Maider Iantzi Goienetxe
Entrevue
ARANTZA VICEDO
sexu jazarpenean aditua

«Hainbeste ukitzen gaituzten gaietan, zaila da egin gabe gelditzea. Baina premiazkoa»

Osatze feministaren jardunaldietako hizlarietako bat da. Feminismoak umeen sexu abusuei falta zaien ikuspegi politikoa eman diezaiekeela aldarrikatzen du.

G ipuzkoako Abusu Sexualak Jasandakoen Elkarteko (GASJE) parte izan da Arantza Vicedo donostiarra. Bere osatze prozesuaren puska bat indibiduala izan da eta bertzea kolektiboa. Feminismoak arazoa ikuspegi sozial eta estrukturalago batetik ulertzen lagundu dio; ez biktimaren eta erasotzailearen ikuspuntutik, jendarteak eraginik izanen ez balu bezala. GASJEko erabiltzaile eta kolaboratzaile ere izan da urte batzuetan. Bertan terapia, lagun berrien harrera, lege aholkularitza eta sentsibilizazioa landu ditu.

Naturaltasuna eta alaitasuna transmititzen dituen militantea da Vicedo, mingainean bilorik gabe solastatzen dena.

Neurriz kanpo inplikatu

Hasteko, militantzian inplikazioa neurriz kanpokoa izaten ahal dela erran digu. «Arazoa estrukturala dela ikusten baduzu ez zara osatze indibidualean soilik geldituko; jendarteak gaia hurbilagotik ikus dezan saiatuko zara, tabua puskatzen, eta abusua bizi izan dugun pertsonoi euskarria emango diguten aldaketak bilatzen».

Hortaz, «jende asko izugarri inplikatzen gara. Nire kasuan, ez dut orekatzen nire bizi proiektua militantziarekin, ezta elkartearen barruko jarduna ere, helburua lortzea bilatzen baitut, arazoa ezagutaraztea, baliabideak egotea... Eta kostatzen zait talde barrenean izaten ahal diren ekimen falta edo osatze prozesuen blokeoak onartzea».

Kontatu duenez, umetan abusu sexualak jasaten badituzu, sarri funtzionatzeko modu batzuetan gelditzen zara. Bizirauteko ikasi dituzu, baina gaurko bizitzan ez dizute laguntzen. «Adibidez, ez zara ausartzen gauza asko egiten, ez duzu zure buruarengan segurtasunik... Oso goiz txikitzen da autoestimua eta zure geroko garapena oso gauza suntsigarrietan oinarritzen da, batez ere normalean ez delako laguntzarik jasotzen familian; askotan arazoa familiaren barruan dago. Gainera, jendarteak estali egiten du».

Ondorioz, «oso indibidualki bizitzen duzu, eta zure kontra, zuregana zuzentzen baitituzu lotsa, kulpa eta ardura, erasotzaileek izan beharko lituzketenak, baita inguruak ere ez laguntzeagatik. Hortik dator jende ugarik, helduaroan, lotsa eta kulpa sentitzea».

Eta, ohartarazi duenez, hori guztia herrestan eramaten dute militantziara, GASJEra edota parte hartzen duten bertze elkarteetara. Eta gatazkak sortzen dira.

Presio eltzea

Bere prozesu indibidualean, halako gai gogor batean hainbertze sartzean, testigantzak adituz, dagoen laguntza beharra eta abusu hauek zenbat gertatzen diren ikusiz presio eltze baten gisa sentitu izan da (pila bat gertatzen dira; ikerketa batzuek diotenez, sei mutikotatik batek eta lau neskatotatik batek jasaten ditu).

«Hor zaude, gerran gero eta sartuago, eta puntu bat iristen da non honek bizitza inbaditzen ahal dizun. Horregatik, osatze feminista inportantea da erabakitzeko noraino iritsi militantzian, noraino bizi proiektuan, eta ikusteko nola zaintzen dugun elkar», adierazi du.

Aitortu du bera gehienezko mugara ailegatu dela gai honek bere bizitzan duen lekuan. «Horri egunero ikusten dudan matxismoa gehitzen badiozu, ezin duzu arnasa hartu. Hor gelditu egin behar dela uste dut, eta oreka bilatu. Nik lehendabizi urruntzeko gai izanez lortuko dut oreka, gero era neurtuago batean hurbildu ahal izateko. Hainbeste ukitzen gaituzten gaiak dira, kosta egiten zaigula egin gabe gelditzea eta urruntzea. Baina beharrezkoa da».

Kidea nola dagoen begiratu

Militanteen artean elkar zaintzea ere bada osatze feminista. Eta hor donostiarrak ikusten du aunitz jo dutela ekintzara eta gutxi begiratu dutela nola dagoen kidea. «Ongi etortzen ari zaio proiektua? Badaki ze kostu pertsonal ekartzen ari zaion?». Hori falta zaio, borrokan bakarrik ez, norbere zaintzan ere elkar babestea. Eta norbera nola dagoen ere kontziente izatea. «Lan handiko garaietan, jardunaldi batzuk adibidez, horri nire bizitza gehituta, nire bizi proiektua eraikitzea, askotan gaixo bukatu dut. Topera ibili izan naiz militantzian eta, gero, erori egin naiz, ez naizelako kontziente izan gorputza nola ari den jasotzen hori guztia».

Norbere gorputza zaindu eta aditzeko beharra sumatzen du. Hortik abiatuta ulertzen ahal da zer ari den gertatzen. «Jende asko bere bizi proiektua alde batera uzten ari da, edo ez dio kasurik egiten, edo ez du gorputza entzuten. Eta kideen artean kontzientzia falta da».

Bera aurrera jotzen dutenetakoa da eta badaki batzuetan gainerakoak bultzatzen dituela. «Kontziente izan behar dut nora eramaten ari naizen jendea. Amorru handia badugu, nora eramaten gaitu horrek? Osatzera eta aldi berean borrokatzera ala gerran gaude soilik eta gainerakoa ez dugu ikusten? Norberak osatzea eta borroka ulertzeko duen erak alde batera ala bestera eramaten gaitu».

Adin txikikoen abusu sexualen gaian, tabua haustea beharrezko ikusten du, baina bere burua publikoki zenbateraino agertu duen planteatzen du. «Hau ere agertzea da, argazki eta guzti», aitortu du irriz, «baina kontziente izan behar dugu».

Tabua hausteko borroka

Denbora da Arantza ezagutzen dutenek badutela gertatu zitzaionaren berri. Gero, muga horiek apurtu ziren GASJEn jardunaldi publiko batzuk egin zituztenean eta ETBko saio batean azaldu zenean. Bere buruari galdetzen dio nola ulertuko duen jendeak agertze hori. «Askok tabua hausteko borrokaren barruan ulertuko dute, baina besteek biktimismotik, nahiz eta nik ez adierazi biktimismorik. ‘Ze pena’ esanez, pertsona hori bakarrik balitz bezala uzten duzu, eta askoz ere gehiago da. Eta, bestetik, errukiak ez du osatzen laguntzen. Gehiegizko babesa da, pertsona bere prozesuaren arduradun ez egitea... Hala ere, beharrezkoa da publikoki agertzea. Neurtu egin behar da. Kontu zaila».

«Psikologoa naiz, musikaria ere bai, eta norbait bila hasten bada ea zer egiten dudan alderdi horietan, sexu abusuen gaia azaltzen da. Hori ere ez dut nahi. Pixka bat babestu nahi dut».

Arantzaren ustez, arazo hau konpontzeko gakoetako bat tabua puskatzea da, horrek erran nahi duelako jendeak lagundu egin behar dituela abusua jasan dutenak, beraien arazoa ere badelako, ez erasotzailearena eta biktimarena soilik. «Ze maiztasunez gertatzen den ikusita, inguruan bizi izan dutenak izango dituzu eta ez dira hitz egiten ari. Gertatzen da nik hitz eginda ere ondokoek estaltzea, ez dakitelako nola kudeatu edo ez dutelako gaian sartu nahi».

Militante honen iritziz, abusuak jasa dituztenek izan behar dute lehenak tabua puskatzen eta erraten «honetaz mintza daiteke». Adibidez, «medikuarenera joaten zara eta konpartitzen duzu zure osasunean garrantzia izan dezakeelako eta hurrengoan itzuli eta ez dizu galdetu ere egiten. Asko bai, ausartzen dira, baina beste asko ez». Aldarrikatu du badela garaia hori aldatzeko, indarkeria matxistarekin gertatu bezala, lehen etxeko gauzatzat hartzen baitzen, ez auzi politikotzat. «Honekin gauza bera egin behar da. Indarkeria matxistarekin lan handia egin du feminismoak. Baina umeen abusu sexualak nork atera ditu kalera? Ekitaldi publikoa egin genuenean jendea zur eta lur gelditu zen. Noizbehinka azaltzen da gaia hedabideetan, baina familia barruko kasurik ez. Zaintza partekatuaren auzirik ere ez. Nola kudeatzen da emakume batek jakitea bikotekide ohiak umeari eraso diola eta txikiak aitarekin egon behar izatea berak babestu ezin dituen bitartean, legea ez duelako alde? Gaia ez dago kalean». Arantza naturaltasunez solastatzen da eta politikan gauza bera egin behar dela deritzo.

Adin txikikoen arreta gehiago babesten dute instituzioek. «Arazoari goiz egiten badiozu aurre, hobeto, baina ez bazaio arretarik jartzen helduarora iritsi arte, askori gertatzen zaion bezala, baliabideak eskasak dira. Pastillak erabiltzen dira gehienbat». Vicedok zalantza du terapiak espezifikoa izan behar duen ala ez, elkar elikatzea ekartzen ahal baitu. Ikasi duen gauzetako bat da hemen eta orain egon eta bertze zerbait eraiki behar duela. Ongi dago pasatakoaz kontziente izatea, baina ezin da dena hortik ikusi.