Maider Iantzi Goienetxe
ERAKUSLEIHOAREN BESTALDEAN

Bertsolari Txapelketako langile eta boluntarioak

Fokuek bertsolariak argitzen dituzte, baina itzalean badira hamaika langile eta petodun Bertsolari Txapelketa Nagusiaren muntaia erraldoia posible egiten dutenak. 14 ordu traktorean bertsoak adituz ematen dituen Mezkiritzeko boluntarioa ezagutu dugu, baita saioetara iristen aurrena eta joaten azkena den Lankuko langilea ere. Oholtzako kamerako zulotik begiratu dugu, eta bertso onekin dar-dar egiten duten transkribatzailearen eskuak ukitu. Azkenik, Euskal Kazetaritza Saria ospatzen topatu ditugu komunikazio taldekoak, pozarren.

Sergio Hernandez «Txentxo»

«Traktorean bertsoak ditut lagun beti. Bertsolariekin egotea bera itzela da»

Lehenengo urtea da Sergio Hernandez Txentxo nafarrarentzat bertsolari txapelketan petodun gisa. «Mezkiritzekoa naiz, Orreagatik hurbil. Txiki-txikitatik maitatu dut bertsoa. 10 urterekin ‘Hitzetik Hortzera’ saioko programa guztiak grabatzen nituen. Orduan inork ez zuen bertsoa maite nire inguruan, futbola maite zuten bakarrik. Arraroa nintzen euskaraz nekielako, eta, bertsoak entzuten nituelarik, pentsa, arraroetan arraroena».

Baina duela bi urte Erron bertso eskola bat osatzea lortu zuten. «Hori zen nire ilusioa, nahiz eta ez dudan sekula bertsorik botako, oso txarra eta burugogorra naizelako». Ostegunero biltzen dira sei-zazpi lagun, herriko eskolan, zazpietatik bederatzietara.

Kasik txapelketako saio denetan izan da, ez bada publikoan lanean. Aulkiak, agertokia, kartelak, mikroak… behar den guztia jartzeko hor egoten da. Sarreran eta komunetan egoten da jendeari esplikatzeko nondik sartu eta atera. Bertsolariak kantuan ari direla ez mugitzeko errateko ere bai. Ostatua badago beti iskanbila sortzen da eta jendea isilaraztea ere tokatzen zaio. «Baina ez da arazo handirik izaten. Erne egon behar gauza guztietara. Bertsoa entzuten ari naiz, baina norbait mugitzen dela ikusten dut eta begiak han ditut. Petoarekin nagoelarik beti nago begira, nire ardurarekin».

Goizean goiz, 09.00etarako, pilotaleku edo kiroldegian izaten da fin-fin. «Mezkiritzetik kasik bi ordu ditut saioa edonon izanda ere. Orduan 07.00etan ateratzen naiz etxetik. Txarrena da berandu samar itzultzen naizela, gauerdi aldera, dena bildu eta txukundu eta gero».

Autoan etxera bidean saioa nola joan den baloratzen du. «Beldur pixka bat izaten dut zeozer gaizki ateratzeko, baina normalean dena ongi joaten da eta gustura itzultzen naiz».

Bertsolariekin harremana izatea pozgarria da berarentzat. «Itzela da eurekin egotea bakarrik. Bataren eta bestearen gauzak ezagutzen dituzu. Publikoan bazaude saioa ikusi eta alde egiten duzu, baina saio ostean erreakzioak ikusten dituzu, eta hori handia da. Baigorrin tokatu zitzaidan kartzelan egotea eta bertsoa galtzen duzu, baina han sumatzen den tentsioa, bakoitza nola kontzentratzen den ikustea, nerbioak… zoragarria izan zen niretzat, bizipen berria. Duela urte batzuk pentsaezina egingo zitzaidan».

Ederra da Txentxoren pasioa. «Julio Sotorekin elkartu eta bertsoa zenbat gustatzen zaidan ikusita, pozten zela erran zidan. Xenpelar dokumentazio zentroan ibili ginen goiz batez. Handik ekarri nituen Uztapide, Lasarte, Basarri eta Agirreren bertso zaharrak. Kristorenak dira».

Traktorearekin ibiltzen da Txentxo mendietan sasiak kentzen. Makinak konpontzen ere bai. «10-14 ordu ibiltzen naiz traktorean egunean eta bertsoak izaten ditut lagun. Txapelketa historikoren bat. Asko miresten ditut bertso zaharrak. Xabier Amurizarenak-eta. Gure eskualdean jendeak ez ditu ezagutzen. Orain, gazteek, bai. ‘A ver si te vemos’ erraten didate, kamerek noizbait enfokatu eta ikusten nautelako».

Kontatu duenez Erron euskara dena galdu zen Franco garaian. Orain aunitz berreskuratu da. «38 urte ditut eta nire adinetik beheiti denek euskaraz egiten dute eskolan. Halere, nire egunerokoa %100 erdaraz egiten dut». Hortik giro %100 euskaldunera pasatzen da txapelketan.

Xabi Torres

«Nire lanbidea herrigintzarekin lotuta egotea pribilegioa eta gozamena da»

Durangoko eta Amurrioko saioetarako argi kontuak ixten ari da Xabi Torres elkarrizketa egin diogunean. Txapelketaren koordinatzaile Jon Agirresarobe Torrotxo lagun, emanaldi guztietan egoten da. «Gu gara lehendabiziko agertzen garenak eta azkenak joaten garenak». Lankuko langilea da eta txapelketa baliabide tekniko-profesional eta materialez hornitzea du eginkizun. Horrekin batera, zuzenekoetarako logistika diseinatzeaz eta muntaiaz arduratzen da.

«Sekulako esperientzia izaten ari da hau ikasteko. Duela bi urte hasi nintzen Lankun lanean. Hasieran nire eginkizunak ez ziren zuzeneko ekoizpenak, baina pixkanaka, Gipuzkoako txapelketan hasita, gero eta leku gehiago hartzen joan naiz eta azken hilabeteetan zuzeneko ekoizpenak antolatzera nago erabat». Eta, zenbat eta gehiago hurbildu txapelketara eta mundu hau barrenetik ikusi, orduan eta bertsozaleagoa da. «Bat-batean lanez aldatuko banu, saioetara joaten eta gozatzen jarraituko nuke. Pribilegio bat da nire lanbidea kultur herrigintzarekin lotuta egotea; motibazio indartsua da egiten dudana erronka gisa hartu eta ahalik eta hobekien egiteko».

Bertsozale Elkartearen sustapen arloko enpresan hasi aitzinetik, lan desberdinak egin ditu elizondarrak. «Baztango Xaloa Telebistan kazetari ibili nintzen azkena. Hau dena ikasteko unibertsitate nagusia herrigintza izan da. Saltsetan egotea nire herrian, dela gaztetxea, dela herriko etxea, Jo ala Jo kultur taldea… Normalean kalean egiten dituzun gauzetan ez duzu baliabide aunitz, baina Bertso Txapelketa Nagusi bat antolatzeko bai. Horri motibazioa gehitzen badiozu, lanbidea herrigintzarekin inplikatuta egotea, gozamena da», azpimarratu du.

08.00etatik 22.00etara

Ilusio eta gogo horrekin, saioz saio hobetzen saiatzen dira. Batzuetan, bezperan joaten dira. Baigorrikoa lehena izan zen, muntaiako makinaria guzia martxan jarri behar zen eta ziurtasunarekin ibili nahi zuten. «Gauza bera egin genuen Bastidan. Finalerdien hasiera zen, aforoa ere handitzen zen, eta ortzegunetik joan ginen». Maulera ere bezperan joan ziren. Udal batzuek oholtza jartzen dute, baina laguntza behar izaten dute eta Zuberoko hiriburuan hori pasatu zen.

Aitzinetik dena landu arren, momentuan ere hartu behar dira erabakiak, baina «ahalik eta guttienak eta ttipienak. Maulen, errate baterako, oholtza eta publikoaren blokeak lau metro eskuinera mugitu genituen 2013ko saioan baino bilduago geldi zedin pilotalekua. Oholtzaren parean hutsuneak egotea ekiditen saiatzen gara. Sarrerak eta jendearen mugimendua sor daitekeen lekuak ez dira onak bertsolariak kontzentratzeko eta hori saihesten ahalegintzen gara».

Torrotxorekin koordinatzen da Torres. «Laguna aulkien kokapenaz eta periferiaz arduratzen da. Ni, berriz, oholtzaz eta inguruaz». Emanaldiro boluntarioak eskatzen dituzte. Orokorrean bertso eskoletatik bideratzen dira. Herrialde bakoitzeko Bertsozale Elkarteko eragilea eta irakasle batzuk ere joaten dira saioetara.

Torrotxo eta biak agertzen dira lehenik, 08.00ak aldera, eta laguntzaileekin furgoneta deskargatzen hasten dira. Gero soinuztapenekoak, tekniko profesionalak eta argiztapenekoak batzen zaizkie. Hedapenekoak ere bai. 12.30erako oholtza muntatua izaten dute dagoeneko, moketa emana, aulkiak bere lekuan, gai-jartzailearen atrila, eta dorreak ere goratuak.

«Argiztapena kontrolatzeko mahaian edukitzen ditugu Torrotxo eta biok bi aulki, baina kasik beti hutsik egoten dira, bueltaka ibili behar izaten baitugu guziaren kalitatea bermatzen eta sor daitezkeen arazoak usaindu eta konpondu nahian». Gerta daiteke zarata sortzea jendearen harat-honatekin eta hori kontrolatzen dute. «Behin baino gehiagotan pasa zait publikoko norbait komunean ataskatua gelditu eta atera behar izatea ere!».

«Gehienetan lasai eta ongi joaten da dena». 22.00ak aldera bukatzen dituzte desmuntatze lanak. Denera bospasei bertso entzunen ditu Torresek.

Aitzineko finalean ikusle izan zen; oraingoan, BECen lanean ariko da ortzegunetik igandera. «Ongi jakin behar dugu nor egongo den non eta zer egiteko». Berarentzat aspaldi hasi zen txapelketa, orain urtebete prestaketa lanei ekitean. Aurrena planteatu, gero antolatu eta azkenik exekutatu. Eta Torres pozarren harat-honatean.

Luix Gurrutxaga

«Gero eta bertso gose gehiago sumatzen dut, jendea adiago dago»

Luix Gurrutxaga Iruran bizi da eta bertako trinketean elkartu gara berarekin, oholtzako kamerariaren ikuspuntua ezagutzeko. «Leku pribilegiatua da bertsolariak ikusteko. Oso gertu gaude. Horrek beraien arteko elkarrizketak entzuteko aukera ematen du, ze doinu erabili, nola moldatu... Kaskoekin egoten naiz errealizadorea entzuteko, baina batzuetan pixka bat kentzen dut alde bateko kaskoa kuxkuxeatzeko. Baina oso zona sentsiblean ere banago. Hain gertu nago edozein mugimendu egiten dudala eurak deskontzentratzeko zorian egoten naizela. Niretzat hori sekulako presioa da».

Kontatu digu momentu batzuk bereziki kritikoak izaten direla. Adibidez, kartzelako gaia jarri berri dute eta berak plano motz bat eman behar du bertsolaria hausnartzen agertuz. «Ez dut uste inor deskontzentratu dudanik, baina izkina batean banago eta alde horretan ez badago eskailerarik kondenatuta nago edozer gertatzen dela oholtza gurutzatzera. Egun batean bateria ez neukan ondo, bat-batean gastatu egin zen, ez nuen ordezkorik eta oholtza gurutzatu behar izan nuen ofiziotik ofiziora tarte bat aprobetxatuz. Oso biolentoa da».

Azaldu duenez, bertsolariak bertsoa botatzen duenean bertso horrek bizitza hartzen du publiko artean. Edozein erreakziok karga ematen dio bertso horri. Hori islatu nahian, publikoa ere protagonista bihurtu dute. «Feedback bat dago eta bertsozaleen aurpegietan ikusten da bertsoak ze bizipen sor ditzakeen».

Bertsozale Elkartearen apustua balioan jarri du: «Streaming bidez ematen ari gara saio guztiak sekulako kalitatean. Inportantea da aukera berri horiek zabaltzea». Aurten elkartearen esku dago saioen ekoizpena, finalekoa izan ezik. Horretaz ETB arduratuko da.

Gurrutxaga Bertsozale Elkartean ari da lanaldi erdian. ETBko lan poltsan ere badago eta behar dutenean deitzen diote. Txapelketa osoa egiten ari da, baita “Aulki jokoa” saiorako grabaketa batzuk ere. Elkartean hagitz gustura dagoela nabarmendu du.

Oholtzan, babesleen panelaren gibelean gordetzen da. Bukaeran soilik mugitzen da, agurretan kontraplanoa ateratzeko (bertsolaria atzetik publikoarekin). Gainontzean, bere gordelekutik ateratzen ditu bertsolarien profilak, gai-jartzailearen planoa, bertsolariak gaiaz hausnartzen eta ahal duen publiko gehiena. «Horretarako entzuleak ere argiztatu behar dira eta hori ere nire zeregina izaten da beste lankide batzuekin batera».

Azken saiora joateko, Maulera, 08.30ean gelditu ziren lankideak Mintzolan. «11.00ak aldera ailegatu eta dena muntatu genuen: kamerak, kableak... Bazkalondoren probak eta egin beharreko aldaketak egin eta lasaiago egon ginen 17.00ak arte. Laurden gutxitarako ja kameretara joan eta errealizazioari ekin genion». Bospasei kide dira hedapen taldean, Eneritz Urkola buru.

«Lehen bigarren mailako bertsozalea izango nintzen, baina orain, barrutik ezagututa, zoragarria da. Ikuslea bereganatu eta harritzeko gaitasun ikaragarria dute. Zazpi urtez Bertsozale Elkartean lanean, agian urtean saio gehien ikusten dituena naiz. Astero bizpahiru bai!», dio irriz.

Bertsolariekin harremana du eta denak maite ditu. «Sekulako enpatia sortzen zait. Bat urduri ikusten badut besarkada bat eman eta animatzeko gogoa izaten dut. Pozik eta ongi sumatzen badut beste bat, beste besarkada bat emango nioke konpartitzeko. Bukaeran elkarrizketak egiten dizkiegu sei bertsolariei eta beti dago momentu bat esan nahi diedana esateko».

Bere ustez, klabea da denek proiektu bat bultzatzen dutela eta horretan sinesten dutela. «Ez da lan egitea bakarrik, baizik eta kariñoarekin egitea. Dena ongi ateratzea, bertsolari guztiek ongi kantatzea eta denak gustura egotea nahi dugu. Tentsioa handia da eta sortzen dira errietak ere».

Erran dugu publikoa protagonista bihurtu dutela eta ikusleen artean denetarik omen dago. Fokuren bat itzali behar izan dute jendea builaka hasi zaielako; bertze aunitz, aldiz, kameraren bila aritzen dira irudietan agertzeko. «Bertsoaldiekin batera historiara pasatuko dira irudi horiek. Adibidez, Maialen Lujanbioren kartzelakoan, planoan atera nuenetako bat Anoetako ezagun bat zen eta esan nion historiara pasa nuela. Niri gertatzen zait bertso historiko batzuk publikoaren erreakzioagatik oroitzea».

BECen ere publikoak duen indarra azpimarratu du: «Isiltasunak hitz egiten duen momentu horiek, bertsotik bertsora bertsolariak pentsatzen ari direnean... oilo- ipurdia jartzen zait».

Gero eta bertso gose gehiago sumatzen du kamerariak eta jendea kontzentratuago eta adiago ikusten du, saioan erabat sartuta.

Jon Gurrutxaga

«Oso aberasgarria ari da izaten, bertsoa testutik ulertzen ari naizelako»

Jon Gurrutxaga 21 urteko azpeitiarra Zientzia Politikoen azken urtea ikasten ari da Bilbon. Bertsozalea eta bertsolaria da eta, txapelketa honetan, transkribatzaile taldeko kidea. «Txapelketa hasi aurretik bilera bat eduki genuen, elkarren berri jakiteko eta zalantzak argitzeko. Irizpideak bidali zizkiguten eta nahiko xeheki irakurri behar izan genituen, ahozko lana idatzira pasatzea ez delako testu bat idaztea bezala. Ahozkotasuna errespetatu behar da eta horrek badauzka bere konplikazio txikiak, gauza batzuk badirelako aldatu behar direnak. Bere jokoa badauka. Ni orain ari naiz deskubritzen eta, egia esan, oso aberasgarria ari da izaten bertsoa testutik ulertzen ari naizelako orain kantutik baino».

Araba, Bizkai, Nafarroa, Iparralde eta Gipuzkoako transkribatzaile bana dago. Herrialdeka banatuta daude eta Gurrutxagak Gipuzkoako saioak egiten ditu. «Ja bukatu ditut, azkena Irungoa egin nuen». Kazetarien mahaian egoten da eta ordubete lehenago iristen da. «Lasai egotea eta kazetariekin aurreko saioa komentatu eta nondik norakoez enteratzea gustatzen zait. Plantilla aurretik egiten dut: bertsolarien izenak, saioa non jokatuko den... Eta gero horren gainean joaten naiz idazten».

Lehenengo agurretik azkenekora, bertso guztiak apuntatzen ditu. «Eman ziguten gomendio orokorra izan zen ahal den gutxiena bustitzeko, baina puntuazio ikurrak guk jartzen ditugu eta oso zaila da neurria hartzea, zer den beharrezkoa eta zer ari zaren zure partetik jartzen. Martin Aramendi transkribatzaile taldearen zuzendariak esan zigun gauza asko daudela gure esku bertsoa idatzira eramaterakoan, era batera edo bestera uler daitekeelako koma baten gorabeheran».

Momentuan ahal duen testu guztia hartzen saiatzen da, eta, biharamunean, bigarren aldiz entzuten du oso-osorik saioa etxean. «Bigarren aldian dena osatu, zuzendu, eta puntuazio ikurrak jartzen ditut. Saioan kazetarien mahaian egoteak laguntzen du, beraiek ere asko transkribatzen dutelako eta zalantzaren bat badago batak besteari galdetzen diogulako. Oso inportantea da momentuan han egotea». Bertsoa bota bezala hartu behar dute; ezin dute zuzendu edo apaindu.

«Ederra da bertsolaria testutik ikustea. Bertsolari batzuk asko baloratzen hasten zara. Testutik desberdin ikusten da bertsoa, baina bertsoa ez da hori bakarrik eta askoz faktore gehiagok eragiten dute. Leherketa gertatzen denean ez zara hainbeste ohartzen, ordenagailuari begira zaudelako, baina publikoak transmititzen dizu». Irungo Maialen Lujanbioren kartzelakoan, bigarren bertsoa bota zuenean, eskuek dar-dar egin zioten eta ezin izan zuen transkribatzen segitu. «Asko inpaktatu ninduten. Gainera, momentuan irakurri ahal izan nuen kantatutakoa. Beldurgarria».

Txapelketaren ondotik liburuak aterako dira bertso hautatuekin eta hor agertuko dira azpeitiar gaztearen transkripzioak. Xenpelar Dokumentazio Zentroan, aldiz, bertso guztiak bilduko dira. Gustuz ari da honetan, bertsoa errespetatuz eta ahalik eta hobekien egin nahian, ondarean geldituko delako idatzitakoa.

Esti esteibar, Amaia Goikoetxea, Gontzal Agote

«Zirkuen moduan ibiltzen gara, Euskal Herrian barnako bidaia bat da»

Txapelketak Euskal Kazetaritza Saria lortu duela-eta ospatzeko planak egiten ari da komunikazio taldeko hirukotea Mintzola ahozko lantegian. Amaia Goikoetxea da gazteena; lehen Txapelketa Nagusia du hau barrenetik. Eguneko albisteen jarioa eta sare sozialak kudeatzen ditu, baita prentsa oharrak idatzi eta hedabideen eskaerei kasu egin ere.

Gontzal Agotek hirugarren Txapelketa Nagusia du. Nafarroako Elkarteko eragilea hanka bat koordinazioan (Jon Agirresaroberekin) eta bertze bat komunikazioan duela dabil. «Zorionez, eskarmentu handia dauka Elkartean eta asko ezagutzen gaitu. Hori abantaila handia da, Elkarteak bere ohiko jardueran dituen balioekin egin behar dugulako lana», nabarmendu du Esti Esteibarrek. Kontuan hartu behar da txapelketa badela, baina Elkartearen gainerako jarduerak ez direla eteten. Esteibar ere hirugarren aldiz ari da txapelketaren «bidaia» hau bizitzen. Komunikazio eragilea da. «Elkartearen komunikazio estrategia da nire egitekoa: planifikatzea, ikuspegi osoa izatea, irizpide orokorrak lantzea eta gero exekutatzen direla bermatzea. Txapelketan ere berdin, nire funtzioa da taldean eragitea eta taldearekin komunikazio plana diseinatzea. Txapelketako irizpideak berrikusten ditugu, beti delako jauzi eragile Txapelketa, bai bertsolarientzat eta bai Elkartearentzat. Hizkuntza irizpideak errepasatu ditugu, bazkidetza politika, sare sozialetakoa, Internet sarea...».

Nahiz eta komunikazio taldean egunerokoan hirurak ibili, Lankuko diseinatzaile bat, Xenpelar Dokumentazio Zentroko dokumentalistak, hedapen taldeko arduraduna eta lurraldeetako komunikazio arduradunak eta horretan boluntario dabiltzanak ere badabiltza eurekin.

Elkarrizketatuek poza transmititzen dute. «Komunikazioaren funtzioa da Txapelketaren eta Elkartearen helburuak gauzatzea: bertsolaritza hedatzea, mugimendu bat sortzea, eta Txapelketak jarraipen bat izatea. Eta oso gustura gaude», adierazi dute. «Oso esker oneko ekimena» dela erran du Agotek. «Emaitza oso begi bistakoa eta berehalakoa da, egiten duzun lanaren fruitua segituan ikusten duzu». Saioak jendetsuak ari dira izaten eta Internet edo telebista bidez ere jende ugari ari da jarraitzen. «Nik bereziki ilusio handia sumatu dut, bai zaleen bai hedabideen aldetik», agertu du Esteibarrek.

Erdaldunengana ailegatzen ari direla ere baloratu dute. Euskalduntzen ari direnentzako txoko bat dute webgunean, Ikasgela. Elkarteak hamaika proiektu ditu eta Txapelketa da ezagunena. «Batzuek Txapelketa ezagutzen dute eta ez dakite atzean Elkartea dagoenik. Guretzat bada une bat non normalean gerturatzen ez den publikoarengana gertura gaitezkeen». Bertsoaren ekosistema handia komunikatzea da xedea. «Plaza mota asko daude, bertsolari mota asko, txapelketetan parte hartzen ez duten asko, eta gerturatzen dena ez da moda bat delako gerturatzen. Lan handia egiten dugu transmisioan eta horrek afizio bat sortzen du. Eta afizioak ikuslegoa eta ikuslegoak kantatzeko aukera», esplikatu du Esteibarrek.

Azpimarratu du Txapelketa proiektua loratzen den unea dela, baina mugimendu handia dagoela urte osoan; ez Elkartean bakarrik, bertsolaritzaren inguruan badaude eragile gehiago.

Lau hilabeteko buklea

Saioan bertan ez dute lan faltarik izaten, baina ahalik eta gehien jarraitzen saiatzen dira, zaleak direlako. Lehen fasean bi saio izan dituzte asteburu bakarrean eta bukatzean dena bildu eta biharamunean bertze leku batean muntatu dute. «Zirkuen moduan ibiltzen gara», egin du konparaketa irriz eragile nafarrak. Lagunak identifikatuta sentitu dira. «Ibiltariak gara. Ez dira bertsotarako aretoak eta dena muntatu behar dugu».

Aldi berean, ederra dela azpimarratu dute. «Pertsonalki bukle batean sartzen zara eta onerako zein txarrerako badakizu hortik lau hilabete geroago aterako zarela», azaldu du Gontzalek. Obsesibo bilakatzen dela aitortu dute. «Libre daukagu egun bat, eta bukatzen dugu ‘Hitzetik Hortzera’ ikusten! Monotema bihurtzen da». Bertso saioek hainbat txoko ezagutzeko ematen duten aukera komunikatzen ere saiatzen ari dira. Azkar doakie Txapelketa eta ahalik eta gehien gozatzen ari dira. Bukatzen denean badakite hutsunea geldituko zaiela.