amagoia.mujika@gaur8.info
Entrevue
Fernando Apoa
Abeslaria eta militante sozial eta politikoa

«Umetatik injustiziak distortsionatu egiten nau»

El Corazon del Sapo taldea grina batetik sortu zen, borroka sozial eta politikoa akuilatzeko. Orduan hasi zen abesten Fernando Apoa, taula gainetik mundua iraultzeko. Taldea isildu eta 17 urtera, bira txiki bat abiatuko dute, gaur, Zarautzen. Maiatzaren 13an Zaragozan izango dira, eta, uztailaren 29an, Lakuntzan, Hatortxu Rock jaialdian. Fer, gainera, Estricallarekin eta apoekin arituko da Lakuntzan.

Badira hamazazpi urte apoaren bihotza pausatu zela. 2000. urtean isildu zen El Corazon del Sapo talde aragoitarra. Orduko “La Casa Magnetica” diskoa (2000) biniloan berrargitaratzeko aukera izan dute orain, eta horri tiraka bira txiki bat atondu dute, “2017 formas de matar con unos tirantes” izenarekin. Hiru kontzertu iragarri dituzte: Zarautzen, Zaragozan eta Lakuntzan. Sarrerak airean ari dira saltzen. Diskoarekin eta birarekin biltzen duten diru guztia Zaragozako errefuxiatuen babeserako taldearentzat izango da.

Izan da, baina, iragarri gabeko kontzertu “sekretu” bat, joan den apirilaren 23an, Zaragozako Kike Mur zentro sozial okupatuan. Gaur egun mugimendu kultural eta askearen egoitza koloretsua da. Garai batean, baino, Torreroko kartzela izan zen, gogorra, iluna, zapaltzailea eta tristea. Torreroko kartzelak pisu handia izan du apoen historian, Fernando eta Guillermo taldekideak bertan preso egon zirelako intsumisioagatik. Gainera, Kike Mur intsumisoa Torreroko kartzelan eta arreta medikurik gabe hil zen, Fer beraren eta Guillermoren besoetan. Horregatik guztiagatik oso berezia eta bizia izan zen El Corazon del Saporen taupada Torreroko kontzertuan, Fernando Apoak berak kontatu digunez, «mendeku txiki bat».

Fer Aragoin jaio zen, Ejea de los Caballeros herrian, Tuteratik Zaragozatik baino gertuago. Aspaldi konturatu omen zen, baina, euskalduna dela. Duela bi hamarkada inguru kasik astebururo Euskal Herrira kontzertuak ematera etortzen zen adopzioko euskalduna; betidanik askotariko borroka sozial eta politikoetan euskal herritarrekin indarrak batu dituen militantea; 2003az geroztik, Euskal Herrian bizi den euskalduna.

«Jende askok pentsatu izan du El Corazon del Sapo Euskal Herriko taldea dela. Ez dakit zergatik, baina ni beti sentitu izan naiz Euskal Herriaren parte. Gaztetxotatik Bardeako tiro poligonoaren kontrako borrokan aritu izan gara, Itoizko Koordinakundearekin lotura izan dugu... Egia esan, Iruñea alderako joera handia izan dugu. Gero, Corazon del Saporekin hasi ginenean, ia astebururo Euskal Herrian izaten ginen».

Euskal Herriarekin duen lotura, beraz, aspaldikoa da, eta oso estua. Bere birraitona Izabakoa zen, «amonaren arabera, Erronkariko kaskagogorra». Eta Fer berak ere dezente du egoskorretik. Berea inkonformismo tematia eta nekaezina da.

Abeslaria eta letragilea da. El Corazon del Sapo (1991-2000) izan zen lehen taldea eta atzetik etorri dira Kuraia, Kop talde katalanarekin grabatutako diskoa, Kloakao eta Estricalla. Berak, baino, ez dauka bere burua musikaritzat, «are gutxiago artistatzat». Militante politikoa da eta militantzia horrek bultzatu du taula gainera.

Igande arratsaldeko irakurketak

«Musikara berandu sartu nintzen, 21 urte nituela, eta militantzia eta aktibismo politikoak eraman ninduten musikara. Aurretik ez nuen sekula abestu. NATOri buruzko erreferendumarekin lotu nintzen militantziara eta 13-14 urte nituenerako erabat sartuta nengoen antimilitarismoan, antiinperialismoan eta ‘anti’ guztietan. Pixkanaka borroka sozial eta politiko desberdinetara lotzen joan nintzaien, oso modu primitibo eta intuitiboan. 17-18 urte nituela Zaragozara joan nintzen irakasle ikasketak egitera eta zuzen-zuzen sartu nintzen borrokan zebiltzan kolektiboetan. Ikasle borrokan eta garaiko grebatan ere parte hartze aktiboa izan nuen eta behin baino gehiagotan atxilotu ninduten. 17-18 urte nituenerako kartzelan sartzeko arriskua oso presente nuen».

Modu primitiboan eta intuitiboan ulertzen du bere borroka Fernandok. Injustiziek asko amorrarazten dute eta borroka txikiek astindu handiak ekar ditzaketela sinisten du. «Ez dut formakuntza politikorik izan. Oso intuitiboa izan naiz beti eta begietatik sartu zaidanak gidatu nau, ez hainbeste belarrietatik sartu zaidanak; alegia, besteek esaten dutenak. Nire etxean betidanik asko irakurri izan da. Ama irakaslea da eta etxean liburu asko izan dira beti. Gogoan dut oso umea nintzela neguko igande arratsalde osoak ematen nituela etxean irakurtzen. Difusora Internacional izeneko argitaletxearen urtekariak irentsi egiten nituen: 1960ko hamarkadatik aurrera urtez urte gertatu zena, kultura arloko gertakariak, pertsonaia garrantzitsuak, gertaera politikoak... Gogoan dut oso umea nintzenetik asko gustatzen zitzaidala urtekari horiek begiratzea, bereziki argazkiak. Gerora nire taldeen diskoen diseinuetan asko erabili izan ditut argazki horiek».

Umetatik izan du Fernandok munduari begiratzeko modu propioa. «Eskolan arraro samar sentitzen nintzen batzuetan. 12-13 urte nituenerako Yasser Arafati buruz, Nelson Mandelari buruz, apartheid sistemari buruz, 68ko maiatzaz, sandinistez edota korsikarrez hitz egiten nuen. Mitologia hori guztia nire baitan izan dut oso umetatik. Eta horretan parte handia daukate igande arratsaldetako irakurketa haiek. Horrekin guztiarekin hazi nintzen eta horrekin osatu nuen nire ideologia. Ez daukat ideologia zehatzik, beti hartu izan dut mugimendu bakoitzetik baliagarria zaidana, borroka bakoitzetik miresten dudana... Ez naiz inoiz oso ortodoxoa izan, nahikoa eklektikoa naizela uste dut». Handik eta hemendik josia den bere mundu ikuskerak ardatz sendo bat dauka: «Umetatik injustiziak distortsionatu egiten nau».

Orduan, umea zenean, Fernando Gimeno zen. Orain, Fernando Apoa da. Zertan dira desberdinak? «Asko aldatu naiz. Batzuetan, ez dut nire burua ezagutzen. Batez ere ez dut nire burua ezagutzen umetatik ezagutzen ditudan pertsona batzuekin nagoenean. Bergaminek esaten zuenez, ‘Espainian fantasma bat bezala sentitzen naiz’, eta niri antzeko gertatzen zait. Euskal Herritik ateratzen naizenean, fantasma bat bezala sentitzen naiz. Estatuan barna ibiltzen garenean askotan hona bueltatzeko deseatzen egoten naiz, han tokiz kanpo eta arraro sentitzen naizelako. Gimenotik zeozer ere badaukat, baina, batez ere, asko daukat Apoatik. Nire baitan deskolonizazio prozesu indartsu bat gertatu da; umetatik inguratu nauten ideiak eta sinismenak erantzi egin behar izan ditut. Horretan parte handia izan du musikak. Musikak ez nau aldatu, musikak naizen bezalakoa egin nau. Musikari esker ezagutu dudan jendea, egin ditudan bidaiak, irakurri ditudan liburuak, jaso ditudan ikuskerak... horrek guztiak eraiki egin nau. Horrek guztiak Fernando Gimeno deseraiki eta Fer Apoa eraiki du».

Ferrek, baina, oso garbi markatuta dauka pertsonaren eta pertsonaiaren arteko langa. «Ni oso desberdina naiz taula gainean eta azpian, eta horrela izatea nahi dut. Musikaren munduan marra hori gainditu duten pertsona asko ezagutzen ditut, sortu duten pertsonaia erantzi gabe ibiltzen direnak, eta horrek asko estutzen nau. Niretzat borroka norabide berdinean bultzaka ari den jende anonimo askoren indarra da. Sekula ez dut liderretan sinistu. Are gehiago, une honetan liderrak baino gehiago ideia onak behar ditugula uste dut. Ni erosoago sentitzen naiz atzetik bultza egiten lehen lerroan tira egiten baino. Hori bai, egurra banatzen dutenean, normalean lehen lerroan egoten naiz».

Fer Apoaren begietara musika eraldaketa sozial eta politikorako tresna da. Oso garbi dauka. «Niri sekula ez zitzaidan burutik pasatu musika talde bat sortzea. Are gehiago, ez nuen musikarekin harreman berezirik izan El Corazon del Sapo taldearekin hasi arte. Musika entzuten nuen eta sinistuta nengoen letra konprometitu horiek kantatzen zituztenak oso militanteak zirela. Baina askotan konturatzen nintzen ez zela horrela, festak lehentasuna zuela. Eta kezka horretatik sortu genuen taldea, gure militantzia politikoaren luzapen bat bezala».

Fernandok eta Casponek –taldeko lehen bateria– atxilotuta zeudela ezagutu zuten elkar. Aktibismo politiko biziko urteak ziren eta atxiloketak maiz gertatzen ziren. «Atxilotu eta hilabete batzuetara epaiketa izan genuen. Tarte horretan maiz biltzen ginen abokatuekin, epaiketa prestatzeko. Nik banekien Casponek bateria jotzen zuela eta nire lagun Guillermok gitarra jotzen zuela aipatu nion. Bere lokalera joateko esan zidan eta han biltzen ginen hirurok askotan. Haiek musika egiten zuten eta nik ez nekien instrumenturik jotzen. Gainera, ez zitzaidan asko interesatzen. ‘Letrak badituzu?’, galdetu zidaten. Eta nik beti letra mordoa izaten nuen kutxetan gordeta. Hasieran kantatzen baino, errezitatzen hasi nintzen. Eta, konturatzerako, hilabete gutxiren buruan, El Corazon del Saporen lehen lana grabatzen ari ginen. Dena oso azkar joan zen».

Musika borroka bultzatzeko, borroka akuilatzeko. Hartara, El Corazon del Sapo beti egon da oso lotuta era guztietako aldarrikapenekin.

«Gogoan dut jendaurrean aritu ginen lehen aldia. Ejeako taberna batean izan zen, 1991n. Zortzi-hamar abesti genituen eta kontzertuaren erdian aitona bat agertu zen oihuka, soinu asko ateratzen ari ginela. Tabernaren gainean bizi zen eta justu alkatearen aita zen. Sekulakoa sortu zen. Udaltzainak etorri ziren eta ‘Gimeno, Gimeno, lasaitu’ esaten zidaten. Ja nahikoa ezaguna nintzen, saltsa guztietan nengoelako».

Mundua aldatzeko grina

Oso gaztetxotatik manifestazio edo protesta ugaritan parte hartu du, beti lehen lerroan, eta aldiro zirrara berezia sentitu du. «Borrokaren parte sentitzeak asko hunkitzen nau, umetatik. Niretzat manifestazio edo protesta bakoitza une oso garrantzitsua izan da, sinistuta nengoelako mundua aldatzera gindoazela. Eta berdina pentsatzen segitzen dut. Zaila dago, baina mundua aldatzeko gaitasuna dugula sinisten segitzen dut. Askotan historiak harritu egiten zaitu eta metxa txiki batek dena hankaz gora jartzen du. Ezin zaio sinisteari utzi eta, batez ere, ezin zaio borrokatzeari utzi».

Manifestazio bakoitza une historikoa eta errepikaezina da Fernandorentzat eta kontzertuak berdin bizi ditu. «Niretzat kontzertu bakoitza ekintza politiko bat da. Horrela ikusi izan ditut beti gure emanaldiak, ez hainbeste festa bat bezala, borrokaren aldarrikapen bat bezala baizik».

Duela bi aste Zaragozako Kike Mur zentro sozial okupatuan emandako kontzertuak borroka karga handia izan zuen, hain justu. «Torrerokoa kartzela oso gogorra izan da eta martxan egon da duela urte batzuk arte. Preso anarkistak, antifrankistak, homosexualak, sistema ekonomikoaren biktima diren milaka eta milaka preso sozial, Aragoiko klase pobreenetako belaunaldi desberdinak, intsumisoak, independentistak... Benetako zuloa izan da kartzela hori, zaharra, iluna eta oso gogorra. Kartzelak asko aldatu ninduen, erabat birrindu ninduen. Militatzen hasi nintzenetik garbi samar neukan nik kartzelatik pasatzea egokituko zitzaidala, berandu baino lehen, borroka bat edo bestela zela-eta. Azkenean intsumisioak eraman gintuen kartzelara. Beti pentsatzen nuen indartsu sartuko nintzela eta eutsi egingo niola. Baina ez zen horrela izan, nire bizitzako etaparik tristeena eta ilunena izan zen. Horregatik niretzat ezinbestekoa da presoekiko elkartasuna, nahiz eta batzuetan ez ados egon batzuek eman dituzten pausoekin. Kartzela bizirik hiltzea da, isolatze eta bakartze modu krudela eta latza. Ni urtebete eta egun bat egon nintzen. Hilabete batzuetan barruan egon ginen eta gero hirugarren gradura pasatu ginen, lotara joaten ginen kartzelara. Eta benetan etapa grisa izan zen. Intsumisoek sekulako bizitasuna, ametsak eta proiektuak genituen eta zalantzarik gabe guretzat egon zitekeen tokirik txarrena gertatu zen kartzela. Elkartasun handiko garaia zen, sekulako giroa zegoen, dozenatik gora intsumiso ginen kartzelan eta sekulako harremana genuen preso sozialekin eta euskal preso politikoekin. Hala ere, nahiz eta giroa bikaina izan, oso garai iluna izan zen».

Kike Mur presoaren heriotza

Hirugarren gradura pasatu zirenean, bost intsumiso zeuden elkarrekin, bi ziegatan banatuta. «Kartzelan lo egiten nuen eta goizetan lanera joaten nintzen. Arratsaldetan, ‘Fuego al Cielo de los Cuervos’ diskoa grabatzen genuen apoek, eta, gauean, berriz, kartzelara buelta. Bost intsumiso geunden, Guillermo eta biok –biak taldeko kideak– eta beste hiru, tartean Kike Mur. Kike hil zen gauean gertatu zen guztiak txikitu egin ninduen. Gogorra izan zen lagun bat hiltzen ikustea, baina hori bezain gogorra izan zen nola tratatu gintuzten ikustea. Txikitatik badakizu nolakoa den sistema, nolakoa den Polizia. Txikitatik ikasten duzu bertsio polizialak ez sinisten. Baina gau hartakoa izugarria izan zen, tamalgarria».

1997ko irailaren lehen eguna zen. Bost preso zeuden hirugarren graduan, ateak irekita zituzten bi ziegatan banatuta. «Guillermo eta ni ziega berean geunden, beste preso batekin. Eta Kike Mur, parekoan. Elkarrekin afaldu genuen denok eta Kike oso pozik zegoen, beti bezala. Oso gutxi geratzen zitzaion kondena betetzeko. Goizeko ordu biak pasatxo buila batzuk entzun genituen. Kike oso gaizki zegoen, artsenikoa hartu zuen. Beheko solairura jaitsi genuen koltxoi batean eta funtzionarioari behin eta berriz eskatu genion anbulantzia bati deitzeko. Ez zigun kasurik egin. Kartzelako medikuak ikusi behar zuela esaten zuen. Ni Kike erreanimatzen saiatu nintzen behin eta berriz, neukan ezagutza urriekin. Orduan ez nintzen soroslea eta ez nekien erreanimazio bat egiten, baina gerora erabaki nuen ikasi egin behar nuela. Ez neukan eskularrurik, ez maskararik, ez ezer... Funtzionarioari behin eta berriz esaten genion atea irekitzeko, ospitalera eramango genuela. Preso batzuek autoa kartzela kanpoaldean zeukaten, egunero lanera joateko erabiltzen zutelako. Baina funtzionarioak ez zuen atea ireki nahi eta ez zuen ezer egiten. Medikuak azaldu behar zuela esaten zigun. Protokoloa. Pixkanaka funtzionario gehiago azaldu ziren. Gu lurrean, Kike erreanimatu nahian eta funtzionarioak paretaren kontra jarrita, guri begira eta ezer egin gabe. Azkenean medikua azaldu zen, denbora asko pasa eta gero. Gogoan dut esku batean zigarreta zuela, Ducados bat. Beste eskuarekin Kikeren eskua hartu eta pultsua hartu zion, makurtu ere egin gabe. ‘Autopsiak esango du zer gertatu den’, esan eta eskua askatu zion. Seko erori zen Kikeren eskua lurraren kontra. Sekulako inpresioa egin zidan. Halako batean anbulantzia bat iritsi zen, baina Kike ordurako hilik zegoen. Gogoan dut esku-ohe batean etzan zutela eta korrika zeramatela anbulantziara. Ni ere haiekin, esku-ohea presaka bultzatzen, desfibriladorearekin zeozer lortuko zuten itxaropenaz. Anbulantziara igotzera gindoazela, bi funtzionario gerturatu ziren. Batek eskua eutsi zion Kikeri eta besteak tinta tanpoi bat zeraman. Berehala konturatu nintzen zer egin nahi zuten, hatz-markak hartu nahi zizkioten. Kartzelatik ateratzen ginen aldiro hartzen zizkiguten eta era horretan irudikatu nahi zuten Kike bizirik zegoela kartzelatik atera zenean. Lur jota geratu nintzen. Funtzionarioei begiratu eta gauza bakarra esan nien: ‘ez daukazue bihotzik’. Funtzionarioak sutan jarri ziren eta eraso egin zidaten. Egun horretan zerbait hautsi zitzaidan barruan».

Kikeren lagunek eta familiak bide luzea abiatu zuten, alderdi batzuekin eta besteekin hitz eginez, intsumiso gazteak jasotako tratu tamalgarria salatzeko. Kasua artxibatu egin zuten.

Duela aste pare bat Kike Mur zentro sozial okupatuan El Corazon del Sapok emandako kontzertuaren aurretik omenaldi bat egin zioten Kikeri eta bere omenezko plaka bat inauguratu zuten. «Oso berezia izan zen kontzertua. Asko astindu ninduen, toki horretan nire bizitzako etapa oso tristea bizi izan nuelako. Baina, era berean, mendeku bat izan da. Lehen isiltasuna zegoen tokian orain musika, mugimendua eta borroka dagoela ikustea garaipen txiki bat da. Kontzertuaren aurretik oso hunkituta nengoen, hainbeste intsumisoren gurasoekin akordatzen nintzen, kartzela horretan egondako kaka guztiarekin... Oso zoriontsu egin nau kontzertu horrek, benetan. Baina ez nuen nostalgiarekin bizi izan. Ondo dago lehen gertatu dena gogoratzea, baina batez ere aurrera begiratu behar da, eta borrokan segitu».

Kontzertu horretako aje gozoa gainean, egunero Lesakako igerilekuan egiten duen lanaldiaren aurretik, datozen asteetan apoekin eta Estricallarekin dituen kontzertuen agenda buruan... Hala ere, patxadaz eta irribarretsu topatu dugu. «Erabaki dut momentuaz gozatu nahi dudala. Oso une garrantzitsua da eta ez dut estututa egon nahi. Lo gutxi egiten dut, nekatuta nago, baina oso baikor hartzen dut etortzen zaidana. Oso txip ona hartu dut bira honetan eta horri eutsi nahi diot».

Errefuxiatuen errealitatea

Azkenaldian asko tristatzen, distortsionatzen eta amorratzen duen errealitatea Europan barna noraezean dabiltzan errefuxiatuena da. 2016ko irailean Grezian egon zen Zaporeak proiektuarekin boluntario lanetan. Une honetan proiektu hori geldirik dago, finantziazio arazoak direla-eta. «Kios uhartean egon nintzen Zaporeak proiektuarekin. Harrituta geratu nintzen boluntario lanetan dabiltzanekin; gazteak, helduak, ni bezala beren oporrak baliatzen dituzten langileak, ikasleak, erretiratuak... Lana gogorra zen, goizeko seietan martxan, 1.200 menu prestatu egunero, eguerdian kanpalekuetan janaria banatu, hango errealitate gordina ikusi... Asko kolpatu nauen esperientzia izan da. Hasiera batean sorosle modura joan nahi nuen, Itsas Salbamendu Humanitarioa taldearekin, baina ezinezkoa izan zen nire jaiegunak eta haien egutegia koordinatzea. Azkenean, beraz, Zaporeak taldearekin joan nintzen. Oso esperientzia gogorra izan da, oso mingarria, baina, era berean, asko bete nauena. Han nengoenean sentitzen nuen hori zela munduan nire tokia eta ez nuela beste ezer behar, ez lanik, ez musikarik, ez ezer. Kasik han geratu nintzen. Azkenean bueltatu egin nintzen, baina espero dut aurten berriro joatea. Belgradera joan nahi nuke, bertan milaka errefuxiatu daudelako ez aurrera ez atzera».

Injustiziaren kontrako borrokalaria da Fer eta horrek eraman zuen Greziara. «Batzuetan, baina, kontraesanak sortzen zaizkit. Nik badut dena zalantzan jartzeko joera eta justiziaren eta karitatearen arteko marra batzuetan oso lausoa izaten da. Baina errefuxiatuek egunerokoan dituzten behar larriak ikusita, zalantzak alde batera uzten dituzu. Gaur jan egin behar dute. Kito».

Fernandok Lesakako igerilekuan egiten du lan sorosle bezala eta igeriketa ikastaroak ematen. Greziako bidaiatik bueltan, barrenak ondo astinduta, ez zuen asmatzen zein aurpegirekin begiratu sauna epelegia zegoela esanez erretxinduta hurbiltzen zitzaionari. «Gu hemen, denagatik kexatzen, eta ez dugu ideiarik Europan bertan ematen ari den errealitate krudelaren gainean. Egoera oso gogorra da eta batzuetan nahiago dugu ez begiratzea, min egiten digulako. Errefuxiatuena arazo politikoa da eta irtenbide politikoa behar du, hori garbi daukat. Baina denon ardura da irtenbide politiko hori bultzatzea, behartzea».

Berrargitaratutako diskotik eta gaur abiatuko den bira solidario txikitik aterako duten diru guztia Zaragozako errefuxiatuen babeserako taldearentzat izango da, hain justu. «Aragoiko taldeak Zaragoza eta ingurura iristen diren errefuxiatuak jaso, babestu eta lagundu egiten ditu. Oso pozik gaude, diru hori autoenpleguko proiektuetara bideratuko dutelako. Garrantzitsua da pertsona horiek bizimodua aurrera ateratzeko modua izatea eta karitatetik bizi beharra ez izatea».

Fernandorentzat garrantzitsua da pertsonei aurrera egiteko tresnak ematea. «Grezian egon naizenean, bertako errefuxiatuekin hizketan, kontraesan handiak sortu zaizkit. Haiek gure munduan sartu nahi dute, saldu dieten irudiak itsutzen dituelako, auskalo zer espero dutelako. Haiei laguntzera joaten garenok, berriz, gure mundua eta gure sistema etengabe zalantzan jartzen dugunok gara, egunero sistemaren kontra borrokan gabiltzanok. Eta, hala ere, bagoaz errefuxiatuei sinisten ez dugun mundu batean sartzen laguntzera. Horri buruz asko hitz egin dut errefuxiatuekin Kiosen».

Euskara, herriaren bizkarrezurra

Fernando Apoak euskaraz hitz egiten du, txukun gainera. Elkarrizketaren parte batzuetan gazteleraz mintzatu da eta horrek mina egiten diola asko igartzen zaio. «Beti oso garbi izan dut euskaraz hitz egin behar dudala. Euskal Herriaren bizkarrezurra euskara da, zalantzarik gabe. Horregatik, Euskal Herriaren parte banaiz –eta hala sentitzen naiz– euskaraz hitz egin behar dut. Lanean eta egunerokoan euskara erabiltzen dut. Batzuetan, baina, elkarrizketa sakon honetan bezala, blokeatu egiten naiz. Baina ezin da ulertu Euskal Herria euskararik gabe».