi eta ekinaldi legegile bat abiatzeko. Hartara, trebiñarrek Gasteizko legebiltzarrera jo zuten zubi lana egin zezan, eta Trebiñu Arabara batzeko proposamena Kongresuraino eraman zezan. Joan den otsailean onartu zuen Legebiltzarrak probintzia mugak aldatzeko ekinaldi legegilea eta Gorteetara eraman du. Asteon Portillak pozik zehaztu duenez, «azaroaren 18n izango da eztabaida Kongresuan». Eta pozik egoteko moduko urratsa da, historian lehen aldiz Madrilen trebiñarren ahotsa entzuna izango baita.

Gaztela eta Leongo estatutuek zein EAEko estatutuek jasotzen dute probintziaren mugak arautzeko aukera, baina horretarako Madrilgo Kongresuak hori ahalbidetzeko lege organikoa onartu behar du. Hori defendatuko dute EAJko Xabier Agirrek, EH Bilduko Belen Arrondok eta PSEko Txarli Prietok Gorteetan, datorren azaroaren 18n. Eta bertan izango dira, ikusleen tokian, Trebiñu eta Argantzungo alkateak eta herritarrak.

«Orain arte inoiz ez dugu lortu Madrilgo Kongresuraino iristea. Esaten ziguten ilegala zela, udalek ez baikenuen horretarako eskumenik. Azkenean bide hau topatu dugu, Eusko Legebiltzarraren eskutik joateko aukera ematen diguna. Orain Legebiltzarreko ordezkariak Madrila joango dira probintziaren mugak aldatzeko aukera jasotzen duen lege organikoa defendatzera», azaldu du Portillak.

Bide berri horren atzean EHUko Zuzenbideko irakaslea den Iñaki Lasagabasterren txostena dago, Trebiñurentzat ate berria eta arrakastatsua ireki duena. Trebiñarrek egin zioten txosten juridiko horren enkargua eta horri esker lortu dute hainbeste urtetako blokeo egoera askatzea. «Guretzat oso urrats garrantzitsua da. Orain arte legearen arazoa jartzen ziguten parean; oztopo legala omen zegoen trebiñarren borondatea aurrera eramateko. Orain ireki dugun bide berriarekin, legearen aldeko zalantza guztiak argitu egiten dira. Ez dago arazo legalik, Trebiñu Arabara batzeko lege organikoa tramitatu daiteke. Hori argi eta garbi geratzen da», nabarmendu du Portillak.

Eta legearen traba gaindituta, eztabaida bete-betean politikoa izango da. Dagoeneko legezkoa ote denaren aitzakia ezingo dute erabili integrazioaren kontra aritu direnek.

«Bozkatuko den testua oso sinplea da. Trebiñuren administrazio markoa aldatzea proposatzen du; orain arte Gaztela eta Leonen esku egon da eta lege organikoak esaten du aurrerantzean Arabako eta EAEko erakundeen esku gera dadila. Horixe da, gutxi edo gehiago, lege organikoak esaten duena», agertu du Portillak.

Bestelako joko zelaia

«Guretzako sekulako urratsa da. Orain arte erabat blokeatuta ginen, Gaztela eta Leonen betoa oso gogorra izan delako. Eta harrituta ikusten genuen nola Gaztela eta Leon gatazka honetan epailea eta partea zen aldi berean, eta egoera erabat blokeatzeko gaitasuna zuen. Guretzat arnasa hartzea izan da bide berri hau topatu izana».

Badirudi azaroaren 18n izango den bozketan ez duela aurrera egingo Trebiñu Arabara batzeko eskariak. PPk aspaldi esan zuen ez zuela onartutako, eta pentsatzekoa da Kongresuan duen gehiengo osoa baliatuko duela proposamena atzera botatzeko. Aurreikusten da PSOEk ere bide berdina hartuko duela, nahiz eta Gasteizko Legebiltzarrean bestelako jarrera agertu eta Txarli Prieto bidali lege organikoa defendatzera.

Baina emaitza kontrakoa izanda ere, trebiñarrak pozik daude, emandako urratsa «sekulakoa eta atzera bueltarik gabea» dela uste baitute. «Bai edo ez esan beharko dute, eta dagoeneko justifikazioa erabat politikoa izango da. Guk oso adi jarraituko dugu eztabaida, ea zein argudio politiko erabiltzen dituzten Trebiñuk bizi duen egoera ez konpontzeko. Eta horren arabera, ikusiko dugu zer egin. Baina oso garbi daukagu edozein argudio politiko hankaz gora jartzeko gaitasuna dugula», jarraitu du Portillak.

Gaztela eta Leonek orain arte zerabilen argudio edo arrazoi nagusia «jabetzarena» zen. «Garaiotan jabetzaren argudioa erabiltzea erabat diskurtso feudala iruditzen zaigu, gatazkaren oinarriak bistan uzten dituena. Horrelako diskurtso bat ezin da eutsi inondik inora. Hartara, aurrerantzean joko zelaia bestelakoa izango da».

Trebiñarrek mahai gainean jarriko dute bizi duten errealitatea: Zerbitzu publikoen alorrean beren eskubideak urratuak izaten dira etengabe. Zergak ordaintzen dituzte Gaztela eta Leonen beste edozein herritarrek bezala, baina ez dituzte zerbitzuak berdin jasotzen. Betebeharrak bai, baina eskubideak ez. Eta maiz zerbitzu horiek Arabatik jasotzen dituzte, ondo zehaztu gabeko hitzarmenen bidez batzuetan, eta batere hitzarmenik gabe gehiegitan. «Bigarren mailako herritar» sentiarazten dituen egoerak pairatzen dituzte trebiñarrek egunero.

«Aurrerantzean sistematikoki jasaten ditugun gure eskubideen urraketa guztiak salatuko ditugu. Ez dugu hitzarmen gehiago onartuko. Hitzarmenak behar dira, ados, baina benetan behar dena epe luzerako irtenbide orokor bat da. Eta hitzarmenak beti dira partxeak. Politikoki justifikaezina den egoera bat bizi dugu, eta egoera irauli egin behar da, ez hitzarmen bidez tapatu. Bizi dugun zerbitzuen prekarietatea ez dugu gehiago onartuko. Bai edo bai, Trebiñuren egoera konpondu egin behar da. Eta horretarako Arabako eta EAEko erakundeen laguntza ezinbestekoa izango dugu».

«Euskal erakundeek bere sentitu behar dute trebiñu, eta bere alde borrokatu»

Iker Gartzia Eulateko “Trebiñu Araba da” taldeko kidea da eta pozik dago ireki den bide berriarekin. Izan ere, azken urteotako saio guztiek Gaztela eta Leongo pareta zurrunarekin topo egin dute.

Azken urteotako historiari begiratuz gero, Frankismoaren ondoko lehen udal hauteskundeen ondoren, Trebiñu eta Argantzungo udalek beste saio bat egin zuten, baina emaitzarik ez zuten lortu. Artean Gaztela eta Leongo estatutua ez zegoen martxan eta Gernikakoaren eskutik abiatu zen prozesua. Espainiako Gobernuak oztopatu egin zuen eta, zeuden arriskuak ikusita, 1983an onartutako Gaztela eta Leongo autonomia estatutuak, trebiñuarren borondatearen gainetik, lege oztopo asko ezarri zituen Trebiñu Burgostik ateratzeko.

Gernikako estatutuak anexioaren baldintzak jaso zituen; Gaztela eta Leongoak, segregazioarenak. Eta horietan nabarmendu zuen Trebiñuk lotura handiagoa zuela Gaztela eta Leonekin eta Burgosekin. Modu horretan itxi zizkion ateak prozesuari eta erreferendumari.

Baina herri kontsultaren atea zabalik zegoen, eta horri bultza zioten trebiñuarrek. 1998an egin zen kontsulta Trebiñun. Parte hartzea %77koa izan zen, eta %68 Arabara batzearen alde azaldu ziren.

Eta galdeketa horrekin desmuntatu zen batzearen kontrakoek zerabilten argudio nagusia: «Ez dakigu herria integrazioaren alde dagoen ala ez». Galdeketak errealitatea garbi jarri zuen mahai gainean.

«Baina agian Trebiñuk lotura handiagoa dauka Burgosekin eta Gaztela eta Leongo erkidegoarekin», kontrakoen hurrengo argudioa. Eta horren aurrean ikerlan zabala egin zen ikuspegi desberdinetatik Trebiñu Arabara erabat lotuta zegoela erakutsi zuena; historikoki, gizarte mailan, alor ekonomikoan, hizkuntzari dagokionez...

«Ados. Lotura benetakoa da. Baina juridikoki ez da bideragarria», integrazioaren kontrakoek eraiki zuten hurrengo oztopoa. Bada, azkenean, traba hori ere gainditu dute trebiñuarrek, topatu dute Trebiñu Arabara batzeko eskaera modu legalean Madrilgo Kongresuraino eramateko bidea.

«Gu arabarrak gara, eta hori baino ez dugu izan nahi, benetan garena. Eusko Jaurlaritzari hori da leporatzen dioguna. Gu euskal herritarrak gara eta Eusko Jaurlaritzak bere sentitu behar du Trebiñu, eta bere alde borrokatu, guk eskatu edo ez. Askotan sentitzen dugu Trebiñukoa bigarren mailako kontua dela, eta euskal erakundeek oso epel jokatzen dute gai horren aurrean».

Trebiñuarrek gainerako arabarren parean egon nahi dute, betebehar eta eskubide berdinekin.

 

«Trebiñu araba da», kolore politiko guztietako trebiñarrek defendatzen duten aldarria

Trebiñurena aspaldiko korapiloa da, historian barna behin baino gehiagotan askatzen saiatu badira ere, beti bere horretan geratu dena. «Guk seguru dakigu Trebiñuk beste herrialde batera batzea eskatuko balu, EAE ez den beste herrialde batera, gatazka hau aspaldian konpondua egongo litzatekeela. Uste dugu Euskal Herriak Estatu espainolarekin duen gatazka dagoela atzean. EAEko administrazioarekin zerikusia duten kontu guztiak mesfidantzaz eta tentu handiz begiratzen dira. Beti horrela izan da», kontatu du Ignacio Portillak, Trebiñuko alkateak.

Eta Frankismo garaiko gertaera bat ekarri du gogora: «Frankoren garaian, Trebiñuko alkateak –erregimenaren aldekoa zenak– Arabara batzea eskatu zuen. Ez zuten fusilatu txiripaz. Ez zuten entzun ere egin nahi ‘traidoretzat’ zituzten probintzietara batzeko aukera. Eta beti ikuspegi horretatik begiratu izan dute Trebiñuren arazoa».

Gaztela eta Leongo PPk eta zenbait talde faxistek puntu horretan segitzen dute.

Baina, oro har, Gaztela eta Leongo politikariek gero eta nekezago defendatzen dute Trebiñu beren jabetza dela. Eta trebiñarrek gauzak oso garbi dituzte, lehen bezala orain. Aipatu dugunez Frankismo bete-betean alkate frankista bat ausartu zen integrazioaren alde egiten. Eta geroztik eta gaur arte, “Trebiñu Araba da” eskaera kolore guztietako trebiñarrek defendatzen dute. «Egoera politikoa edozein izanda ere, trebiñarrek beti defendatu dute Araba dela», segitu du Portillak. «Guk oso garbi baitaukagu: zerbait bagara, Araba gara zalantzarik gabe».

Baina, horrez gain eta batez ere, Trebiñuk bizi duen egoera administratiboak ikaragarri korapilatzen du herritarren egunerokoa. Zerbitzuen prestazioan sortzen diren hutsuneak larriak dira, zailak, eta hain justu hori da “Trebiñu Araba da” aldarrikapenari indar handia ematen diona.

Gaztela eta Leonek ez dizkio eskaintzen Trebiñuri oinarrizko zerbitzurik; hezkuntza, osasungintza, ongizatea... horiek guztiak Arabak eta EAEk eskaintzen dizkio, nahiz eta herritarren zergak Gaztela eta Leonek kobratzen dituen.

Adibidez, medikuarenera joan behar dutenean, trebiñarrak Gasteiza joaten dira, ez Burgosa. Hala egin izan dute beti. Baina autonomia erkidego bakoitzak osasungintzaren eskumena bere egin zuenetik, egoera nekezagoa da. Berez trebiñarrek ez dute zerbitzurik Osakidetzan, baina Osakidetzara joaten segitzen dute. «Osasungintzaren alorrean ez dago inongo hitzarmenik sinatuta Gaztela eta Leon eta EAEn artean Trebiñuko egoera zehazten duena, kontrakoa esaten bada ere. Hitzarmen orokor bat dago, mugakideak diren herrietan sortzen diren egoerak jasotzen dituena, baina ez da egia Trebiñurentzat zehazki hitzarmen bat dagoenik», esan du Portillak.

Hitzarmenik gabe, baina Arabak segitzen du –beti egin duen bezala– trebiñarren osasungintzaren zati bat bere gain hartzen. «Gaztela eta Leonen jarrera bitxia da, nolabait deitzearren. Trebiñu bere jabetza dela aldarrikatzen du, baina trebiñarrei ez die oinarrizko zerbitzurik eskaintzen. Nola ulertzen da hori? Eta Lakuaren jarrera ere ez dut ulertzen. Hitzarmenak daudela eta koordinazioa ona dela nabarmentzen du, baina ez da horrela. Osakidetzaren barnean badira aginduak, barrura begirakoak, eta esaten dute trebiñarrak erietxera etortzen direnean Osakidetzakoak balira bezala hartu behar dituztela. Baina barne mailako irizpideak dira, ez hitzarmen orokor baten baitakoak». Horrek, noski, segurtasun eza eta nahasmena sortzen dizkie trebiñarrei.

Zerbitzuen afera horren ondorioz, trebiñar asko Trebiñun erroldatu beharrean Gasteizen erroldatzen da, modu horretan zenbait zerbitzu ziurtatzen dituztelako; berdin haur txikiak dituztenak eta haur eskolen beharra dutenak; berdin adinekoak direnak eta egoitzen edo bestelako zerbitzuen beharra dutenak. Eta horrek eragin zuzena dauka Trebiñuko udaletan, diru laguntzak biztanle kopuruaren arabera banatzen direlako. Eta, bistan denez, Trebiñuko erroldek ez dute errealitatea islatzen.

Portillaren esanean, «banatutako bikoteen errolda zabalena dugu Estatu mailan. Datu esanguratsua da. Zergatik? Ba bikoteek kide bakoitza toki batean erroldatzea erabakitzen dutelako; bat, Araban eta, bestea, Gaztela eta Leonen».

Gaztela  eta leonen baitan dagoen ikastola bat

Argantzungo ikastola 2003an hasi zen lanean, hamaika haurrekin. Orain, 40 haur ditu eta Haur Hezkuntza eskaintzen du, 0-6 urte bitartekoa. Arabako Ikastolen Elkarteak eta Trebiñuko udalek bultzatutako proiektua izan da hasieratik.

Ikastolaren aurretik panorama bestelakoa zen: Eskola publikoa bazegoen, Gaztela eta Leongo administrazioaren esku, eta bi haur zituen. Gaztelania hutseko irakaskuntza zen eta eskola itxi egin zuten, haur falta zela eta. Hartara, euskaraz ikasi ahal izateko haurrak herritik atera behar izaten zituzten nahitaez, Gasteiza edo Langraitza.

Trebiñun euskarazko hezkuntzaren aldeko eskaria gero eta ozenagoa zen, herritarrek D eredua nahi zuten, eta behar horretatik sortu zen ikastola. «Egina zegoen galdeketa bat etxez etxe haurren eskolatzeari buruz eta B eta D ereduen aldeko jarrerak gailendu ziren. Hartara, 2003. urtean eskola bat irekitzeko aukera egon zen, eta bagenekien bazela herrian ikastolaren aldeko apustua egingo zuen jendea. 0-3 urte bitarteko haurrak zituzten familia guztiei deitu zitzaien telefonoz udaletxeetatik, eta banan-banan azaldu zitzaien proiektu bat jaiotzear zela, eta asanblada bat antolatu zen, herritarrei asmoen eta proiektuaren berri emateko. Eta horrela abiatu zen 0-3 urte bitarteko eskola moduko bat. Hasieran 1-2 urteko haurrak zeuden bakarrik; pixkanaka eskaintza zabaltzen joan gara eta gaur egun 0-6 urte bitarteko haurrak hartzen ditugu», agertu du Ekaitz Lotinak, ikastolako irakasleak.

Ikastolak sekulako garrantzia dauka herriarentzat, bizitasuna ekarri dio eta topaleku ere bihurtu da. «Hau erdigune bihurtu da, inguruko herrietatik ere haur asko etortzen da eta ikastolaren bueltan batzen gara guztiok. Horrek herriari sekulako bizitza ematen dio eta, gainera, euskararekiko lotura sendotu da. Galdeketek garbi uzten dute azken urteotan Trebiñun gora egin duela euskarak, azken hamar urteotan bikoiztu egin da euskara dakitenen kopurua», azaldu du Iratxe Garcia de Eulatek, guraso elkarteko lehendakariak.

Denetarik elkartzen da ikastolan; badira euskararekiko lotura estua duten familiak eta badira, euskararekin lotura estuegirik izan gabe, hezkuntzaren kalitateagatik hurbildu direnak ikastolara. Eta horiek ere, azkenerako, euskarara hurbildu dira. «Horietako askok Lehen Hezkuntzan ere D eredua aukeratzen dute eta batzuek Ikastolen Elkartearen barruan jarraitzen dute, nahiz eta Burgosekoak izan. Badira aita eta ama Burgosekoak izan eta euskaraz ikasten ari diren haurrak», agertu du Lotinak.

Argantzungo ikastola paraje ederrean dago, zelaiez inguratuta. Ikastola txikia da, talde txikiekin lan egiten duena eta horrek kalitatezko eta haur bakoitzaren neurriko hezkuntza emateko modua errazten du. Baina inoiz ez da erraza izan ikastolaren bidea, eta neketsua izaten segitzen du, berez Gaztela eta Leonen dagoen ikastola bat delako. «Administratiboki Gaztela eta Leonen gaude eta ez dute ikastola hau onartzen, ez dute kontzerturik ematen. Burgoseko agintariekin bildu izan gara eta argi eta garbi esan digute: ‘Ez dugu eskola hori onartzen euskarazko irakaskuntza eskaintzen duelako’. Haien esanetan, Trebiñun badago kontzertatutako eskola bat eta bertara eraman behar ditugu gure haurrak». Horrek esan nahi du Gaztela eta Leondik ez datorrela ez dirurik ezta baliabiderik ere. «Baimena ematen digute, legala da ikastola, baina ekonomikoki ez digute ezer ematen, ezta baliabidetan ere. Berez, haur kopuruagatik, badagokigu laguntza, baita irakasleak ere, baina Gaztela eta Leonek esaten du zentro honetara ez dutela ezer bideratuko. Prest daude haurrei autobusa eta jangela ordaintzeko baldin eta eskola erdaldun batera eramaten baditugu. Haurrak hara eramango bagenitu, diru gehiago emango lukete. Baina ikastolarentzat, batere ez. Eta, noski, gu ez gaude hemen erdaraz irakasteko, ezta?», galdera zuzena Lotinak.

Ikastolen Elkarteko elkartasun kutxa, gurasoen kuotak, udalen laguntza, eta abar; nekez egiten du aurrera ikastolak ekonomikoki. «Azken urteotan joan izan gara Burgosa, Hezkuntza Delegaritzara, berez eskola bezala dagokigun dirua eskatzera eta beti ezezkoa jaso dugu. Horregatik segitzen dugu, beti egon garen bezala, Euskal Herrira begira. Guk ez dugu eskatzen gehiago, gainontzeko ikastolen parekoa eskatzen dugu. Hainbeste gela ditu ikastolak, orduan, zer dagokio? Ikastola beste leku batean egongo balitz, zein diru jasoko luke? Horixe da eskatzen duguna, ez gutxiago eta ez gehiago», esan du Lotinak.

Laguntzei dagokionez, Argantzungo ikastola ez dago inongo zerrendan, ez Gaztela eta Leongoan, ezta Arabakoan ere.

Curriculumarekin ez dute arazorik izan, Haur Hezkuntza delako, ez delako derrigorrezkoa eta diru laguntzarik ez dagoelako tartean. «Liburu guztiak itzuli behar izan ditugu euskaratik gaztelaniara eta Burgosko ikuskatzaileari bidali behar izan dizkiogu. Ez dakigu irakurri dituen edo ez, baina baimena eman digu», segitu du irakasleak. Proiektu izugarri bizia eta ilusionagarria da Argantzungo ikastolarena, beste toki batzuetan ez dituzten aldapak eta nekeak dituzten arren, «hauteskundeak izaten diren aldiro joan behar izaten dugu Gasteiza, bulegoren batera, gure egoera azaltzera. Berriz zerotik hasi behar izaten dugu, ez garelako inon azaltzen. ‘Baina zuek Burgos zarete?’. ‘Gu Trebiñu gara eta Araba izan nahi dugu’, eta berriz martxan jarri behar izaten dugu burokraziaren elefante izugarri hori».

ROBERTO ORTIZ, Argantzungo alkatea: «Integrazioak asko hobetuko luke trebiñarren bizi kalitatea»

Zergatik zara Trebiñu Araban integratzearen aldekoa?

Arabaren bihotzean gaude eta lotura anitzak ditugu –soziokulturalak, politikoak, ekonomikoak, aisialdikoak...– Arabarekin. Arabaz inguratuta gaude, baina Burgos gara. Burgos 100 kilometrora dugu eta Gasteiz, 18 kilometrora. Logikoena da, zalantzarik gabe, Trebiñu Araba izatea. Gainera, onartu beharra dago Arabak Gaztela eta Leonek baino garapen handiagoa duela eta baliabide gehiago eta hobeak dituela. Horregatik ere Araba izan nahi dugu.

Alkate bezala, nola korapilatzen du egunerokoa egoera administratiboak?

Arazo nagusietako bat herritarrak Araban erroldatzen direla da, zerbitzu hobeak jasotzeko. Trebiñu inoren lurraldean dago, eta horrek egunerokoa zaildu egiten du. Eta udal bezala sekulako arazoa da gure herritarrak, nahiz eta hemen bizi, beste nonbait erroldatzea, Estatutik Udalari dagokion dirua baino gutxiago jasotzen baitugu. Estatuak diru hori erroldaren arabera banatzen du eta uste dugu Argantzunen bizi diren herritarren erdia baino ez dagoela bertan erroldatuta. Horrek esan nahi du Estatutik jasotzen dugun dirua berez dagokigunaren erdia dela. Eta gu bezalako herri txiki batentzat, gure aurrekontu mugatuarekin, hori traba handia da.

Kanpainak egiten dituzue, ezta?

Maiztasunez egiten ditugu herritarrak herrian erroldatzearen aldeko kanpainak. Zerbitzu ahalik eta hobeak emateko oso garrantzitsua da. Eta, gainera, erroldaren arazoa medio, kontzejuak desagertzen joateko arriskua ere hor dago. Hitzarmenen bidez ari zarete zerbitzuak ziurtatzen. Hitzarmenen sistema ez da egokiena. Egoera berri bat sortzen den bakoitzean, partxe bat jartzen da. Eta horrek nahasmena sortzen du eta batzuetan arazo larriak. Hor daukagu duela hilabete batzuk Argantzunen hildako neskato txikiaren kasua. Epaitegietan dago kontua, eta argituko da. Baina egia da herri hauetan bizi den segurtasun eza ez dela lagungarria. Irtenbidea Trebiñu Araban integratzea da, zalantzarik gabe.

Zure buruhausteen artean dago integrazioarena?

Bai. Baina nire kezkarik handiena herritarrei kalitatezko zerbitzuak ematea da, toki batetik edo bestetik etorrita ere. Herritarren ongizate maila da nire kezkarik handiena eta, noski, integrazioaren gaiak zerikusia du horretan. Baina, denaren gainetik, gure erronka herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bultzatzea da eta, bide horretan, integrazioa mesedetan izango litzateke zalantzarik gabe.

Badirudi lan administratiboa askoz nekezagoa dela zuena bezalako egoera berezian. Etengabe gaude batzuekin eta besteekin harremanetan, gure beharrak azalduz eta irtenbideak topatu nahian. Egia da beste edozein udal baino izapide gehiago egin behar dugula gauza berdinak lortzeko. Krisiarekin, gainera, egoera okertu egin da. Dirua dagoen garaian, errazagoa da proiektuak aurrera ateratzea. Eskasia dagoenean, berriz, ate bat eta bestea jo arren, zailagoa da, eta egoera administratiboak ez du laguntzen.

Azaldu zuen borroketako bat.

Ikastolarena aipatuko nuke. Argantzunen euskarazko irakaskuntza eskaintzen duen ikastola daukagu eta Gaztela eta Leondik ez du inolako laguntzarik jasotzen. Behin baino gehiagotan joan gara Burgosa Hezkuntza Sailera, eta atea itxi digute guztietan. Esaten digute badela dagoeneko eskola bat Trebiñun eta hara bidaltzeko haurrak, ez ikastolara.