Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Iraila

Iraila. Hasteko ordua. Ikasturte berri baten hasiera markatu du egutegiak. Dagoeneko, Nafarroa Garaiko eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako neska-mutilak joan dira beren heziguneetara, eta ezagutu dituzte egokitu zaizkien gelak, hezitzaileak, taldeko lagunak. Estreinatu dituzte artean berri usaina duten eta txukun eta garbi ageri diren koadernoak, eta, seguruenik, begiratu dituzte liburu berriak, azken orrialdeetatik hasita, ikasturte berriak zer ekarriko dien irudikatu nahian edo. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako neska-mutil gehientsuenak, berriz, astelehenaren zain egongo dira, gogoz eta jakin-minez batzuk, eta eguna ez iristeko irrikatan auskalo zenbat.

Iraila. Azkenean. Etxe askotan nahi ordu iritsi ez den garaia. Uda, ezin baita ukatu, etxe askotan, luze egiten den endredo eta konponezinez betetako garaia baita. Haurrak, oporrak, lana... denak, aldi berean eta batera, uztar ezinezkoak bihurtzen baitira sarritan. Eta errepikatuko ziren, batik bat Hegoaldea deitutako lurralde horretan, garaiak ekartzen dituen urteroko eztabaidak eskola oporrak luzeegiak eta gehiegizkoak direla-eta. Lanak eta familiak oraindik ere bateratu gabe jarraitzen dutela gogorarazi beharko liguketenak, batez ere. Izan ere, askotxorentzat, eskola da haur eta gazteak zainduak edukitzeko aukera bakarra, eta, haiek ixten direnean, edo neska-mutilak gaixotzen direnean, izaten dira izan komeriak, lanera joan behar eta neska-mutilak inon eta inoren zaintzapean utzi ezinik.

Iraila. Bukatu dira. Hezitzaileak beren lanpostuetara itzultzeko tenorea. Uztailaren hasieran amaiezinak ziruditen oporrak iritsi dira beren hondarrera. Nahi baino gehiagotan defendatu behar izan direnak, akaso, beste langileek dituzten oporraldiekin alderatu dizkietenean. Baina, hara, luzeenak ere amaitu egiten direla!

Iraila. Nobedadea. Zer ote da? Ekainean gelak jendez hustu zirenean, inoiz baino hezigune gehiagotan hasi ziren lanak. Berrikuntza ezezagunek sortzen duten zirrara, aurkituko diren espazio eraberrituen aurrean.

Iraila da, eta, ondorioz, gutxi gorabehera, ikasturtea martxan dago. Eta harekin, neurri handi batean, jendarteak berreskuratu du bere pultsu normala, egunerokotasuna.

Iraila, hortaz, zerbait bada, sentimendu eta sentsazio anitzen nahasketa da: poza, tristura, ilusioa, nagia, lasaitasuna, estutasuna, jakin-mina, beldurra... Egunotan, guztiak batera sartzen dira heziguneetako ateetatik barrena.

Iraila, zaharrak berri, hortaz, beste ikasturte batez. Euskal Hezkuntza Sistemak –existitzen bada, bederen–, zatikatutako errealitatea izaten jarraitzen du: ereduetan hizkuntzari dagokionez, sareetan titulartasunari begira, hiru administrazio eta bi estatutan legeriari dagokionez. Eta zenbat zati txikiren batura ez ote da Curriculumari erreparatuz? Iraila honetan ere, Hezkuntza Sistema puska askoren batura gisa kontatu beharko dugu. Antza lozorroan zeuden PISA, LOMCE, Heziberri eta konpainia ere nagiak astintzen ariko dira benetan, dirudien bezala, atsedenean izan badira udako hilabeteetan.

Eta azken boladan Hezkuntza arloko bazterretan entzuten ari den Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako heziguneetarako Hezkuntza Lege berria? Proposamen desberdinak azaltzen ari dira han-hemenka, eta hori gauza ona da, beti.

Izan zitekeen lehengo lepotik hasi dela dirudien ikasturte honetan lurralde horietarako Hezkuntza Lege Berria adostea. Izan zitekeen, Euskal Herriak bere osotasunean behar duen Hezkuntza Sistema euskaldun eta herritarraren oinarria izatea. Euskal Herria bere aniztasun aberats eta konplexuan kontuan izango duen eta haren beharrei erantzungo dien hezkuntza sistema baldintzatu beharrean aukerak emango dizkiona.

Izan zitekeen Hezkuntza Lege Berri hori Hezkuntza Komunitatea osatzen dugun kide guztien artean adostutakoa izatea. Errealitateak, aukerak eta beharrak anitzak direla jakinik eta onartuz, haiei erantzuteko lehen zantzuak barne hartzeko ahalegina egiten duena izatea. Iraila hori ere badelako, aukeraz beteriko garai baten hasiera. Izan zitekeen... ea, ba, baden! •