Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

TRADIZIOARI EUSTEKO BERMEA, HERRIAK PARTE HARTZEA

Juan Carlos Ruiz | ARGAZKI PRESS
Juan Carlos Ruiz | ARGAZKI PRESS

Heldu dira. «Aratusteak? Oraindino ez, baina badatoz, bai». Heldu dira. «Ez, hemen dira». Badatoz eta iritsi dira, Malerrekara behinik behin. Aratusteak, inauteriak, ihauteak... Tradizioa, antzinako tradizioa. Batzuentzat, barauaren bezpera; beste batzuentzat, baraurik ez egiteko errituala, zomorroak eta izurriteak uxatzeko, alegia. Denentzat, jaia. Eta denentzako jaia, Malerrekan behinik behin. Tradizioa da, tradizio zaharretan zaharrenetakoa, eta jaia. Ia ezer debekatuta ez dagoen garaia. Izan ere, debekatzea gauza tristea izanik, jaietan debekatzea, are tristeagoa. Jaia herriarena baita, eta nork bere buruari debekua ezartzea ulertzen zaila da. Baina gertatzen da. Ituren, Zubieta eta Aurtitz ez dira hiri handiak, ez dira «jakituria» pilatzen den basamortu horietakoak (Artze gogoan), baina ongi dakite herria denak direla, zahar-gazteak, gizon-emakumeak, handi-txikiak… eta, bide batez, badakite, halaber, tradizioari eusteko modurik hoberena denek parte hartzea dela.