Amagoia Mujika Telleria

«El cazador cazado». Piropoaren eta kaleko erasoaren arteko marra lausoa

Aldamio batetik builaka bere gorputzari buruzko iritzia ematea. Gizon kuadrilla baten tartetik pasatzean zerbait esango dutela seguru jakitea. Autoaren leihotik bidea gurutzatzen ari denari txistu egitea. Egiten dutenek piropoa esaten diote, baina sufritzen duenari arnasa larritzen zaio eta pausoa azkartzen du. Eraso gisa bizitzen du.

Eskutik helduta eramaten zuen paseora 5 urte zituela 15 urteko bizilagun batek. Kalean lasai zihoazela, gizonezko ezezagunek emakume gazte hari esaten zizkiotenek deseroso sentiarazten zuten. Bera haurra zen artean, baina konturatzen zen bere bizilagun jator hura urduri jartzen zela gizonezkoek hau edo bestea esan edota, maiz, oihukatzen ziotenean. Eskua estu eusten zion eta pausoa azkartzen zuen etxeraino. Eta bera, 5 urteko neskatoa, larritu egiten zen kalea ez zitzaiolako toki segurua iruditzen. 13-14 urte zituenerako bere azalean hasi zen sufritzen kaleko eraso horiek; builaka espaloi batetik bestera esandakoak, bere janzkerari buruzko aipamenak, kikildu eta uzkurtzen duten begiratzeko moduak...

«Eraso desatseginenak, edo okerren bizi nituenak, 13-14 urte nituela sufritu nituen. Gogorrenak izan ziren lehenak zirelako, eta nerabezaroan pertsonak oso zaurgarriak izan ohi garelako. Ni beti oso altua izan naiz nire adinerako, baina baita oso argala ere. Eta gizonezkoek kalean nire gorputzari buruz iritzia emateko eskubidea zutela pentsatzen zuten: ‘Ei, morena, ze eskasa zauden, baina, hala ere, berdin-berdin egingo nuke gustura asko txortan zurekin’. Horrelakoak entzun behar ditu neskato espainol batek egunero kalean bakarrik dabilenean», salatu du Alicia Murillo aktbista feministak. Egonezin pertsonal batean du abiapuntu, beraz, sevillarraren “El cazador cazado” proiektuak.

«Betidanik sentiarazi nau deseroso eta gaizki kalean lasai noala gizonezko batek niri buruzko aipamenen bat egiteak. Halaxe adierazten nien ingurukoei eta kasurik ez egiteko aholkatzen zidaten. Pozik ere egon behar nuela, halako piropoak jasota. Saiatu nintzen aintzat ez hartzen, nire pausoa jarraitzen, baina ezin nuen. Piropoaren eta erasoaren arteko muga gero eta garbiago ikusten nuen, eta ez zitzaidan gustatzen kalean nindoala inork eraso egitea».

Murillo musikaria ere bada eta 12 urte eman zituen munduan barna bidaiatzen. «Hiru kontinente desberdinetan bizi izan nintzen eta askotariko kulturak ezagutu nituen. Horri esker konturatu nintzen munduko toki batzuetan emakumeak lasai ibiltzen direla kalean, inork eraso gabe. Toki horietan jendea emakumeekin harremanetan jartzen da berdinetik berdinera, modu sanoan ligatzen dute, inongo mendekotasun egoerarik gabe. Eta Espainiara bueltan, berriz egin nuen topo kaleko eraso desatsegin horiekin. Maiz etxera negarrez bueltatzen nintzen eta erabaki nuen ez nuela negar egin nahi, nik barre egin nahi nuela. Egin dezatela negar haiek, erasotzen duten gizonezkoek».

Bideoak Interneten zintzilik

Egoerari buelta eman nahian jarri zuen martxan “El cazador cazado” proiektua. Alicia Murilloren proiektuaren helburua kaleko eraso matxistak salatzea da. «Kalean noala gizonezkoren batek nire gorputzari, janzkerari edo ibilerari buruzko aipamenen bat egiten didanean esan didanari buruzko galderak egiten dizkiot eta eskuko telefonoarekin grabatzen dut elkarrizketa. Ondoren, Interneten zintzilikatzen dut bideoa eta horri buruzko nire gogoetak tartekatzen ditut».

Murillok garbi dauka: «Gaizki deituriko ‘piropoa’ patriarkatuaren beste tresna bat da, emakumearen gorputza komunitatearen espazio bat bezala hartzen duena; uki daiteke, tratu txarra eman dakioke eta berari buruzko iritzia eman daiteke libreki. Kaleko erasoek emakumea zaurgarriagoa egiten dute, eta gizonarekiko mendekoagoa».

Eta horretan datza, Murilloren hitzetan, kaleko eraso horien funtsa: «Emakumeen askatasuna lapurtzeko modu bat da, kaletik bakarrik doazenean ez daitezen seguru sentitu, eta, beraz, gizonezko baten babesa behar dutela senti dezaten. Kaleko eraso horiek gizonezkoen botere erakustaldia dira, jendarteko emakumeak izutzen dituzte etxean dituzten horiei ‘babesa’ eskaini ahal izateko. Hartara, mendekotasun egoerak sortzen segitzen dute».

Bada piropoak politak direla esaten duenik; hitz goxo batek kaltegarria ezin duela izan esaten duenik. Murilloren hitzetan, piropoa gauza bat da, eta beste bat, oso desberdina, kaleko erasoa. Zerk zehazten du baten eta bestearen arteko marra? «Sen onak eta zentzuak esaten du hori. Piropo bat norbait gozatzeko esaten da, atsegina izateko, gauza politak esateko. Kaleko erasoak beste gauza bat dira, oso desberdina: eskatu ez dizuten iritzi bat ematea norbaiten gorputzari edo janzteko moduari buruz; iseka tonua edo paternalista erabiltzea; hitz gordinak erabiltzea; fisikoki gerturatzea bestea izutzeraino... Benetan, norbaitek zurekin ligatu nahi badu, atsegin bazaitu, badaki zugana gerturatzeko bidea ez dela espaloi batetik bestera oihu egitea. Maiz, kaleko eraso horietan ez da ondo ulertzen esaten dutena ere. Eta benetako hitz goxoak begietara begira eta ondo ulertzeko moduan esaten dira, ezta?».

Estatu espainolean piropoa «kulturala» dela esan ohi da. Murilloren hitzetan, «bai gizonezkoek eta baita emakumezkoek ere oso barneratuta daukate piropoaren kontua, eta kostatu egiten zaie askotan erasoa dela aldarrikatzea. Ni luzaroan bizi izan naiz Seattlen (AEB) eta bertako lagunak asko harritzen dira nire bideoak ikusten dituztenean. Seattlen jendea oso espontaneoa da eta gauzak esaten dizkizute kalean zoazela, baina oso modu desberdinean. Kalean zoazela, ohikoa da norbait etorri eta ‘zure kamiseta izugarri gustatzen zait’, ‘zure irribarreak eguna poztu dit’ edo ‘gorbata zoragarria’ bezalakoak esatea. Baina tonua oso sanoa da, ez dago paternalismorik, giroa errespetuzkoa da eta gizon batek beste bati esan dakioke. Eta, noski, ez dago isekarik, hitz gordinik edo ukitzerik. Gerturatze atsegina izan ohi da, laguntasunean, sexuan edo besterik gabe agur batean amai daitekeena», kontatu du.

Kaleko eraso horiei «mikromatxismo» esaten zaie askotan. Murillo kezkatuta agertzen da definizio horrekin, «‘mikromatxismoak’ badira ez direla hain larriak pentsa daiteke, ezta? Arriskutsuak iruditzen zaizkit era horretako terminoak, droga bigunak eta gogorrak daudela esatea bezalakoa da. Edozein diskriminazio ekintza, txikia eta ohikoa izanagatik ere, identifikatu eta salatu egin behar da, diskriminazioa betikotzen ari delako».

Piropo baten edo lekuz kanpoko lausengu matxista baten aurrean planto egiten duen emakumea «paranoikoa», «esajeratua», «eroa» dela entzutea ohikoa da. «Ezezagun batek ‘hola guapa’ esaten dizunean arazoa ez da esan dizuna itsusia edo polita ote den, arazoa da emakume izateagatik kalean zoazenean edozein motako aipamenak jasotzeko prest egon behar duzula eta etengabe presente izan behar duzula kalean fisikoki eta sexualki erasoren bat jasateko arriskua daukazula. Beldurra da, indarkeria sinbolikoa esaten dioguna, ahulak, zaurgarriak eta hauskorrak garela sentiarazten diguna. Eta guk nahi dugun bakarra kalean paseoan lasai ibiltzea da». “El cazador cazado” proiektuaren helburuetako bat hori da hain juxtu: emakumeei indarra ematea kalean lasaiago ibil daitezen.

Baina, nola egin daiteke hori? «gure agresibitatea topatu eta aitortu behar dugu. Agresibitatea lapurtu ziguten. Neskatoak ginela esan ziguten, ‘zuek, neskak, gozoak eta finak izan behar duzue, ez duzue zuen burua defendatu behar, horrek zuen feminitatea itsusten duelako. Baina ez da horrela, defentsa legitimoa horixe da, legitimoa. Ez dugu behar inork defendatzea, gure burua defendatzeko gai gara. Horretarako agresibitatea eta amorrua sormenera, umorera, irrira eta poztasunera bidera dezakegu. Patriarkatuaren aurrean barre egitea baino gauza subertsiboagorik ez dago».

Bere proiektuan Alicia Murillok bere burua defendatzen du. Kalean doala hitzez eraso dutela sentitu duenean, buelta eman eta erasoa burutu duen gizon horren aurrean planto egin du. Askotariko erreakzioak jaso ditu bueltan, gehienak, bortitzak. «Gezurra esango nizuke beldurrik ez dudala pasa esango banizu. Beldurra pasatu dut batzuetan. Baina konturatu naiz erasotzaileari aurre egiten diozunean igartzen duzula benetan beldurra duena bera dela. Bera da tokiz kanpo sentitzen dena, zer egin ez dakiela geratzen dena, arraro sentitzen dena bere jokaera gaitzetsi duzulako eta, ondorioz, askotan, haserretu eta sutu egiten da».

Youtubek borratutako bideoak

“El cazador cazado” proiektuak egileak espero ez zuen bidea ibili du. Izan ere, 2012 bukaeran sarean zintzilikatu zuenean sekulako harrabotsa sortu zuen Interneteko zenbait forotan, «maskulinoak» deitzen direnetan hain zuzen. ForoCoches webgunetik zuzendutako kanpaina bortitza jasan zuen Alicia Murillok. Mehatxu mezuak azkar zabaldu ziren sarean, bere proiektuaren kontrako erasoak oso larriak izan ziren eta bere telefono zenbakia argitaratu ere gin zuten ForoCoches atarian. «Bat-batean mehatxu deiak eta mezuak jasotzen hasi nintzen nire telefonoan. Hasieran oso gaizki pasatu nuen, horrelako zerbait gertatzen zitzaidan lehen aldia zelako. Denborarekin, kasik eskertu egin behar diet nire proiektuaren alde egin dutena. Foro maskulinoetan sortu zen iskanbilaren ondorioz are ezagunagoa egin zen proiektua, sekulako zabalkundea izan du», kontatu du Murillok.

Youtube atariak ere izan du partea iskanbila horretan. Foro maskulinoetatik iritsitako kexuak eta protestak aintzat hartu eta Murillok zintzilikatutako bideoak debekatu eta kendu egin zituen. Youtuberen arabera, «bideo horiek Youtuberen politikaren kontra egiten dute jazarpena eta mehatxuak bultzatzen dituztelako».

Youtuberen erreakzioa bitxia izan zen. Pikara on line magazinak gogor salatu zuen Alicia Murilloren kontrako kanpaina, «kontraesan handia da Youtubek Aliciaren bideoak zentsuratu izana jazarpenak eta mehatxuak sustatzen dituztela salatuz, hain juxtu bideo horietan Alicia bera denean jazarpenen eta mehatxuen biktima garbia». Esanak esan, “El cazador cazado” proiektuak ezin izan zuen bidea ibili Youtuben, eta horren aurrean Pikarak bere osotasunean argitaratu zuen Alicia Murilloren lana. Hartara, ikusi nahi duenak eskura dauka http://www.pikaramagazine.com helbidean.

Egoera hobetzen ari da

Murillorentzat oso esperimentu interesgarria izan da proiektu hau. «Izugarri lagundu dit ahalduntzen, nire buruan sinisten, gustatzen ez zaizkidan erasoei aurre egiten. Niretzako sekulako ariketa izan da eta gustatuko litzaidake beste emakume batzuentzat ere baliagarria izatea». Hartara, deia egin die emakumeei kalean erasoak sufritzen dituztenean aurre egiteko, eta, ahal badute, egoera beren telefonoaren bitartez bideoz jasotzeko. «Emakume askoren mezuak jasotzen ari naiz. Esaten didate nire proiektuaren berri izatea oso baliagarria izan zaiela, seguruago eta askeago ibiltzen direla kalean. Eta hori asko aurreratzea iruditzen zait», segitu du Murillok.

Feminista sevillarraren iritziz, «tamalez, oraindik jende asko da beste sexuko jendearekin harremantzeko modu okerrak erabiltzen dituena, jazarpena ez den beste biderik ez dutelako ikasi. Batzuek galdetzen didate, ‘baina orduan nola jakinaraziko diot neska bati gustatu egiten zaidala ezin badiot piropo bat esan kalean ikusten dudanean?’. Ez dira ezertaz enteratzen; norbait erakartzeko eroso sentiarazi behar duzu, eta bera ondo sentitzea nahi duzula adierazi behar diozu. Hainbat gizonezkok ulertuko dute egunen batean aldamio batetik emakume bati ‘rubiaaaaaaaa’ oihukatzeak ez daukala batere zerikusirik sedukzioarekin», bukatu du Alicia Murillo feministak.

 

Kalea denontzako espazio askea izateko ahalegina

Alicia Murilloren «El cazador cazado» proiektuaren helburua kalea denontzako espazio aske modura aldarrikatzea da, gizon zein emakume. Horretarako, gaur egun hala ez dela erakusten duten egoerak jasotzen ditu aktibista feministak bere telefono mugikorrarekin. Bideo horietan tamalez ohikoak diren erasoak jasotzen ditu, jendartearen parte handienak erasotzat hartzen ez dituenak. Ondoren egoera horietako zenbait:

Gizonezkoari barkamena eskatzea

Maiatzaren lehenengoan, Langileen Nazioarteko Egunez, Alicia eta bere senarra lagun talde batekin joaten dira Sevillara sindikatuek deituriko manifestaziora. Bertan daudela, bi gizonezko gazte gerturatzen dira taldera oso modu bortitzean, «ligatzeko asmoz» haien esanean. Tartean gizonezko bat dagoela ikustean, barkamena eskatzen diote gizonezkoari. Murillok, telefonoarekin grabatuz, galdetzen die ea zergatik eskatu dioten barkamena gizonezkoari eta ez emakumeei, benetan erasoa jasan dutenak haiek izan baitira. Erasotzaileek oso modu bortitzean erantzuten diote, telefonoa kenduko diotela mehatxu eginez. «Hori zure senarra da eta zuk nahi duzunean egiten duzu larrutan berarekin, ezta?». Horixe gizonezkoek Murillori leporatutakoa.

Piropo bat ez da builaka esaten

Alicia Murillo kalean doa oinez. Taberna baten kanpoaldean bi gizonezko daude terraza batean trago bat hartzen eta Murillori, urrunetik eta builaka, zerbait esaten diote. Buelta eman, telefonoa atera eta gerturatu egiten zaie bideoz grabatuz: «Errepikatuko zenidake lehen esan didazuna?». Gizonezkoetako batek ez du hitz egiten grabatzen ari zaion bitartean. Bestea, asko haserretzen da eta agresibitatea erakusten du, «aulkitik altxatzen banaiz telefonoa mila pusketa egingo dizut. Eroa. Piropo bat esan dizut eta begira nola jarri zaren, psikiatrara joateko moduan zaude».

Murillok garbi dauka: piropo bat begietara begira esaten da, modu ulergarrian, ez dauka burla tonurik eta lausengu bat da. Piropo bat ez da esaten builaka espaloi batetik bestera, kasik ulertzen ez dela, emakumea izutzeko tonuan. Eta piropo bat esaten duenak, ezer txarrik egin ez duenez, ez du zertan kontzientzia txarrik izan. Erasotzen duenak, bai.

Iragar daitezkeen erasoak

Arratsaldeko ordu biak. Egun argiz. Murillo lanetik etxera bueltan doa. Espaloian barna, parean ikusten du gizon talde bat kalean garagardoa edaten. Haien erditik pasatu behar du eta aurreikusten du ahozko erasoren bat jasango duela. Disimuluan, telefonoarekin grabatzen ari dela pasatzen du trantzea. «Beste aukera bat zen, emakume askok egiten duten bezala, beste espaloira aldatzea».

Pasatzen da gizon taldearen erditik eta esperotakoa: burla tonua, irriak, aipamenen bat... Buelta eman eta grabatzen ari dela erakusten die argi eta garbi: «Errepikatuko dugu berriz egoera?». Eta espero ez zuena gertatzen da: gizon taldeak barkamena eskatzen dio.

«Proiektu hau izugarri aberatsa izaten ari da niretzako. Ikasten ari naiz erasoei erantzuten, aurre egiten. Eta horrela egiten dudanean, erasotzaileak dira kikiltzen direnak. Gero eta gehiago sentitzen dut kalea nire espazioa ere badela», esan du Alicia Murillok.

Moda aholkulariak

Uda iristearekin batera iristen dira galtza motzak, tiradun kamisetak, soineko freskoak. Eta kaleetan agertzen dira Murillok «moda aholkulari» deitzen dituen gizonezko horiek.

Kalean doala, adineko gizon batekin gurutzatzen da eta bere galtzei buruzko aipamen bat egiten du; «horiek bai galtza freskoak. Apenas ukitzen dute haragirik. Bai fresko zoazela galtza horiekin». Murillok erantzuten dio berak ez diola eskatu bere janzkerari buruzko iritzirik. Eta gizonezkoa, deseroso sentitzen da; «nirekin oso erratuta zabiltza. Ni ez naiz kaletik jendea iraintzen joaten den horietakoa. Nik zure galtzei buruzko iritzi bat baino ez dut eman, ez zaitut eraso edo iraindu».

Aktibista feministak galdera uzten du airean: «Noiz konturatuko dira gizonezkoak ez garela haientzat janzten, ez garela haientzat ibiltzen, ez garela haientzat bizi?».

«Begiratu bakarrik» egiten dutenak

Gizonezko talde bat, adinekoak, dominoan jokatzen ari da kalean. Murillo pasatzen da eta horietako bat begira-begira geratzen zaio kalean barna doala. Buelta eman eta bere jarrerari buruz galdetzen dio. «Begira bakarrik nengoen», erantzuna. Eta, Murillok, «zure emazteari edo alabari norbaitek era horretan begiratzea gustatuko litzaizuke?». Eta, gizonezkoak, «ba horrela izan beharko du, haiei ere begiratuko diete-eta horrela!».

 

Hollaback plataformaren mundu mailako mezua: «Ikaratzen bazaitu, ez da lausengua»

Emakumeen kontrako kaleko erasoak munduko toki gehiegitan ematen dira. Horren seinale da Hollaback plataforma, 2005. urtean sortu zenetik zabaltzen joan dena eta gaur egun 50 hiritan eta 17 herrialdetan martxan dagoena. Egun kasik hamar hizkuntzetan egiten du lan eta bere erronka nagusia emakumeari espazio publikoetan tokia ematea da. Hartara, bereziki lantzen du kaleko erasoen kontrako borroka eta mezu garbia zabaltzen du mundu mailan: «Ikaratzen bazaitu, ez da lausengua».

Plataforma horren sorrera New Yorken eman zen. Hiritar talde bat elkartu zen, eta, emakumeen kontrako kaleko erasoekin kezkatuta, zerbait egin behar zela erabaki zuten bildutakoek. Hiriko neska gazte batek, Thao Nguyenek, egindakoak eman zien zer pentsatua. Nguyen New Yorkeko metroan zihoala, gizonezko bat bere aurrean masturbatu zen. Gazteak bere telefonoarekin argazki bat atera eta Interneten zintzilikatu zuen, salaketa modura. Hartara, eta ekintza horren haritik, Hollaback plataforma ekintza desberdinak bultzatzen hasi zen, betiere kalea emakumeentzat espazio askea eta segurua ez dela salatzeko, errealitate hori bistaratzen duten egoerak eta irudiak ezagutzera emateko eta egoerari buelta emateko.

Bere azken kanpainak sekulako arrakasta izan du. “Hamar ordu New Yorkeko kaleetan oinez emakumea izanda” bideoak milioitik gora bisita lortu zituen egun gutxitan Youtuben. Bertan, Shoshana Roberts aktoreak –New Yorken bizi da eta borondatez parte hartu du proiektuan– Manhattan inguruko kaleetan jasandako eraso zenbait jasotzen dira. Robertsek hamar ordu eman zituen egun bakarrean Manhattan inguruan oinez. Bakeroak, kamiseta beltza eta kirol zapatilak jantzita, aktoreak isilik ematen du paseoa, ezkutuan beste kide batek bere ibilerak grabatzen dituen bitartean.

Emaitza izugarria da; ehundik gora ahozko eraso jasan zituen, bestelakoak kontatu gabe, begi-keinuak eta txistuak esaterako. Horrez gainera, egoera bortitzak jasan behar izan zituen. Gizonezko batek bost minutu baino gehiago eman zituen bere ondoan ibiltzen, emakumea ikaratuz. Eta beste bat fisikoki hurbildu zen beregana oso modu bortitzean.

Erasoen artean, askotarikoak. Samurrenak, «agur guapa», «egizu irribarre» eta antzekoak. Hortik gora; «aizu, guapa esan dizut eta beste era batera eskertu beharko zenidake, ezta?», «zer pasatzen da zurekin neska?», «ez didazu kasurik egiten itsusia naizelako?», «nire telefonoa ematen badizut kasu egingo al didazu?» eta antzekoak. Bideoa bi minutukoa bada ere, ondo islatzen du Robertsek jasan behar izan zuen bonbardaketa, egunero emakume askok munduko toki askotan sufritzen dutenaren parekoa.

Hollaback plataformak bide desberdinak eskaintzen ditu emakumeek jasaten dituzten egoera horiek sala ditzaten eta batez ere jendarteak eraso horien kontzientzia har dezan.

«Gure helburua da nazioarte mailako sare bat osatzea isilpean dagoen kaleko erasoen gaia lehen lerrora ekarri eta horien kontra egiteko. Indarkeria matxista da, bortxaketen atarikoa, eta desagerrarazi egin behar da. Oso serio hartzeko arazoa da», nabarmendu dute plataformatik.

Bruselako kaleetan ere ematen da

Hollaback plataformaren antzeko esperimentuak ere egin dituzte beste zenbaitek beste zenbait tokitan. Sofie Peeters ikasleak, kalean jasaten zituen ahozko erasoez nazkatuta, “Femme de la Rue” dokumentala grabatu zuen, Bruselako kaleetan emakumeek etengabe jasaten dituzten erasoak eta jazarpenak salatzeko asmoz. Belgikako telebista batean eman zuten dokumentala eta dezenteko harrabotsa sortu zuen, bistan geratu baitzen Europako hiriburu administratiboa ez dela libre kaleko eraso horiez.

Dokumentalean nabarmentzen denez, Bruselako emakumeek estrategia propioak garatu dituzte eraso horiek ahalik eta neurri txikienean sufritzeko; zenbait kaletatik ez dira inoiz pasatzen eta askok bere janzkera aldatu dute, gonak albo batera utzi eta galtzak jantziz.

Gobernuak ere hitz egin du eraso horien inguruan, kezkatuta agertu da eta neurriak hartu behar direla nabarmendu du. Badirudi 240 euro bitarteko isunak jartzearen aukera aztertzen ari direla, kalean emakumeak sexualki jazartzen dituena zigortu asmoz.