Ula Iruretagoiena Busturia
Arkitektoa

Lurralde eskubidea

Gizarteen funtzionamendu etikaren oinarrizko teoriak dio gizabanako guztiek bizitza duin bat eskuratzeko eskubidea dutela. Eskubidea eskaera bat da, zeina legeetan jasorik gelditzen den. Horrek ez du eskubidearen babesa bermatzen, baina elkarbizitzarako funtsezko araudien eta giza baloreen erredakziotzat jo daiteke, bizitza kolektiboan gerta daitezkeen bortxa egoerak salatzeko erreferentziatzat alegia. Bizitzaren duintasuna zertan den zehazterakoan, espazioarekin erlazionaturiko eskubideak zerrendatuko ditugu ezinbestean, bizitza espazioei loturik garatzen delako eta espazioak berak bizitza bat edo beste baliatzeko eragin zuzena duelako.

Etxebizitza, indibiduoak bizitza aurrera eramateko ezinbesteko espazioa delako, eskubide bezala aldarrikatzen da. Espazioa emantzipatzailea dela ulertuz. Arkitektura klasikoaren ikuspegitik etxea gotorleku-eraikuntza bat da, kanpoko klima eragileetatik –euria, eguzkia, tenperatura, hezetasuna...– babesten gaituelako. Hots, arkitekturak gizakiaren babesa proposatzerakoan, azentua kanpo eragileetan jartzen du. Pareta artean eta estalpe azpian gertatzen den espazio pribatuan ez da, baina, gizakien babes-espazioaren eskubidea ziurtatzen, kanpoko begiradatik salbu gelditzen den txokoa, “barne eragileak” medio, jazartzailea izan baitaiteke. Hormigoizko paretarik existitzen ez da gure gorputzaren salbazio-espazioa eraikiko duenik. Gure gorputzaren azala bilakatzen da espazio aldarrikatzaile –batik bat emakumea, ez zuria eta txiroa baldin bazara–. Baina tira, hori bestelako ur-handitan sartzea da...

Eskubideak gizakiaren agresio-esparruak defendatzeko eskakizunak direlako, «hiria izateko eskubidea» XX. mendeko erdialdetik entzungai dugu, hiria kapitalaren eta merkatuaren zerbitzura jarri zen garaitik hain justu. 1968an Henri Lefebvbrek aldarrikatu zuen lehen aldiz, espazioa politikoa dela ulertuz. Politikoa, hiriaren espazioetan erabakitzen direlako kolektibitatearen gai nagusiak. Hala, hiria denaren eta izan daitekeenaren gainean erabakitzeko ahalmen politikoan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Baina egun “hiria izateko eskubidearen” aldarriak zentzua galdu du, hirian aurretik sumatu ezin daitezkeen gertaerak ematen ez diren unetik eta hiriak erresistentziaren sentimen kolektiboak libreki adierazteko espazio izateari utzi dionetik.

Eskubideez eta espazioaz ari garela, Hego Amerikako hainbat indigena komunitateren konstituzioetan jasotako Pachamama edo Ama Lurra zaintzeko eskubide eta beharra harira ekartzeak interesa du. Zapaltzen dugun lurra gure bizilekuaren sostengua dela –fisikoki eta sinbolikoki– eta gure askatasunaren gainazala onartzea suposatzen du horrek. Lurraren eta bizitzaren artean eraiki behar den harremana antzinako komunitateetan izugarri presente zegoen, eta, euskal baserritarren pentsamoldean, zer esanik ez. Lurrarekiko errespetua hirietarako bidaian bidean galdu dugun hazia da, eskubide izateari uko eginaz bien bitartean.

Ama Lurra gogoan, pentsatzen jarri naiz «lurralde eskubidea» kontzeptua sortu beharko bagenu nola has gintezkeen. Lurralde eskubidean lurraren gainean eta azpian bizitza kolektiboaren funtzionamendua bermatzeaz arituko ginateke segur aski, bizitzeko beharra eta ingurumen osasuntsu bat disfrutatzekoa bateragarri egiteko eskubideaz, haize garbia arnasteko eskubideaz, oinezko ibilbideekin bizitza garatzeko eskubideaz... Eztabaidarik gabe, lurralde antolamenduak bere egin beharko lituzkeen oinarriak, ez besterik. •