Gorka Elejabarrieta

Orain presoak

Gatazka politiko armatua bizitako lurraldeak eredu hartuta, preso politikoen gaian zentratuz, izan diren eta oraindik ere aurrera doazen hainbat gatazka-konponbide prozesuri begirada azkar bat ematen badiegu, nire ustez berehala hiru ondorio nagusi atera genitzake. Batetik, preso guztien kaleratzea ekarri duen prozesu errazik ez dela sekula gertatu. Aldeen arteko borondatea, elkarrizketa, negoziazioa eta akordioak egonda ere mota honetako prozesuak beti dira zailak eta geldoak, bereziki kartzelan norbait duen senide edo lagunarentzat. Hegoafrikan, Irlandan ez zen erraza izan preso guztien kaleratzea lortzea. Kolonbiako akordioen inplementazioan izaten ari diren zailtasunek ere berdina erakusten digute. Baina horrekin batera esan beharra dago ere, horrelako prozesuek erakutsi diguten bigarren ondorioa, preso guztien kaleratzerik gabe ez dagoela gatazka politikoak konpontzerik. Gatazkak sorturiko ondorioak konpondu ezean, kartzeletan presoak dauden bitartean, ezin dira gatazka politikoak konpondu. Gizarte edo herri batek aurrera egin ahal izateko behar-beharrezkoa du horrelako gatazka politikoak modu onean konpontzea, ondorioz, pentsa zitekeen denon interesean dela ere eta denon babesa eta parte-hartzea behar duela horrek, denok baitugu mota bateko edo besteko ardura. Eta hirugarrenik, preso izandakoek oso paper garrantzitsua jokatu dute eta jokatzen dute kalean gatazken konponbidean eta baita ere herri horien etorkizun eta garapen politikoan. Pepe Mujica edo Lucia Topolansky, Nelson Mandela, Martin McGuinness datozkit burura orain adibide bezala, baina beste asko ere badaude. Nelson Mandelak gai honen harira oso argi adierazi zuen ideia hau «Nire herrian lehenengo kartzelara goaz eta ondoren presidente bihurtzen gara» bota zuenean.

Azken hilabete-urteetan Ipar Euskal Herrian garatu den konponbide prozesuaren aldeko desmartxa oso emaitza onak lortzen ari da, Gobernu frantsesarekin presoen afera konpontzeko eztabaida marko ofizial bat ezartzeraino, eta horrek, ekarriko dituen ondorioak oraindik ezagutu gabe ere, berebiziko garrantzia du, “de facto” prozesuaren desblokeo partziala suposatzen baitu. Ez dirudi momentuz honen ondorioz espainiar Gobernuak bere jarrera aldatuko duenik, baina espainiar posizioa gero eta isolatuagoa egoteak eta bai Euskal Herrian bai nazioarteko komunitatean gero eta ulergaitzagoa izateak konponbidea bilatzen dugunon aukerak biderkatzen ditu. Inork gutxik uler baitezake gaur egun munduan, ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuenetik sei urte pasa direnean eta desarme osoa amaitu ondoren, oraindik ere espainiar Gobernua gatazkaren konponbidean ez engaiatzea.

Abenduan Parisen milaka herritarrek presoen gaia konpontzeko tenorea dela aldarrikatu zuten, gaur Bilboko kaleak berriz ere beteko dira aldarrikapen berdinarekin, herri honek argi adierazi baitu behin baino gehiagotan, gatazka politikoaren konponbide integrala babesten duela eta babesten jarraituko duela. Ez dezagun burua makurtu, ez gaitezen etsipenean erori, argi izan dezagun Euskal Herrian ere, goiz ala berantago preso guztien kaleratzea lortuko dugula. Batzuek edo besteek herri honetan gertatu den guztiaren inguruan izan ditzakegun iritzi ezberdinetatik harago, guztien interesen onerako delako herri honek bizi duen gatazka politikoaren konponbide integrala. Duela zenbait hilabete Europako Parlamentuan Martina Anderson preso ohi errepublikano eta egun eurodiputatuarekin gai honetaz berbetan ari ginela, gaixo dagoen euskal preso politiko baten senideari presoen kaleratzea lortuko genuela esatearekin batera Nelson Mandelaren beste esaldi ospetsu bat esan zion: «Lortu arte beti dirudi ezinezkoa». •