Mirari Martiarena Iraola

Errespetua

Ez dut gauza berririk esango Altsasuko gazteei buruz. Ez dut esan gabekorik asmatuko. Ez dut ideia berririk argitaratuko. Sentitu eta pentsatu ditudan guztiak medioetan eta sarean elkarbanatu direlako dagoeneko.

Euskal Herrian nahiko sentimendu bateratua izan dugula esango nuke: amorrua eta frustrazioa. Liskarra gertatu zen gau hartatik, epaiketa pasa, sententzia jakin eta aste honetako atxiloketetaraino.

Ustez, garai berrietan bizi gara, baina irudi zaharrak, lehen ikusitakoak eta bizitakoak izan ditugu aste honetan ere. Guardia zibilez betetako kaleak, herri bat, berriz ere Altsasu, hartu duten patrol berdeak. Ustez beste garai batzuk, baina usteak erdia ustel oraingoan ere. Garai berrietan ere lehengo lepotik burua.

Ekainaren 16an berriz Iruñean elkartuko gara. Altsasuko gazteak, euren familiak, lagunak eta altsasuarrak babesteko eta elkartasuna adierazteko. Ez ditugulako sentimendu zaharrak nahi ustezko garai berrietan.

Auzitegi Nazionalaren sententzia errespetuz hartu duenik ere bada. Errespetua norbaiten aurrean adeitasunez eta onginahiez jokatzera bultzatzen gaituen sentimendua bada, argi dago hori esan duenak nor eta zer errespetatzen duen. Baina errespetatu zer preziotan ordea? Beste behin ere justizia ez da denentzat berdina. Begiak tapatuta dituen arren, balantza duen aldera bota du oraingoan ere arbola. •