Mirari Martiarena

Asko da

Zaila da erabakiak hartzea. Bereziki bide bat hartzeak bestea uztea esan nahi badu. Bide lauetatik ibiltzeak erosoa eman dezake, arriskurik ez dagoelako askotan. Baina ez da beti uste bezain xamurra edo erraza. Azken bost urteotan nire lana, lantokia, etxea izan dena utzi berri dut; agur esan diot Oiartzun Irratiari. Jende askok galdetu dit ea non hasten naizen lanean, ea lan hobe batera noan, eta harritu egiten dira beste lanik ez dudala erantzuten diedanean.

Konfort-gunean geratzea izango litzateke errazena. Egun guztia kexatuz eta “gaixoa ni” abestuz. Mezetako “erruki jauna” errepikatuz. Gure esku ez dauden mila gauza daude bizitzan eta erabakiak hartzeko beldur gara. Kaiola horretan egon naiz preso, ingurukoen aldaketekin inbidia pasaz.

Buruak eta gorputzak aldaketa eskatzen zidaten. Aldaketaren zain nengoen; norbaitek etxeko atea jo eta lan eskaintza bat egin zain, baina ez zen horrelakorik gertatzen. Kostata, baina lana uztea erabaki nuen eta, erabakia hartu bezain pronto, nabaritu nuen pisu handi bat kendu nuela gainetik. Kezka ere banuen ingurukoek zer esango zuten, baina sorpresa politak jaso ditut eta oso babestuta sentitu naiz.

Pixkanaka-pixkanaka eta maitasun handiz itxi ditut lanean nituen ateak. Oiartzun Irratiko programa desberdinak, kolaboratzaileekin nituen tarteak, entzuleak. Ez nuen agur bazkaririk nahi, baina entzule batek esan zidan: «Mirari, bost urtean gure etxean egunero sartu zara eta ez duzu eskubiderik agur bazkari bat egin gabe alde egiteko». Horixe da irratiaren magia. Jendearen etxera sartzen zara, konpainia egiten diezu, familia bihurtzen zara. Lankideek agur programa eta bazkari eder bat prestatu zizkidaten. Oraindik ere hunkitu egiten naiz gogoratu hutsarekin.

Bide ezezagunek beti ematen dute beldurra, baina ate bat itxita berriak zabaltzen omen dira. Ate berriak, leihoak eta zirrikituak. Bidelagun bikainak ditut, proiektu berriak, lanerako gogoa, umorea eta Oiartzun Irratian bost urtean ikasitako guztia. Asko da; asko dira. •