Beñat Zaldua
HURBIL DAGO ETA SAREA

Munduko lehen «on line» unibertsitate bezala aurkezten du bere burua UOCek

«Urrutiko hezkuntza» etiketatik ihesi sortu zen, duela hogei urte, Kataluniako Unibertsitate Irekia (UOC), abileziaz XX. mendean Internet gako izanen zela aurreikusita. Bai katalanez bai gazteleraz «on line» hezkuntza eskaintza anitz eta zabaleko plaza digitala da gaur egun. Eredu bezala hartuta, datorren astean Donostiara ekarriko du UEUk.

Kataluniako Unibertsitate Irekiak (UOC, katalanez) 21 gradu eskaintzen ditu gaur egun, 36 master ofizial eta hiru doktoretza programa. 49.672 ikasle izan ditu ikasturte honetan, 68.479 pertsona graduatu dira bertan, 255 irakasle propio ditu eta 44 ikerketa talde. Eta dena Internet bidez. Horregatik esaten du harro Carles Sigalesek «munduko lehen on line unibertsitatea» direla. «Inork ez du kontrakoa baieztatu», gehitzen du segituan, apalago. Sigales UOCeko Irakaskuntza eta Ikaskuntza errektoreordea da eta datorren ostiralean Donostiako Koldo Mitxelenan egonen da Kataluniako esperientzia azaltzen, Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako jardunaldian.

Gaur egun UOCek harro erakusten dituen zenbaki potoloak, ordea, ez dira bat-bateko lorpenak, hogei urte luzeko lanaren ordaina baizik. 90eko hamarkada erdialdean Generalitatea Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitatearekin (UNED, gazteleraz) hasi zen negoziatzen katalanezko eskaintza bat. Ekimena bertan behera gelditzean, Pujolen Gobernuak Kataluniako Unibertsitate Politeknikotik (UPC, katalanez) zetorren Gabriel Ferraterri eman zion UNED katalan bat sortzeko enkargua. Baina Ferraterrek beste gauza bat zeukan buruan eta baldintza bezala jarri zuen unibertsitate berriak soilik Internet bidez funtzionatzea. Bi hamarkada geroago, nazioartean erreferente da UOC. «Eroak geundela uste zutelako utzi ziguten saiakera egiten», errepikatu zuen askotan Ferraterrek.

Sigalesek egun azaltzen duenaren arabera, bi elementuk markatu zuten UOC sortze beretik: ikasle profil berriak bilatzea eta gizarte katalanean funtzio soziala betetzea, hizkuntzatik hasita baina baita haratago ere. Arrakasta, baina, ez zen zerutik erori. 1995ean Kataluniako Parlamentuak unibertsitate lege berria aprobatu zuen UOCi marko juridikoa prestatzeko. Hogei urte geroago, eta hamar milioi hiztun dituen hizkuntza ardatz bezala izanda (eta gaztelerako programa askorekin), finantziazio publiko garrantzitsua jasotzen du oraindik ere unibertsitate ireki honek. «Instituzioen apusturik gabe, ezinezkoa litzateke hau guztia», ziurtatzen du Sigalesek.

Internet ez dago urrun

«Internet bidezko hezkuntzak ez du zerikusirik urrutiko hezkuntza klasikoarekin», azpimarratzen du UOCeko arduradun honek hitz egiten hasi bezain pronto. «Unibertsitatearen beraren egitura guztiz desberdina da, baita irakasteko eta ikasteko moduak ere», azaltzen du Sigalesek, ideia horretan sakondu aurretik: «Irakaslearen aldetik askoz planifikazio handiagoa eskatzen du on line hezkuntzak, oso garrantzitsua baita ikaslea lagunduta sentitzea bere bizitza akademiko osoan zehar». Hori lortzeko, ikasleak tutore bera izanen du UOCen pasatzen duen bizitza akademiko guztian zehar, nahiz eta ikasgaiak aldatzen joan. Irakasleak, gainera, on line metodoetan trebatzen dituzte dozentzia hasi aurretik.

«Hasi ginenean Internet ez zegoen gaur egun bezain garatuta, eta, gaur egun bideoekin posible izanen ziren klase magistralak ezinezkoak zirenez, formatu berriak asmatu behar izan genituen», gogoratu du Sigalesek, presentzialki egiten den bakarra azterketak direla azpimarratuz. «Baina denbora gutxiz, espero dugu», gehitu du. Izan ere, Europako Batasunak finantzatutako Tesla programan buru-belarri sartuta dago UOC kontinenteko beste unibertsitate batzuekin. Helburua: ebaluazio birtual integrala posible bihurtzea. Hau da, ordenagailuaren beste aldean dagoenaren nortasuna baieztatuko duen teknologia.

Ikerketa eta berrikuntza teknologikoa izan dira, halabeharrez, UOCen bidaide urteotan guztietan zehar. Horretarako dituzte martxan bi harribitxi: IN3 eta eLearn Center ikerketa zentroak. Bien artean 400 profesional batzen dituzte hezkuntza eta teknologia berrien inguruan lanean.

Funtzionatzeko era berritzaile honek posible egin du unibertsitate tradizionalekin elkarlana gailentzea, konpetentzia bigarren plano batean utziz (horren adibide dira Kataluniako unibertsitate publiko desberdinekin elkarlanean dituen hezkuntza programa ugariak). Horrela azaltzen du behintzat Sigalesek: «Osagarriak dira gure ikasleak eta beste unibertsitateenak, asko etortzen baitira gurera zentro tradizionaletan jasotako hezkuntza sakontzera, horietariko asko behin lanean hasi eta gero». Datuek arrazoia ematen diote errektoreordeari, UOCeko ikasle gehienak 25 eta 45 urteko tartean baitaude.

Egitura bera ere (juridikoki fundazio bat da), oso desberdina dela gogoratu du gainera Sigalesek: «Antolatzeko moduan malgutasuna eskaintzen digunez, egitura eskaintzaren arabera antolatu ordez eskaeraren arabera ordenatu ahal dugu». Publikoa ez den kudeaketa matrikulen prezioan nabaritzen den galdetuta, ezetz ziurtatzen du Sigaleskek, ekimen publikoa den heinean, prezioak Gobernuak ezartzen dituelako. Unibertsitate tradizionalekin alderatuta, antzeko prezioak direla dio errektoreordeak, matrikulak zertxobait merkeagoak direlako, baina tasak, aldiz, apur bat garestiagoak.

Katalana eta internazionalizazioa

«Zure komunitateari zerbitzu bat eskaintzea eta mundura irekita dagoen unibertsitate bat eraikitzea bateragarria da. Edo behintzat izan behar du», aldarrikatu du Sigalesek hizkuntzari buruz galdetzean. Izan ere, katalanarekin batera beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen ditu unibertsitateak. Batik bat gaztelera eta programa gutxi batzuetan ingelesa. «Behar baino gutxiago», Sigalesen ustez. «Inoiz ez diogu hezkuntza katalanez eskaintzeari utziko, baina, Interneten gauden heinean, unibertsitate globala gara eta halabeharrez saiatu behar dugu eskaintza globala egiten», azaldu du, behin eta berriz azpimarratuz «bateragarriak» direla.

Are gehiago, gero eta bateragarriagoak izanen direla ziurtatu du Sigalesek. Teknologia berrien garapenean daukate jarrita esperantza UOCen, jomuga bezala «campus eleanitza» kokatuz. «Oraindik ezinezkoa da, baina ziur gaude iritsiko dela aukera irakasle batek bere hizkuntzan hitz eginda, munduko beste puntan ikasle batek ulertzeko. Eta alderantziz. Ideala gu katalanez aritu eta ikasleak bere hizkuntza aukeratu ahal izatea da», dio Sigalesek.

Baina ideala urrun dago oraindik eta hedapena Espainiako Estatura eta Latinoamerikara begira diseinatu dutenez, gaztelera da, gaur egun, katalanarekin batera UOCen hizkuntza nagusia. Horrela lortu dituzte 600 kolaborazio hitzarmen mundu osoko instituzio eta enpresekin, horietariko asko Hego Ameriketako herrietan (42 hitzarmen berri bakarrik azken bi urteetan Kolonbia, Mexiko eta Argentina bezalako herrialdeetan).

Hedapena, hala ere, Estatuan zentratu dute orain arte. Gaur egun 248 akordio dituzte Estatuko 23 instituzioekin, horietariko asko tokiko Unesco Etxeen bitartez lortuak. Baita Euskal Herrian ere. Duela bi aste, maiatzaren 25ean, sinatu zen Bilbon UOC eta Unesco Etxearen arteko kolaborazio hitzarmena, unibertsitate katalanak Euskal Herrian dituen ikasleei arreta zuzenagoa eman ahal izateko. 440 izan dira kurtso honetan Euskal Herritik UOCen matrikulatutako ikasleak. Orotara 831 graduatu dira hogei urtetan.

UOC euskaldun bat sustatzeko abiapuntua agian? «Ziur Euskal Herrian oinarria badagoela egin ahal izateko», dio Sigalesek, baina argi utzita ez dela bakarrik oinarri sozial kontua: «Instituzioen konpromiso sendorik gabe, ezinezkoa da hau».