Amagoia Mujika Telleria
Entrevue
Ander Izagirre
kazetaria

«Pobrezia eta miseria kontatzeko dagoen justifikazio bakarra horiek sortzen dituzten mekanismoak esplikatzen saiatzea da»

Boliviako Potosiko Cerro Rico mundutik aparteko toki bat da. Pobreziak eta indarkeriak ez daukate bertako meatzeetako mineralen distirarik eta meatzariek lur azpi ilun horretan bizi duten infernua beren etxeetara eramaten dute askotan. Horren guztiaren atzean zer dagoen azaltzen saiatu da Ander Izagirre «Potosi» liburuan.

Potosiko Cerro Rico, mendi guztietan mendiena, mineral guztien piramide gorena, altxor guztien jauregi distiratsua. Historian barna asko izan dira Potosiren lepo aberastu diren konkistatzaileak, eta beste hainbeste lanean bizkarra utzi duten meatzariak. Beste askok, bizkarra ez ezik, bizitza ere utzi dute lur azpi horretan. Giza hondamendien zabortegi erraldoia da egun; egunero bertara sartzen diren hamar mila meatzarien gainean mendia erortzeko arriskua etengabea da.

Kontatzen da diktadura bortitzak hankaz gora jarri zituzten langile borrokek lur azpi horretan egin zutela bor-bor. Hori kontatzera joan zen Ander Izagirre kazetaria eta beste gauza asko kontatu ditu “Potosi” bere liburuan. Potosin elkartzen dira ezohiko aberastasuna eta ohikoegia den pobrezia. Potosin indarkeriak gainezka egiten du etxeko leihoetatik eta Alicia izeneko 12 urteko neskatoa egunero meatzera sartzen da.

Nola ezagutu zenuen Alicia?

2009an joan nintzen lehenengoz Potosira. Haurtzaroaren inguruko erreportaje sorta bat egin nahi nuen, lan egiten duten haurrei buruz hitz egin, eta Boliviako meatzeetakoa muturreko adibidea iruditu zitzaidan. Propio hori bilatzera joan nintzen, kontaktuak egin nituen, Potosira hurbildu nintzen eta Alicia ezagutu nuen. Bidaia horretara Dani Burguirekin joan nintzen, Iruñeko kazetaria. Erreportajea prestatu genuen eta horretan geratu zen bidaia. Baina nik sentitzen nuen zerbait gehiago azaldu behar nuela, testuingurua azaldu behar nuela. Azkenean liburua galdera motz bati eman nahi izan diodan erantzuna da: «Zergatik sartu behar du 12 urteko neska batek meatzeetara?». Hori azaltzeko testuingurua eta historia azaldu nahi nituen eta hori konplexua da. Bigarren bidaia bat egin nuen, bi urte geroago, liburu bat idazteko asmoarekin. Denbora gehiago eman nuen bertako familiekin eta hor deskubritu nituen beste errealitate batzuk.

Alicia oso protagonista indartsua da.

Hasieratik iruditu zitzaigun Alicia oso deigarria, eskema guztiak hankaz gora jartzen dituelako. Kontzientzia politiko bizia dauka, ez dago etsituta. Meatzari asko sinistuta daude ez diotela inoiz buelta emango beren bizimoduari. Aliciak, berriz, eskubideak aldarrikatzeko asanbladetan parte hartzen zuen. Badago superstizio bat esaten duena emakumeek ezin dutela meatzera sartu lanera, zorte txarra dakarrela. Aliciak horren kontra egiten du eta meatzean sartzen da. Oso neska bizia da eta oso kontzientzia garbia dauka; badaki aurrera egiteko ikasi egin behar duela. Finean, mundu beltz horretan argi bat da. Horregatik pentsatu nuen protagonista bera izango zela, meatzeetan bizimodu desberdin bat irudika dezakeen pertsona bakarretako bat delako.

Hasieran tristura sentitzen da bere aita gazte hil zelako eta bakarrik aurrera egin behar izan dutelako. Aitaren inguruan gero eta gehiago jakin, tristura zena lasaitasun bihurtzen da. Meatzari askok bortizkeria latza daramate etxera.

Hor badago niretzat garrantzitsua den gai bat: batzuetan biktima direnak besteen borrero bihur daitezke. Hori kontatzea oso zaila da, baina errealitatea horrelakoa da. Nik horrela justifikatzen dut liburua, gutxienez normalean kontatzen ez den zerbait kontatzen ari naizelako. Komunikabideetan, erreportajeetan eta dokumentaletan ez nuen matxismo eta indarkeria horren inguruko aipamenik ikusten. Meatzarien alde ilun horren inguruan ez da hitz egiten. Aurkikuntza hori egin nuen eta kontatu egin nahi nuen.

Gizakiaren miseria tristea: zapalduak beherago dagoena zapaltzen du.

Azkenaurreko mailan dagoenak beherago dagoena zapaltzen du, ez beti hala ere, badaude salbuespenak. Baina zapalketa hori maila askotan ikusi nuen Potosin. Hemendik meatzarien irudi politiko epikoarekin joaten zara, langileen eskubideen alde gogor borrokatu dutelako eta merezitako ospea dutelako. Baina gero ikusten duzu kooperatibak, kasu askotan, beste langile prekarioagoak esplotatzeko sistemak direla. Meatzariek meatzeetara datozen nekazariak esplotatzen dituzte, analfabetoak direlako eta ez dituztelako beren eskubideak ezagutzen. Horiek, aldi berean, etxean emakumeak eta umeak esplotatzen dituzte. Ez da oso panorama baikorra, baina horrela da, nahiz eta salbuespenak badauden. Niri ñabardura hori interesatzen zait; gainontzean beti mundua gaiztoen eta zintzoen artean banatzen da eta ez dut uste hori horrela denik.

Meatzariek infernua bizi dute meatzean. Behin hortik aterata, askotan infernua daramate beren etxeetara.

Meatzaria Bolivian beti heroi bat izan da, eta neronek irudi hori neukan. Historiak horrela erakutsi du, gainera; abangoardia politikoa izan dira, langileen eskubideen alde borroka egin dute eta badaukate ondo irabazitako fama hori. Baina epika horren atzean oso mundu bortitza dago, epika horrek berak justifikatzen duena, gainera. Meatzariek muturreko baldintzetan lan egiten dute eta eskubidea sentitzen dute gero edozer gauza egiteko. Parrandan atera eta sekulako astakeriak egiten dituzte; neska gazteak bortxatu, jipoitu eta mendian bota; etxean ere oso bortitzak dira...

Epika oso matxoa da, gainera. Hori ez dut inon kontatuta ikusi. Ez dut sekula ikusi bortxaketa baten albistea eta badakit egon badaudela. Mundu isil bat dago hor eta kontatu beharra zegoen.

Salbuespen batzuk badaude, hala ere, eta damu txiki bat daukat ez dudalako kontatu istorio bat liburuan. Hango eskola txiki batean, bilerak egiten zituztenean, denak emakumeak izaten ziren eta tartean gizonezko bat joaten zen, meatze inguruan lan egiten zuena; 30 urteko gizonezkoa, jatorra, alaia, zintzoa, bere haurren ardura zeukana. Uste dut injustua izan naizela ez dudalako hori kontatu.

Mundu isil horretan sufritzen dutenak emakumeak eta haurrak dira.

Liburuko lehen esaldia «las mujeres no pueden entrar a la mina» da. Hasieran superstizio folkloriko bat ematen du, bestelako ondoriorik ez duena. Baina segituan konturatu nintzen kulturalki justifikatuta dagoen ohitura hori dela sistema baztertzaile baten aitzakia. Kanpotarra joaten denean dena antropologikoki oso interesgarria iruditzen zaio, El Tio delakoaren istorioa adibidez. Baina istorio hori erabiltzen dute emakumeari lan eta diru iturria murrizteko eta sistema jakin batean emakumea sailkatzeko. Nik hori ere kontatu nahi nuen. Kontatu nahi nuen meatzarien esplotazio gogorra nondik datorren historian, baina, era berean, kontatu nahi nuen esplotatu horiek zer egiten duten beste batzuk esplotatzeko.

Haurrek hamar urtetik aurrera lan egiteko eskubidea aldarrikatzen dute Potosin.

Bai, eta asko interesatzen zaidan gaia da, guri eskemak erabat hausten dizkigulako. Gure begietara, gobernu ezkertiar ustez progresista batek horren kontra egin beharko luke. Baina, hango errealitatean, haurrek berek aldarrikatzen dute lan egiteko eskubidea eta ministroa konbentzitzeko moduko argudioak dituzte gainera. Hori oso deigarria da, nerabeak ministroekin biltzen ikustea. Baina hain pobrea den herrian haurren lanak, debekatu edo ez, existitzen segituko du. Hartara, beraiek eskatzen dute hori arautzea eta legearen babesa izatea; kontratuak izatea, esplotazioa debekatzea... Beharra dagoen gizarte batean lanera sartzeko adina aurreratu egiten da. Bitxia da eta kontraesanak sortzen ditu: Boliviak berak sinatu ditu nazioarteko akordioak 14 urtetik beherako haurren lana debekatzen dutenak, eta, aldi berean, lege bat onartu du hamar urtetik aurrera lana egiteko baimena ematen duena. Oso konplexua da, baina niri konplexutasun hori interesatzen zait. Guk hemendik oso erraz ematen ditugu epaiak eta errealitatea ez da hain erraza. Benetako arazoa pobrezia da; pobrezia hori konpontzen den neurrian, beste arazoak ere konponduko dira. Inork ez du nahi hamar urteko semea edo alaba lanera bidaltzerik. Nik uste dut fokua zabaldu egin behar dela.

Aliciaren historia kontatzeko Boliviako meatzaritzaren historia luze-zabal kontatu duzu.

Nik historiaz jabetu nahi nuen, mendi horretan dagoen deskalabruak oinarrian arrazoi historikoak dituelako. Kezkatu egiten nau miseriaren paisajismoa egiteak; finean, eszena gogor batzuk kontatu, irakurlea hunkitu eta kito. Nik uste dut kazetariok batzuetan hori egiten dugula; besteen miseria esplotatu gure kontakizun bat egiteko, besterik gabe. Pobrezia eta miseria kontatzeko dagoen justifikazio bakarra, nire ustez, horiek sortzen dituzten mekanismoak esplikatzen saiatzea da: zergatik gertatzen da egoera hau, injustizia nondik dator eta zeinek ateratzen dio etekina horri. Hori azaltzeko historia azaldu behar da; zein erabaki politiko hartu diren, meatzariak nola antolatzen diren, testuingurua... Saiatu naiz hori modu arinean eta ulergarrian kontatzen, baina ezinbestekoa dela iruditzen zait. Zenbait pelikula edo erreportaje ikusita niri galdera bat sortzen zitzaidan: «Zergatik jarraitzen dute meatzariek bertan lanean?». Ni saiatu naiz hori esplikatzen.

Bolivia arpilatutako herrialde bat da eta historian barna osatu den kate luze horren amaieran 12 urteko neskato bat dago, egunero meatzera sartzen dena. Ahalik eta modu zintzoenean agertu behar da hori.

Baliabideetan hain aberatsa den herrialdean herritarrak muturreko pobrezian bizi dira. Toki askotako istorioa izan daiteke, ezta?

Zalantzarik gabe. Eta ez dakit noraino ziurta dezaketen baliabideek herrialde baten garapena. Lehengaiekin bakarrik ez da aurrera ateratzen herrialde bat. Baina Boliviak industrializatzeko eta herrialdea garatzeko aukera izan zuen, lehengai horiek oinarri hartuta. Bolivian oso garbi ikusten da aberastasuna sortu izan denean oligarka batzuek hori kanpora eraman dutela eta Bolivian ez dutela ezer egin; ez eskolarik, ez ospitalerik, ez errepiderik, ez ezer. Bolivia beti atzean geratu da sistema horren erruz, aberastasun horren banaketa oso injustua izan delako. Langileek zama hartu dute eta horren truke ez dute ezer jaso.

Cerro Ricoko biztanleen osasun eskasa oso gai gogorra da.

Cerro Ricon bizi direnak erabat utzita daude. Meatzaritzan aritzen diren beste askok badute gutxi gorabeherako babes bat, baina Cerro Ricoko biztanleak erabat gizartetik kanpo bizi dira. Hara ez dira iristen Estatuaren zerbitzuak, ez dago argindarrik, ez dago urik eta osasun arreta oso eskasa da. Gobernuz kanpoko erakunde batek tarteka mediku bat bidaltzen du eta kito. Gainera, ikasketarik gabeko jendea da eta ez daki eskubideak dituenik ere. Mundutik kanpo bezala daude eta horrek ondorio larriak dauzka. Meatzeetako kutsadura gogor hori jasaten dute etengabe, arnasten duten aireak birikak lehortzen dizkie, edaten duten ura kutsatuta dago... eta inor ez da arduratzen. Horri buelta emateko oso errotik aldatu behar da dena.

Meatzean sartzen zarenean egiten duzun deskribapena ere oso gogorra da.

Oso lehenengo pertsona ahula erabiltzen saiatu naiz, bakarrik kontaketak bideratzeko. Baina kasu horretan pentsatu nuen interesgarria zela kanpotar batek meatzea nola ikusten duen deskribatzea. Beraientzat eguneroko lekua da, ohituta daude, baina zu konturatzen zara nolako leku gogorra den; itogarria da, arriskutsua, oso iluna, makurtuta joan behar duzu, oso klaustrofobikoa da, egunero istripuak gertatzen dira, egunero daude hildakoak... Oso leku gogorra da lanerako, oso arriskutsua eta Alicia hor mugitzen da egunero.

Heriotza oso presente daukate.

Bai, heriotza oso normalizatuta daukate, ezinbestean. Eta fatalismo horretatik justifikatzen dute gero kanpoan egiten dutena: nola egunero bizitza galtzeko arriskua daukaten, soldata kobratzen dutenean –eta ondo irabazten dute–, ez dute etxera eramaten, parrandara joaten dira, sekulako jeepak erosten dituzte, alkoholean gastatzen dute soldata... Fatalismo horretan justifikatzen dute guztia; neurririk gabeko bizitza eta ondorengo bortizkeria guztia.

Badira indarkeria matxistaren kontra ari diren taldeak.

Indarkeria matxistaren kasuan, emakumeek sortutako elkarteak ari dira lanean. 14-15 urteko neskatoekin hasten dira, nagusiki, haien pentsaera aldatzeko. Izan ere, familia gehienetan oso barneratuta daukate normala dela aita edo osaba neskatoaren ohean sartu eta ukitzea edo bortxatzea. Kasu askotan, gainera, amak esaten dio neskatoari ez kexatzeko, hori horrela gertatu izan dela beti. Bada elkarte bat pentsaeron kontra ari dena eta askotan mehatxu eta erasoak jasotzen dituzte. Gertatu izan zaie neskatoekin sexualitate tailerrak eman eta, ondoren, neskato horien bikoteak –asko, meatzariak– gerturatu eta mehatxuak egitea, “ideia arraroak” zabaltzen ari direlako. Oso mundu bortitza da eta elkarteetan dabiltzanak –gehienak, emakumeak– baliabide gutxirekin eta ausardia handiarekin ari dira.

Liburua Bolivian aterako da uztailean.

Bai, horrekin egoskortu nintzen, liburua bere jatorrira bueltatzea nahi nuelako. Urduri samar ere jartzen nau, han kritikoagoak izan daitezke eta esan dezakete ez dudala errealitatea ondo kontatu. Niretzat babes handia izan da hango editore batek baiezkoa eman izana. Liburua Bolivian ateratzeak ez dauka zentzu ekonomikorik, oso gutxi salduko delako. Baina nik betebehar moral hori sentitzen nuen. Hori asko egiten dugu kazetariok; toki batera joan, etxera bueltan horri buruz idatzi, eta kito, bertakoak ezertaz enteratu gabe.

Zer dakizu Aliciari buruz?

Badakit erizaintzaren inguruko ikasketak egiten ari dela eta Facebook duela. Hori oso seinale ona da, ordenagailuen inguruan mugitzen dela esan nahi duelako.

Aliciak oso garbi dauka bera dela bere burua salbatuko duen bakarra, ezta?

Hori da pertsonaia horretatik gehien gustatzen zaidana, eskema guztiak hausten dituela, baita eztabaidak ere. Kanpotik begiratuta, aukera onena dirudi lehenbailehen meatzetatik ateratzea. Alicia, baina, soldata hobea aldarrikatzeko borrokan ari da. Bere helburua ez da zain egotea, ea noiz salbatzen duen gobernuz kanpoko erakunderen batek. Bere helburua borrokatzea da, besteei bezala ordain diezaioten. Berak ez du behar egoera horretatik aterako duen esku miragarri bat, oso garbi baitauka bere burua salbatuko duen bakarra bera dela.