Arantxa Manterola
Entrevue
Peio Etcheverry-Ainchart
HISTORIALARIA

«Lehen Mundu Gerran hil zirenek ordaindutako odolaren zergak sustraitu zuen frantsestasuna»

Argitaratu berri duen liburuan Ipar eta Hego Euskal Herriko egoera soziopolitiko horren desberdinera iristeko izandako jazoera historiko nagusiak azaldu ditu.

Bob Edme
Bob Edme

Gaia zinez mamitsua hartu du hizpide, baina «kanpoko lagunek» maiz pausatzen dizkioten galderek akuilatuta, ehun orri eskasetan sartu ditu azken mendeetako gorabehera historiko nagusiak Peio Etcheverry-Ainchartek, Pirinioen alde batera zein bestera Euskal Herriko egungo egoera soziopolitikoa ulertzeko lagungarri izango delakoan. Joera, sentipen edo ideologia prototipoak nolatan sortu diren azaltzen «baina inolaz ere ez determinatzen» dituzten gertaera historikoak jaso ditu Elkar etxearen eskutik frantsesez argitaratu berri duen liburuan.

Zer bilatzen duzu azalpen historiko honekin?

Helburu pedagogikoa du. Oro har historiari buruzko liburuak luzeak izaten dira, eta, jendeak gero eta gutxiago irakurtzen duenez, horrelako liburuxkak behar ditugula uste dut, 100 orrialdekoak, salneurri txikikoak eta gai enblematiko batzuen klabe nagusiak jasotzen dituztenak. Ipar Euskal Herrian abertzaletasuna Hego Euskal Herrian baino apalagoa zergatik den galdetu zidan Parisko lagun batek eta galdera horrek bultzatuta ekin nion lanari. Galdera arras politikoa da, baina historiaren ikuspegitik merezi zuen aztertzea bi aldeak noiztik, nola eta zergatik hasi ziren bereizten. Zergatik oraindik eraikitzen ari den ikuspegi edo sentimendu nazionala ez den berdin garatzen ari bi aldeetan. Hainbat kontzeptu eta egoera argitzeko atzera egin behar denez, Erdi Aroan hasita egin dut errepasoa.

Erdi Aroa aipatu duzu, baina garai hartako egiturek ez zuten ez nazio ez estatu izaerarik...

Egun joera handia dago, ez bakarrik Euskal Herrian gainera, egungo nazioen ernamuina Erdi Aroan bilatzekoa. Hori anakronismo hutsa da. Garai hartan jendearen arteko harremanak ez ziren nazio sentimendu baten inguruan egituratzen. Harreman oso feudala zen, norbaitzuen jauntxoak eta norbaiten morroiak ziren, baina ez frantses, ez espainol, ez gaztelar, ez aragoitar, ezta euskaldun ere. Jende guztia biltzen zuen sentimendu bakarra erlijiosoa zen, hots, kristautasuna zen faktore bateratzaile bakarra. Estaturik ere ez zen. Jauntxo edo errege bati interesatzen zitzaion bakarra zergak lortzea zen eta, kasu hoberenean, armada bat altxatzea. Ez zen beste harreman berezirik, adibidez herritartasuna, bozkatzeko gaitasuna… Erregeek ez zuten estatu bat eraikitzeko borondate berezirik. Hortaz, ez zuten administraziorik sortzen, edo, sortzekotan, oso ahula zen.

Nafarroako erresuman, agian?

Estatuak, zentzu modernoan, XIV. edo XV. mendeetan hasi ziren pixkanaka sortzen. Nafarroako erresumak ere administrazio enbrioi bat bazuela esan daiteke, baina ordurako beste influentzia gune batera, frantsesera hain zuzen, pasatzen hasia zen, eta hegoaldean erresumaren konkista hasia zen.

Bi aldeak bilakaera ezberdina izaten hasiak baziren ere, identitate komun bat zutela sentitzen zuten?

Ez. Identitatea aipatzen delarik ezin da erran jendeak ez zuela identitaterik, jakina baina kontzeptu oso konplexua dela. Identitate mota anitz zeuden (emazte, erlijiosoa, soziala...), baina nazio identitaterik ez. Adibidez, anitzetan aipatzen da Matalazena errege frantsesaren kontrako eta euskaldunen eskubideak defendatzeko lehen oldartze abertzalea izan zela. Ez zen horrela izan. Mito bat da, Benito Lertxundiri esker ere handitu dena. Bere kantan “tirano arrotzen ohiltzeko” esaten duenean ez da erregea arrotza zelako, baizik eta tokiko eskubide fiskalak apurtzen zituelako. Oldartze antifiskala izan zen, ez oldartze antifrantsesa. Gainera, garai hartan zuberotarrek ez zuten ikuspegi zuberotarrik ere; hangoak ziren, beren haranekoak, tokiko instituzioak zaindu nahi zituzten eta altxatu egin ziren, baina Euskal Herriaren ikuspegirik ez zuten. Bizkaian antzeko zerbait gertatu zen. Baziren tokiko instituzio batzuk erregeek ahuldu edo kendu nahi zituztenak eta erakunde horiek atxikitzeko oldartu ziren. XIX. mendean nazioak eraikitzen hasiak ziren jada baina karlistak ez ziren abertzaleak, beren tokiko antzinako foroak babestea bilatzen zuten, foralistak ziren. XX. mendean EAJ sortu zenean hasi zen hedatzen abertzaletasun kontzeptua. Ez da nahasi behar.

Ipar Euskal Herria Frantzian integratzeko asimilazio prozesua Iraultzarekin hasi zen, baina kosta egin zitzaion Estatuari hori lortzea, ezta?

Bai, Iraultzan kontzeptu berriak sortu ziren (herritartasuna, eskubideak...), baina gerora herrien integrazioa erdiesteko ideia zinez jenial batean oinarritu zen Estatua: petite patrie, grande patrie (aberri txikia, aberri handia). Espainian ez bezala, non herriekiko jokamoldea zapaltzaileagoa izan zen, Frantzian ez zen bortitza, paternalistagoa zen. Esan beharra dago, zentralismoaren historia, estatu zentralistarena alegia, errepublika baino mende bat lehenago eraikitzen hasia zela, monarkia zentralistarekin hain zuzen. Baina orduan, zentro politikoak dena hartzen zion periferiari, ordainetan herritarrei deus eman gabe: ez zerbitzurik, ez modernitaterik, ez afera politikoetan parte hartzeko aukerarik... Iraultzaren ostean, Estatua, zergen eta armada egitearen truke, herritartasuna (citoyenneté), bozkatzeko eskubidea, babes sozial batzuk, hezkuntza nazionala... ezartzen hasi zenean, jendea jabetzen hasi zen truke horrek interes bat bazuela beraientzat, are gehiago garai hartako Ipar Euskal Herria arras pobrea zela kontuan hartzen bada.

Halere, euskararen baztertze prozesua ez zen gozoa izanen... Bortitza izan zen, bai. Euskaldunek beren hizkuntza kentzeagatik sufritu egin zuten, baina, aldi berean, beharrezko etapa zela barneratu zuten, modernitatearen jauzia emateko eta baserri mundutik ateratzeko prezioa zela pentsatu zuten. Hizkuntzaren bazterketa faseak, halere, lau belaunaldi iraun zituen. Hezkuntza nazionalaren bitartez ikasi zuten modernitatearen hizkuntza frantsesa zela, historia betiereko Frantziaren historia zela, gauza bera geografian, muga “naturaletan”, ibaietan...

Eta horrela sortzen joan zen frantsestasun sentimendua...

Jakina. Hala eta guztiz ere, ahaztu ezin den beste elementu biziki inportantea dago tartean: odolaren atxikimendua, alegia. Eskolaren bidez nazio bat integratzen irakasten da, baina hori dena oso teorikoa da, jakin arren eguneroko bizitzan ahazten den zerbait da. Aldiz, lau urtez Lehen Mundu Gerran etsai komun baten kontra borrokatzea beste gauza bat da, horrek asko lotzen du. Bretoi, korsikar, paristar, euskaldunak, Frantzia osoko herritarrak aberri handia –Frantzia– defendatzeko elkarrekin hiltzea eta hori dela aberri txikiek aberri handiari egiten dioten ekarpena sentitzeak, horrek asko lotzen du. “Odolaren zerga” deituko geniokeen horrek sustraitzen du odolean nazio ikuspegi edo sentimendu hori. Lehen Mundu Gerra aitzin nazio frantsesaren eraikuntza prozesua ez zen arras bukatua, baina, horren ondotik, jende guztiak barneratu zuen frantsesak zirela. Gainera, ahanzteko joera izango balitz ere, hor daude herri guzti-guztietan, erdi-erdian ezarritako oroitarriak, urtero armistizioaren egunean egiten diren ekitaldietan loratuak, arbasoak hil egin zirela edo frentetik elbarrituta eta zaurituta itzuli zirela sekulan ez ahanzteko. Hor eraikitzen da, hain zuzen, morts pour la Patrie sentimendua.

Hegoaldean, aldiz, ez zen horrelakorik gertatu...

Batere ez. Nazio bat eraikitzeko izan ziren antzeko bitartekoak (hezkuntza nazionala) edo jazoerak (Independentzia gerra, zerbitzu militarra...). Gerora Espainiaren aldeko Kubako Gerra ere izan zen, non 3.000 euskaldun hil ziren. Baina gerra hori desastre baten kronika izan zen: jendea behartuta, sentimendurik gabe joan zen eta Espainiarekiko atxikimendurik ez zuen batere sortu. Gainera, garai hartan modernizatzen ari ziren bi guneak zentro politikoaren periferian zeuden (Euskal Herria eta Katalunia). Bertako burgesia sortu zen, prentsa, elektrizitate publikoa, burdinbidea… Gertuko lurraldean bertan zegoen garapen horretara zentro politikora baino gehiago atxikitzen joan zen jendea. Bertako burgesia, botere ekonomikoa, euskal nazionalisten (EAJ) alde jarri zen. Horregatik diot Hego Euskal Herrian bilakaera zentrifugoa izan dela, eta, Iparraldean, zentripetua. Agian, Espainiak, Frantziaren petite patrie-grande patrie ideia jorratu izan balu arrakasta ukango zukeen herrien asimilazio prozesuan, baina XVI. mendetik XX.era Errege Katolikoen urrezko garaiaren nostalgian bizi izan da Espainia eta horrek ez du balio nazio bat eraikitzeko.

Gainera, ez da izan 1789ko Iraultza bezalako ezer...

Eta azken gerlak beti periferiaren eta zentro politikoaren artekoak izan dira (karlistadak, 1936ko gerra zibila eta, ostean, 40 urteko diktadura). Hegoaldean konfrontazio izugarria izan da, eta horregatik bi identitate horiek banatzen dira eta oso zaila da, egun ere, espainol eta euskaldun batera izatea, hala sentitzen diren batzuk badiren arren, jakina. Iparraldean aldiz, norbaiti galdetzean, baita arrunt frantsesa den eskuineko bati ere, aldi berean euskalduna dela esango du. Abertzale oso militanteek soilik dute Euskal Herria aberri bakartzat.

Euskal auzia asimetriaz jositakoa dela diozu...

Gutxienez badira bi asimetria eta, beharbada, Nafarroan hirugarren bat ere bada. Baina horrenbeste sakontzea biziki konplikatua izanen litzatekeenez, bi asimetriatan geratu naiz. Lehenengoa arras klasikoa da, estatu-nazio independente eta normalizatu baten eta gutxiengo nazional baten artean gertatzen den gatazka asimetrikoa, alegia. Aldi berean, bada bigarren bat Ipar zein Hego Euskal Herriaren artekoa. Bi historia, bi prozesu ezberdin eta horien ondorioz bi egoera arras ezberdin ere.

Euskal gatazkaren irtenbidea ez da, zure ustez, historian bilatu behar. Alta, historiak izugarri markatu du...

Historiak gauzak azaltzen ditu, ez ditu determinatzen. Markatu hitzarekin historiak destino bat agindu edo finkatuko lukeela erran nahi baduzu, ez. Izan delako horrela izango dela pentsatzea, ez. Ez da hain matematikoa. Gauzak mendeetan horrela edo hala izan badira ere, horrek ez du esan nahi 50 urtetan aldatuko ez direnik. Hernani eta Baiona jarri ditut adibide pixka bat antagonismoa azaltzeko, baina Enkarterriko herri batean ere abertzaletasunak ez du pisu bera, eta Baiona eta Baigorriren artean ere ñabardura anitz dira geografikoki, sozialki... Egun sortzen ari diren fenomeno berriek (Europaren eraikuntza, globalizazioa) nola eragingo duten nortasunetan ikusteke dago. Mundua oso fite aldatzen da. Batek daki zer bilakatuko den. Gaurko edo biharko belaunaldiek beren borondatearen arabera eraikiko dute, baldin eta erabakitzeko eskubidea aitortzen bazaie. Horretan da, egun, gatazka.