Oihana Llorente Arretxea

Harakai, Arroyabe eta Gomiztegi elikagai enpresak dira Eroskik lehen aldiz emango duen saria lortzeko hautagaiak

Gaur zortzi banatuko da lehen aldiz Iraunkortasunaren Eroski saria. Lurra eta itsasoarenganako errespetua eta enplegua, osasuna eta ingurumen aberastasuna sustatzen dituzten euskal ekoizleak saritu nahi ditu Eroskik lehiaketa honetan. Kontsumitzaileek izan dute, baina, azken hitza.

L urra eta itsasoarenganako errespetua eta enplegua, osasuna eta ingurumen aberastasuna sustatzen dituztenen ongintza eta konpromisoa aitortzea helburu duen Iraunkortasunaren Eroski saria banatuko du izen bereko kooperatibak. Elikagai industriako euskal ekoizleak saritzea xede duen lehen lehiaketa honek Harakai, Arroyabe eta Gomiztegi enpresak ditu finalista lehen edizio honetan. Datorren larunbatean, abenduaren 20an, ezagutuko dugu garaile nor den. Azken hitza, baina, kontsumitzaileek eurek izan dute, Eroskiren webgunean gizarteari irekitako botazio sistema baten bidez erabaki baita nor den irabazlea. Hori, baina, gaur zortzi jakinen dugu.

Eroskiko bazkide-kontsumitzaile batek, bazkide-langile batek eta Lakuako Gobernuaren menpeko Eusko Label ziurtagiria kudeatzen duen Hazi fundazioko ordezkari batek osatu dute hiru finalistok hautatzeko epaimahaia. Hautaketa egiteko irizpidea, finalistok tokiko elikagaien industria ehunari egiten dioten ekarpena izan da. Hala, jasangarritasuna, aniztasuna, aldaera edo produktu autoktonoen sustapena, ingurumenerako hobeak diren produktuen erabilera, hazkuntzako animalien ongizatea edota ingurumen arloko aberastasun soziala bezalako aldagaiak izan dituzte kontuan.

Hiru finalista

Aldagai horiek aintzat hartuz egin dute Harakai, Arroyabe eta Gomiztegiren alde. Harakai kooperatibak 250 abeltzain eta artzain baino gehiago biltzen ditu. Baserrien bideragarritasun ekonomikoaren alde egiteaz gainera, abereen hazkuntza eta ongizatea hobetzeko programa iraunkorrak ditu martxan.

Arroyabe, aldiz, kontserba enpresa bat da. Bermeon kokatuko enpresa honek mende luzea darama hegaluzea eskuz lantzen. Langintza tradizionalaren jakintzari eutsi badiote ere, hura garatuz joan dira eta horren ikur dira MSC, Friend of the Sea eta Dophin Safe ingurumen ziurtagiriak lortu izana.

Azken finalista Gomiztegi dugu, Idiazabal jatorri izeneko gaztak egiten dituen gaztagintza enpresa txikia. Artaldea Aizkorriko larreetan bazkatzen duten bitartean, artzaintza eta gaztagintza eskolak eskaintzen dituzte Arantzazuko santutegitik gertu dituzten instalazioetan, betiere artzainen betiko jakintzari eustea eta langintza hobetzea helburu. Ardi latxak gure kulturan, gastronomian eta paisaian duen garrantziaren jakitun dira eta haren berri ematen ahalegintzen dira kontsumitzaileen artean.

Batis Otaegi Gomiztegi kooperatibako kideak pozik hartu du finalisten artean egotea eta latxa arrazaren alde zein artzaintza sistema tradizionalaren alde egindako ahaleginaren errekonozimendutzat jo du hiru postuetako bat eskuratu izana. Krisia zela-eta sortzen zuten produkzio guztia ezin saldu zeudela sortu zen Eroski kooperatibarekin lanean hasteko aukera. Hiru bat urte igaro dira ordutik, baina, gogora ekarri duenez, «negoziaketa jator eta harrera oso on baten ostean ibilbide positiboa egin dugu elkarrekin».

Pozarren da Eroskik azken urteotan egin duen bidearekin eta, bost urtetik hona «sekulako aldea» dagoela defendatu du: «Lehen produktu lokalek ez zuten leku gehiegi, orain, baina, gugana hurbiltzen ari dira. Egun, latxa arrazaren eta artzaintza sistema jatorren alde egindako lanaren erakustoki bihurtu dituzte merkataritza gune handiak eta hori eskertzekoa da».

Harakai kooperatibako Jose Pablo Larrearekin ere mintzatu da GAUR8. Pozik hartu du berak ere finalista izatearen berria, eta sariketan filosofia bera «ezin hobea» iruditu zaio. Zornotza eta Zestoa artean dagoen kooperatiba honek ingurumen aberastasuna eta enplegua sustatzen dituela ziur da. «Abeltzaintzarekin harreman estua duten 250 baserritarrei eskaintzen diegu lana, euren baserrien biziraupena bera bermatuz. Horrek guztiak gure ingurunea bere horretan mantentzen laguntzen du, bai estetikoki eta baita ekosistema eta biodibertsitatearen ikuspegitik ere», gaineratu du. Baserriek zein nekazaritzarekin lotutako eremuek euskal tradizioak eta kultura mantentzeko duten garrantziaz ere ohartarazi nahi izan du.

Arroyabe enpresako Laura Ruiz de Azuak ere «pozarren eta gogo handiz» hartu du finalisten artean egotea. «Jendeak zure beharra baloratzen duela ikusteak hunkitu egiten zaitu. Beraz, oso gustura hartu dugu berria», onartu du. Hamarkada luzea darama dagoeneko Arroyabek Eroskirekin lanean eta elkarren arteko harremana «oso ona» dela ziurtatu du Ruiz de Azuak.

Tokiko ekonomia «ahalik eta gehien indartzea» da Eroskiren politika komertziala. Hala nabarmendu nahi izan du Asun Bastidak, Eroskiren tokiko produktuen zuzendari komertzialak. «Tokiko ekoizleen elikagaiak eta freskoak integratzen ditugu gure eredu komertzialean, gure inguruneko elikagaien industria, ekonomia eta gizartea garatzeko», adierazi du. Estreinatzear diren sariarekin, gainera, ekoizpena, langintza eta hazkuntza modu jasangarri eta osasungarriagoan egiten direla sustatu nahi dutela defendatu du.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 450 hornitzailerekin baino gehiagorekin ari da lanean Eroski kooperatiba, eta urtero, sektore horretako 10.000 produktu inguru merkaturatzen ditu 400 milioi eurotan erosita.

Orain ia urtebete, gainera, Eroskik eta Lakuak nekazaritzako elikagaien industria indartzeko xedez lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten. Ordutik, beste hamaika egitasmoren artean, eskuz landutako arrantzaren aldeko konpromisoa indartu du Eroskik, Idiazabal jatorri izena sustatzeko hitzarmena sinatu du edota Eusko Label ziurtagiridun Arabako patataren komertzializazioa %10 handitu du.