Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
EHUko irakaslea

Hartzaileek albisteen kalitatea saritzen dute?

Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan (2004) adostutako laugarren oinarria hauxe izan zen: «Euskarazko kazetaritzak aurrera egingo badu, kalitateko gutxieneko estandar batzuk bermatzen direlako izango da».

Euskarazko hedabideen kalitatea Euskal Herriko erdarazko hedabideen kalitatearen parekoa dela egiaztatuta geratu zen “Albisteen kalitatea (Research on Basque Media's News Quality)” doktore tesian (2011). Hortaz, erronka berria hartzaileei dagokie: euskarazko hedabideetara kalitatezko edukien bila doaz?

Internetek hedabideak homogeneizatu ditu, irratiak, telebistak eta prentsa idatzia web bidez azken orduko albisteak eskaintzeko lehian aritzen direlako. “Uztaro” aldizkariak argitaratu berri duen “Hartzaileek kalitatea saritzen dute?” artikuluan, euskarazko lau hedabide nazionalen inguruko ikerketa azaltzen da. ETB1eko “Gaur egun”, Euskadi Irratiko “Goizak gaur”, “Berria” eta “Argia” aztertu ditu ikerketa horrek, haien webguneekin eta Twitter kontuekin batera.

Ikerketak erakutsi du Eitb.eus atariko indargunea ez dela oraingotasuna eskaintzea. Izan ere, Euskadi Irratiak eta ETB1ek azken hiru orduetako berri gehiago eskaintzen dituzte. Beraz, oraingotasunak ez du hartzaileengan eraginik. Horregatik, hartzaile euskaldunek euskarazko hedabideen webguneetan zein Twitterren aukeratzen dituzten albisteetan ez dute azken orduko berririk bereziki bilatzen. Alderantziz, hartzaile guztiek euskarazko hedabideetan, proportzio nagusienean, Euskal Herriko albisteak kontsumitzen dituzte. Horrenbestez, euskarazko hedabideetan gureak bakarrik diren edukiak aurkitu nahi ditugu. Gakoa, beraz, ez da ez azken orduko informazioa ez kalitate handiagokoa eskaintzea. Izan ere, kalitatetik aldentzen diren informazio-joerak ere nabarmen aukeratzen ditugu, baldin eta Euskal Herriko albisteak badira. Adibidez, jendarte sailean protagonista ezezagunak dituzten bertako albisteei lehentasuna ematen diegu, albistean agertzen den pertsona kaleko herritar anonimoa bada ere.

Albisteen protagonistei erreparatuta, agertzen diren gizon eta emakumeen presentzia berdintsua izatea da helburu. Euskadi Irratiko albisteetan agertzen den andrazko bakoitzeko, baina, hiru gizon agertzen dira; Etb1en, sei; eta, Eitb.eus-en, bost. “Berria”-n, ratio hori handiagoa da, paperean andrazko bakoitzeko sei gizon agertzen dira; eta, webgunean, hamasei! “Argia” astekaria parekidetasun informatiboa lortzen duen hedabide bakarra da, eta, webgunean ere, andrazko protagonista bakoitzeko bi gizonezko agertzen dira. Hala ere, hartzaileek ez dute parekidetasun informatiboari eusteko “Argia”-ren esfortzua saritzen eta gizonek protagonizatutako albisteak neurri handiagoan irakurtzen dituzte.

Parekidetasun informatiboari eusteko ahaleginak, gainera, kalitatean ere eragina du. Etb1en, adibidez, gizonen eta andreen arteko ratioa Euskal Herritik kanpoko albisteetan handiagoa da: 1-6 izatetik 1-24 izatera heltzen da! Horrenbestez, kalitatezko kazetaritzak, lehenengo eta behin, bertakotasuna eta bertakoen presentzia parekidea agertu behar ditu. •