amagoia.mujika@gaur8.info
infraganti

LUDOBOOKS

Duela hiru urte jarri zuen martxan Eva Castillok Ludobooks proiektua, Bartzelonan. Bertatik josten ditu bezeroaren neurriko ipuin pertsonalizatuak; gaztelaniaz, katalanez, galegoz eta euskaraz. «On line» dendak artisau moduan egindako lanaren mimoa eta teknologiaren aurpegi atseginenak dakarren arintasuna konbinatzen ditu.

B artzelonatik azaldu digu Eva Castillok nola jarri zuen martxan duela hiru urte Ludobooks.com proiektua. Hain justu, Katalunian du motorra eta bihotza pertsonalizatutako liburuen on line dendak. «Ez naiz marrazkilari profesionala, baina bizitza guztian marraztu izan dut. Konturatuta nengoen nire semeak –orduan hiru urte zituen– askoz arreta handiagoa jartzen ziela nire kontakizunei bere moduko mutikotxo bat marrazten nionean ipuinetan. Proiektu bat martxan jarri beharra nuen eta ipuin pertsonalizatuen alorrari begiratzea erabaki nuen».

Argazkiekin pertsonalizatuta ipuinak topatu zituen nagusiki sektorean eta berak beste bide bat hartzea erabaki zuen: abatarrak. «Barcelona Activara hurbildu nintzen. Ekintzaileei laguntzeko programa bat da eta bertan jaso nuen nire negozioa martxan jartzeko beharrezko formakuntza. Artisaua zen zerbait egin nahi nuen, baina teknologiaren aurpegi atseginenarekin konbinatuta, proiektua gaur egungoa eta bideragarria izan zedin». Hartara, lehen hilabeteetan jo eta su aritu zen abatarrak marrazten; orrazkera desberdinak, jantziak, osagaiak, begiak... Finean, pertsonalizatutako liburuen oinarria osatzen jardun zuen. «Azken helburua da ipuina egin nahi duenak bere inguruko haur edo heldu horren abatarra egiteko osagai guztiak eskura izatea». Izan ere, Ludobooks.com-eko ipuinetan protagonistak eta istorioak aukera daitezke, hasi eta buka.

Behin abatarrak prestatuta, hiru ipuin eredu eskaintzen hasi zen. Gaur egun hamasei eskaintzen ditu eta eredu berriak prestatzen ari da. Lau hizkuntza ditu aukeran: gaztelania, katalana, euskara eta galegoa. «Nik oinarria jartzen dut, baina, gero, bezeroak aukeratzen ditu pertsonaiak, izenak, itxurak, testuak, egoerak... Oinarri horretatik abiatuta, norberak bere neurriko ipuina jasotzen du etxean».

Euskarazko testuak ez ditu Eva Castillok berak egiten. «Lagun bat daukat Betelun eta urtero bisitan joaten natzaio. Hamar bat egun ematen ditut bertan. Nire lagun horrek egiten dizkit euskarazko itzulpenak eta zuzenketak».

Ludobooks egitasmoak badu beste tasun garrantzitsu bat bere arduradunean esanean. «Ez dauka generoari lotutako estereotiporik. Oso pozik nago ezaugarri horrekin. Neskatoak, mutikoak edota helduak nahi eran konfiguratu ditzakezu, zuk aukeratutako orrazkeraz eta janzkeraz. Txorakeriatzat har daiteke, baina niretzat oso puntu garrantzitsua da, ez dudalako estereotipo estuetan sartu nahi eta mota guztietako familiak irudikatzeko aukera eskaini nahi dudalako», nabarmendu du Castillok.

Nola pertsonalizatu ipuin bat

Ipuin bat pertsonalizatzeko lehen urratsa Ludobooks.com atarian sartzea da. «Hamasei ipuin eredu daude aukeran. Horietatik zure ideiara gehien gerturatzen dena aukeratu behar duzu; jaioberriei oparitzeko ipuinak, maiteminduen ingurukoak, bidaietakoak, familiakoak... Behin eredua aukeratuta, pertsonalizatzeko prozesua hasten da konfiguratzaile baten bidez. Galdera erraz batzuk erantzun behar dira; adina, gustuak... Ondoren, abatarraren pertsonalizazioa egin behar da, protagonistaren itxura fisikoari gerturatzen zaion abatarra osatzeko. Eskaintzak jar daitezke, argazkiak... bezeroak nahi duen guztia. Ipuina erabat moldatzen da bezeroaren beharretara eta nahietara». Castillo buru-belarri harrapatu dugu Aitaren Egunari begira lanean. «Konturatu naiz Aitaren Egunekoa dela nire kanpainarik indartsuena, eskari gehien egun horren bueltan izaten baitut. Ipuin horretan haurrak dira protagonista –bat edo bi– eta aitari buruz hitz egiten dute. Eskerrak ematen dizkiote elkarrekin egiten dituzte gauzengatik, aitaren umetako argazkiak txertatzen dira ipuinean, umetan aita nolakoa zen kontatzen da... Arrakasta handia dauka ipuin horrek»

Ipuin pertsonalizatu horien arrakastaren muina lan horren atzean dauden denbora, mimoa eta dedikazioa dira. «Norbaitek oparia pentsatzen eta prestatzen denbora pasatu duela, zuri buruzko ezaugarriak pentsatzen aritu dela, zure umetako argazkiak topatzeko lana hartu duela... hori da benetan proiektuaren arrakasta. Nire eskaintza ona izan daiteke –eta nik hala uste dut–, baina ipuina berezi eta magiko egiten duena oparia egiten duen pertsona da zalantzarik gabe. Hain azkar doan mundu honetan, dena etxe izkinako denda txinatarrean azkar eta merke eskura daitekeen mundu honetan, norbaitek opari bat pentsatzeko eta prestatzeko denbora eta ardura hartzea, hori da benetako oparia. Ipuin emozionalak dira erabat», nabarmendu du Castillok.

Bezeroaren eskaerak eta nahiak ordenatzeaz eta atontzeaz arduratzen da proiektuko arduraduna. «Beren nahiak entzun eta nire ipuinetan ahalik ondoen jasotzen saiatzen naiz. Lehen proposamena egin eta berehala bidaltzen diet bide digitalen bidez, gustatu ote zaien edo aldaketaren bat beharrezko ikusten duten jakiteko. Behin ipuina orraztuta, inprentara doa. Orain, gainera, programa baten bitartez bezeroak une oro jakin dezake ipuina zein prozesutan dagoen. Hori oso garrantzitsua da, opariek garaiz iritsi behar dutelako», azaldu du.

Izan ere, Castillok mimo bereziz zaintzen ditu bezeroak, «oinarrizkoa» iruditzen zaiolako. «Nik nire bezeroekin hitz egiten dut etengabe. Proiektuaren atzean pertsona bat dago, ni neu, eta garrantzitsua iruditzen zait hori. Ipuina erabat pertsonalizatua izan dadin harreman hori beharrezkoa iruditzen zait».

Ipuinak formatu desberdinetan eskaintzen dira –tapa biguna edo tapa gogorra– eta horren arabera epeak aldatu egiten dira, baina hiru eta sei egun bitarteko epean jasoko du bezeroak eskatutako ipuina etxean. Bidalketa gastuak Ludobooks-en kontu joaten dira. Ipuinen kostua 29 eta 37 euro artekoa da.

«Badut beste eskaintza bat: panpina pertsonalizatuak. Ipuinerako osatutako abatarra oinarri hartuta egiten ditut panpinak eta poltsikoan QR kode bat jartzen diet ipuinarekin. Benetan opari ederra da. Jende askok panpina bera oparitzen du, paperezko ipuinik gabe, panpinak ipuina baitarama bere baitan», azaldu du Castillok.

Ludobooks-en bezero nagusia 25 eta 35 urte bitarteko emakumeak dira. Eta Euskal Herritik eskaera asko jasotzen omen ditu Castillok, «eta berdin segitu nahiko nuke!». •