Dabid Lazkanoiturburu
AFGANISTAN: «0 GUNEA»

Irailaren 11 eta gero hasitako amaigabeko gerran gero eta lokaztuago daude AEBak

Irailaren 11k utzi duen benetako «0 Gunea», Dorre Bikietako biktimak ahaztu gabe, Afganistan da. AEBek herrialdeari eraso egin eta hamasei urtera, talibanek kontrolpean dute bertako lurraldearen ia erdia. Uneotan lehia odoltsuan ari dira Kabulen nork atentatu gehiago egin Estatu Islamikoak bertan sortutako sukurtsalarekin.

Kabulgo Gobernua eta Ameriketako Estatu Batuak jada ohituta daude, eta jakin badakite urte berriak aurrera egin ahala, talibanen “udaberriko erasoaldia” hasiko dela. Aurtengoan, ordea, Afganistango okupazioaren aurkako mugimenduek zein okupazioa munduan jihada bultzatzeko baliatzen duen Estatu Islamikoak ez dute itxaron elurteak eta izotzaldiak baretu arte: astebetean lau atentatu edo eraso izan dira, zein baino zein odoltsuagoa, Afganistanen.

Gaur zortzi, 100 lagunetik gora hil ziren talibanek beren gain hartu zuten Barne Ministerioaren aurkako atentatuan, Kabul hiriburuaren erdi-erdian. Erasotzaileak, gidatzen zuen leherkariz betetako anbulantzia eztandarazi zuen jendetzaren erdian.

Aurreko asteburuan, sei kidez osatutako taliban komando bat Kabuleko eraikinik babestuenean sartu zen: Intercontinental Hotelean. Talde armatuko kideak gelaz gela «kanpotarrak ehizatzen» aritu ziren amaierarik gabeko hamabi ordu luzeetan. Bezero batzuek leihoetatik salto egiten zuten. Beste batzuk, talibanek harrapatu eta hil zituzten: tiroka batzuk eta lepoa moztuta besteak. Erasoaldiaren ondorioz 40 inguru izan ziren hildakoak, ia erdia kanpotarrak. Talibanek aldarrikatutako erasoak Kabulen indarrean dauden segurtasun neurriak kolokan jarri dituzte. Erabat. Intercontinental Hotelaren kasuan, gainera, mertzenario atzerritarrez osatutako konpainia pribatuen “profesionaltasuna” geratu da zalantzan. Izan ere, Afganistango Estatuarena den Intercontinental Hotelaren segurtasuna Kabul Balkh Safety Security konpainiak hartu zuen bere gain abenduan. Bada, erasoa bertatik bertara bizi izan zuten hainbat kazetarik inolako kontrolik ez zegoela salatu dute. Pribatizatzen diren gerren eta azpikontrata militarren ondorio latzak...

Afganistanen ezer ez da ziurra, ezta erasoen egileak zehazki zeintzuk diren ondorioztatzea ere. Hoteleko sarraskia egin zutenak Haqani sareko ekintzaileak zirela ziurtatu du Kabulgo Gobernuak, talde berak hotelari 2011. urtean ere eraso egin ziola gogora ekarri ondoren.

Anbulantzia-bonbarekin egindako atentatuak ere Haqani sarearen sinadura eramango luke, hainbat iturriren aburuz. Al-Qaedarekin harreman estu-estua izan zuen sareak Pakistanen du gotorleku fisikoa –eta askoren iritziz politikoa–, mugan jaun eta jabe diren paxtu tribuen artean hain zuzen. Afganistango hiriburuan egindako atentatuek famatu dute sarea, baina aspalditik aritu izan da talibanen mugimenduarekin elkarlanean, batez ere Kabulen atentatuak eginez.

Azken hilabeteetan, Haqani sareak Estatu Islamikoak Afganistango ekialdeko Nangarhar eskualdean aldarrikatu duen Jorasan wilaya edo probintziarekin bat egin ote duen susmoak zabaldu dira. Hala ere, ez dirudi talibanekin zuten ituna apurtu dutenik, ez behintzat aipatutako azken erasoei begiratuz gero.

Modu batera ala bestera izan, urtarrilaren 24an, Nangarhar eskualdeko Jalalabad hiriburuan eraso bortitza egin zuen Estatu Islamikoak Save the Children gobernuz kanpoko erakundearen aurka. Guztira hamar hildako eragin zituen hiru orduko erasoak, tartean erakundeko hiru kide eta zibil bat. Save the Childrenek Afganistango haurren aldeko kanpaina bertan behera uztea erabaki du.

Amaitu den astean bertan, Kabulgo Armadako Akademia bati egin dio eraso Estatu Islamikoko talde suizida batek, bost soldadu erailez. Joan den urrian, bertatik irten zen autobus baten aurkako atentatua egin zuten jihadistek, hamabost soldadu gazte hilez.

Kabul, Jalalabad... nork non eta noren aurka jo, lehia bizi eta odoltsua dago indarrean Afganistanen. Estatu Islamikoak herrialdeak pairatzen duen egoera baliatu nahi du bere kalifa herria Asia erdialderaino hedatzeko, eta, hala, bere aurkako norgehiagoka betean sartu dira talibanak.

Dena den, lehia horrek zerikusi gehiago du Afganistango Gobernuaren barne-krisiekin eta ahuldadearekin. Ashraf Gani presidentea (paxtua) eta Abdullah Abdullah lehen ministroa (tajika) elkar mokoka ari dira, eta ez dira gai gobernadoreen gaineko agintaritza inposatzeko ere.

Talibanak nagusi oraindik

Batzuetan muga lausoak dituen eraso-lehia horretan, hala ere, talibanak dira nagusi. Mugimendu talibana 90eko hamarkadan eman zen ezagutzera, Sobietar Batasunaren inbasioak porrot egin, Armada Gorria etxera itzuli eta Afganistanen hasi zen gerra zibilaren testuinguruan –gaur arte etenik izan ez duena–.

Jatorriz sufia den Deobandi korronte islamiko zuhurraren jarraitzaileak dira talibanak (arabieraz “Koranaren ikasleak”). Korronte horrek Indian eta Pakistanen du jatorria, eta, Islamabaden laguntzarekin, Afganistango egoera jasanezinarekin amaitzeko Kandahar hegoaldetik Kabuleraino iritsi ziren gerrillari talibanak pick-up ibilgailuetan, elkarren arteko borroka etengabeetan murgildutako “gerra jauntxoak” ihes egitera behartuz.

Jarrian, talibanek xariaren muturreko interpretazioan oinarritutako erregimena eratu zuten, eta, ordurako AEBen aurkako gerra betean zegoen Osama Bin Ladenen Al-Qaeda sareak, bertan aurkitu zuen babesa. Hau da, sobietarren aurka egiteko “brigadista” musulmanak batzeko jaio zen herrialdean bertan. 2001eko Irailaren 11ko erasoen ostean, baina, mendekua behar zuen George W. Bush AEBetako presidenteak eta Afganistan aukeratu zuen lehen jomuga gisa (Irakeko inbasioa iritsiko zen handik urte eta erdira, mendeku baino aitzakia gisa).

Bin Laden Washingtonen esku uzteko exijitu zien talibanei Bushek, eta, hauek, «musulmanen arteko hospitalitatea» zela eta, ez zuten amore eman. Hori bai, prest agertu ziren Al-Qaedako burua Afganistanetik botatzeko. Azkenean, baina, 2001eko abenduan, AEBen erasoa heldu eta talibanek Kabuletik ihes egin behar izan zuten. Afganistan hegoaldeko eta ekialdeko herrixketan eta jendearen artean desagertu ziren.

Inbasioak “gerra jauntxoei” ateak zabaldu zizkien berriro eta horiek herritarren kontra, batez ere gehiengoa diren paxtuen aurka, egin zuten. Afganiarrek ez dute sekula indar okupatzailerik onartu –errusiarrek eta lehenago britainiarrek ondo “ikasi” zuten moduan– eta, gerra jauntxoen gehiegikeriek eragindako haserrea nagusitzen zen bitartean, denbora kontua baino ez zen talibanen itzulera.

2002an ekin zioten talibanek gerrilla-gerrari eta atentatuei. Hamasei urte geroago 500.000 dira gerrak zuzenean edo zeharka hildakoak. Milioitik gora dira, gainera, etxetik ihes egin behar izan duten afganiarrak, askok erbestera, nazioarteak eta batez ere Europar Batasunak gerra errefuxiatu direnik ere onartzen ez dien arren.

AEBek babesten duten Kabulgo sasigobernuak Afganistango lurraldearen erdia ere ez du kontrolpean, Washingtonek 2001etik herrialdean 841.000 milioi dolar baino gehiago gastatu baditu ere. Zer egin ere ez dakite AEBek.

Vietnam gogoan

Talibanak jaun eta jabe dira Afganistango hegoaldean eta herrialde osoan ari dira borrokan, mendebaldetik ekialdera eta iparraldera (lurraldearen %40 dute kontrolpean). Azkenaldian hainbat eskualde, Helmand probintzia kasu, galdu badute ere –horren mendekua ere egon daiteke Kabulen atentatu-sortaren atzetik–, urtetik urtera lurralde gehiago bereganatzen dituzte talibanek. Hala, Afganistan mende berriko Vietnam bilakatzen ari da AEBentzat.

Anand Gopal Afganistango nondik norakoak ondo ezagutzen dituen kazetari estatubatuarrak oso argi du: «AEBek 2004an galdu zuten gerra. Ordutik hona egin duten bakarra Estatu afganiarraren porrota ekiditea izan da», azaldu du besteak beste “Harpers” eta “Atlantic” aldizkarientzat lan egiten duen erreportariak.

Afganistango azken inbasioaren historia laburbilduz, talibanak desagertzean Pentagonoak Afganistango gerra mantendu eta elikatu zuela salatu du Gopalek. «Horrela, bere presentzia justifikatzen zuen eta Irakeko eta –espero zen– Irango inbasioak prestatzen jarraitzen zuen». “No Good Men Among the Living; America, the Taliban and War Trough Afghan Eyes” bere lehen liburuarekin Pulitzer sariko finalista izan zen kazetariak dionez, horretarako «etsaiak sortu» zituzten estatubatuarrek.

Ziurtapen arriskutsua da oso Gopalena, AEBek eta oro har inperio guztiek betidanik izan dituztelako etsai asko Afganistanen, berauek elikatzeko behar handirik gabe. Dena den, AEBen estrategiaren ondorioak hor daude egun, eta egoera benetan korapilatsua da. «AEBek alde egingo balute Estatu afganiarra desegin egingo zen, eta, horretxegatik hain zuzen, uneotan ezin direla erretiratu ondorioztatu dute», azaldu dio Gopalek Sin Permiso webguneak argitaratu duen elkarrizketa batean. «Hori egiten ari gara orain estatubatuarrak, indar txiki bat mantendu bertan eta Gobernu afganiarra nolabait bizirik mantentzeko adina diru bidali. Horrela, Gobernuak zutik iraun dezake eta talibanek ezin dute Kabuleraino iritsi. Hala ere, Gobernu afganiarrak eta AEBek ere ezin dituzte talibanak garaitu, herrialdean, batez ere nekazaritza eremuetan ondo hedatuta daudelako. Betiko gerra da», azaldu du.

Trump eta Obama

Zentzu horretan, Trump Obamaren estrategia berdina jarraitzen ari dela dio Gopalek. Aurreko presidenteak tropak indartu zituen lehen unean (100.000 soldadu estatubatuar ziren Afganistanen 2011n), gerrari buelta eman eta gero erretiratzea helburu. «Kabulgo Gobernua ezin zuela bakarrik utzi konturatu zenean, Joe Biden presidenteordearen plana onartu eta soldadu presentzia murriztu zuen, nolabaiteko zaintza bereziko egoera mantenduz. Bitartean, talibanekin negoziatzeari uko egin zion, errendizioa baino ez zielako eskaini», deitoratu du.

«Trumpen estrategia Obamak utzi zuen tokian hasten da», jarraitu du. Horrela bada, 4.000 soldadu gehiago bidali berri ditu eta AEBen presentzia areagotzeko planak ditu, baina beti «neurrian». Nola ez, talibanekin hitz egitea pentsatu ere ez, «momentuz», esan berri duenez. Talibanekin ez du negoziatuko, baina beste arazo bat sortu Estatu Islamikoak ere Afganistanen lur hartu duenetik.

Jorasan eta Kalifa herria

Irakeko eta Siriako kalifa herriaren harira, 2014an eratu zen Joramsar eskualdean Afganistanen Estatu Islamikoak duen sukurtsala. Jorasan wilay-aren izena hartu zuen, Persiako Inperioak kontrolpean izandako Asia erdialdeko lurraldeen izen bera. Hasieratik talibanen mugimendua utzi zuten hainbat desertorek –urtetako gerra luzearen emaitzekin ase gabeak– eta Pakistango, Afganistango eta Uzbekistango jihadistek osatu zuten.

Estatu Islamikoa aspalditik da Kabulen bertan ere. Azken hemezortzi hilabeteetan hogei erasotik gora egin dituzte jada jihadistek Kabulgo segurtasun indarren eta militar estatubatuarren aurpegien aurrean. Adituen ustez, gainera, klase ertaineko afganiarrak erakartzea lortu dute eta ikaslez, irakaslez eta merkatariz osatutako dozenaka talde edo zelula sortu dituzte. «Jada ezin da esan Estatu Islamikoa Afganistango ekialdean dagoen taldea denik. Gero eta eraso larriagoak, egunez gainera, egiten ditu Kabulen bertan eta hori kezkatzekoa da oso», azaldu du Michael Kugelmanek, Washingtongo Wilson Center erakundeko adituak. Izan ere, Kabulen jihadistak ezkutatu gabe bizi dira, ikasi edo lan egiten dute, eta gauez biltzen dira ”gerra santuari” buruz eztabaidatzeko eta ondo baino hobeto ezagutzen duten hirian atentatuak antolatzeko. 2016an izan zuen “estreinaldia” Estatu Islamikoak Kabulen eta ordutik erasoak areagotu ditu, batez ere iazko maiatzean 150 hildako eragin zituen atentatutik.

International Crisis Group taldeko Borhan Osmanek azaldu duenez, jihadistak «ez dute zertan pobreak izan». Hori bai, guztiek «heziketa erlijiosoa» jaso dute. Estatu Islamikoak izugarrizko harrobia du, beraz, deobandismoak indar handia duen herrialdean. Gainera, «gerra eta biolentzia baino ezagutu ez duen belaunaldi bat dago Afganistanen, sentimen apurra ere galdu duena», Osmanen hitzetan.

Jihadista batzuk Kabulera «babes» bila joan izana ere ezin da baztertu. Batez ere AEBek joan den apirilean “bonba guztien ama” ezizenarekin bataiatutako bonbatzarra jaurtiz Estatu Islamikoaren ekialdeko gotorlekua gogor kolpatu eta gero. Iraketik eta Siriatik ihesi joandako Estatu Islamikoko kideak Afganistanera iritsi ote diren beldurra ere badago, batez ere jatorriz frantziarrak eta aljeriarrak diren hainbat jihadista atzeman dituztelako herrialdearen iparraldean.

Xiiten edota meskiten aurkako erasoak izango direla espero daiteke orain. Hala ere, Kugelmanen hitzetan, «Estatu Islamikoak zail izango du Afganistan islamaren korronteen arteko gerra-fronte bihurtzeko, herrialdean haustura lerro garrantzitsuenak etnikoak, eta ez erlijiosoak, direlako». Artean “poztu” egin behar...

Asia erdialdeko «Lehia Handiaren» atal berria

Afganistanek bizi duen egoera ulertzeko barne faktoreak kontutan hartu behar dira, Kabulgo Gobernuaren ahuldadea eta talibanen eta Estatu Islamikoaren arteko lehia tartean. Baina kanpoko faktoreak ere hor daude. Adibidez, ez da kasualitatea AEBen eta Pakistanen arteko krisia piztu denean Kabulek horrelako erasoaldia jasatea. Obamari jarraituz, Trumpek Islamabadi urtero ematen zion laguntza militarra eten egin du eta Armada pakistandarra, tartean Afganistango matxinoekin harreman estuak dituen bertako ISI zerbitzu sekretu ahalguztiduna, ez da oso pozik egongo.

Hala ere, beste aktore batzuk ere ari dira Asia erdialdean XIX. mendetik ematen ari den “Lehia Handiaren” kapitulu berria jokatzen. Errusia aktore zaharra da, eta, oraingoan, talibanei laguntzen ari da, Iranekin batera. Batetik, nahiago dituztelako Estatu Islamikoaren arriskua baino. Eta bestetik, horrela AEBei arazoak pilatzen zaizkielako. Hala ere, argi dago talibanekin negoziatu beharra dagoela Afganistango auzia konpondu bahi bada, Kabulgo Gobernuarekin eta Pakistanekin mahaian eserita. Washingtonek ez du oraingoz hori onartzen. Eta zenbat eta beranduago onartu, are eta handiagoa izango da Afganistanen pairatzen ari den porrot historikoaren tamaina.