Koldo Sagasti

Umore sena

Iñaki Perurena gizon handia da –eta ez gorpuzkeraz bakarrik–, etorri handiko solaskidea eta istorio kontalari aparta. Baina herri honetako zati handi batek esnekien iragarki batean gaztelerako fonemak ahoskatzeko dituen zailtasunengatik oroituko du beti. Zenbaitek oso barregarritzat dute erdal “C” hizkia bokalizatu ezinik “funtziona” dioen gizonkotea. Baina, gauzak zer diren, iragarki bereko euskarazko bertsioan Carlos Sobera ere ezinean agertzen da produktu berberak “funchionachen” duela esanez. Barakaldarrak euskal ahoskeran erakusten duen baldarkeria, ordea, ez da euskaldunon burlarako arrazoia; aitzitik, eskertu egin behar diogu erdal hiztunari egindako ahalegina, hain gara adeitsuak!

Egunotan hautsak harrotu dituzte EITBko saio batean espainolen inguruko aurreiritzien kontura egindako txantxek. Euskarazko saioa sekula ikusiko ez zuketen askok espantuak egin dituzte, erdal hedabide batek irudien hautaketa maltzur bat argitaratutakoan, adierazpenak iraingarritzat dituztelako. Lehendakariak berak, otzan eta leial, barkamena eskatu die espainiar irainduei euskaldun guztien izenean, eta telebista publikoak erretiratu egin du saio polemikoa bere webgunetik. Euskaldun petoaren lepotik iseka egitea politikoki zuzena da; eta guk, umore onekoak garenez, hamaika aldiz entzun behar izan ditugu guri buruzko estereotipoak aspertzeraino ustiatzen dituzten txiste errazak. Adibideak kontaezinak dira, “Ocho apellidos vascos” filmetik hasita. Baina gustu txarrekoa omen da espainolei buruzko topikoak astintzea, iraingarria, lotsagabea; are gehiago auzokideari trufa egiten diona euskalduna denean. Bada, agian bada garaia geure buruaz gain ondokoarenaz ere burla egiten hasteko. Segur aski ez da errespetuzkoa izango, ezta gustu onekoa ere, besteen topikoen bizkarretik barre egitea; baina exorzismo ariketa moduan “funtzionatu” egingo du. •