Ane URKIRI ANSOLA
infraganti

IRUNE IZKUE

Baserriko bizimoduarekin maiteminduta dagoela aitortu du Irune Izkuek. Aizkolari bezala eman da ezagutzera, batez ere Urrezko Aizkorako lehen edizioan txapela jantzi ostean. Aizkorarekin lotura esturik ez bazuen ere –«osaba aizkolaria zen, baina ez nuen ikusteko ohitura eta afiziorik»–, duela bi urte eta erditik bere pasio bilakatu da.

K uriositatez jantzia dago Irune Izkue, Urrezko Aizkorako aurreneko emakume txapelduna. Duela bi urte eta erdi hartu zuen lehendabizikoz aizkora bat, baserriko lanekin laguntzen zuen baserritar batek animatuta: «Belar-zamak erraz altxatzen nituela harriturik, aizkoran ondo moldatuko nintzela esan zidan. Eta hurrengo egunean han nuen, aizkora eta egurra prest!».

Korrontearen kontra dabilen pertsona dela dio Irunek bere burua aurkezterakoan. Gaur egungo gizartean, herri txikietan bizi diren gazteek hiriarekin egiten dute amets eta baserriko lanetan lekukoa hartzeko ez daude prestu; bada, Izkueren kasua guztiz alderantzikoa da. 20 urterekin Iruñea bezalako hiriburu bat (201.311 biztanle) atzean utzi eta Beintza-Labaienera mugitu zen (234 biztanle), bere ama bizi zen herria. Bertako bizimodua ezagutzeko xedearekin heldu eta, baserriko egunerokoak harrapatuta, bertan bizitzea erabaki zuen. «Amak alde egin zuenean, hemen geratu nintzen, hemengo bizitzarekin maitemindu nintzen, baserriko lan eta bizimoduarekin», aitortu du.

Hasiera batean Leurtzako urtegietan egon zen lanean, Elgorriagako Udaletik lana eskaini zioten arte: «Peoi moduan, era guztietako beharrak egiten». Bere egunerokotasuna azaltzerako orduan naturarekin modu estuan lotuta dagoela jakinarazten du Izkuek. Goizean, egunean-egunean egokitzen zaion lana egin eta arratsaldean beti du egitekoren bat, betiere kirolarekin lotuta: «Pala-goman aritzen naiz, arpanarekin, koxkor bilketan, sasoia mantentzeko mendi buelta itzelak ematen ditut, batzuetan bizikletaz, asko gustatzen baitzait... Horrez gain, astean bitan kick boxing saioetara joaten naiz alboko herrira, Doneztebera».

Hori horrela, aizkora beretzat kirola baino zerbait gehiago dela onartu du. «Motibazio bat da niretzat. Lanean nagoenean horrekin pentsatzen nago, lan bakoitzarekin gorputzaren ze alde gara dezakedan ikusten», zehaztu du. «Askotan, lotara noanean, aizkoraren kolpeak irudikatzen ditut begiak ixterakoan». Ondorioz, eta orain artean bi txapelketa bakarrik jokatu baditu ere –iazko San Tomas egunean Urrezko Kopa jokatu aurretik ez zen txapelketarik emakumeentzat–, lehiatu aurreko bi egunetan urduritasunak jan egiten du Izkue, eta buruari milaka buelta ematen dizkio, «guztia antolatzen dut, plazara heldu eta egin beharreko lanak argi edukitzeko, urduritasunarekin gauzak ez baitira garbi ikusten».

Donostian iazko San Tomas egunean jokatu zen Urrezko Kopa –emakumezkoak lehiatzera atera ziren lehen aldia– eta Izkue bigarren geratu zen, Maika Ariztegiren atzetik. «Urrezko Aizkoran berarekin lehiatzea gustatuko litzaidake, oso lagunak baikara plazatik kanpo. Hori bai, buruz buru ez da laguntasunik», argitu nahi izan du. Dena den, Nerea Sorondori (Azpeitian Izkueren aurkari izan zena) eskerrak adierazi nahi dizkio, «bera animatu ezean, ez bainuen aurkaririk izango, eta, beraz, txapelketa ez baitzen egingo».

Kañamares familiarekin

«Urrezko Kopan eman ginen ezagutzera, ordutik herri gehiagotik hasi dira deitzen emanaldietarako eta Urrezko Aizkoran aurrenekoz emakumeak aritzea oso aberasgarria izan da», dio. Jakinarazi ziotenean Azpeitian lehiatzeko aukera izango zuela, emakumeek aizkoran egiten badakitela erakusteko aukera zela pentsatu zuen. «Guk ere badakigu sufritzen, eta aizkoran sufritzea gustatzen zaigu», azaldu du, emakumezkoen azken bi txapelketetan izandako ikuskizunak eszeptikoen pentsamendua aldarazteko balio izan duela nabarmenduta.

Kañamares familiarekin entrenatzen du Izkuek, astean bitan. «Beraiek asteazkenetan eta larunbatetan entrenatzen dutenez, ni ere errutina horretara moldatu naiz». Iaztik dabil kañamarestarrekin lanean, Urrezko Kopa jokatu baino hogei egun lehenago, aurreko entrenatzaileak bera entrenatzen ezingo zuela jarraitu adierazi baitzion, lanez gainezka zebilelako. «Negar mordoa egin nuen, ezer gabe geratu nintzen. Ez nuen aizkorarik, ez nuen egurrik, ez nekien zer egin!», gogoratu du, orain barrezka, egun horretako negarrak ahantzita.

Egun horretan aitari deitu zion, lasaitasun eske, eta hurrengo egunean Manuel Kañamaresekin jarri zen harremanetan: «Baiezkoa eman zidan, eta gogoa besterik ez eramateko eskatu zidan; ni gogotsu nenbilen, beraz, erraz konpondu ginen». Arratsaldeko bostetan hasi eta gaueko bederatziak edo hamarrak arte irauten du saio bakoitzak, «baina ez da egurra moztea soilik. Egurra hartzera joan behar da lehenik, gero egurra hartu, moztu eta prestatu egin behar da... Prozesu guztian parte hartzen dut, ez litzaidake gustatuko bertara joan, moztu eta etxera itzultzea. Gainera, lanean gabiltzala solasaldiak sortzen dira eta giro oso polita izaten dugu; etxean bezala sentitzen naiz beraiekin».

Errekonozimenduarekin pozik

Bi minutu eta hogei segundoko abantaila atera zion Nerea Sorondori Azpeitian jokatutako Urrezkoa Aizkora txapelketan. Azaldu du ez zuela era berezian prestatu zita historikoa; «lan horiek egiteko prestatuta nengoen, fisikoki eta mentalki». Hala ere, ez zuen garaipena espero: «Hasieran oso urduri nengoen. Kañamaresek lasaitzeko erraten zidan, eta nik nahi baietz erantzuten nion, baina ezin nuen. Badakizu plaza horretan zenbat aizkora zale jakintsu zeuden?», galdetu du. Dena den, aitortu du aurreneko azkartasun proban 30 segundoko aldea eskuratu ondoren lasaiago aritu zela. «Horrek ez du esan nahi irabazi egingo duzunik –argitu du–. Baina lehendabiziko egurrean nerbioak pixka bat kendu nituen, eta gero gusturago aritu nintzen». «Azken kolpea eman eta txistua entzun arte ez nekien irabazi nuenik, egur batetik bestera alde handia egon daitekeelako. Kanpotik dotoreak izan daitezke, baina mozten hastean suerta daiteke adar bihurriren bat. Zori kontua da», zehaztu du.

Ustekabeko handiena, baina, garaipenak ekarri dion oihartzun mediatikoarekin eraman du: «Ondorengo egunetan gainera etorritako guztia ez nuen espero. Lau argazki eta lau hitz esanda nahikoa izango zela uste nuen, baina astelehenean ezin izan nuen lanik egin, dei mordoa izan bainituen!», adierazi du, alai. Errekonozimendua jasotzeak asko suposatzen duela azpimarratu du, eta komunikabideek eskainitako arreta emakume kirolariei bultzada emateko baliatu behar dela uste du.

Datozen hilabeteetan lehiatzeko aukerarik izango duen ez daki, «zerbait aipatu zuten Azpeitian baina ez dakit gauza handirik. Espero dut, iaz legez, aurten ere San Tomas egunean Urrezko Kopa jokatzeko aukera izatea. Oraingoz hori besterik ez daukat buruan».

Hurrengo pausua apustuekin animatzea litzateke eta ideia hori ez du guztiz baztertu: «Gaur tailer batera joan naiz eta bertako langileak norbaiti apustu bat botatzera animatu nau. Baina, nori? Beste neskekin ez dut solas egin, beraz, ez dakit norbait animatuko litzatekeen...». Beste aurkariak zertarako gai diren ez ezagutzeak zailtzen du apustu bat aurrera eramateko aukera. «Nik nire burua ezagutzen dut, badakit sufritzeko gai naizela eta gogotsu nagoela. Norbait animatzen bada, ni prest nago», bota du airera gonbita, barre algarek lagunduta.

Egun ez dira emakume aizkolari asko, baina Azpeitian izandako txapelketak bidea ireki dezakeela uste du Izkuek. Bi urte eta erdiko prestaketa eta motibazioak eraman dute Izkue historiako pasarte bat idaztera. Bere izena Urrezko Aizkoraren lehen txapeldun gisara agertuko da. Bitartean, emakumezkoen aizkora hauspotzen laguntzeko prest dago, edozein hesi gaindituz, islatzen duen pasio eta gelditu ezinak bultzaturik. •