Pablo Ruiz de Aretxabaleta
GOSETEEN LOTSA

Azken urteotako joera aldatu eta gosea pairatzen dutenen kopurua igo egin da

Gaur egun eskura ditugun teknologia eta aberastasunak kontuan hartuta gosete kopuruak gora egitea guztiz lotsagarria dela uste dute arazoaren aurka diharduten Nazio Batuetako erakundeek. Iaz, azken hamabi urteotan lehen aldiz, gora egin du gosea pairatzen dutenen kopuruak, klima aldaketa eta gatazkak tarteko.

Hamabi urtez jarraian, 2003tik 2015era bitartean, munduan gosea sufritzen zutenen kopuruak behera egin zuen. Joera hori ikusita, nazioarteak anbizio handiko helburu bat jarri zuen: 2030erako gosea mundu osoan bukatutzat ematea.

Aurreikuspenak baikorrak ziren. Amerikan uzta apartak jasotzen ari ziren urtez urte eta Afrikan bertan ere hobekuntza nabarmena zen nekazaritza ekoizpenetan. Iaz, baina, atzerapauso nabarmena eman zen. Hala, 2003tik lehen aldiz, aurreko urtean baino jende gehiago da gose munduan uneotan. Dagoeneko 815 milioi pertsona dira egoera horretan daudenak.

Egoera ikusita, elikaduraz arduratzen diren Nazio Batuetako erakundeek alarma piztu dute elikadura-segurtasunari eta nutrizioari buruzko azken estatistikok aurkezterakoan. 2016an, aurreko urtean baino 38 milioi pertsona gehiagok jasaten zuten gosea; pentsa, 2012ko kopurura itzuli gara jada. Dagoeneko ehun pertsonatik 11 daude gose munduan.

Klima aldaketa eta gatazkak dira atzerapauso horren arrazoi nagusiak. Eta herri batzuetan, gainera, bien erasoa jasan dute: lehorte edo uholdeek gerraren eragina handitu dute.

Gosete larria lau herrialdetan

Hala gertatu da, batez ere, Afrikan eta Asiako hainbat herrialdetan. «Azken 25 urteotan herri gehienek gosea gutxitzeko aurrerapauso nabarmenak eman badituzte ere, lorpenok eten egin dira edo atzerapausoak eman dira gatazkak pairatzen dituzten eskualde gehienetan», jasotzen du Nazio Batuetako erakundeek egindako txostenak. Horren erakusle, Asian 520 milioi pertsona dira behar bezala elikatzeko elikagai nahikorik ez dutenak; Afrikan, 243 milioi, eta, Latinoamerikan eta Kariben, 42,5 miloi inguru.

Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakunderen arabera, gosea sufritzen dutenen bi heren gatazka guneetan bizi dira. Lau herrialdetan egoera bereziki larria da. Hego Sudanen gosete egoera sortu da eta antzeko egoeran daude Yemen, Somalia eta Nigeriako ipar-mendebaldea ere.

«Elikadura segurtasun ezak gora egin du munduan eta, egun ditugun teknologia eta aberastasunak kontuan hartuta, lotsagarria da», salatu du David Beasley Munduko Elikagai Programako zuzendariak. «Ezin ditugu alarmak albo batera utzi. Ez dugu 2030erako gosete eta elikadura gabezia era guztiekin bukatuko elikadura-segurtasuna urratzen duten faktore guztiei heldu gabe. Gizarte baketsu eta inklusiboak bermatzea ezinbestekoa da helburu hori lortzeko», adierazi dute Nazio Batuetako erakundeek. Elikadura eta Nekazaritza Erakundearekin batera, Nekazaritza Garapenerako Nazioarteko Funtsak, Osasunerako Mundu Erakundeak, Munduko Elikadura Programak eta Unicefek aurkeztu dute iazko egoerari buruzko txostena.

155 miloi haur elikatu gabe

Txostenean jasotzen denez, haurren desnutrizio kronikoak behera egin du munduan 2005 eta 2016 bitartean, %29,5etik %22,9ra. Baina oraindik 155 milioi haurrek jasaten dute. Eta bost urte baino gutxiagoko hamabi haurretik batek desnutrizio larria bizi du, 52 milioi haurrek alegia.

Emakumearen egoera ere aztertzen du txostenak. Ugaltzeko adinean diren munduko emakumeen herenak anemia du eta horrek haur askoren osasuna eta nutrizioa arriskuan jartzen ditu.

Errefuxiatu eta desplazatuen kopurua ere nabarmen igo da gatazken ondorioz, pertsonok arrisku bizian jarriz. 2007 eta 2015 bitartean desplazatu kopurua bikoiztu egin zen, eta, iaz, 64 milioi lagunek euren etxeetatik ihes egin behar zuten gerren ondorioz.

«Gaur egun bederatzi herrialdetan biztanleen %10etik gorak egin behar izan du ihes. Somalian eta Hego Sudanen %20 baino gehiago dira, eta, Sirian, %60tik gora», salatzen du txostenak. Baina indarkeria horren gogor jasaten ez duten herri batzuetan ere igo da goseteak kaltetutakoen kopurua, “El Niño” fenomeno klimatikoak eragindako lehorteen eta uholdeen ondorioz batik bat.

Egoera ekonomikoaren eragina

Hala ere, Nazio Batuetako erakundeak baikor agertu dira. «Munduan gosea jasaten duten pertsonen kopuruak gora egitea eragin duten arrazoiak gatazken areagotzea, klima aldaketa eta ekonomiaren beherakada izan dira. Baikorrak izateko arrazoiak ditugu. Sudanen gatazka egora ez da uneotan hain larria eta Sirian ere garapen positiboa ikusi dugu. Berreskurapen ekonomikoa dugu beste albiste ona, batez ere Latinoamerikan», adierazi du Jose Graziano da Silva Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeko zuzendari nagusiak.

«Karibeko urakanek eta Afrika mendebaldeko uholdeek nekazaritza ekoizpena murriztu dezakete, baina elikagai ekoizpenaren joera orokorra positiboa da. Hainbat herritan zereal ekoizpenean errekorrak lortu dira», nabarmendu du Da Silvak. Aurten munduko zereal ekoizpena inoiz baino handiagoa izatea espero da, 2.611 tonara iritsiz. Argentinan eta Brasilen izan diren aurrerapenek eragin dute hazkundea, baita Afrikako hegoaldeko arto uztek eta Afrikako iparraldeko gari uztek ere, iaz “El Niño” fenomenoaren erasoa jasan zutenak.

Errekorrak errekor, hala ere, herritar ugariren egoera latza da oso. Pentsa, 2014an gosea pairatzen zuten herritarrak %6,3 baziren Latinoamerikan, iaz %6,6 ziren, guztira 42,5 milioi pertsona.

Hego Amerika izan da egoera gehien okertu den tokia. Kostas Stamulis Elikadura eta Nekazaritza Erakundeko zuzendariordearen arabera, arazoa ez datza gatazketan edota ezbehar naturaletan, ekonomiaren geldotzean baizik. Bere iritziz, oinarrizko produktuen prezioak jaitsi direnez, esportazioen bidez estatu batzuek lortzen zituzten diru-sarrerek behera egin dute, eta, ondorioz, elikagaiak eskuratzeko euren ahalmena gutxitu egin da. Beraz, elikagai gutxiago zituzten eskura Hego Amerikan; atzerriko herriekiko menpekotasunaren adibide argia. «Esportaziotik diru-sarrera gutxiago eskuratu ostean, gobernuek ez dute gizarte babeseko sareak hornitzerik izan, lehen egiten zuten moduan», azaldu du Stamouliusek.

Haitiko egoerak kezka bizia sortzen du, goseteak gogor kolpatu baitu herrialdea. Azken hiru urteotan, herritarren %46,8k pairatu du gosea.

Malnutrizioak bestelako aurpegiak ere baditu. Hazkunde ekonomikoko garai baten ondoren, adibidez, txiroenek kalitate txarreko elikagai eta dieten alde egiten dute, eta, ondorioz, gehiegizko pisua eta osasun arazoak areagotu egiten dira. Iaz, mundu osoan bost urtetik beherako 41 milioi haurrek gehiegizko pisua zuten.

Baina ekonomiaren hazkundeak ere ez du beti gosea desagerraraztea edo jaistea bermatzen. «Hazkunde ekonomikoa ez da gosearen aurkako bermea», onartu du Gilber Houngbo Nekazaritza Garapenerako Nazioarteko Funtseko presidenteak. Gosea sortzen duten baldintzen aurrean prestatzeko eta gosearekin bukatzeko politika eta ekintza globalekin bat egiteko dei irmoa egin du: «Gosearen aurka borrokatu nahi badugu, landa inguruetan epe luzerako planekin konpromisoa hartu behar dugu».

Gosearen Kontrako Ekintza erakundeak salatzen duenez, gosea ez da bakarrik gatazken ondorioa; sarri, gerra-arma bat ere bada. «Milaka lagunek ihes egiten dute indarkeriatik, babes bila. Ur eta elikagairik gabe, atzean uzten dituzte oinarrizko baliabide guzti-guztiak. Askotan, egoera horretan, bizirauteko behar duten laguntza ere ezin dute eskuratu. Izan ere, hori oztopatzea gerra-taktika bilakatzen da», salatu du gogor gobernuz kanpoko erakundeak.

Aldi berean, goseak eta elikadura-segurtasun ezak tentsioak eta gatazkak sortu, areagotu eta usteltzea ekartzen dute.