Maite Ubiria

Errepublikaren espetxe korridoreetan galdutakoa(k)

Michel Cardon du izena eta 67 urte ditu. Azken 40 urteotan, ordea, zenbaki bat baizik ez da izan. 7147 da bera izendatzeko erabiltzen duten zenbakia. Egun Bapaumeko presondegian dago. Ziega kide ohi batek dioenez, irribarre ederra du oraindik. Alta, bere begiek zuten distira hura itzal bilakatu zen aspaldi. Osasun makala du. Ez da harritzekoa. Zur eta lur utzi behar gintuzkeena oraindik ere bizirik izatea da. Gaitz baskular baten ondorioz hitz egiteko zailtasunak ditu. Edonola ere, hitz aspertuetan aritzeko joera, noizbait izan bazuen, aspalditik galduko zuela pentsa daiteke. Bere ziega kideak “La Voix du Nord” kazetari azaldu dioenez, 38 urtez ez zuen bisita bakar bat ukan.

Hain zuzen ere, preso ohia da frantziar espetxe sisteman nolabait “galdu” zen gizonezkoak urte hauetan guztietan izandako bisitari bakarra. Eta bisitari bakar horri egin zion galdera irlarik gabeko Robinsonek. Alegia, berari agindu zion bere askatasun eskaerari bide emateko. Hitza hitz, parloir delako horretatik atera, eta, 2016ko azaroan, 1977az geroztik kartzelan dagoen kidea behingoz aske uzteko eskaera egin zuen. Presoaren izenean aurkeztutako txostena iragan urtarrilaren 31n hartu zuen esku artean, segurtasuna ardatz hartuta, bere egoera aztertu duen CPMS batzordeak. Presence elkarteari esker jakin dugu, Lillen plazaraturiko txostenean, batzorde horretako kideek espetxe sisteman “galdutako” presotzat hartzen dutela Michel Cardon.

Beste lagun batekin batera auzo bati lapurreta egitera joan zen eta elbarri zen gizona kolpeka hil zuten. Amianseko herritarrak bizi arteko kartzela zigorra jaso zuen, 1979an. Teorian, hogei urteko espetxealdiaren ostean, baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea zuen. Alta, ordutik beste hogei urte egin ditu itzalpean, inor bere auziaz jabetu gabe, konderririk gabeko Montecristok. Bere dosierrean ohar gutxi daude. Hala ere, urteak joan urteak etorri, oraingoan jujeak, bihar, ostera, medikuak, iritzi bat edo beste eman dute. Betiere, norabide berdinean: presoak ez du damurik agertu, arrisku publikoa eragin dezake libre utziz gero.... Badakizue, presoak behar du preso segitu. Labirintoan osorik galdu arte.

Hilaren 15ean, “gizatasunaren eta justiziaren izenean” Cardon aske uzteko Macron presidenteari aurkezturiko indultu eskaerak izango duen ibilbidea ezagutuko omen dugu. Hala ere, frantziar presidenteak hartuko duen deliberoa itxaron gabe, ahazturiko pertsona honen historia argitara emateko premia sentitu dut, bere bizitzaren tarte handiena lapurtu dion espetxe sistema bera beste herritar anitzentzat ere sufrikario amaigabea izan dela agerian utzi nahian.

Urtarrilaren 1ean 68.974 herritar preso ziren frantziar Estatuan. Pentsa, 1980an, 36.000 preso zeuden. Kontuak kontu, 7147 zenbakia egokitu zaion gatibuarekin gertatuak, zifrek aspaldi galdu zutela arazoari tamaina hartzeko balioa, are gehiago irtenbidea ematekoa, erakutsi du, krudelkeria osoz. Euskal presoak gerturatzeko prozesua, elur maluta artean, abiatu den astean, egokia iruditu zait frantziar Errepublikaren espetxe korridoreetan galdutakoa(k) aintzat hartzea. Baita espetxean 28 urte betetzear diren Ion, Jakes eta Txistor labirintotik ateratzeko premia nabarmentzekoa ere (berdin espainiar Erresuman preso duten Unai). Elkartasuna aldaketaren motorra delako. •