Iñaki Altuna

Menpekotasunari aldebikotasuna deitzen zaio

Azken egunotan ahopeka entzun dugu Iberdrolak berak exijitu diola EAJri zergen beherapena. Bestela, enpresak bere egoitza aldatzeko aukera pentsatu beharko zuela. Thriller eleberriak ederki janzteko moduko anekdotak entzun ditugu horren harira. Beraz, hauxe dugu oraintxe panorama: 155. artikuluaren bitartez, Estatuaren mehatxua aktibatuta egoteaz gainera, botere ekonomikoek nagusitasuna indartu dute.

Kataluniako agintariak zanpatu dituzte, eta EAEkoek, aldiz, gogotsuago heldu diote egoerari, berriro ere beste batzuek eragindako astinaldiari probetxu aterako diotelakoan. Arbolaren eta intxaurren bertsioa gaurkotua, nonbait. Kasu egin beharko dute, ordea, Estatuan askori antzematen baitzaio autonomien kontu hori murrizketaren bitartez bideratzeko gogoa.

Non daude ekuazio horretan herritarren nahi eta beharrak? Gasteizko Legebiltzarreko talderik txikienaren irizpideak gailentzea oso adierazgarria da. Guardia Zibilak inposatzen ez duena enpresa handi bateko administrazio kontseilu batek egingo du, eta horietan denetan PP agertuko da, nahiz eta ordezkatzen duen herri borondatea txikia izan.

Pasa ziren boz bidez irabazteko gogo haiek, PPko Mayor Orejak eta PSEko Redondo Terrerosek bat egin zutenean Ibarretxeri aurre hartzeko. 600.000 boto lortu zituen EAJko hautagaiak 2001ko hitzorduan, nahiz eta abstentzioa inoiz baino txikiagoa izan zen eta hainbestetan aipatu izan ohi den «gehiengo isil» horrek espainiar konstituzionalismoaren garaipena ekarri behar zuen ezinbestean. Mayor Oreja lehendakari izateko parioa galdu zuten, baina nagusitasunari eusteari ez zioten uko egin. Estrategia? Estatuaren indarraren ordezkari bilakatzea. Hor konpon bozak eta demokrazia. Horren gailurra? Ezker abertzalearen ilegalizazioa, orduan lortu baitzuten «gehiengoa» Patxi Lopez lehendakari hautatzeko. Herri borondateak eman ez zion garaipena izan zen, oinarririk gabekoa.

Ezker abertzalearen estrategia aldaketak eta ondoren sektore horri hauteskundeetan parte hartzeko sortutako aukerak oso bestelako gehiengoak azalari zituzten. ETAren borroka armatua amaitutakoan PPk aparra bezala egingo zuela gora esan zuen alderdiko orduko buruak, Alfonso Basagoitik. Ameskeria.

Haien proiektua Estatuaren proiektuari lotuta dago, eta horrek ez du erakargarritasun handirik. Iniestak gol asko sartu beharko lituzke. Beste kontu bat da Espainia deritzan proiektu horrekiko oso hedatua dagoen urruntasuna burujabetza prozesu baterako nahiko elikagai izatea. Eta hortxe sartzen da jokoan EAJ, egonkortasuna eta lasaitasuna eskaintzeko. Euskal oasia agintzen dute basamortua ezkutatzeko. Eta etorkizunerako? Aldebikotasuna.

Aldebikotasuna ez da gauza txarra, ez horixe. Beharbada, ezker abertzalea zenbaitetan zertxobait nahastu da kontzeptua bera infernuko sutara botaz. Aldebikotasunaren arazora bestelakoa da: ez dugula inoiz ezagutu eta gaur egun ez dela aukerarik ere eskaintzen, menpekotasuna dela jaun eta jabe. Horixe da Urkulluk estali nahi duena, oasiaren palmondoaren azpian sartuta. Benetako itzala, ordea, Iberdrolako dorreak eta La Salveko kasernak ematen dute. •