Mikel ZUBIMENDI BERASTEGI

Errenditzearen keinua desafio ekintza da arrazagatiko zauria irekita dagoen AEBetan

Eskuak goratzen ari dira AEBetako hainbat hiriburutan arrazagatiko basakeria polizialaren kontra. Elkarretaratzeetan, Kongresuan, futbol amerikarreko taldeak berdegunera ateratzean... «Eskuak gora! Ez egin tiro!» sinbolo indartsu bat jaio da, adierazpen berri bat. Amorrua erakusten du. Arrazagatiko zauriak zornatuta segitzen duela ere bai.

Poliziek sarritan bat-batean erabaki zail askoak hartu behar dituztela esan ohi da. Baina pistola atera eta tiro egitea ezinbestekoa al dute auzo txiroetako gazte beltz bat aurrez aurre dutenean? Gaztetxo beltz guztiak zergatik hartzen dituzte gang edo banda biolentoetako kide bezala? Hildako askori armarik soinean aurkitzen ez baldin bazaie, nolatan dira beti hain ergelak armaturiko poliziei aurre egiteko? Zergatik ez dituzte polizia zuriak sekula atxilotzen? Zergatik ez dituzte auzipetzen? Zergatik ez dizkiete diziplina neurriak aplikatzen? Galderak, erantzun ofizialik gabeko galderak, AEBetan oraindik irekita den arrazagatiko zaurian are eta gatz gehiago botatzen duten galdera mingarriak. Noiz arte? Zer egin? Nondik hasi?

Badirudi lehen egitekoa arazoa existitzen dela onartzea dela. Ukatuta sarraskiak berdin-berdin jarraituko du-eta, inolako konponbiderik gabe. Zerbait egin behar da armarik ere ez duten gaztetxo afroamerikarrak behin eta berriz polizia zurien esku hiltzen jarrai ez dezaten. Hasteko, ez litzateke gutxi polizia horiei kontuak eskatzea. Hori, baina, gaur egun, etorkizun hurbilean gauzatuko den errealitatea baino desira baten espresioa da...

Txinpart txikiak, sute handia

Erantzun gabeko galderak mahai gainean direla, Fergusonetik herrialde osora zabaldu da erantzun ausart, sinple eta boteretsu bat: eskuak gora! Hala, ustez poliziaren aurrean errenditu izanaren keinu dena desafio publiko eta politiko bihurtzen asmatu dute. Arraza-injustizia endemikoaren aurrean sute izugarria piztu duen txinparta izan da. Eta futbol amerikarreko NFL ligako partida batean St. Louis Rams taldeko jokalariak berdegunera eskuak goratuta atera zirenean milioika ikusleren aurrean, elkartasun efektu handia eragin zuten. Baita sindikatu polizialen haserrea ere. Nazio Batuetako idazkari orokorraren atentzio bereganatzeraino ere iritsi da auzia.

Eta kuriosoa da. Noiz eta AEBetako presidentea bera beltza den honetan! Edo orain dela gutxira arte fiskal nagusia bera beltza zenean. Kuriosoa da, bai. Adibideokin pentsa liteke eskubide zibilen aldeko mugimenduak lorpen handiak eskuratu dituela, klase ertainera milioika beltz eraman dituela. Baina, era berean, benetako egia da milioika gehiago geratu direla atzean Michael Brown gaztetxo beltza hil zuten Ferguson hiria bezalakoetan.

Bere txikian, Ferguson bertako datuek irakaspen handiak uzten dituzte. Populazioaren %67 beltza da, eta, poliziakideen artean, %95 zuria. Urtean poliziak atxilotzen dituen herritarren %93 beltzak dira. Osagai horiekin, eztanda egiteko prest den menua zerbitzatua dator mahaira. Eta horri guztia oinarri, agian, segurtasun guztiz esan daitezkeen hiru gauza daude. Baga, Fergusonekoa ez da oraindik bukatu, AEBetako luze-zabalean goratuta dirauten milioika eskuek erakusten duten bezala. Biga, gorabeherak izango ditu auziak, batzuetan puri-purian egongo da eta besteetan ez, baina ez zaio bukatzeko trazarik ikusten. Eta, higa, aurrerakuntzak aurrerakuntza, arraza-injustiziaren inguruko eztabaida are gehiago polarizatuko da.

Non da «Amerika postarraziala»?

Fergusoneko istiluek erakutsi dute AEBetan presidente beltz bat aukeratu eta sei urtera, hitz emandako «Amerika postarrazialaren» arrastorik ez dela inon ageri. Bulego obalean beltz batek kargu hartu zuenean, askok uste izan zuten iragan basati eta esklabo bat atzean uzten zutela. Errealitatea, baina, tematia da oso. Egun ikusten ari da arrazen arteko distantziak oso urruti daudela, komunitate ezberdinen arteko zubiak erautsita daudela. Eta inoiz berreraikiko badira, komunitate beltzean nagusi den injustizia sentimendua aintzat hartu eta zaindu beharko da, bai ala bai, AEBetako gorputz nazional kolektiboan iraunkortu eta tratatu ezinezko gaixotasunak eragin baino lehen.

Aro kolonialean esklabo beltzak kolpatu, erre eta are mutilatu zitezkeen zigorrik jaso gabe. Poliziak (zuriak, noski) beste aldera begiratu eta esklaboen altxamenduak zigortu zituen; lintxatzen zituzten zurien esku- uzten zituzten matxinoak. Hori guzti hori Amerika beltzaren memoria zelularrean iltzatua dago. Ez dute hura ahazteko luxurik. Errealitateak ez die uzten. Ordukoak eta egungoak. Ezta zurien negazionismoak ere.