Nerea Goti
IKUSTERIK BALEGO

Errealitate areagotuko betaurrekoak eta utzitako jarduerak berreskuratzeko aukera

Ikusmen urritasuna tratatzen duten adituek diotenez, egun badago tresna bat hainbat jarduera ezinbestean utzi behar izan dituztenentzat: errealitate areagotuko betaurrekoak. Oraindik poltsiko guztientzako eskuragarriak ez badira ere, inbertsio interesgarria izan daitezke hainbatentzat, adibidez irakurtzeko gaitasuna berreskura dezaketenentzat.

Errealitate areagotuko betaurrekoak ez dira jada fikzioa, geratzeko heldu dira, eta, adituen ustez, denbora kontua da gure artean ere ugaltzea. Egun guztiok erabili ohi ditugun beste gailu batzuekin gertatu den antzera, konturatu orduko erabat normala izango omen da betaurreko horien erabiltzaileak kaletik ikustea.

Ikusmen urritasuna duten paziente batzuentzat bizitzaren ohiko erritmoa berreskuratzea izan daitekeela diote adituek, eta hor dago gakoa. Oraindik ez daude poltsiko guztien eskura, baina hori ere helduko omen da. Etengabe ari dira gailu berriak sortzen, aurreko modeloak hobetzen. Logikoa da pentsatzea prezioa ere murrizten joango dela erabilera ugatzen den heinean.

Bilboko ICQO Oftalmologiako Institutu Kliniko Kirurgikoan errealitate areagotuko betaurrekoen erabilera lantzen ari dira. Hara joan da GAUR8 galdezka eta ezinbesteko lehenengo galdera da errealitate areagotuko betaurreko horiek zelan funtzionatzen duten argitzea. Itxaso Herrera doktorea gailuon erabileran aditua da. Funtzionamenduan sakondu aurretik, kanpotik estetikoki errealitate birtualeko betaurrekoen antza dutela esango dugu, baina hain esajeratuak izan gabe. Gutxika-gutxika, gainera, gailuak gero eta diskretuagoak, erabilgarriagoak, arinagoak eta erosoagoak bilakatzen ari dira.

Funtsean, begi aurreko gailuak eta berau eusteko buruan jarri beharreko diademak baino ez dute osatzen tresna. Berez, pantaila batek eskaintzen duen erabateko eskuragarritasuna daukate betaurrekook. «Altxatu eta jaisteko diadema bat dute, aginte bati lotuta, eta errealitatea handitzeko aukera dago; aurrean dagoenaren tamaina handitu egin daiteke, enfokatu, kontrastea egokitu... Oro har, pantaila batean argazki bat tratatzeko dauden aukera berak ematen dituzte betaurrekook», Itxaso Herrera doktoreak azaldu duenez. Argazkiak egiteko, irudiak handitu eta estatikoki ikusteko edota wifi edo bluetooth bidezko konexioei esker bideoak ikusteko aukera ere badago.

Herrerak dioenez, betaurrekook erabiltzea ez da berez zaila. Egun sakelako telefonoek eskaintzen dituzten aukera berberak eskaintzen dituzte. «Betaurrekoak jarrita liburu bat irakurri ahal duzu, ordenagailua begiratu edo kaletik joan. Hori bai, berez, betaurrekoak ez daude azken horretarako pentsatuta, gauza estatikoak ikusteko baizik». Adibide bat jarri du: «Aireportuan, hegazkina hartzeko atearen zenbakia ikusi nahi badugu, gelditu eta betaurrekoak jartzearekin nahikoa da, berdin kale baten izena ikusi nahi badugu...».

Erabiltzaile jakinentzat egokiak

Itxaso Herrerak azaldu bezala, ESIGHT teknologia erabiltzen dute betaurrekoek, eta erabiltzaile jakin batzuentzat dira egokiak. Zehaztu duenez, erabiltzaile potentzialak ikusmen gaitasun normala duen pertsona baten %10 eta %30 artean ikusten duten eta 10 eta 20 gradu arteko ikuseremua duten pazienteak dira (ikuseremu normala 150 gradukoa da). Pertsonon ikusmen arazoaren larritasunaz jabetzeko, kontuan izan behar da %10etik eta 10 gradutik behera, itsutasuna legalki onartzen zaiela ikusmen arazoak dituztenei. «Normal ikusten dutenen eta itsutasuna legalki onartuta dutenen artean daude balizko erabiltzaileak, hau da, ikusmen desgaitasunen bat duten pertsonak dira. Aipatutako irizpideak betetzeaz gain, inolako irtenbide mediku, kirurgiko edo optikorik ez duten pazienteak dira», argitu du.

Baina zer diote erabiltzaileek? Herrerak aipatu duenez, egunerokoan, aisialdian zein lanean, betaurrekoek ematen duten autonomia nabarmentzen dute gehienbat. Ikusmen urritasuna izan eta lan munduan jarraitu nahi duen norbaitentzat, adibidez, paregabeak dira. Lanean jarraitu nahi duen lagun horrek, besteak beste, betaurrekoekin aireportuetatik bakarrik mugitzeko aukera izango du, konferentzietan parte hartzekoa, Power Point dokumentu bat ikustekoa, batzar batean parte hartu eta ordenagailuan kontsultak egitekoa...

Herrerak nabarmendu bezala, existitzen direnik ere ez dakizun lanak daude, eta, hala, kasuan-kasuan deskubritzen joaten dira betaurrekoek izan ditzaketen erabilera berriak. Ildo horretan, argi utzi du ikusmen zailtasunak dituen pertsonak betaurrekoak bere beharretara egoki ditzakeela.

Gailuak bost orduko autonomia du, baina normalean betaurrekoak ez dira bost orduz jarraian jantzita eramaten. Lan mundutik harago, eguneroko bizitzako egoera ugaritan ere benetan lagungarriak izan daitezke betaurrekoak.

Adituak aipatu duenez, ikusmen urritasunak eraginda badago irakurtzeari utzi dionik edota aisialdiko hainbat jarduera alboratu behar izan duenik. Horrek pixkanaka kikiltzera eramaten ditu ikusmen gutxiko pertsona asko, etxean geratzera. «Errealitate areagotuko betaurrekoekin, aldiz, ikusiko dute alboratu behar izan dituzten gauza horiek berreskuratu egin ditzaketela, irakurtzeko gaitasuna berreskuratzeak, adibidez, bide asko zabaltzen ditu. Oro har ikusiko dute bizitza hobea izan dezaketela, eta, seguruenik, gauza berriak egiteko planak sortuko zaizkie», nabarmendu du.

Interneten, denaren erakusleiho eta denaren saltoki den horretan, informazio ugari eta eskaintza zabala dago. Herrerak, baina, ez du zalantzarik: errealitate areagotuko betaurrekoak probatu nahi dituenak zentro profesional batera jo behar du. Ikusmen urritasuna «optika purua» dela azaldu du, handipenak «zenbaki matematikoak» direla eta paziente bakoitzaren neurrira egin behar direla. «Mundu guztiak ezin du dena erabili, eta handipen guztiek ez dute mundu guztiarentzat balio. Paziente bakoitzak behar jakin batzuk ditu eta hori neurtu egin behar da», zehaztu du Herrerak.

«Hau hizkuntza baten modukoa da, erabili egin behar da, eta, zenbat eta arinen hasi, hobe», gaineratu du. Baina profesional baten ondoan ikasi behar da betaurrekoak nola erabili. Adibide gisa komentatu du duela urte asko irakurtzeari utzi dionak bide bat egin behar duela gaitasun hori berreskuratzeko, eta horretan laguntza ezinbestekoa dela.