Arkaitz Zarraga
NASA YUWE HIZKUNTZA

Nasa herria eta Euskal Herria, elkarrekin hizkuntzak biziberritzen

Euskalgintzaren laguntzaz, Kolonbiako nasa herriak bere hizkuntzaren biziberritze ahaleginean dihardu. Orain dela 50 urteko Euskal Herriaren antzeko egoeran aurkitzen diren honetan, bi herrien arteko elkarlanari ekin zaio. Helburua, ordea, nasak ahalduntzea da, ez Euskal Herriko eskola eredua kopiatzea.

Nasa herria Kolonbiako hego-mendebaldean bizi da, Andeetako mendilerroaren aldapa malkartsuen babespean. Kolonizazioak beharturik inguruotan barreiatu ziren arren, gaur egun Cauca deitutako lurraldean bizi dira batez ere nasak, izen bereko Cauca departamenduan.

Lurraldea beste zenbait herri amerindiarrekin partekatzen dute, baita euren burua kolonbiar ez-indigenatzat dutenekin ere. Nasek eurek diotenez, 400.000 inguru dira guztira, baina estatistika ofizialak 250.000 direla jasotzen du. Gogoan izan behar dugu herri amerindiarren artean sarri gertatzen dela jatorriarekiko lotsa edo “autogorrotoa”, eta, ondorioz, norberaren burua ez-indigenatzat hartzea.

Nasek betidanik egin diote aurre kolonizazioari, espainiarrek eginikoari zein ondorengoei, eta batez ere gaur egun errepublikano kolonbiarrek gauzatutakoari. Borroka horietan sarri bizitza, askatasuna, lurraldea, natura, sinesmena, kultura eta hizkuntza galdu dituzte.

Baina, oztopoak oztopo, orain dela 45 urte inguru, beste herri indigenekin batera CRIC (Consejo Regional Indígena del Cauca, www.cric-colombia.org) antolatu zuten, mugimendu indigena sendoa, ekimenez betetakoa eta arrakastatsua. Sortu zenean, erakundeak honakoa aldarrikatzen zuen: lurraren jabegoa berreskuratzea eta zabaltzea, herritarren askatasuna (latifundioetako ugazabekiko terraje edo mendekotasuna desegitea), herrietako aginte-erakunde indigenak (kabildoak) indartzea, lege indigenak ezagutaraztea eta ezartzea, jatorrizko kulturari eta identitateari eustea, irakasle indigenak trebatzea, herri ekonomia sendotzea eta ingurua jasangarritasun irizpideen arabera jagotea.

Badira zenbait urte eskumen mugatu batzuk bereganatu zituztela, hala nola, justiziaren arloan, hezkuntzaren kudeaketan, lurraldearen zaintzan eta osasungintzan. Halere, borrokan dihardute, borroka latzean, kendu zitzaiena berreskuratu nahian eta onartu zaizkien eskumen mugatuak zaintzen.

Hizkuntzaren eta kulturaren arloan ere urrats batzuk eman dira; hala nola, 1991. urtean, Kolonbiako Konstituzioak nasa yuwe hizkuntza koofizialtzat onartu zuen, era sinboliko hutsean izan bazen ere. 1998an, berriz, CRIC erakundeak nasa yuwe hizkuntzaren estandarizaziorako lehendabiziko urratsa eman zuen, sistema ortografiko bateratua onartuz.

Hezkuntza-arloko eskumena baliaturik, eskola indigenetan PEBI egitasmoa abiatu zuten, hots, Programa de Educación Bilingüe Intercultural. Programa hori soilik aplikatzen da indigenek kudeatzen dituzten babesgune eta kabildoetan, hau da, eskola indigenetan. Haur indigenak bakarrik hartu ohi dituzten eskola horietan hizkuntza eta kultura indigenaren tokia astean bi edo hiru ordutara mugatzen da, betiere sei urtetik gorako haur eta gazteentzat. Gainera, sarritan, irakasleak berak ez dakien hizkuntza erakutsi behar izaten du, PEBIren sarean nahitaezkoa delako curriculum nazionala aplikatzea eta irakasle-titulu nazionala izatea.

Baina mugimendu indigenak egina dauka egoeraren hausnarketa eta balantzea, eta aspaldian ari da esaten PEBI ez dela nahikoa hizkuntza, kultura eta identitate indigenak garatzeko eta sendotzeko; argi ari dira ikusten, ostera, alderantzizkoa ari dela gertatzen, alegia, PEBIren bidez gaztelaniaratzen ari dela gizarte indigena.

Hizkuntzaren biziberritzea abian

Herri indigenek berezkoa dute kosmobisioa eta horri zuzenki lotuta dago hizkuntza. Biak ere izaeraren, identitatearen muinean daude. Horiek berreskuratu eta babestu barik ezin dute aurrera egin herri moduan. Hortaz konturatuta, hizkuntzaren biziberritzeari benetako bultzada eman behar diotela badakite. Nasak bide horretan lehen urratsak ematen hasiak dira.

2011n Caucako Iparraldeko eskualdeko CRIC kontseiluko Çxhab Wala Kiwe egitura sortu zen. Bertan, ACIN erakundeak 40 lagun izendatu zituen nasa yuwearen sustatzaile: atpu'çxawe'sx. Nasa Yuwearen Haria deitzen duten atala osatu zuten. Lagun horien lana nasa yuwe hizkuntza sustatzea da: hiztunen eta indigenen kontzientzia sortzea, sentiberatzea, alfabetatzea, eskolan haurrei eta gaztetxoei erakustea, kalean aldarrikatzea... Urte berean, nasa herriarekin lanean ari zen lagun bat izendatu zuen CRIC kontseiluak Garabide Elkarteak Euskal Herrian antolatutako Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa egin zezan. Hiru hilabeteko trebakuntza garatu zuen Vivianak, gerora euskaldunon lagun eta nasek abiatutako prozesuan gidari izango zenak. Horrela hasi zen euskaldunon eta nasen arteko elkarlana.

Indarrak metatuz, Caucako Iparraldeko eskualdean Nasa Yuwearen Hariak autodiagnostiko soziolinguistikoa abian jarri zuten. Ekimenaren helburua, datu soziolinguistikoak izateaz gain, herritarren kontzientzian eragitea ere bazen, hizkuntzaren eta egoeraren larritasunaz jabe zitezen, jarrerak aldatzeko asmoarekin. Horrela, etxez etxe, txabolaz txabola eta familiaz familia jardun zuten sustatzaileek datuak jasotzen eta sentiberatasuna ereiten.

Autodiagnostikoaren arabera Caucako Iparraldean 96.000 nasa bizi dira, eta horietatik nasa yuwe hizkuntza %19k hitz egiten dute ondo, %6k zertxobait hitz egiten dute eta %14,5ek, ulertu arren, ez dute erabiltzen. Hala ere, galtzen ari den hizkuntzetan gertatzen den legez, adineko pertsonen artean hizkuntza gaitasuna askoz handiagoa da gazteen artean baino (ikus grafikoa).

Autodiagnostikoan datu asko bildu arren, aipagarriak dira etxeko nagusiei eginiko galdeketatik ateratako zenbait ondorio, hala nola, etxeko nagusien %34k hitz egiten dutela nasa yuwea, euren hizkuntza hitz egiteagatik ez dutela ez lotsarik ez beldurrik, harrotasuna baizik, eta herritarren %86k hizkuntza berreskuratzea beharrezkoa ikusten dutela. Baina badago datu kezkagarri bat ere: zenbat eta maila akademiko handiagoa izan, nasa yuwe gaitasuna gutxitu egiten da (ikus grafikoa).

Datuok ikusirik sustatzaileak ekimen berriak abiatu zituzten hizkuntza sustatzeko. Horien artean bi dira aipagarrienak: haurrentzako nasa yuwe hutsezko eskola pilotua (wasakwewe’sx) eta helduentzako alfabetatze eskolak (kwe’sx yuwe yat). Ekimenok Iparraldeko Toribio deritzan inguruan bultzatu ziren bereziki. Inguru horretan nasa yuwe hiztunak gehixeago dira eta nasak eurak ia populazioaren %100 dira.

Ekimen berriak martxan

Ekimenok oso harrera ona izan dute nasen artean. Ilusioa eta atxikimendua nabariak dira herritarren artean. Dagoeneko badira bi wasakwewe’sx eta ehunka dira hizkuntza ikasten edo lantzen ari diren helduak. Murgiltze ereduan eta alfabetatzean erabiltzeko materiala ere sortzen ari dira. Baina arazoak ere handiak dira; hasiera-hasieratik jabetu ziren metodologian duten gabeziaz. Apenas dagoen materialik edo ekoizpenik eskoletan erabiltzeko. Metodorik ere ez dute, eta nola eraiki ere zail gertatzen zaie, gaztelaniaren bidea ez baitzaie egokia iruditzen.

Euskal Herrian orain dela 50 urte abiatutako bidea ezagututa, bi herrien arteko harremana estutzea ezinbestekotzat jo zuten nasek. Horretarako, Euskal Herriko Garabide Elkartearekin eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrarekin jarri ziren harremanetan. Beste bi nasa etorri ziren 2013an Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa egitera, eta euretako batek nasa yuwe hutsezko eskola pilotua sendotzeko proiektua egin zuen.

Baina, Euskal Herrira etorritako kideei prestakuntza emateaz gain, nasa yuwe sustatzaileak trebatzea ere adostu zen. Hala, 2013tik aurrera urtero abiatu dira Caucako Iparraldeko Toribiora Euskal Herriko hezkuntza, materialgintza eta euskalduntze-alfabetatze adituak, lan boluntarioa egitera, Garabidek eta Unesco Katedrak hainbat euskal udalekin duten hitzarmenei esker (Durango, Elorrio, Leioa, Usurbil...).

Euskal Herrian orain dela mendi erdi bizi izandako egoerarekiko antzekotasunak ukaezinak dira. Ikastolen zein gau-eskolen sorreran izandako mugimendua, garai hartan izandako gizarte aktibazioa, kultur sorkuntza ugaritzea… Hori dela eta, elkarlana fruitu politak ematen hasia da.

Aurten hiru trebatzaile bikote izan dira udan Toribion. Batetik, uneotan indarrean diren wasakwewe’sx bietako irakasle, laguntzaile eta gurasoekin izan dira bi irakasle, murgilketa ereduan jatorrizko hizkuntzan egun osoz aritzeak eskatzen duen metodologia lantzen eta beharrezko material eta baliabide didaktikoak nola programatu eta egin irakasten eta elkarrekin eraikitzen. Irakurketa-idazketa eta matematikak norberaren hizkuntzan lantzeak erronkak dakartza eta horiei erantzuteko ezinbestekoa da irakasleak gaitu eta ahalduntzea. Zeregin horietan eta baliabideak prestatzen izan dira bi irakasleok. Aipagarria da gurasoekin egin zuten egun osoko bilerara 100 guraso inguru bertaratu zirela. Orain dela hiru urte zazpi haurrekin abiatu zen prozesuak jada 100 gurasoren interesa piztu du!

Bestetik, helduen nasa yuwetze eta alfabetatze lanetan ari diren atpu’çxawe’sx hezkuntza sustatzaileek ere izan dituzte euren trebakuntza saioak. Nola diseinatu nasa yuwetzearen curriculuma, nola bete edukiz aldez aurretik programaturikoa, zein metodologia erabili eta antzeko oinarrizko zereginak gauzatzen ahalegindu dira denon artean. Gainera, hausnarketa sakona egin dute, euskaltegietan bidelagun izan ziren hainbat ekimen eta tresnaren inguruan.

Nasa herriarekin egiten ari den lankidetza bide honen helburua nasak ahalduntzea da, hizkuntza biziberritzeko estrategietan eta metodoetan nasak eurak ahalduntzea eta gaitzea. Bideak horrelakoa behar du eta ez bestelakoa. Eurak izan behar dira protagonista bakarrak. Kanpotik bertaratzen garenak, kasu honetan euskaldunak, laguntzaile hutsak gara, deitzen zaigunean baino hurbiltzen ez garenak. Argi dago gure herrian hizkuntzaren normalizazioan egindako bidea ez dela leku askotan gertatu. Hizkuntzen berreskurapenean jarritako gogo eta indarrek emaitza garrantzitsuak ekarri dituzte, munduan eredugarri izan daitezkeenak. Izan ere, euskaldunok badugu geure hizkuntzaren biziberritzerako bide zati bat eginda, hobeto edo okerrago, eta bide hori ezagutzea lagungarri izan daiteke gainerako herrientzat. Inola ere ezin daiteke betebeharreko eredua izan.

Euskaldunon ispiluari begira

Hizkuntza lankidetzak, gainera, norabide biko zubia izan behar du, euskaldunok eraikitako estrategia eta metodologia beste herriekin partekatzeko bidea, eta gainerako herriek eraiki eta metatu duten jakituria euskaldunekin trukatzekoa. Harrokeriarik gabe aritzea ezinbestekoa da, konturatu ahal izateko beste herri batzuengandik ere asko ikasten jarrai dezakegula. Beste batzuen ispiluan ikus ditzakegu aurrera egiteko eman ditzakegun urratsak eta gure bidean izandako hutsuneak. Nasa herrira hurbildu garen guztiok argi daukagu zer ikasi asko dugula.

Bestalde, aurten lehen aldiz aritu gara nasa yuweren plan estrategikoa diseinatzen laguntzen. Nasa Yuweren Hariko Toribioko arduraduna, Yu’kwe Pe’te, jabetu zen horren beharraz, hots, normalizaziorako bideak plan estrategikoa behar duela. Ahalegindu ziren lehenik aurrediseinua eta proposamenak biltzen, baina aditu euskaldunekin partekatu nahi izan dute egitasmoa. Hala, hiru urtetarako plan estrategikoa diseinatu dute, orain agintariekin eta herritarrekin partekatu behar dutena.

Nasek argi daukate ez dutela nahi euskaldunekin duten harremana kolonizazio era berri bat izan dadin, eurek ez dute gure eskola eredua kopiatu nahi. Nasek euren kulturatik eta kosmobisiotik eraiki nahi dute eskola eredu berria. Zeregin horretan thëjwalawesx edo xamanen gidaritza lehenesten dute: naturarekiko errespetu ikaragarri eta sendoa, taldearen zaintza eta herria eraikitzea.

Euskaldunok eta euskalgintzak zerbait egin nahi badugu munduko hizkuntza eta kultura aniztasuna jagoten, gure hizkuntza eta kultura zaintzeaz gain, eraikitako bidea partekatzen ikasi beharko genuke. Gainerako herriak gurea bezalako herri txiki batek eginiko bideak itxaropenez argitzen ditu, ilusioz, eta gehiago gu bidelagun izateko prest garela jakinda. Zalantzarik gabe, hor ere badugu zer esportatu.

Baina, gainera, ezin dugu ahaztu gurea bezalako hizkuntza txiki batek ezinbestekoa duela munduan itzaltzear diren beste milaka hizkuntzek bizirautea gurea ere aurrera irtengo bada. Hizkuntza nagusiak txikiak baztertuz eta sarritan zapalduz egin dira handi, eta jokalekua euren neurrira eginda daukate. Ezin dezakegu pentsa ingurumaria horretan gurea uharte gutxietako bat izan daitekeenik. Txiki askoren indarrak emango digu bakoitzari behar dugun bizi-indarra eraikitzeko aukera.

Kooperazioaren munduan lan ederrak egin ditu Euskal Herriak, baina beharbada hausnartu beharko genuke pertsonen eta herrien pobretasuna eta bazterketa ezabatzen lagundu nahi badugu, euskaldunok ez ote dugun era kualitatiboan eragiteko aukera hizkuntza lankidetzaren bidetik. Herri indigenei euren hizkuntza eta kulturaren balioa eta prestigioa ulertzen eta aldarrikatzen lagun diezaiekegu, zeregin berean ari garela erakutsiz. Ulertarazi diezaiekegu kolonialismoaren zeregina izan dela eurei barru-barruraino sinetsaraztea euren hizkuntzak eta kulturak ezertarako balio ez dutela eta mundu ustez modernorako oztopoa baino ez direla, geuri ere hori sinestarazi ziguten legez. Euren jendartean hedatu samar dagoen jatorritik aldentzeko gogoa, inposatutakoa dela, gurean bezala, eta horren aurrean ahalduntzea dela lehen urratsetako bat, jatorriaren balioetan sinestea. Gizonok eta emakumeok sortu eta eraiki ditugun kultura eta hizkuntza guztien ekarpena behar dutela gizarte berriek. Soilik horrela, erroetara joz, herri guztien jatorriarekiko balioak errespetatuz, prestigiatuz eta sendotuz lortuko dugu, denon artean, pobretasuna eta bazterketa gutxitzea eta ezabatzea.

Kooperazio linguistikoa

Kooperazio linguistikoa kooperazio modu eraginkorra da, herri bakoitzari bere duintasuna berreskuratzen laguntzeko. Herri indigenetatik salatzen duten gobernuz kanpoko erakunde askoren kolonizazio modu berrien aurrean, herriak ahalduntzen eta burujabetzen lagun dezakeen bide eraginkorra.

Beharbada euskaldunok kooperazioaren arloan egin dezakegun ekarpenaz ez gara jabetu, ezta euskal kooperazioren arloko eragileok ere. Hizkuntza lankidetzaren eragin kualitatiboaz ere ez gara jabetu. Hona gure proposamena, beraz, euskalgintzako, euskal kooperazioko eta erakundeetako eragileei: hausnar dezagun herri indigenekin, hots, hizkuntza eta kultura propioak dituzten herriekin, nola egin dezakegun bidea batera pobreziatik eta bazterketatik modu eraginkorrean ateratzeko herri legez garatu ditugun jakituria eta esperientziak oinarri. Zabala da kooperazio sarea gurean, ugari kooperante abiatzen direnak, ugari euren denbora honetan inbertitzen dutenak. Ea udal eta erakunde guztiek baliabide esanguratsuak jartzen dituzte zeregin honetan. Asko gara ekiteko!