Ane URKIRI ANSOLA
Entrevue
Ainhoa Azurmendi
psikologoa eta kirol aholkularia

«Maskulinotasunaren azken gotorlekua da futbola»

Kirolaren mundura sartzeko atea oso astuna izaten da irekitzeko bultzaka dabilena emakumea denean. Eta zer esanik ez entrenatzaile edo epaile lanetan aritu nahi baldin badu.

Emakumeek kirol arloan entrenatzaile eta epaile izateko aurkitzen dituzten oztopo psikosozialak aztertzen dituen tesia egin du Ainhoa Azurmendik (Hernani, 1978). Gaurkotasuna eta oztopoak oso gertutik ezagutzeko aukera izan du. 33 elkarrizketa egin ditu guztira eta ateratako ondorioak Euskal Autonomia Erkidegoko, Espainiako eta Kanadako emakumeen errealitateekin alderatu ditu. Aldaketa estrukturala mundu mailan eman behar dela dio.

Berdintasun plana aurrera eraman nahi izan duten klub eta federazioekin ere elkarlanean dabil, Avento Kirol Aholkularitza enpresan. Legeak eskatzen duen arren, urratsa eman duten erakunde zein taldeak gutxi direla jakinarazi du (%12,5 inguru EAEn). Emakumeek gainditu behar dituzten zailtasunak aipatu, anekdotak plazaratu, desberdintasunarengatik haserrea erakutsi eta konponbideak ematen saiatu da Azurmendi.

Zein izan da elkarrizketetan gehien errepikatu den oztopoa?

Oztopo kulturala, gehienbat. Gizartearen eraikuntza sexista edo patriarkatuan oinarritutako sexu rolen banaketak dakartzan oztopoak. Hau da, beraien gaitasuna zalantzan jartzea. Eta oztopo hori aipatu dute tradizioz gizonezkoek egin ohi dituzten kiroletan dabiltzan emakumeek, ez hainbeste tradizioz emakumezkoen kiroltzat hartzen ditugunetan dabiltzanek. Bestalde, kategoria apaletan egotea eta mailaz igotzeko zailtasunak ere aipatu dituzte.

Epaileen kasuan ere, emakumezkoen kirol askotan, epaile nagusia emakumea izatea gutxi ikusten da.

Gizonezkoen kirolak estatus gehiago eduki duela esan ohi dute. Hori horrela, emakumeak emakumezkoen kirolak entrenatzera edo epaitzera bideratzen badituzte, beraiek bigarren mailakoak izango balira bezala sentitzen dira. “Zergatik mutilekin ez?”, pentsatzen dute. Kontraesana da, baina beraiek ere barneratu dute hori estatus sozial handiagoa izatea dela. Batetik, jende gehiago joaten delako ikustera, eta, bestetik, nahiz eta maila berdina izan, gehiago kobratzen delako gizonezkoen neurketetan edo txapelketetan.

Zer pentsatzen duzu berdintasunetik hurbil gaudela irakurri edo entzuten duzunean?

Hiru diskurtso mota irakurri ditut egin ditudan elkarrizketetan. Bat honakoa zen: “Bai, berdintasuna dago eta emakumeak ez badira iristen nahi ez dutelako da”. Ondoren, erdibideko diskurtso bat ere bazen, non esaten zen gauzak hobetu egin direla eta asko jota desberdintasunak zeudela tradizioz maskulinoak kontsideratu diren kiroletan. Eta azkenik, berdintasunik ez zegoela eta urruti geundela esaten zutenak zeuden.

Zure estereotipoekin kontsonantzian dauden kiroletan baldin bazaude badirudi berdintasuna egon badagoela, ez dagoela inolako arazorik, izan ere, zure estereotipoa ez duzu apurtu. Aldiz, tradizioz gizonezkoenak izan diren kiroletan egonez gero, badirudi hor erresistentzia puntu bat dagoela. Eta egunero ikusten dugu. Adibidez, epaileei egiten zaizkien irainetan. Irain sexistak dira. Asko kexatu egin zaizkit esanez gizonezkoak ere iraintzen dituztela. Baina ez da berdina irain bat edo irain sexista bat. Ez da berdina, “zu joan etxera harrikoa egitera” edo “joan etxera”.

Deseroso sentitzen dira gizonezkoak emakume bat epaile izanez gero?

Elkarrizketatutako emakume askok, tradizioz gizonezkoen kiroletan daudenek, esaten dute gehiago kuestionatzen direla beraien gaitasunak. Elkarrizketako galderetako bat honakoa zen: “zer da garrantzitsua epaile edo entrenatzaile izateko?”. Eta beraiek erantzuten zuten errespetua jartzen jakin behar dela. Jada hor, nolabait, jarrera gogorra izan behar dutela dute barneratuta. Zergatik? Badakitelako zalantzan jarriko dutela beraien erabaki hartze prozesua.

Ez dago oztopoekin zuzenean lotuta, baina honakoa ere benetan kuriosoa da: jokalarien sexuaren arabera epaileen erabakiak ezberdinak izaten direla aztertu duten ikerketak daude. Hau da, jokatzerako orduan estereotipo sozialak barneratzen ditugu. Orduan, epaileek, askotan, emakumeak gehiago zigortzen dituzte akzio gogor batean, estereotipo horien aurka jotzen dutelako. Gure estereotipoak esaten du emakumeok ezin garela oldarkorrak izan. Aspektu ezberdinetan aurkitzen ditugu datuak hori guztia erresistentzia dela esaten digutenak. Ez dute onartzen emakumeok zenbait jarrera izatea edo zenbait ekintza egitea.

Oztopo psikosozialez mintzo zara tesian.

Hiru motatakoak dira. Bata, soziokulturalak edo gizartearen eraikuntzak ekartzen dituenak. Bestetik, organizaziokoak. Hau da, kirol erakundeetan, klub zein federazioetan dagoen organigrama eta funtzionamendu estiloa. Kasu horretan, azpimarratuko nuke “Old Boys Network” deitzen den hori. Nazioarteko mailan frogatuta dago gizonen arteko sare informalak daudela, beraien mesederako erabiltzen direnak. Horren ondorioz, emakumeek oztopo gehiago dituzte, adibidez, erakundeotan sartzeko edota kategoriaz igotzeko, ez baitaude prozesu formalak eta gardenak ezarrita. Eta azkenik, oztopo pertsonalak. Bakardadea, erreferenterik ez edukitzea, etxeko zama… bezalako ideiak barneratzen ditugu emakumeok. Arlo soziokulturaletik datorren motxila da emakumeok ama izan behar dugula, eta, ezin baditugu biak uztartu, kulpa sentimendua izaten dugu. Kontrastean familiaren zamari buruz ere galdetu genuen eta ondorio batzuk interesgarriak suertatu dira.

Adibidez?

Emakumeak gehiagotan utzi behar izaten dute beraien kirol praktika, adibidez, ume zaintzagatik. Berriz ere islatzen da beste arloetan, enpresetan kasu, ikusten dena. Emakumeok lehenago uzten dugu lana familia zaintzeko. Are gehiago, kontuan hartuta kirol arloa profesionala ez dela. Ezberdintasunak ere nabari dira, epaile gazte eta helduen artean.

Ameriketako Estatu Batuetako futbol selekzioko jokalariek beraiek daramatzate haurrak deialdietara. Beraiekin eramateko beharrizana dutelako?

Hori ere kontraesantzat jo dezakegu. Gizon batek bere laneko bidaia batean beharra edukiko luke bere alaba edo semea eramateko? Hau da, nik nahi hori errespetatuko dut, eta beharrezkoa denean bitartekoak jarriko ditut, baina zenbat da benetako beharra eta zenbat da gizarteak eraikitakoa? Orain ari gara aldarrikatzen aitak ere zaintza horretan inplikatzea, haurtzaindegiak egotea… Emakumeek egindako zaintza lana, gainera, ez da baloratua izan. Eta orain guk zer egingo dugu, umea eduki eta lanera eraman?

Baina, bestalde, kirolean jarraitzea ahalbidetzen die.

Kontratuetan aukera hori errekonozituta egotea oso ondo dago. Hemen BAT Basque Team berak kontuan izan zuen. Kirolariek esaten zuten beraientzat ardura zela umea noiz edukitze hori eta kontuan hartu zuten.

Federazioetako organoetara itzuliz, beharbada ez dute emakumerik nahi beraien erosotasuna ez apurtzeko?

Bai, ikerketek horixe esaten dute. Lianne Normanek (Erresuma Batua) asko idatzi du gai horretaz, baita Kataluniako areto futbolean emakumeen partaidetza sustatzeko proiektuan aritzen den Susanna Soler berak ere. Beraien artikuluetan irakur daiteke emakumeek enbarazu egiten dietela, batez ere maskulinoak kontsideratu diren kiroletan; zure eskubideak aldarrikatzera joateak molestatu egiten die. Guk elkarrizketatu ditugun emakumeek ere horixe bera aipatzen zuten.

Klub zein federazioek, aurrerapauso txikiren bat ematean beraien irudia goraipatzen dute. Hainbeste laudorio nahi izanez gero, zergatik ez dituzte benetako urrats sendoak ematen?

Erosotasun eremuan gaudelako. Estrategiak landu egin behar dira eta momentuak ere bai, eta horrek ez du esan nahi ni konformista naizenik. Ez naizelako batere konformista. Nire ikuspegitik ez naiz izango kirol aholkulari bat guztia goratzen duena. Nik beti laguntzen dut edo gustatzen zait aldarrikatzea benetan egiturazko aldaketa bat planteatzen denean.

Entrenatzaile zein epaile bezala jarduteko, gehiago borrokatu behar izaten dute emakumeek, eta borroka horrek askotan interesa galtzea ekartzen du. Eta horrek, jarduna uztea. Baina arrazoia ematea litzateke, ezta?

Bai, hori da. Azkenean, ez baduzu erreferenterik, sentitzen duzu oztopoak jartzen dizkizutela, zure ondokoak baino gutxiago kobratzen duzula edo beti bideratzen zaituztela gutxiago kobratzen diren lehiaketetara. Bakardadea ere sentitzen duzu…

Entrenatzaile eta epaileen kasuan erreferenteak sortzea zailagoa al da?

Asko falta da eta ezinbestekoak dira bietan. Zuk ikusten badituzu emakumeak, normalizatu egiten da. Zure irudikapen mentala aldatu egiten da. Zuk gizonak bakarrik ikusten badituzu, ez duzu imajinatzen emakume batek egin dezakeenik ere. Behar dute beraiek proiektatzeko egunen batean hori egin dezaketela. Baina horretarako ere garrantzitsua da dauden entrenatzaileak errekonozituak egotea, ondo tratatuak egotea, eta abar.

Lupaz begiratzen da emakumezkoen jarduna?

Oso urruti gaude jardun hori normaltzat hartzeko. Ematen dira kasuak, eskubaloian, saskibaloian ere. Baina futbolean? Clermont futbol taldeko Helena Costa eta Corinne Diacre dira salbuespenak. Futbola bada erresistentziazko leku bat, oso handia gainera. Eta emakumeen gaitasunak zalantzan jartzen dira, baina ez bakarrik epaile eta entrenatzaileekin, baita kazetariekin, medikuekin... ere. Hor dago, adibidez, Eva Carneiroren kasua. Esango nuke maskulinotasunaren azken bastioia dela futbola. Eta emakumearen irudia oso zanpatuta dago.

Konponbiderik?

Adibide bat jarriko dizut. Ingalaterrako federazio bateko zuzendaritza batzordeko kide batek epaile bat “sukaldera” bidali zuen eta horren ondorioz isun ekonomiko bat ordaindu behar izan zuen, hiru hilabeteko suspentsioa jarri zioten karguan, eta emakumezkoen eta gizonen berdintasunaren gaineko ikastaro bat egin behar izan zuen. Eta epaileen batzorde teknikoaren babesa izan zuen emakumeak. Hori bera eredugarri iruditzen zait. Nahikoa da jada emakumeek matxismoa eta erresistentzia egunero pairatu behar izateaz, beraien gaitasunak etengabe zalantzan jartzeaz. Formazioa, araudia, legedia dago esaten duena federazioek berdintasun planak egin behar dituztela.

Legedia ez betetzeagatik espainiar gobernuak edo Lakuako Gobernuak ez lituzke zigortu behar?

Hala beharko luke. Zer pasatzen da gainerako legeak ez ditugunean betetzen? Horrek ondorio batzuk eduki beharko lituzke. Bestela ez dakit zertarako onartzen ditugun legeak.

Itxurakeriagatik?

Legeak onartzeak batzuetan inplikatzen du hornidura ekonomiko bat izatea, baita ere sentsibilizazioa bultzatzea. Bidean gertatzen den zerbait da, baina helburua ez da hori. Kultura berri bat sortzea gai baten inguruan eta zigortzea behar luke xede. Formakuntza beharrezkoa da eta emakumeek beraiek ere sinesten hastea eta konpromiso hori edukitzea. Ulertzen dut askok badaukatela eta bidean gogoa galdu egiten dutela. Horren adibide asko daude. Esaterako, goi mailako entrenatzaile batek, nazioarteko jokalaria izandakoa, herri honetakoa, kontatzen zuen formazioan, Madrilen, neska bakan batzuk zeudela eta formatzaileek esan zutela: “Y tú, chiquita, ¿también practicas este deporte?”. Etengabe pasatzen da.

Ezberdintasunik badaude Kanada eta hemengo kasuekin?

Antzerakoak dira. Leku guztietan eman behar da aldaketa estrukturala. Han urte asko daramatzate politika espezifikoak egiten emakumeek kirola egiteko eta entrenatzaile izateko; dirua jartzen duen programa nazional bat dago. Berdintasun indizea kalkulatuz gero gu baino gorago egongo lirateke, baina, aldi berean, desberdintasunekin. Mundu mailako arazo bat delako. Jazarpen sexuala, diskriminazioa, lehen aipatutako “Old Boys Network” sarea… elementu berdinak agertzen dira. Beste gauza bat da han aurrerakoiagoak izatea, programak martxan izatea edo gehiago sinestea.

Frustraziorik sentitu duzu?

Oso zaila izan da emakumeak aurkitzea. Eta hori, nik laguntza izan dudala federazioen aldetik. Eta ederra da emakume horiei entzutea. Iruditzen zait hor badagoela ezagupen bat. Esperientzia izugarria izan da, pribilegio bat.

Hedabideek zer-nolako erantzukizuna dute?

Oinarrizkoa. Niri oso ondo iruditzen zait hedabide batek berri bat ateratzea marrazain bati “lizun eta emagaldu” deitzeagatik soilik 50 euroko isuna jarri izana salatuz. Eta hori kritika bezala agertzea eta zigorra txikia dela azpimarratzea. Baina, tira, emakumeak ez atera soilik horrelako kasuetan. Kontatu istorioak, emakume horiek ikusgai jarri, erreferenteak sortu. Interesa dago benetan emakumeak errespetuz tratatzeko?