Amagoia Mujika Telleria
Entrevue
Unai Agirre Goia

«Ahozkotasunetik jaten eta bertsoa belarriz eramaten saiatzen naiz»

Hernani, 1975. Euskal Herriko lehen finala du aurtengoa. Aurrekoan, 2013an, finalaren atarian geratu zen, Aitor Sarriegirekin puntutan berdinduta. Hirutan izan da Gipuzkoako finalista.

Finalista berria da, bertsokera klasikoa gaurko ideiez jantzia dakarrena plazara. Ez orain, aspalditik. Kinieletatik kanpo eman du txapelketa, neurriko presio motxilarekin. Irabazi beharreko gehiena irabazita duen arren, mingaina eta ideiak zorrotz eraman nahi ditu BECera; plazari neurria hartu eta lehiari grazia emanez.

Kiniela gehienek ez zintuzten finalean kokatzen.

Ez zait asko inporta izan hori. Nik orain lau urteko esperientzia neukan, baita aurreko txapelketa askotakoa ere. Nik banekien pasatzeko zer egin behar zen: saio oso on bat. Orain, ez nekien horretarako gai izango ote nintzen, aurten distira handirik gabe nenbilelako. Iruñeko finalaurrekoaren bezperan saio bat izan nuen eta mesede handia egin zidan, nire burua probatzeko balio izan zidalako.

Aldi berean, ikusten dut beste jende bati kinielek okerrago eragin diotela. Presioa eramatea ez da hain erraza. Askotan galdetzen da zergatik pasatzen diren lehengo finalistak, zergatik pasatzen den jende berri gutxi... Nire ustez horren errudun nagusietako bat presioaren kudeaketa da, eta ez hainbeste bertso maila. Atzetik bertso maila oso ona duen jende asko dator, baina momentu zail horien kudeaketa ez da erraza. Aurten jende dezente ikusi dut motxila handiegiarekin. Hortik ikasi egin beharko genuke; bai, behintzat, jende berria finaletan ikusi nahi badugu.

Zu motxila gabe iritsi zara.

Bai, nik nire motxila neraman, ez kanpokoena, eta ezkutu samar egote horrek mesede egin dit. Distira falta zitzaidala ikusten nuen, baina, era berean, gero eta hobeto sentitzen nintzen txapelketan. Ikusten nuen nik nirea egiten banuen, aukerak izango nituela. Horrela joan nintzen Iruñera, kale edo bale. Eta azkenean ondo atera da.

Noiz konturatu zinen finalean egoteko aukerak zenituela?

Ni Iruñera ez nintzen joan finalerako borroka egitera; saio on bat egitera joan nintzen. Ordura arte txapelketan gris antzera ibili nintzela sentitzen nuen eta saio on bat utzi nahi nuen. Egia da saioa hasi eta ariketaz ariketa saio oso normal bateko eskemarekin aritu nintzela; entzun, erantzun... Igual, txapelketatik aparte samar. Baina kartzelara joan nintzenean konturatu nintzen ez nuela oso urruti behar.

Zure bertsokera besteen desberdina da. Bertsolari klasikoetatik gertu, baina ideia berriekin. Finalari kolore berezia emango dio.

Finalean sartzen den berriaren bertsokera nabarmentzeko joera dago. Tira, nik urte asko daramatzak plazan eta ez dut ezer berririk eramango finalera, jendeak badaki nik nola egiten dudan bertsotan. Baina nirea bada bertso molde bat gaur egun ez dena hainbeste entzuten. Nik asko edan dut iturri tradizionaletik, baina gaur egungo pertsona naiz eta nire pentsaera gaur egungoa da.

Kontzienteki egiten duzun ariketa bat al da?

Tira, gaur egun ez nuke esango kontziente egiten dudanik. Gu bertso eskola batetik gatoz, Hernaniko bertso eskolatik, eta ume-umetatik iturri horietatik asko edan dugu. Nire bertso ingurua oso lotuta dago batetik Hernaniko bertso eskolari eta, bestetik, Errezili. Nire umezaroaren erdia Errezilen pasatu dut, aita bertakoa delako, eta hango euskarak, berriketaldiek, hizkuntzaren jolasek... izugarri erakarri izan naute beti eta iturri horietatik edan izan dut, eta segitzen dut edaten eta gozatzen. Une batean konturatu nintzen niri gustatzen zitzaidan bertso moldea hori zela.

Ahozkotasunari oso lotutako bertsokera da, gainera.

Hori akaso kontzienteagoa da. Hala ere, bertsolari bakoitzak hautu bat egin behar du eta denentzako tokia dago. Ezin da esan bat bestea baino hobea denik. Txapelketak batzuetan badauka denak homogeneizatzeko joera eta kontuz ibili beharko genuke. Epaitu egin behar da eta irizpide batzuk behar dira, ados, baina molde batzuk hautsi egin beharko genituzke. Nik ez ditut epai irizpideak irakurtzen, eta, irakurriko banitu, seguru tripako mina emango lidaketela.

Ni saiatzen naiz –eta ez ni bakarrik, nire bertso inguruko beste asko ere– bertso idatzitik baino ahozkotasunetik jaten eta bertsoa belarriz eramaten, nahiz eta askotan kosta egiten zaidan. Nik ere errimak idatzita ikusten ditut. Saiatzen naiz hoskideak diren errimak bilatzen eta hizkuntza ahalik eta ahozkoena egiten.

Eta plazak asko eskertzen du.

Bai. Bada niretzat beste gauza bat oso garrantzitsua: erabiltzen den hizkuntza. Hizkuntza horri eta horrekin egin daitekeen jolasari garrantzia ematen diogu gure bertso eskolan. Gauzak esateko moduak grazia bat behar du. Hizkuntzaren grazia hori oso garrantzitsua da eta gure inguruan ahalegin handi bat egiten dugu. Ni, esaterako, forman ez nagoenean bertsolari eskasa naiz, graziarik ez dudalako.

BEC. Sekulako plaza. Irudikatu duzu zure burua bertan?

Pixkanaka joan beharko dut irudikatzen. Gainera, barregarrizko astea egokitu zait, agenda topera, eta ezingo ditut egunak libre hartu. Gauza zelebrea gertatu zait; Euskal Sagardoa jatorri deiturarekin Bilbon emanaldi bat daukat ostiral, larunbat eta igandean. Aurretik esana nuen igandean ez nintzela joango, finalera joateko, eta orain larunbat arratsaldea ere libre hartuko dut. Baina han egon beharra daukat. Kasualitatea.

Baina denbora hartuko dut eta lana egingo dut.

Zerk ematen dizu bertigo handiena?

Gauza bati bakarrik diot beldurra –eta segur asko han beldur berriak sortuko zaizkit–: tentsiorik gabe joatea. Azkenean ni azkenengo postuan eta espero gabe sartu naiz. Nik nire txapela jokatu dut. Tentsio puntu batekin joan nahi dut eta egiatan final hori jokatzera joan nahi dut; bat, nik hala nahi dudalako, eta, bi, entzuleari zor diodalako. Zortzi gara lehian eta nik ere lehiara joan behar dut. Jokora sartu behar dut.

Finalista bakoitza oso modu desberdinean iritsiko zarete finalera. Batzuk horretara jarriak erabat, eta, besteak, zu kasu, agendan tarteak topatu nahian. Zuk horrela bizi duzu oro har bertsolaritza, ezta?

Bai, horrela bizi dut. Batzuetan denbora falta horrek kezka pixka bat sortzen du, baina, orokorrean, ez dut batere gaizki bizi. Azkenean bertsogintza nire zaletasuna da, zaletasuna baino gehiago segur aski, baina ez naiz horretatik bizi. Ez nuke hori galtzea nahi, baina egia da nire bizitzan gero eta parte handiagoa duela eta hori kudeatzen asmatu beharko dudala. Beldur pixka bat ematen du horrek, baina nahi dut ahalegina egin.

Finalista izateak segur aski agenda gehiago estutuko dizu.

Pentsatzen dut baietz. Hala ere, azken urteetan agendara ezin iritsi ibili naiz. Oso garbi daukat kopuru batetik gora ezin naizela ibili plazan –azken bost urtean 30etik 40ra buelta horretan ibili naiz– eta, ezezko batzuk ematea egokitzen bada, ba eman eta kito. Baina gustatuko litzaidake plazan segitzea, oso polita da eta. Bolada txarrak ere izaten dira, plaza oso polita eta, era berean, oso gogorra delako, une oro jendaurrean zaudelako.

Elkarrizketa honetan gaudela, jende asko ari zaizu gerturatzen zoriontzera.

Bai, oso polita izaten ari da. Duela lau urte finalaren atarian geratu nintzen eta jendea doluminak emanez gerturatzen zitzaidan. Orain batzuek zoriondu egiten naute, beste batzuek kasu egin, beste askok begiratuarekin dena esaten didate, badira besarkatu ere egiten nautenak...

Iruñeko azken agurrean Patxi Bakallo aipatu zenuen, txapelketa Twitterren hain zorrotz segitzen duen zale anonimoa.

Bai, eta gero zalantza batzuk sortu zitzaizkidan. Momentuan besterik gabe egin nuen, bihurrikeria bat bezala, nire aldeko eltzekadak eta beste aipatu dituelako. Baina astakeria batzuk ere esan ditu. Gainera, ez zait gustatzen sare sozialen dinamika hori, izen anonimo baten atzean jarri eta nahi den guztia esateko joera hori. Positiboan egiten den guztiarekin aurrera, baina negatibotik egiten denarekin kontuz. Ez nuen aipatu Patxi Bakallo berarekin ados nagoelako. Hori argitu nahiko nuke.