Ruben Pascual

Ayotzinaparen minak eta politikaren ezinak

Mexikoko Iguala hirian desagerrarazitako 43 ikasleen kasuak krisi sakona eragin du herrialdean, erakunde eta alderdiek egoerari erantzuteko erakutsitako gaitasun eza agerian-agerian geratu baita. Zilegitasun eta sinesgarritasun galera erabatekoa da. Presio sozialaren gorakadak agerian utzi du mexikarrak nekatuta daudela azken hamarkadotan PRIk eta PANek bultzatutako politika neoliberalen ondorioz sortutako egoera dela-eta: pobrezia, agintekeria eta narkotrafikoaren nagusitasuna

Erantzuteko batere gaitasunik gabe eta presio sozialak gaina hartuta. Hala bete du PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak bere agintaldiko bigarren urtea. Guerrero estatuko Iguala hirian sei ikasle hil eta beste 43 desagertu zirenetik bi hilabete bete berri dira, eta artean ez da haien arrastorik aurkitu. Poliziak Guerreros Unidos kartelaren esku utzi zituela ikasleok dio bertsio ofizialak.

Desagertutakoak bizirik ote dauden, hil egin zituzten edota gorpuak erre ote zituzten argitzeke dago. Baina gertaera latz hori Estatuaren oinarriak kinka larrian jartzera iritsi da. Mexikon aspalditik jakina zena munduaren aurrean gelditu da agerian: herrialde horretan, 2014. urtean, posible da 43 lagun desagerraraztea, Estatuko ordezkarien parte hartze zuzenarekin –Igualako poliziak, kasu honetan–, bi hilabetera gertatu denaren inolako zantzurik izan gabe.

Ayotzinapatik harago, azaleratu egin da, azken urteotan batez ere, Mexiko hobi komunez josi dela, herrialdea hilerri erraldoi bihurtuta. Indarkeria maila eta hildakoen zein desagertutakoen kopurua gerran dagoen herrialde batekoak dira.

Azukre koxkor bat uretan nola, hala desegiten ari da Mexiko, eta Igualako gertakari lazgarriek prozesua azkartu baino ez dute egin. Herritarren beharrei erantzuten ez dien politika mota bat, erakundeak ulertzeko modu bat zartarazi, txikitu egin dituzte gertakariok. Gainera, eskandaluak pilatzen ari zaizkio Peña Nietori. Hor daude, esate baterako, Tlatlayako kasua –ekainean, armarik gabeko hamabost zibil hiltzea egozten zaio Armadari– edota bere emaztearen etxearen harira sortutako polemika.

Testuinguru horretan, presio soziala eta herritarren mobilizazioa etengabe hazten joan dira azken asteotan. “Bizirik eraman zituzten eta bizirik nahi ditugu” hasierako leloarekin batera, “Peña kanpora” bezalakoen indarrak nabarmen egin du gora. Ayotzinapa mexikarren pazientziaren edalontziak gainezka egitea eragin duen tanta izan da. Estatu krimenak ez dira berriak Mexikon, baina Igualan jazotakoa amildegiranzko urratsa izan da.

Horren erakusgarri da pertsonaia publikoen artean ere zenbatek altxatu duten ahotsa: futbolariak, idazleak, abeslariak, aktoreak… Zenbatezinak dira gizarte ordezkariek egindako keinuak. Beldurrak eta bestelakoak albo batera utzita, mexikarrak kalera atera dira behingoagatik “aski da” esatera. Nekatuta daude hildakoen inguruko albisteak entzuteaz bai gosari orduan, bai bazkaltzerakoan bai afaltzerakoan ere. Odolari eta indarkeriari lotuta egongo ez den Mexiko berri bat nahi dute. Eta horregatik jarri dute hormaren kontra Peña Nietoren Gobernua.

Erantzun kosmetikoa

Plazetatik zetorkion aldarri indartsu eta iraunkorrari erantzun bat ematera derrigortuta ikusi du bere burua Peña Nieto presidenteak. Baina hemen ere kale egin du. Iparra galduta balego bezala, sistemak bere-berezkoak dituen agintekeriazko tik horiek baino ez ditu erakutsi. Aldaketa garrantzitsuak egingo dituztela iragarri du, baina, hori zertan gelditzen den itxaroten dugun bitartean, jakin dugun bakarra da segurtasun arloan zenbait moldaketa egingo dituela. Justizia sistema bera edota indar publikoaren erabilera goitik behera erreformatzearen beharraz ezer ez dugu entzun.

Inpunitate eta ustelkeria sareak desegiten hasteko bidea emango lukeen erreforma instituzional sakon eta egiazko baten beharrean, aldaketa kosmetikoak eta inprobisatuak diruditen neurriak jarri ditu mahai gainean Exekutiboak. Dozenaka mila hildako eta desagertu utzi dituzten urteei ezin zaie bulegoetan eta isilpean prestatutako akordio xumeekin erantzun.

Baina, nola jakin horiek direla agintarien asmoak? Plazak mukuru betetzen ari direnen inguruan presidenteak esandako hitzek akaso emango digute arrastoren bat. Justizia eske kaleak hartu dituztenei erakundeak desegonkortzeko asmoa egotzi die Peña Nietok, gorritu gabe. Ez du ulertu, nonbait, mexikarrentzako instantzia ofizial orok zilegitasun guztia galdu duela.

Ez du ulertu, nonbait, Mexikok giza eskubideen arloan krisi sakona bizi duela eta, azken urteotan, justizia eza eta giza eskubideen urraketa larrien aurreko zigorgabetasuna ohitura izan direla. Eta ez du ulertu jendea inguruan indarkeria, odola, heriotza eta beldurra besterik ez izateaz akituta dagoela.

Eta hori guztia ulertu ez izanak erakusten digu zergatik erantzun dion errepresioarekin kaleko aldarri baketsuari. Atxiloketak, espetxeratzeak, kolpeak, infiltratutako poliziek eragindako istiluak… Beldurra eragiteko asmoa, azken finean.

Aurrez izandako beste krisi batzuetan bezala, boteredunen hizkera manikeoa nonahi ageri da oraingoan ere. Herritarrek egunerokotasunean pairatu behar dutenean pentsatu gabe, lotsagorritu gabe, darabiltzate ahoan bakea/indarkeria, zuzenbide estatua/desegonkortasuna edota ordena/anarkia bezalako dikotomiak, hizkuntza xake taula bailitzan, dena zuri edo beltz.

Asko idatzi da Peña Nietok eta PRIk krisi sakon hau kudeatzeko izan duten moduaz. Askok antzekotasunak ikusi dituzte alderdi bereko Carlos Salinas de Gortariren agintaldiarekin (1988-1994). Orduan, munduak liluraz begiratzen zion presidenteari erreforma neoliberal sakonak ezarriz Mexiko herrialde aberatsen klubean sartzea ahalbidetu zuelako. Bitarte hartan, etxean, EZLNko zapatisten altxamendua aurpegian lehertu zitzaion Salinas de Gortariri.

Esan daiteke antzerako zerbait gertatzen ari dela egun. Merkealdietan bezala herrialdea salgai jartzen ari den Peña Nietori txalo egiten dio nazioarteak. Eta bere aurpegi makillatuak barre egiten du, atzerriko gobernuen oniritzia lortu duelako. Mexiko “lehen mailara” eraman duelako. Eta ez da konturatu herrialdea odolusten ari zaiola. Amets faltsu horretatik esnatu duen zaplazteko bat bezalakoa izan da Ayotzinapa. Hobi komunak, indarkeria, inpunitatea, pobrezia, giza eskubideen urraketak eta beste gauza asko aurpegian lehertu zaizkio.

Horregatik esaten dute askok Salinas de Gortarirentzat 1994. urte hura izan zena Peña Nietorentzat 2014. urtea izango dela. Baina ez da hala. Are okerragoa izango da. Salinas de Gortarik abantaila bat zeukan: Gobernuko azken urtea zuen. Gaitz erdi, beraz. Peña Nietok, aldiz, agintaldiaren heren bat baino ez du bete eta dagoeneko igarri du ura lepoaren parera iritsi zaiola.

Su haietatik ke hauek

Behin atzera begiratzen hasita, ezin aztertu gabe utzi nola iritsi den Mexiko egungo egoerara. Azken 30 urteotan abian jarri diren politika neoliberalak aintzat hartu gabe ez dago ulertzerik albistegi eta egunkariak betetzen ari diren edukiak. Ez dago ulertzerik herrialdeak duen indarkeria maila izugarria.

Mexikon dauden hiru alderdi nagusien (PRI, PAN eta PRD) ezaugarri komuna da izaera neoliberala. Eta hori islatu egin da bai PRI eta bai PAN herrialdeko Gobernuan izan direnean.

1982 eta 1988 bitartean Mexikoko presidente izan zen PRI alderdiko Miguel de la Madrid eta bere Exekutiboak ireki zion atea Estatuaren erreforma neoliberalari, deszentralizazioa, desarautzea eta sektore publikoaren pribatizazioa sustatuz. Iraultza garaiko lorpenak desitxuratzen hasi ziren neurrian, Ameriketako Estatu Batuenganako menpekotasuna joan zen herrialdeak historikoki izandako jarrera antiinperialistaren lekua hartzen.

Kritika politikoari eta protesta sozialari erantzuteko, gerra zikina, ustelkeria, zentsura, indarkeria eta hauteskunde iruzurra ohiko bihurtu ziren. Ildo horretan, narkotrafikoaren aurkako borrokan AEBei pisu handia eman zitzaien. Gerora ikusi den bezala, bai Kolonbian bai Mexikon bertan ondorio ankerrak ekarri dituzte Washingtonetik drogen aurkako gerraren aitzakian ezarritako planek.

Botere politikoaren eta narkotrafikatzaileen arteko hitzarmenari esker, batzuek ez zuten bizitza politikoan zuzenean eragingo, agintariek droga trafikoaren aurrean ezikusiarena egiten bazuten. Inon idatzi gabeko akordio horren ondorioz, diru andana sartu zen Mexikon, epaile, gobernadore, diputatu, polizia, enpresari edota soldaduak erostea ahalbidetu zuena.

Lehen aipatu bezala, 1988an Salinas de Gortari iritsi zen Los Pinos herrialdeko presidentearen egoitzara, eta, erreforma neoliberalari bultzada emateaz gain, guztiz zatitu zuen PRI alderdia. Luis Donaldo Colossio PRIren presidentetzarako hautagaiaren eta Francisco Ruiz Massieu alderdiaren idazkari nagusiaren hilketek (1994ko martxoan eta irailean, hurrenez hurren) erakutsi zuten alderdi barruko mafiek jada ezin zutela hitzen bidez ados jarri eta elkarren aurka indarkeriaz jarduten hasi zirela. Narkopolitikaren beste ondorio bat gehiago.

Ernesto Zedillok (PRI, 1994-2000), Vicente Foxek (PAN, 2000-2006) eta, batez ere, 2006tik 2012ra agintean izan zen PAN alderdiko Felipe Calderonek pisu handia eman zioten Armadari narkotrafikoaren aurkako borrokan (edo hura kontrolatzeko, behinik behin). Legez kanpoko negozio oro kontrolatzeko ahaleginaz gain, beste alde garrantzitsu batek ezaugarritzen du Armadaren jarduna: narkotrafikoaren aurkako ustezko borroka horren aitzakiapean (Kolonbiako ereduari jarraiki) insurgentziaren aurkako eskemak aplikatzen hasten dira militarrak, ekintzaile politiko eta sozialen aurka arazo gehiegirik gabe ekinez agintarien konplizitatearekin.

Ondorioa benetan larria izan da: narkotrafikatzaileak agintzeko gaitasuna eskuratzen joan diren neurri bertsuan galdu dute zilegitasuna eta sinesgarritasuna Mexikoko erakundeek. Eta ez da gutxiagorako, herritarren bizitzarako eskubidea bera ere bermatzeko gai ez direla nabarmena baita.

Indarra katalizatu ezinean

Aurreko lerrootan azaldutakoak eragin du, beste faktore batzuen artean, Mexikoko sektore asko elkar hartuta kalera atera izana, Ayotzinapako izugarrikeria salatzeaz gain, aldaketa sakon bat galdegiteko: narkotrafikoaren bukaera, ustelkeriaren bukaera eta hori guztia ahalbidetzen duen erregimenaren amaiera.

Ez dago jakiterik zenbat iraungo duen mobilizazio eta presio maila honek, baina asko dira esaten dutenak egun ikusten ari garenak inflexio puntu bat ekarri duela. Etapa bat bukatu egin dela, nonbait. 2015ean Kongresuko 500 kideak berritzeko hauteskundeak egingo dituzte Mexikon eta momentu ezin okerragoan iritsiko dira, alderdi guztiak nora ezean galduta gelditu baitira krisi honetan. Denak atera dira galtzaile.

Beraz, une honetan, galdera honakoa da: maila politikoan, zer ondorio edo zer isla izango dute egun Mexikoko plazak betetzen ari diren protestek? Egia da oraingo mobilizazioen aldarri nagusia dela Igualako ikasleak bizirik ager daitezela eta justizia egin dadila. Gerora begira, baina, bada faktore bat kontuan hartzekoa, arazo bat suposa dezakeelako: ez dago, momentuz, herritarren haserre eta atsekabe hori katalizatu eta proiekzio politikoa emango dion eragilerik.

Denborak esango du zer gertatuko den. Baina, bederen, azpimarratzekoa da mexikarrak altxatu izana eta, boz goran, beste herrialde mota bat nahi dutela aldarrikatzera kalera atera izana. Duintasuna eskatzen dute. Etorkizuna beren eskuetan izan nahi dute. Eta hori urrats handia da.

Katalizatzaile behar zuen ezkerra irentsi egin du sistemak

1989. urtean, PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdia sortu zenean, ezkerreko antolakunde nagusiak bildu zituen, eta popularki “PRIAN” izenarekin ezagutzen den tandemaren aurrean alternatiba gauzagarri gisa aurkeztu zen. 25 urte geroago, PRI eta PAN alderdiak bezala, proposamenik gabe dago PRD bera ere. Izan zenaren edo izateko asmoa zuenaren arrastorik ez. Inolako sinesgarritasunik gabe, bi bide geratzen zaizkio PRDri: bere burua berrasmatzea edo desagertzea. Hori da alderdiaren sortzaile Cuauhtemoc Cardenasen diagnostikoa –berak ere alderdia utzi berri du–.

Alderdiaren sorrera lagundu zutenetako asko urrundu egin dira PRDtik eta etsipenez begiratzen diote alderdiak hartu duen norabideari: printzipioak ahaztuta, botoak pilatzeko makina huts bihurtu da. Narkotrafikatzaileekin ere lotura nabarmenak ditu. Esate baterako, Ayotzinapako ikasleak desagerrarazteko agindua Jose Luis Abarca Igualako alkateak, PRD alderdikoa, eman zuen. Guerreroko gobernadorea ere alderdikidea zuen.

Igualako sarraskia, baina, ez da izan alderdiaren gainbeheraren arrazoia, haren isla baizik. Izan ere, errealitatea eraldatu beharrean, PRI eta PAN eskutik heldu ditu eta erreforma neoliberalenei babesa agertu die.

Bi aldiz PRDren presidentetzarako hautagai izandako Andres Manuel Lopez Obradorrek gerora sortutako Morena alderdiak ere jarrera oso epela erakutsi du Ayotzinapako ikasleen kasuan. Horrenbestez, egungo egoera irauliko duen alternatiba bat gauzatzekotan, behetik gora izan beharko du, alderdien dinamikatik kanpo.