Aita santuaren sermoia Estrasburgoko diputatuei

Astearteari igande itxura hartu diote Estrasburgoko eurodiputatuek. Sekulako ikusmina sortu du Francisco aita santuaren bisitak. Jorge Mario Bergoglio argentinarraren sermoiak aurreikuspenak bete ditu gainera, eta, besteak beste, Mediterraneo itsasoa etorkinen kanposantu bilakatzen ari dela salatu eta politika neoliberalen aurka hitz egin du. Dena den, eta mezatan gertatu ohi den bezala, entzuleek ezentzunarena egin dute. Ezin da bestela ulertu murrizketa ekonomiko eta sozialak agintzen dituzten eta etorkinen tragediaren erantzule zuzen diren legebiltzarkideek sermolariari horrelako txalo zaparrada eskaintzea. Mezuarekin bat egiten dutenen artean, gainera, batzuk ez dira mezetara joan, beste batzuek Eliza katolikoak emakumearekiko duen jarrera salatzeko protesta gisa elizatik alde egin dute eta bada aita santua goraipatu duenik ere. Europa «zaharkitu» egin dela deitoratu duen aita santua. Bera, Eliza katolikoa eta mezak gaztetasuna ikur bailira bezala. Zozoak beleari... Dabid LAZKANOITURBURU