Mikel Zubimendi

Mundu beldurgarriaz

Mundua leku arriskutsua da. Beti izan da leku arriskutsua. Lerro hauek idazteko orduan, adibidez, badirudi txio baten bueltan lehertuko dela III. Mundu Gerra. Trumpek Errusia ohartarazi du: «Presta zaitezte, misilak bidean dira». Errusiarrek diote erantzun egingo dutela. Mundu guztia beldurtuta dabil, jendearen artean sentimendu bat areagotzen ari da: ezin gara inorekin fidatu, ezin dugu ezer egin, ez dakigu nora jo, nora joan.

Bihotz taupadak azkartu egiten dira, presioa handitu, barnera begirako hausnarra geldiagotu, uzkurtu egiten gara. Baina erantzun bat eman beharko dugu, ezta? Hori dugu sortze berekoa, senezkoa, gure burmuinaren baitako indarra. Nola erantzun? Edo aurre egin, edo ihes egin, edo bertan kieto izoztuta geratu. Beldurrarekin ezin gara betirako bizi, ahituta eta gaixotuta bukatuko genuke.

Trump ankerra, heldugabea, gizagabea eta baldarra dela badakigu. Lotsa ematen du. Eta benetan pentsatzen duena esaten duenean eragiten du beldur handiena. Ahaztu, baina, Trump, Putin edo bakoitzaren deabru beldurgarriena. Giza garapeneko une beldurgarrienean gaude. Planeta suntsitzeko teknologia eta armak ditugu, baina ez Planetatik ihes egiterik. Agian hemendik urte batzuetara izar propioa hartuko dugu guretzat euskaldunok eta bertan aldarrikatuko dugu euskal errepublika. Baina, oraingoz, mundu bakarra dugu, mundu beldurgarri hau.

Trumpek baino, III. Mundu Gerra klimak eragingo du, agian. Edo urak. Edo elikagai produkzioak, edo gainpopulazioak, edo desberdintasun ekonomikoek, edo espezien desagerpenak, edo ozeanoen gazitzeak, edo denek batera. Beldurgarria da. Bere barne kontraesanak kudeatzeko gai ez den mundu honetan, askoz gertuago, Espainian, beldurraren erreinua indarrean dela badakigu, frankismo soziologikoa frankismo politiko bihurtu dela, gaurkotuta. “Sen onak” aginduta, “jende normalak” beldurra du pentsatzeko, beldur da adierazteko, beldurrak agintzen baitu.

Mundu beldurgarri honetan, gure herri txiki honetatik, politikoki, zer egin? Nora jo? Nola erantzun? Baneki! Badakit, baina, beldurrak ekitera eraman gaitzakeela, ez dela betirako egoera bat. Bizi ditugun garaiotan gure energiak prest behar ditugu, arnas luzerako, zooma urrutiko gogomiran beti, ondo pentsatzeko, arazoak konpontzeko erabaki argi eta eraikitzaileak hartzeko. Beldurraren atzaparretatik ihes egiterik ba al dugu? Horixe bera da hainbat aldiz, egunero-egunero, neure buruari egiten diodan galdera-mailua.

Badira, baina, egin daitezkeen ekintza (politiko) txiki batzuk, beldurraren garaiotan esanahi handikoak. Aurrena arnasa hartzea da, luze, sakon, nonahi, noiznahi. Itolarrian ez estutzea, alarma eta marra gorri larregi ez jo edo marraztea. Gero, ekin, jardun; beldurra ekintza egin, marmarrean arazoak anplifikatu baino, soluzioetan ardaztuz. Altxa kokotsa eta urruti begiratu. Eta aukeran, aukeratu baikortasuna. Estresa gutxitu, azkarrago eta hobe pentsatu, soluzioak bilatzeko sortzaileago egingo gaitu. Bestalde, esker onekoa izatea beldurraren aurrean antidoto ona da, eta, alaitasuna bilatzea eta zabaltzea, erresistentzia ekintza bat. Alaitasuna ez da zoriontasuna eta munduaren egoerarekin zoriontsu ez izateak ez du esan nahi alai izaterik ez dugunik.

Tira, lerrook argitaratzen direnerako gerra beldurgarri bat lehertuko da agian leku beldurgarria den gure mundu petralean. Beldurrak iluntasuna dekretuz ezarri nahi du. Baina, argi. Eta iluntasuna ez bada hilobiko iluntasuna, baizik eta umetokikoa? •