Jose Angel Oria
TXILE

Herri atzerakoienen multzoan segituko du abortu eskubideari dagokionez

Txilen abortu terapeutikoa legezkoa zen Pinochet diktadoreak aurkako legea ezarri zuen arte. Une honetan, presidentetzan emakume sozialista bat dagoela, bazirudien arazorik gabe legeztatuko zela zenbait kasutan haurdunaldiari amaiera emateko aukera, baina boto bakar batek hankaz gora bota ditu uste guztiak.

Miles Sexu eta Ugalketa Eskubideen Korporazioak Txileko Kongresuari zein Gobernuari eman die egurra joan den astean kasu jakin batzuetan (amaren osasun arazoak ekiditeko, haurdunaldia bortxaketa baten ondorio denean edo umekiak malformazioak baditu) abortua legeztatzen duen legea aurrera ateratzeko gauza izan ez zirelako. «Lotsagarria» izan zen «hanka sartzea» eta «klase politikoaren ezgaitasuna» agerian geratu zen, Senatuan aurrera atera ondoren NBE Nazio Batuen Erakundeak berak ere zoriondu egin baitzuen Txile, Kongresuko tramitea arazorik gabe gaindituko zutelakoan.

Augusto Pinochet diktadore zenak barre egingo du bere agintaldiaren azken hilabeteetan indarrean jarritako lege bat atzera botatzeko gaitasunik ez dagoela ikusita. Soziologoek diote herritarren %70ak onartzen duela abortua legeztatzea aipatutako hiru kasu horietan eta herrialdean urtean 70.000 emakumek hartzen dutela haurdunaldia eteteko erabakia, nahiz eta legez kontrakoa izan. Gainera, Michelle Bachelet presidente sozialistaren lege proiekturik garrantzitsuena dela adierazi dute begiraleek. Baina faktore horiek guztiak ez dira nahikoa izan Allende presidentearen konfiantza izan zuen militar kolpistak 1989an ezarritako lege aldaketa bertan behera uzteko. Miles korporaziokoek nabarmentzen dute Txilek abortuarekiko jarrera atzerakoienak dituzten zazpi herrien multzoan jarraituko duela, oraingoz behintzat: Honduras, Nikaragua, El Salvador, Dominikar Errepublika, Vatikanoa, Malta eta… agintari aurrerakoia duen Txile. Horietan guztietan ez da inoiz onartzen abortua, ezta goian aipatutako kasuetan ere.

Abortua legez kontrakoa da Txilen eta Justizia Administrazioak ez du ezikusiarena egiteko joerarik izaten. Txileko Fiskaltzak berak emandako datuen arabera, 2010etik 2015era 85 pertsona zigortu zituzten haurdunaldiren baten etenaldian esku hartzeagatik. 2010etik 2014ra 271 txiletar auzipetu zituzten: 182 emakume eta 89 gizon.

Bacheleten Gobernuak berak bultzatu du lege aldaketa. Emakumeen giza eskubideen aldeko ekintzaileentzat hanka motz geratzen den proposamena (kasu guztietan abortua aske izatea nahi baitute) aurrera atera zen Senatuan eta bazirudien «norabide egokian» egindako urratsa izango zela. Baina diputatu bakar baten faltan geratu zen legea Kongresuan, eta orain berriz batzorde mistoak aztertu beharko du. Hilabete gehiago, ustez egina zegoena biribildu ahal izateko. Bi ganberetako ordezkariak abuztuan elkartuko dira prozesuari hasiera emateko.

Erreleboa Konstituzionalean

Gainera, alderdi kontserbadoreek Auzitegi Konstituzionalera eramango dute gaia, espero ez zuten garaipenaren ondoren legeari ateak behin betiko ixteko aukera ikusi baitute. Sebastian Piñera presidente ohiaren Txile Goazen alderdiak berehala jakinarazi zuen bi errekurtso aurkeztuko dituela Auzitegi Konstituzionalean. Epaileen bozketak berdinketa emango balu, auzitegiko presidenteak hartuko luke erabakia. Une honetan Bacheletek izendatutako Carlos Carmona epailea dago kargu horretan, abortuaren aldeko jarrera duen legegizona. Baina abuztuaren 29an Piñerak izendatu zuen Ivan Arostica epailea izango da Auzitegi Konstituzionaleko presidente berria, hau da, abortuaren aurkako jarrera duen gizona. Abortua legeztatzearen aldekoek diote Txileko eskuinak presidente aldaketa horretara legea onartu gabe iritsi nahi duela, hortik aurrera proiektua Konstituzioaren aurkakotzat jotzea errazagoa izango delakoan.

Camila Vallejo Alderdi Komunistako diputatuak Kongresuan adierazi zuenez, «emakume, herritar eta diputatu moduan, nik askoz gehiago espero dut eztabaida honetatik, zurikeriarik ez izatea gutxienez. Guztiok dakigu abortuak ez direla amaituko legez kontrakotzat jotzeagatik. Beste aukerarik ez bada, era ezkutuan haurdunaldia eteten jarraituko dute emakumeek», erantsi zuen. «Emakumeok ez dugu errukirik behar, pertsona moduan onartzea baizik».

Pobreak, odola galtzen

Camila Vallejok abortuaren aurkakoen jarrera ere salatu zuen: «Zuek ez duzue bizia defenditzen, hori esan arren, zuek eraso egiten diezue emakumeei».

Augusto Pinochet diktadorearen garaian Jaime Guzman eskuineko politikariak esan zuena gogorarazi zuen parlamentari gazteak, gaur egun indarrean dagoen legedia deskribatzeko: «Amak umea izan behar du nahiz eta normala ez izan, ez desiratutako umea izan arren, bortxaketa baten fruitu izanda ere, eta umea izateak heriotza eragingo badio ere».

“Emakume aberatsek ordaindu egiten dute. Pobreak, aldiz, odolustu egiten dira. Abortu segurua, askea, doakoa eta elkartasunezkoa”, irakur zitekeen joan den asteartean Santiago hiriburuan egin zen manifestazioan esku hartzaileek zeramaten pankarta batean. Milaka lagun elkartu ziren protestaldian, txartel batek zioen: “Abortua ez da aukera bat, erabakitzea eskubide bat da”. Protestaldia deitu zuen Emakume Askeen Batzarrak gogorarazi zuen beraientzat «abortu terapeutikoa» ez dela nahikoa. «Abortatu nahi dugu guri baldintza patriarkal eta misoginorik ezarri gabe», esplikatu zuten.

Ogia eta Arrosak elkarteak ere salatu du Kongresuan gertatutakoa. «Txilen egiten diren ezkutuko abortuen %3 bakarrik jorratzen duen ekimena hankaz gora bota dute eskuinak, Eliza katolikoak eta Demokrazia Kristauak. Nahiz eta muga asko ezarri zaizkion proposamenari, atzera bota dute Kongresuaren moral kontserbadorearen adierazle moduan, beraien asmoa ez baita bizitza babestea, emakumeon gorputzaren kontrol politikoari eustea baizik, nahiz eta horrek heriotza, kartzela eta beren bizitza arriskuan ipintzea eragiten duen», dio plazaratu duten agiriak. «Kongresuak herrialdeko aberatsenen eta boteretsuenen alde gobernatzen du», erantsi dute.

Teorian Gobernuaren alde dagoen koalizioko diputatu batzuek proposamenaren aurkako botoa eman zuten, orain arte egin izan duten moduan. Horrela gertatu zen DC Alderdi Demokrata Kristauko bi parlamentarirekin, baina horiei ia ez zaie egurrik eman. Alderdi bereko Marcelo Chavezi, berriz, bazter guztietatik eman diote, baiezko botoa eman beharrean kasu batean abstenitu egin baitzen.

14 urtetik beherako haurdunen kasuan, gurasoen edo tutoreen baimenik ez balute baina haurdunaldia etetea nahi izanez gero, epaileek hartu beharko lukete erabakia. Puntu hori aurrera ateratzeko 67 boto behar ziren, eta 66 besterik ez ziren izan. Clemira Pacheco PS Alderdi Sozialistako diputatuak Twitter sare sozialean adierazi zuen bere haserrea: «Emakume bezala, presidentearen programaren eta emakumeon kontrako botoa eman duen diputatu bat ‘arrastaka’ ibili izanaz damutzen naiz». Sarean askok gogorarazi dute Chavezek auto istripu bat izan zuela 2014an, gehiegi edanda zihoala. Ihes egin zuen. Orain ere hala egin beharko luke.

 

Costa Ricak legedia aldatzeko gomendioa jaso du

Emakumearen Bazterketa Ezabatzeko Nazio Batuen Batzordeak (CEDAW) Costa Ricako egoera aztertu du eta ondorioztatu du herrialdeak legeztatu egin behar duela abortua zenbait kasutan (umekia bortxaketa edo intzestu baten fruitu denean edo malformazioak baditu), eta, gainerakoetan, despenalizatu.

Batzordeak egin duen txostenak dio kezkatuta dagoela herrialdean abortua egiten dutenak kriminalizatzeko dagoen joerarekin. Horregatik, gomendatu du Zigor Kodea aldatzeko eta haurdunaldia eten beharrean aurkitzen diren emakumeei kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko.

Testuak salatzen du herrialdeko emakume eta nerabe askok arazo ugari izaten dituztela kontrazepzio metodo modernoak eskuratzeko garaian, «batez ere urruti dauden nekazaritza eremuetan». Arazo hori konpontzeko, beharrezkotzat jotzen du kontzientziazio kanpainak egitea eta horixe eskatu dio San Joseko Gobernuari.

Haurdun geratu diren nerabeei dagokienez, horiek estigmatizatzearen aurka dago Batzordea, eta beraientzat bekak eskaintzea eskatu du.

Bestalde, CEDAW batzordeak eskatu du laguntzak emateko emakumeek betiko lanetatik kanpo ikasketak egin ahal izateko, emakumeei lanposturen bat aurkitzeko erraztasunak emateko eta lan bera egiten duenari soldata bera emateko dioen printzipioa betetzeko. Izan ere, bi sexuen arteko aldea ikaragarria da Costa Rican.