Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Gure ikasle horien ongizateagatik!

Noiz aterako da nire amatxo/aitatxo/amatxo eta aitatxo kartzelatik?». Hori da gurasoetako bat edo biak kartzelan dituzten haurrek hiru urterekin gehien egiten duten galdera. Izan ere, Sarek –euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko gizarte mugimenduak– emandako datuen arabera, gaur 113 adingabek dute etorkizuna kartzelarekin zuzen-zuzenean lotuta. Horietako 102k ama edo aita dute kartzelan; beste 9k biak; eta, azkenik, 2 dira, Izar (Madril) eta Xua txikia (Valentzia), amarekin kartzelan bizi direnak; gainera, hainbat omen dira aita, ama edo biak sekula kalean ezagutu ez dituzten 21 eta 23 urteko gazteak.

Ametsek hiru urte egin berri ditu. Horregatik, kartzelatik atera dute eta jaio zenetik amarekin 24 orduz egon bada ere, orain Valentziaraino 1.200 kilometro egin beharko ditu hamabostean behin hura ikusteko.

Horiek dira datuekin eta zuzeneko testigantzekin Sarek osatu nahi duen euskal presoen seme-alaben inguruko txostena, gero erakundeei eta eragileei aurkezteko. Horiekin batera, ez dezagun ahaztu, iheslarien eta deportatuen seme-alabek ugaritzen dute Euskal Herrian bizi dugun konpondu gabeko gatazka politikoaren ondorioek kaltetutakoen kopurua.

Batzen badizkiegu izeba, osaba, aitona, amona edo beste gertuko senideren bat kartzelan dutenak, zenbat dira asteburua iritsi eta etxe askotatik pijaman eta mantan bildu-bildu eginda ateratzen dituzten umeak oraindik eguna gaua den tenore horretan? Milaka kilometroko bidea geratzen zaie aurretik... Motxiladun umeak deitzen omen diete. Kilometroak eta egoera emozional hori pilatuz doa haur horiengan. Askotan, ez da harritzekoa, nekea, estresa eta beste hainbat ondorio sorraraztea helduok diseinatutako mendeku politika horrek.

Pedagogia aurrerakoi guztiek haurren ongizatea dute ardatz, eta horretaz dihardugu, batez ere, hezitzaileok. Haur horiek gure ikasgeletan daude. Astelehenean itzultzen dira gelara, eta besteei eskatuko diegun arreta eta ahalegin bera eskatuko diegu, seguruenik. Sarri, gu geu ohartu gabe haur horiek kilometroez gain, furgonetaren batean, autoan, autobusean edo auskalo non lo egin behar izan dutela. Jasan duten estres emozionalaz gain. Kasurik hoberenean joaten direla eta itzultzen direla jakiten dugu. Zenbateraino ote dugu kontuan, baina, ume horien ongizatea?

Gogora datorkit Urtzi. Jaio zenerako aita kartzelan zuen. Kanturen bat ikasi genuelarik, irteera batera joan behar genuenean eta abar, «aitatxo eta amatxori kontatu, e!» esandakoan, hark eskua jaso eta ozen esaten zuen; «nik ezin dut, nire aitatxo kartzelan dago». Koskortu zenean, ordea, zazpi bat urterekin, aitarengana joan nahi ez izaten hasi zen. Orduan sentitu genuen jendartetik haurrengana iristen den mezua!

Gogoan dut Uxue. Hark aitona kartzelan ezagutu zuen beti. «Noiz etorriko da aitona etxera?», galdetzen zuen. Etxean, «Euskal Herria libre denean» formula asmatu zuten umearen ezinegona baretzeko. Eta iritsi zen eguna. Aitona etxeko atetik sartzen ikusi zuenean, «aitona, Euskal Herria ja libre al da?», galdetu zion haren besoetara salto egiten zuen bitartean.

Eta Xuari begira nago orain, kartzelatik iritsi zaidan argazkian dakusat amatxo Olatzen besoetan goxo-goxo lo. Mundua handia eta zabala dela badiote ere, oraingoz, Picassenteko ziega besterik ez dio erakutsi.

Xuari begira gogorarazi nahi dut duela ja 18 urte, Donostian Onditz jaio zela. Haur Eskolen Koordinadora, sindikatuak, artistak, pailazoak, Donostiako udaleko ordezkariak eta Arartekoa bera “Onditz Euskal Irrira” aldarrikapenera bildu zirela. Eusko Jaurlaritzako agintariek hitzeman zuten 7 hilabeteko epean lekutxoren bat egokituko zutela Onditz eta amatxo Maitanerentzat Euskal Herriko kartzelaren batean.

2012an Zaballa eta Iruñeko kartzela berriak zabaldu zituzten. Ez ote zuten lekuren bat egokitu haurra duten amentzat? Eta hala bada, zer egiten dute orduan etxetik hain urrun? Zein arrazoi ote dute, oraindik ere, umetxoak hain bortizki eta bidegabeki zigortzeko? Legeen eta nazioartean onartutako Haurren Eskubide Unibertsalen gainetik?

Gaur Donostian Km 0 ordua iritsi dela iragarriko dute. Gure ikasleen ongizatea gogoan, nire hezitzaile kontzientzian marmar bat nagusitu zait: “Motxiladun 113 umeek gurasoekin hazteko eskubidea dute”. •