Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Gizateria 2050 (II): Gogo burujabetza

Serie honetako lehen artikuluan munduko populazioaren hazkuntza eta honek ekarriko dituen erronkak komentatu nituen, elikadura burujabetza proposatuz 2050 postkapitalista helburu hartuta. Gizateriaren emantzipazioa eboluzio kultural sakon batekin lotzen dudalako egin nituen nire David Attenborough naturalistaren hitzak, gizakiak espezie bezala eboluzionatzeari utzi eta eboluzioa orain kulturala dela baieztatzen duenean. Alta, ñabardura bat egin nahi nioke gaurkoan baieztapen horri, eta espezie bezala eboluzionatzeko dugun aukera parez pare zabalduko dut. Eskuen erabilerak ekarri zuen garunaren garapena izan bazen gure espeziearen sorrera markatu zuena, zer ekar lezake makinekin dugun harremanaren garapenak?

Gaur-gaurkoz makinak egiteko gai direna oso oinarrizko lanak dira eta, xakean edo Go jokoetan errege izanagatik, adimen artifiziala oso mugatuta dago oraino. Are, “Mundua 2050” eztabaidako adituen ustez (serie honi bide eman dion “El País”-ek antolaturiko foroa), komunikazioa, enpatia, sormena eta egokitzea eskatzen duten lanek gizakien esku jarraituko dute XXI. mendearen erdian. Foroan parte hartu duen Rafael Yuste entzunda, baina, zalantza sortzen zait eremu honetan bizkortze handi bat emango ez den, garunaren ezagutzan ei datozen urrats kualitatiboen eraginez. Lerrootara maiz ekarri dudan zientzialari euskaltzaleak baieztatzen duenez, iraultza dator epe laburrean garunaren aktibitatea irakurtzeko metodoei dagokionez, eta, epe ertainean, aktibitate horren eta gogoaren arteko harremana deskodifikatzeko gai izango gara. Beste era batera esateko, mende erdia baino lehen pentsamenduak irakurtzeko –eta idazteko– gai izango omen gara!

Ezagutza horrek ekar dezakeen adimen artifizialaren bizkortzetik haratago, panorama are aztoratzaileagoa marrazten zaigu konputazio eta telekomunikazio teknologiekin batuz gero; garunak segapotoaren beharrik gabe jar litezke konputagailuekin harremanetan! Alegia, informazio bat bilatzeko telefonoari tap-tap egin eta pantailan irakurri ordez, pentsamendu baten bidez informazioa eskuratzeaz ari gara. Imajina ezazue egoera une batez...

Mugikorrekin dugun harremana maila kognitiboan aldaketak eragiten ari bada dagoeneko –“Egon” artikuluan aipatzen nuen, adibidez, kontzentrazio eta pentsamendu abstrakturako gaitasuna galtzen ari garela dagoeneko–, zer ez da gertatuko garunak Internetera zuzenean konektatzean? Yustek berak dioenez, teknologia horrek gizakiok garuna garatzea edota garun gaixotasunak sendatzea ekar dezakeen bezala, pribatutasuna edo identitate pertsonala XX. mendeko zaharren kontzeptu izatera ere eraman ditzake. Halako eraldaketa sakonik ematekotan, ez al dira espeziearen eboluziorako, edota are, espezie berri baten sorrerarako baldintzak jartzen ari?

Etikoki jokatu beharra azpimarratzen du Yustek, eta nik ere, ez nuke jausi nahi prospekzioak marko kapitalista zalantzetan jarri gabe egitera. Baina gogoaren gaineko burujabetzarik lortzen ez badugu, nago ziborg eta sapiens-aren arteko gudak marka dezakeela XXI. mendea. •