Isidro Esnaola

Estatuek ba al dute neurri egokirik?

Europar Batasunaren mugak astindu ederra jasotzen ari dira. 2016ko ekainean Britainia Handiko herritarrek erreferendum bidez bertatik alde egitea erabaki zutenetik, Europako integrazio prozesua krisian da. Europar Batasuna zabaltzeko asmoak hoztu egin dira eta jarraitu beharreko norabidearen inguruan gero eta zalantza gehiago daude. Bestalde, Europako herri txikien artean Estatu propioa sortzearen aldeko mugimenduak biderkatu egin dira, besteak beste, Eskozian, Korsikan, Katalunian eta Euskal Herrian bertan. Erritmo ezberdinekin, independentziaren auziak bizirik dirau herriotan. Azkenik, Italiako hauteskundeen emaitzek erditik zatitutako herrialde bat utzi dute agerian. Azken finean, ez da soilik integrazioaren norabidearen kontua; Europaren erdian banaketa prozesuak indartzen ari dira.

Prozesuon inguruan hausnartzeko, Italian jaiotako ikertzaile batek, Alberto Alesina, tresna batzuk eskaintzen ditu. Alesina da Estatu baten neurri egokienaz hausnartu duen gutxietako bat. Lehen begiradan bere ikuspegiak sinpleegia dirudi, baina hausnartzeko behinik behin balio du. Bere iritziz bi joera kontrajarri daude. Alde batetik, ekonomialariek “eskala ekonomia” deitzen dutena dugu. Hau da, zenbait ekoizpen prozesutan, gastu finkoak handiak dira, eta, ekoizpena gero eta handiagoa izan, orduan eta hobeto: gastu finko handiok produktu gehiagoren artean banatuko dira, banakako kostua jaitsiz. Estatu baten kasuan, zenbait ondare publikoren kostua ere handia da, esate baterako, txanpon propioa izatea eta kudeatzea, ogasuna edo kanpo merkataritza. Baliabide handiak eskatzen dituzten ondareak izanik, Estatu txikientzat zama astunegia izan daitezke, pertsona gutxiren artean banatuko baita horien sustengua. Alesinaren ustez, badago kontrako zentzuan eragiten duen beste prozesu bat: multzo handiak anitzak dira eta heterogeneotasuna gobernatzea zaila da. Unitate txikietan ondasun kolektiboen inguruko partaideen iritzi eta lehentasunak hobeto hartzen dira kontuan; adostasun prozesuek kostu txikiagoak dituzte eta jarduera kolektiboak errazagoak dira. Unitate handienetan, berriz, aniztasuna biderkatu egiten da eta horrek gobernatzeko beharrezko kostuak handitzen ditu. Alesinaren ustez, estatuetan oreka bilatzen da etengabe eskala ekonomiak eskaintzen dituen onuren eta aniztasuna gobernatzeak sortzen dituen kostuen artean. Kostuak kostu, azkenean, indar harremanen araberako orekak gailentzen dira. Euskal Herrian, adibidez, bi estatuen ogasunez gain, beste lau ogasun ditugu. Baliabideen gastuaren ikuspuntutik egoerak ez du justifikaziorik, bai, ordea, lobby-en ikuspuntutik: koordinazio beharrak zergei buruzko eztabaida iritzi publikotik at uzten du, presioak erraztuz.

Estatuen arteko integrazio prozesuek orekok aldatu dituzte. Estatuek kudeatzen zituzten zenbait ondare publiko, Europar Batasunean txanpona edota kanpo merkataritza adibidez, estatuez gaindiko egituretara bideratu dira. Testuinguru horretan, kostu handiko ondare publikoak kenduta, gobernua hobetzeko unitate txikiak sortzeko joera indartu egin da, hau da, burujabetzaren aldeko mugimenduak berpiztu egin dira.

Kostuen eta gobernu hobearen arteko dialektika horretan koka daiteke independentziaren aldeko mugimenduen indartzea. Norabidea aldatzen hasi da eta integrazio proiektuak eten bat bizitzen ari dira mundu osoan zehar. Hori horrela, hobe dugu lanean jartzea testuingurua erabat aldatu baino lehen. •