Mirari Martiarena

Txokolate beroa

Umetan aditutako kontuak gerora ulertzen dira askotan. Banekien etxe ondoan eskultura bat genuela. Harri txuri handi bat zen. Ikurrinaren bat zuen marraztuta, baina ez nekien zer esan nahi zuen. Guretzat jolasteko leku bat izaten zen: gora igo, bertan dantzatu, salto egin, alde batetik bestera korrika ibili… Goiz batean hurbildu eta txikituta ikusi genuen. Ez genuen ulertzen nola hautsi zen. Nahiz eta umeak izan, bagenekien nahita hautsi zuela norbaitek.

Orduan galdezka hasi nintzen, ea eskultura hori zergatik zegoen hor eta gauzak esplikatu zizkidaten, ume bati esplikatzen zaizkion moduan, noski. Gerra bat egon zela, gure aitonaren familiak baserria utzi behar izan zuela eta gazte errepublikar batzuk sartu zirela gure baserrian eguraldi txarretik babesteko. Txokolate beroa hartzen ari zirela, soldadu batzuk etorri eta baserriaren paretaren kontra jarri eta hil egin zituzten. Beraiek gogoratzeko egin zuten eskultura hori. Haur baten eskema mentalerako informazio asko: gerra, ekaitza, eskultura, soldaduak, txokolate beroa…

1936ko abuztuaren 11n fusilatu zituzten hamahiru gazte Pikoketa baserri zaharreko hormaren kontra. Abuztua izan arren, orduan ere eguraldi txarra egin zuen eta babes bila sartu ziren ukuiluan. Zertaz ari ote ziren hizketan txokolate beroa esku artean zutela? Askotan pentsatu izan dut. Nolakoa izan ote zen gau hori? Gazteen gorpuak ondoko baso batean lurperatu zituzten eta 1978an atera zituzten gorpuzkinak. Urtero, urri aldera, omenaldia egiten die Irungo Errepublikarrak elkarteak: Mertxe, Pilar, Joxe Mari, Victor, Jesus, Agapito, Bernardo, Manuel, Migel, Bixente, Agustin, Felix eta Anjel.

Memoria historikoaren parte dira eta badu zentzua 81 urte beranduago gogoratzeak. Oraindik leku askotan baitaude desagertuak eta eurak omentzeko ere balio baitu. Ez dakit zergatik azpimarratu izan didaten hainbeste txokolate beroa hartzen ari zirela gazteok frankistak azaldu zirenean, baina horixe egin nuen atzo nik ere eurak oroituz: txokolate beroa hartu. •