Juantxo EGAÑA

1959. urteko argazki makurra

Santiago Arina| Gasteizko Udal Artxiboa
Santiago Arina| Gasteizko Udal Artxiboa

Argazki makurra da zinez goikoa, batez ere bere protagonistengatik. 1959. urtean jasoa da; erregimen frankistaren baitan Elizak indar berezia zuen sasoian, nazionalkatolizismoaren garaian. Errepresio gogorreko urteak ziren. Santiago Arinak (1909-2004) egindako argazkian 1950tik 1954era bitartean Gasteizko gotzain izandakoa ageri da, Jose Maria Bueno Monreal. Sevillako apezpiku gotzaina zela, 1959. urteko abuztuaren 8an, Arabako hiriburura bertaratu zen bere izeneko kale bat inauguratzera. 1867. urtetik eta ordura arte Molino de San Ildefonso izena zuen kalea, hain justu ere. Segizioan lagun izan zuen, beste batzuen artean, garaian Burgosko kapitain jenerala zen Luis Oliver Rubio (Nafarroako Buñuel herrikoa izatez). Militar hori komandantea zen 1936. urterako eta gerra zibilaren lehendabiziko hilabeteetan Sevillan aritu zen Queipo de Llano jeneralaren aginduetara, bidean milaka hildako utziaz.