Isidro Esnaola

Enpresa pribatuen botere pilaketa

Hauteskunde kanpainako debate batean Euskal Herrian ekintzaile asko dauden ala ez ika-mika txiki bat sortu zen. Ekintzailetasun indizea txikia zela esan zuen batek eta Japoniaren parekoa besteak. Kontua da indize horiek ez dutela ekintzailetasuna neurtzen, sortutako enpresa kopurua baizik. Eta gauza horiek arras ezberdinak dira: ekintzaile guztiek ez dute zertan enpresa bat sortu. Modu berean, enpresa bat sortze hutsak ez dut bat ekintzaile bihurtzen. Hala ere, erabilera ideologikoa helburu, bi kontzeptuok parekatzen dituzte politikariek. Izan ere, gure gizartean, enpresari eta politikarien ahaleginen ondorioz, enpresa pribatua instituzio garrantzitsua bilakatu da ezbairik gabe.

Bultzada hori erabili izan dute enpresek gizarteari etengabeko xantaia egiteko: edozein neurri soziali aurre egiteko deslokalizazio mehatxua jartzen dute mahai gainean. Salbuespen gutxi batzuk alboratuta, xantaiaren aurrean mundu guztiak amore ematen du. Horrela, lan harremanak goitik behera aldatzeaz gain, zergak ia ez ordaintzea ere lortu dute enpresek. Ohiko praktika izan da akordio bereziak egitea zerga autoritateekin erabat sinbolikoak ziren zergak ordaintzeko. Hala ere, zenbait kasutan hain eskandalagarria izan da egoera, krisi ekonomikoa eta murrizketak tarteko, Europako agintariek zergak ordaintzea eskatu dietela hainbat multinazionali. Azken kasua Apple enpresarena izan da, baina aurretik beste batzuk ere egon dira, hala nola, Estatu frantseseko ADF, Italiako FIAT edota AEBetako Starbucks, McDonalds eta Amazon.

Zergarik ordaindu beharrik gabe, plusbalioak enpresetan pilatu dituzte enpresaburuek. Eta orain Gipuzkoako Gobernuak –beti prest enpresaburuei erraztasunak emateko– sistema biribiltzeko arau foral bat aurkeztu du langileek enpresetan parte har dezaten sustatzeko. Aldarrikatzen den helburua hori da, baina gero langileen parte hartzeaz ez da hitz egiten. Praktikan, proiektuak malguago egiten ditu enpresaburu eskualdatzaileak ondare irabaziengatik zergarik ez ordaintzeko baldintzak, hau da, pilatutako irabazi horiek guztiak zergak ordaindu gabe enpresatik ateratzeko bidea are gehiago zabaltzen du.

Hori guztia gutxi balitz, multinazionalek beste urrats bat eman nahi izan dute. Oraingoan merkataritza arloko nazioarteko hitzarmenen bidez. Hitzarmen horiek zerikusi gutxi dute merkataritzarekin: enpresei soilik aplikatuko zaien nazioarteko jurisdikzio berezia sortzeko ahalegina dira. Horrela, esparru askotan multinazionalen jarduera estatuen erabakien gainetik geldituko da. Gaia ez da berria. Aurrekari bat izan zen Inbertsioen Aldeaniztun Ituna. 1998an edukiak publikoa egin zirenean, bertan behera utzi behar izan zuten egitasmoa. Ondoren, TTIP delakoa adosten ibili dira. Hemen ere, iritzi publikoaren eraginez, oraingoz geldirik dago. Ez dute asko itxaron eta hurrengo saiakera mahai gainean dago: Europar Batasunak Kanadarekin negoziatutako beste «merkataritza hitzarmen» bat, CETA deitzen dena. Oraingoz Valoniako parlamentuak guztien adostasuna apurtu du eta, erabaki aldatu ezean, bertan behera geldituko da itunaren sinadura. Azkenean, sinatzen bada, ate bat irekita izango dute multinazionalek amestu duten jurisdikzio berezia izateko. Valoniak bere erabakia aldatu gabe mantentzen badu, beste hitzarmenen bat asmatuko dute eta horri ekingo diote. Kapitalaren logika errukigabea da.

Enpresek joko zelai propio bat eraiki nahi dute, non estatuetako erakunde politikoek ez duten esku hartzerik izango. Horrek ez du demokraziarekin bat egiten, baina gobernuei ez die kezka berezirik sortzen; azken finean, gobernuetako kargudunen erabateko gehiengoa enpresa pribatuetatik dator edo enpresa pribatuetara joango da. Ate birakari famatuen beste adibide bat. Ezkerrekook eta Euskal Herrian estatua sortu nahi dugunok oso kontuan hartu beharko dugu erakunde publikoetatik enpresa pribatuetara bitarteko botere deriba hori, aregotzen bada estatua konpetentziarik gabe geldituko baita azkenerako. •