Juantxo EGAÑA

Bakailaoak baretu zuen donostiarren gosea gerra garaian

Kutxateka. Marin funtsa
Kutxateka. Marin funtsa

1936ko estatu kolpe faxistaren ondoren, defentsa batzordeek hamaika arazo kudeatu behar izan zituzten, horietan garrantzitsuenetakoa herritarren janari hornikuntza. 1936ko abuztuan Donostiak egunero 100.000 lagun ingururi eman behar zion jaten. Eta beste gerra egoera batzuetan gertatu bezala –XIX. mendeko karlistaldietan kasu–, bakailaoak pisu handia hartu zuen donostiarren dietan, horren %40 izatera iritsiz. Koko olioa ere garrantzitsua izan zen. Bakailaoak gosea baretu zuen Pasaian zeuden biltegiei esker.

Alboko irudia frankistek Donostia hartu baino egun batzuk lehenago hartua da, Parte Zaharreko Abuztuaren 31ko kalean. Bertan jende ilara handia ikus daiteke, nagusiki emakumez eta haurrez osatua, beren ontziak eta marmitak esnez betetzeko zain.  

Argazkia erreportaje zabalago baten parte da. Erreportaje horretan jende ilara gehiago ikus daitezke, hiriko toki desberdinetan, janaria eskuratzeko zain. Donostiako Garibai kalean zegoen Marin estudioak egin zuen argazki erreportajea.