Amagoia Mujika Telleria
AUBIXA FUNDAZIOA

Gero eta zaharragoa den biztanleria, zahartzaroa modan ez dagoen jendartean

2050ean euskal jendartearen herenak 65 urtetik gora izango ditu. 65 urtetik gorakoen artean, %7-8 inguruk dementziaren bat izango dutela diote adituek, eta, 80 urtetik gorakoetan, %25ek. Biztanleriaren zahartzaroak buruhauste berriak dakartzala-eta, Aubixa Fundazioak gogoeta piztu nahi du jendartean.

Zahartzaroa eta arazoa hitzak esaldi berean elkartzeko joera nabarmena da. Osasun arazoak, pentsio arazoak, zaintza arazoak... Askotariko arazoak lotzen zaizkio zahartzaroari egungo jendartean. Begiratu horrekin kezkatuta sortu zen 2016. urtearen amaieran Aubixa Fundazioa.

«Aubixa Fundazioa Afagi elkarteak bultzatuta sortu zen –Gipuzkoako Alzheimerdunen eta bestelako dementziadunen senitartekoan eta lagunen elkartea–. Elkarte horretatik hausnarketa bat egin zen: non gaude eta gizarte honek hemendik urte batzuetara nolako argazkia izango du. Datuak garbiak dira. 2050ean gizarte honetako heren batek 65 urtetik gora izango ditu. Hirutik bat adinekoa izango da. Eta adinekoa esatea gauza asko esatea da; mendekotasuna, gaitzak, pentsioak... eta baita dementzia ere. Adituen arabera, 65 urtetik gorakoen artean %7-8 inguruk dementzia izango dute. Eta 80 urtetik gorakoetan, %25 inguruk. Egunetik egunera zahar gehiago dagoenez, dementzia gehiago dago. Eta hausnarketa horretatik abiatuta beharrezkoa ikusten genuen gaia gizarteratzea: non gaude, nora goaz eta zer neurri hartuko ditugu errealitate horren aurrean», agertu du erronka Maximo Goikoetxeak, Aubixako zuzendariak. Eta hain justu erronka horri oso serio eusteko asmoz sortu da Fundazioa.

Jendarteak bai ala bai mahai gainean jarri beharreko gaiak dira zahartzaroa eta dementzia, «ia esparru guztiei eragiten dieten neurrian». Pertsonen bizi itxaropena luzatzearekin batera, lehen mailako gaiak bihurtu dira eta aurrera begira gero eta pisu handiagoa izango dutela aurreikusten dute adituek. «Garbi dago oraingo eta etorkizuneko erronka dela eta beharrezko ikusten dugu ekimen soziala indartzea. Gizarte honek prestatuta egon behar du eta gu horretarako sortu gara, erronka horri aurre egiteko», gaineratu du.

Eskubideen gaia lehen lerroan jarri dute. «Adineko pertsonen %6k tratu txarrak sufritzen dituela diote datu ofizialek. Alzheimerra dutenen kasuan, %25 ingurukoa da datua. Tratu txar horien aurrean, eskubideen kultura sustatu behar da derrigor», esan du zuzendariak.

Eta bide horretan abiatu dira, esparru askotariko adituen laguntzarekin, eskubideen karta osatzeko lanean. Orain arte egon diren eskubideen kartak aztertu eta horiek gaurkotzen eta berritzen jardun du lantalde zabal batek. Dokumentua datorren urriaren 20an aurkeztuko da Donostiako Kursaalen.

Aubixa Fundazioak beste begi bat esparru soziosanitarioan dauka jarria. «Dementzia duten edota izango duten pertsonen kopuruaren aurrean gizartea antolatu beharra dago. Arlo soziala eta osasun arloa moldatu egin behar dira eta haien arteko koordinazioa indartu egin behar da. Horren inguruko plangintza bat prestatzen ari gara, laster aurkeztuko duguna. Baina behar-beharrezkoa da dementzien eta Alzheimerraren aurrean gure gizartea ondo antolatzea, errealitate horiei erantzun egokiak emateko», gaineratu du Goikoetxeak.

Aubixaren hirugarren zutoina prestakuntza da. «Alzheimerra gaur-gaurkoz ez da sendatzen. Hartara, ikerkuntza eta zainketa dira horren aurrean bultzatu beharrekoak. Ikerkuntza alde batetik, eta, zainketa, bestetik. Guk oso garrantzitsu jotzen dugu zaintzaileak ondo prestatuta egotea eta horri heldu nahi diogu: zaintzaileak prestatzeko eskola bat sortu nahi dugu».

Inguru inklusiboak sortzea ere badago Aubixaren erronketan, ingurua errealitate demografikora moldatzea finean. «Bi arkitektok zuzenduta, lantalde bat esparru hori lantzen ari da eta dokumentu bat prestatzen ari da. Bukatzean gizarteratuko dugu dokumentu hori, zein aldaketa egin behar diren hausnartzeko».

Aipatutako erronka horiek jendarte osoarenak direla garbi daukate Aubixan, «erronka horiei guztiei belaunaldien arteko ikuspegitik eutsi behar diegula uste dugu. Aubixa Fundazioa ez da zaharrek zaharrentzat martxan jarritako proiektua. Gazteek ere zeozer esan behar dute erronka horietan. Guk, behintzat, horrela uste dugu eta ezaugarri hori garrantzitsua iruditzen zaigu», nabarmendu du Maximo Goikoetxeak.

Arnasgune bat Aubixan

Fundazioak izenaren atzean ere beste erronka bat ezkutatzen da: Elgoibarko Aubixa baserrian sortu nahi duten arnasgunea. «Aubixako Maritxu gure fundazioko kidea da eta bertan proiektu berritzaile bat jarri nahi dugu martxan. Lehen fasean dauden gaixoentzat arnasgune bat sortu nahi dugu».

Gaixoak eta zaintzaileak hartuko ditu kontuan programa horrek. Aubixa baserria egokituko da gaixo daudenek han asteburua pasa dezaten edo astean zehar egonaldiak egin ditzaten, eta prestatutako zaintzaileen laguntza izango dute egonaldi horietan. «Gure asmoa da proiektua aurten onartzea. Hartara, 2018. urtean barna baserria egokituko genuke eta dena prestatu, 2019. urtean programa martxan jartzeko. Hori da asmoa», zehaztu du Goikoetxeak. Aubixa naturgune ederrean dago kokatuta eta garbi daukate parajeak eta bertako lasaitasunak mesede handia egingo dietela programan parte hartuko dutenei.

Zahartzaroari begiratzeko era

Azken hamarkadetan jendarteak zahartzaroa begiratzeko duen modua dezente aldatu da. Adinean aurrera joandako pertsona orokorrean jakintsutzat hartua eta errespetatua zen lehenago. Orain, baina, gaztetasuna goraipatzen da neurririk gabe eta zahartzea lehen lerrotik apartatua izan da, «inork ez du zahartzaroaz hitz egin nahi, nahiz eta denok zahartuko garen», iritzi dio Aubixako idazkari Martin Auzmendik. «Mende honetako erronkarik garrantzitsuena zahartzaroaren bazterketari aurre egitea dela esaten dute adituek».

Martin Auzmendi aipatu eskubideen kartarekin aritu da lanean. «Lantaldean hasieratik galdera bat sortu zitzaigun: egokia ote da nagusien eskubideez hitz egitea? Alegia, pertsona nagusiek, nagusi direlako, ez dituzte eskubide gehiago edo gutxiago izan behar. Orokorrean besteen eskubide berdinak izan behar dituzte. Garrantzitsua da hori nabarmentzea; eskubideen karta egiterakoan ez ditugu eskubide gehiago edo bereziak eskatzen adinekoentzat, pertsona bezala dituzten eskubideak errespetatuak izatea da eskatzen duguna. Izan ere, gazteen aldetik egon daiteke mesfidantza bat, pentsa dezaketelako gizartean benetako arazoak gazteek dituztela, ez zaharrek. Hori entzun izan dugu eta garrantzitsua da horri buruz hitz egitea. Guk eskubideen kartan nagusien eskubideez hitz egiten dugu; bereziki mendekotasuna duten, baztertuak izateko arriskua duten eta babesik gabeko egoeran dauden nagusiei begirakoak». Alegia, ez dituzte eskatzen orain pertsona nagusientzat eskubide bereziak, berez dituzten eskubideak gogorarazteko ariketa bat da proposatzen dutena.

Izan ere, askotan pertsona bat mendeko bihurtzen denean edota dementzia bat garatzen duenean, ingurukoek hartzen dute egoeraren kontrola eta berak, protagonistak, erabat galtzen du bere bizitzaren martxa.

«Urteak izateak berekin dakartza askotan bestelakoak; ahultasuna, eritasunak, baztertzeko joera... Orokorrean, adinean aurrera joanda ahulagoa bihurtzen zara. Eta dementzia duten pertsonetan egoera askoz larriagoa da. Guk aldarrikatzen duguna da memoria galdu dutela, baina ez eskubideak. Egoera hori kaleratu egin behar da, gizarteratu: adineko pertsonek, dementzia izan arren, eskubideak dituzte. Etxekoen eta ingurukoen aurrean ez ezik, arlo soziosanitarioko profesionalen aurrean ere eskubideak dituzte. Errespetua, duintasuna, gertutasuna, pertsonak bezala tratatuak izatea... Egungo gizartean beharrezko ikusten dugu balore horiek denak mahaiaren gainean jartzea», nabarmendu du Goikoetxeak.

Adibide bat aipatu du, oraintsu gertaturikoa. Jende ilara bat dago autobusaren zain. Ilaran lehena adineko gizonezko bat da eta gidariak atea irekitzen duenean autobuseko txartelaren bila hasten da. Kostatu egiten zaio topatzea eta gidariak, haserre, esaten dio aurretik topatu behar duela txartela: «Hona dena prestatuta etorri behar da». Egunero hainbestetan gertatzen diren egoera bat baino ez da.

«Kasu horretan bai gidariak eta baita ilaran zain daudenak sentsibilizatuak egon beharko lukete eta ez urduri jarri. Adinarekin erreflexuak eta gaitasunak moteldu egiten dira eta hori errespetatzen jakin beharko genuke. Beste aukera okerragoa da; nola denbora asko pasatzen duen autobusaren txartela topatzen, etxean gera dadila atera gabe, ezta? Kultura aldaketa baten beharra garbi ikusten da. Egoera eta erritmo oso desberdineko pertsonen artean bizi gara. Gaur ondo dagoena, bihar okerrago egon daiteke. Denok zahartuko gara eta ez dakigu nola. Zahartzaroari begiratzeko modua aldatu beharko genuke», segitu du Auzmendik.

Biztanleriaren zahartzeak bestelakoak ere behar ditu, zerbitzu eta zaintza duina ziurtatzeko bideak nagusiki. «Guk garbi daukagu administrazio publikoek izan behar dutela ardura nagusia arlo horretan. Baina, era berean, garbi daukagu gaia ez dugula administrazio publikoen esku bakarrik utzi nahi, badaudelako hainbat arlo ez dituztenak konponduko. Eta gizarteak zahartzaroa begiratzeko duen modua aldatzea da horietako bat», iritzi dio Auzmendik. «Guk garbi daukagu erronka gizarte osoarena dela eta ezin dugula beste alde batera begiratu», gaineratu du Goikoetxeak.

Informazioa eta orientazioa

Erronka gizarte osoarena izanagatik, normalean zahartzaroaren ajeez ez da kezkatzen etxean edo gertu ikusten ez dituena. Afagik lehen eta Aubixak orain lan handia egiten dute dementzia edo Alzheimerra gertutik ezagutzen duten familiekin. «Horrelako egoera batean dena da zalantza. Zer gertatuko da? Zein bide hartuko du gaixotasunak? Zer egin dezakegu? Ez da erraza gaixotasunarekin bizitzea, baina faseak ezagutzeak, sintomak ezagutzeak... finean, informatua egoteak asko laguntzen du. Beldurra ezezagutzatik eta bakardadetik etortzen da. Baina informatua baldin bazaude, gaixotasunaren berri baldin baduzu, horren parean nola jokatu baldin badakizu... askoz samurragoa da egoera. Guk hori bideratu nahi dugu eta informazioa eta orientazioa emango dituen zentro bat martxan jarri nahi dugu. Afagik 1.200 bazkide ditu Gipuzkoan. Sarea badago, orain hori indartu eta antolatu egin behar da. Gure helburua da gizarte honek eskaintzen dituen tresna desberdinak egokitzea: eguneko zentroak, egoitzak, etxez etxeko laguntza... Zerbitzuak, oro har, egokitu egin behar dira egungo errealitatera. Hori garbi dago», esan du Goikoetxeak.

Bere ustez egungo gizartean Alzheimerra kasik «normaltzat» jotzen da, «pentsatzen da zahartzaroaren aje normal bat dela, eta, normala denez, ez da ezer egiten horren aurrean. Ez da egia. Alzheimerra gaitz bat da, fase desberdinak ditu eta urterik urtera gero eta jende gehiagori diagnostikatzen zaio. Horri erantzun beharra dago eta horretarako prestatu behar da gizartea».

Boluntario sarea

Zaintza da, segur aski, Euskal Herriko etxe gehienetan buruhauste handienak sortzen dituen alorra. Nola antolatu egunerokoa zaindua izan behar duena ondo zaintzeko? Herritarren agenda pertsonalean pisu handia duen arren, agenda politikoan ez da lehen lerroan agertzen.

«Gure helburuen artean aipatzen dugu udalek ere beren planifikazio estrategikoa egin behar dutela dementziaren aurrean. Erronka gizarte osoarena da eta datorrena gizarte osoarentzat dator, ez bakarrik sektore batzuentzat. Gizartea prestatu egin behar da; programak prestatu, ekintzak aurrera eraman, urbanismoa aldatu, etxeak moldatu, erietxeak moldatu... Gaur egun gaitz gehienak kronikoak dira eta sistema soziosanitarioa horretarako prestatu beharko da», esan du Maximo Goikoetxeak.

Aubixa Fundazioak boluntarioekin egiten du lan. Oraingoz pertsona bakarra ari da soldatarekin eta gainontzeko guztiak boluntarioak dira. Orain arteko erantzuna «harrigarria» izan dela nabarmendu dute Fundaziotik, 115 lagun ari baitira lanean batzorde desberdinetan. «Boluntario gehiago lortzea da gure helburua. Boluntario izateko modu asko daude, norberak ahal duen neurrian. Ideala litzateke boluntarioen armada bat sortzea, auzoetan eta herrietan arituko dena. Fundaziora gerturatzen diren senitartekoek gehien aipatzen duten hitza bakardadea da. Hori denon artean konpondu dezakegu, ezta?», agertu du Auzmendik.

Zaintzailearen eskubideak

Zaintzaren atzean zaintzaileak daude, eta horiek ere oso gogoan dituzte Aubixatik bultzatutako eskubideen kartan. “Autonomia galdu duten adineko pertsonek, Alzheimerrak eta bestelako dementziek jotako pertsonek eta haien zaintzaileek dituzten eskubideen Donostia Karta” izenburua duen dokumentuak zaintzaileei buruz ere hitz egiten du.

«Zaintzaileek beren gain hartzen duten karga sekulakoa da. Gehienetan, gainera, emakumeak izaten dira. Familiak ari dira zahartzaroak dakartzan arazoak beren gain hartzen eta askotan gertatzen da zaintzailea bera gaixotzea azkenerako, egoera oso latza delako. Gai horri ere heldu egin behar zaio», nabarmendu du Auzmendik.

Generoaren ikuspuntutik ere zorrotz aztertzeko gaia da zaintzarena, «belaunaldiz belaunaldi emakumearen gain erori baita zaintzaren pisua. Horri buelta eman behar zaio, eta horretarako moduak eta laguntzak sortu behar dira», nabarmendu du Goikoetxeak.

Badaude egungo gizartean pisu dezentekoa duten sinesmenak, familia askorentzat karga bihurtzen direnak. Aubixatik horiek berrikusteko beharra ere nabarmentzen dute. «Badago pentsaera orokor bat defendatzen duena belaunaldi bakoitzak beren etxeko adinekoak zaindu behar dituela, eta, deskuiduren bat izanez gero, moralki epaituak izango direla. Hori gainditu beharra dago. Garai batean, esaterako, erresistentzia handia zegoen eguneko zentroen aurrean. Hori hautsi dela iruditzen zait, baina oraindik hausteko beste logika asko geratzen zaizkigu. Esaterako, dementziaren inguruan dagoen estigma. Pentsa horrek zer-nolako pisua duen eskubideen gaian. Horregatik defendatzen dugu kultura aldaketa baten beharra: duintasuna, errespetua, bera izateko eskubidea, ahal duen neurrian bere bizitza gidatzeko eskubidea...».

Aubixa Fundazioak jendartea aktibatzeko tresna izan nahi du. Zahartzaroa geratzeko etorri da, bere aje guztiekin. «Ekidin ezineko errealitatea da. Gizarteari dagokio hausnarketa horri serio eutsi eta zahartzaroa ahalik eta modu onenean kudeatzeko prestatzea».

Eskubideen kartak

Datorren urriaren 20an, Donostiako Kursaalen, Aubixa Fundazioaren lehen gogoeta sakonaren emaitza aurkeztuko da: Donostia Gutunak izeneko bi testu [cartadonostia.com]. Batak Adineko Pertsonen Eskubideak izena du, eta, besteak, Alzheimerdun Pertsonen Eskubideak.

Hilabetetako hausnarketaren eta taldeko lanaren emaitza dira bi dokumentu horiek. Gutunak koordinatzen aritu den Martin Auzmendiren hitzetan, «benetan eztabaida interesgarriak eman dira». Lantalde desberdinetan banatuta, sektore desberdinetako herritarrek parte hartu dute gutunen osaketan; osasungintza arlokoak, administrazio publikoaren bueltan dabiltzanak, zuzenbidean adituak, senideak, zaintzaileak, zerbitzuen alorrean dihardutenak... askotarikoak izan dira begiratuak eta ekarpenak. Prozesua, gainera, herritarren parte hartzera irekia egon da.

Donostia Gutunak deituriko eskubide aldarrikapen horretatik abiatuta, Aubixak erronka handia dauka aurrera begira: «Mendekotasuna duten edota baztertuak izateko arriskuan dauden adineko pertsonen eskubideen behatoki bat jarri nahi dugu martxan. Proiektu potoloa da, baina hori da eman nahi dugun datorren pausoa».

Donostia gutunak, eskubideak lehen lerrora

Datorren urriaren 20an, Aubixa Fundazioak eta Afagi Elkarteak antolatuta, Donostia Gutuna kongresua izango da Donostiako Kursaal jauregian. Era horretara amaituko da azken hilabeteotan eztabaidara eta parte hartzera irekia egon den prozesua. Bide horren emaitza izango dira urriaren 20an jendaurrera agertuko dituzten bi dokumentu: Adineko Pertsonen Eskubideak eta Alzheimerdun Pertsonen Eskubideak.

Arreta prebentiboaren, diagnostiko goiztiarraren eta pertsona erdigunean jartzen duen medikuntza-arreta espezializatu eta jarraituaren printzipioak jasotzen ditu dokumentuak. Baita Alzheimerrak edo bestelako dementziek jotako pertsonen eskubideak garatu, babestu eta bermatzeko neurriak ere. Berdintasuna, baztertua ez izateko eskubidea, autonomia, autoerrealizazioa eta erabakitzeko ahalmena bezalako ideiak lehen lerrora ekartzeko proposamenak egiten dituzte testuek. Abusu eta tratu txarren aurkako babesa ere espresuki lantzen dituzte.

Aipatu Donostia Gutunek zaintzailea ere oso aintzat hartzen dute. Hartara, tarte zabala eskaintzen diote zaintzaileen eskubideei eta eskubide horien garapen, babes eta bermeari: «Duintasunez zaintzeko eta zaintzaile gisa betetzen duten eginkizuna onetsia izateko eskubidea. Osasun fisikoa eta ongizate emozionala babesteko prebentzio, arreta eta laguntza zerbitzuak eskuratzeko eskubidea. Balorazio, laguntza eta arnasaldi zerbitzuetara sarbidea izatea, haien eginkizuna errazteko. Senideak zaintzea eta lan ibilbidea kontziliatzeko eta gizarte babeserako eskubidea». Zaintzaileei begira ikuskera berria dakarte dokumentuek, eskubideak lehen lerrora ekarriaz.