Pablo Ruiz de Aretxabaleta
ZERGAK NORI ORDAINDU?

Rojavan, Siriako Kurdistanen, merkatariak kexu dira bi zerga sistema dituztela-eta

Gobernu autonomo kurduak zerga sistema berri bat jarri du indarrean merkataritza arloan Siriako iparraldean. Baina, aldiz, Siriako Gobernuak ez dio utzi bertan zergak jasotzeari. Hala, merkatariak kexu dira, bi aldiz ordaindu behar dutelako, nahiz eta zerbitzu egokirik jaso ez. Tokiko agintari kurduek «segurtasuna bermatzen dietenei» ordaintzeko eskatu diete herritarrei.

Siriako iparraldean eredu autonomoa garatu dute kurduek, federalismo demokratikoa oinarri hartuta. Aldiz, horrek ez du Estatu siriarren presentzia erabat desagerrarazi. Eta horrek, hainbat herritan, bi administrazio ezberdinen arauetara moldatu beharra ekarri die herritarrei, batzuentzat arazo larriak sortuz, batez ere zergak ordaintzerako orduan.

Siriako gerra hasi zenetik, Rojava Kurdistango eskualdean autogobernu eredu berri bat ezarri dute indar kurduek. Estatu Islamikoaren aurkako borrokan ari ziren bitartean, gainera, antolakuntza berri bat hedatu zuten.

Konfederalismo demokratikoa eredu, estatua ez den administrazio politikoa antolatzeko helburua dute kurduek, «estaturik gabeko demokrazia». Eta hala egiten hasi ziren 2016tik aurrera. Behetik gorako egiturak eraikiz. Aldiz, azken hilabeteotan gerrak hartutako norabidearen ondorioz, Siriako Armadak ere bere kontrolpeko lurraldeak zabaldu ditu, eta, Turkiaren esku hartzearen ondorioz, Rojavan bi administrazio elkarrekin nahasten dira uneotan.

Horren erakusle, gobernu autonomo kurduak merkatariei etekinen gaineko zerga berria ezarri dien honetan, Damaskoko Gobernuak ere bere zergak jasotzen jarraitzen du. Dagoeneko egoera ekonomiko zailean ziren merkatariak, kexu dira. «Bi zerga sistema izatea zama handia da, jarduera ekonomikoa eta gure etekinak oso txikiak direlako gerraren ondorioz», salatu du Nabil Adamek. Qamishloko 34 urteko herritarrak jantzi denda bat du Siriako Kurdistango hiri horretan.

Siriako Armadak presentzia mugatua du Rojavako hainbat ingurutan. Baina, hala ere, Siriako Gobernuak zergak biltzen jarraitzen du. Agintari kurduek, berriz, segurtasun indar eta hezkuntza programa propioak ezarri dituzte, eta iaz zergak kobratzea erabaki zuten. Horri esker, 349 milioi libera siriar bildu dituzte iazko urritik aurtengo apirilera bitartean –800.000 dolar–, Khaled Mahmud Rojavako Ogasuneko zuzendariaren arabera.

Dirua nora doa?

Merkatarien ustez, ezarritako zergak altuegiak dira dituzten diru-sarrerak kontuan harturik. Are, zerbitzu publikoen egoera ikusita, justifikaziorik ez dutela uste dute. «Ura, elektrizitatea, hezkuntza, osasuna... dena falta da. Horregatik ez du ordaindu nahi jendeak», adierazi dio AFP agentziari Fayez Abbasek, produktu kosmetikoak saltzeko duen dendan.

«Dirua nora doan jakiteko eskubidea dugu», nabarmendu du Abbasek. Eta mezu argi bat ere helarazi du: «Zerbitzuak bermatuta egonez gero, merkatariak zerga gehiago ordaintzeko prest egongo gara».

Hain zuzen ere, agintari kurduen arabera, merkataritzako zerga sistema oinarrizko zerbitzuak hobetzeko ezarri dute. Beste sektoreek, berriz, ez dute horrelako zergarik ordaindu beharrik. Funtzionarioak dira salbuespena, Damaskoko Gobernuari zergak ordaintzen baitizkiete.

«Gobernu autonomoak zerbitzuak hobetuko ditu, eta zerbitzu gehiago ere eskainiko ditu. Baina horretarako finantza baliabide gehiago behar ditu», azaldu du Khaled Mahmudek. Merkatariek jasaten duten egoerari buruz galdetuta, Rojavako Ogasuneko zuzendariak herritarren esku uzten du erabakia: «Herritarrek aukeratu behar dute nori ordaindu, segurtasuna bermatzen dionari, erregaia eskaintzen dionari, zerbitzuak eskaintzen dizkionari... edo ezertxo ere eskaintzen ez dionari».

Baina farmazia bat duen Afarta ez dago lasai. «Jada ez dakigu nori ordaindu ere. Lehen gure etekinak %50ekoak ziren, baina orain egoera guztiz ezberdina da, bi zerga ordaindu behar baititugu», salatu du 29 urteko gazteak.

Zerga progresiboa

Agintari kurduek azaltzen dutenez, ezarri duten zerga progresiboa eta bidezkoa da, eta irabazietan oinarrituta dago. Zerga kalkulatzeko etekin garbia hartzen dute oinarri. Urtean 1,2 milioi libera siriar (ia 2.800 dolar) baino gutxiagoko irabaziak dituztenek, adibidez, ez dute ezer ordaindu behar. Kopuru horren gainetik, aldiz, zerga tasa progresiboki igotzen da. Hala, urtean 1,2 eta 2 milioi libera arteko etekinak dituztenek %1eko tasa ordaintzen dute, eta, 5 eta 7 milioi artean irabazten dituztenek (11.494 eta 16.000 dolar artean), %7ko tasa. «Tasa %24ra irits daiteke urtean 100 milioi libera baino gehiago irabaziz gero», dio Mahmudek.

Baina merkatari batzuk zalantzan jartze dute kalkulua egiteko erabilitako sistema. «39.000 libera ordaindu behar izan nituen nire dendagatik, beraz, nire zerga txikiagoa izan beharko litzateke», azaldu du Mohamed Rifaat Khalil zapata saltzaileak. «Lan beherakada izugarria jasaten ari gara. Galerak ditugu. Egia esan, ez dakit nola kalkulatzen dituzten zergak!», adierazi du.

Zergak indarrean bat-batean sartu izanak ere haserrea eragin du merkatariengan. Hasiera batean zerga bilketa 2019an hastekoa zen. «Funtzionarioen soldata bi aldiz igo da jada, eta hori konpentsatzeko egin da», azaldu du Dalbrine Mohamadek. Kontseilu lokaleko kidea da, eta egoera ekonomikoa ez dela batere ona onartu du.

Zergekin gertatzen ari dena autonomia kurduaren mugen adibide argia da. Duela gutxi arte, Rojavako herriak antolatutako kontseiluek ez dute garapen ekonomikoan esku hartzeko beste indarrik izan. Negozio arloan eta merkataritzan ez zuten zergarik jasotzen eta diru sarrera gehienak lehen estatuarenak ziren enpresetatik lortzen zituzten. Gainera, Estatu siriarra ez da inoiz erabat desagertu. Armada 2012an erretiratu bazen ere, Estatu zentralizatuaren instituzioek bertan diraute. Alde batetik, Estatu siriarrari lekua utzi zioten kurduek, gatazka zuzena ekiditeko. Arlo militarrean izandako nolabaiteko isilpeko itunak talka saihestu zuen moduan. Hala, gatazka batzuk izan diren arren, inoiz ez da piztu gerra irekirik indar kurduen eta Siriako Armadaren artean.

Bestalde, konfederalismo demokratikoaren izaera bera kontuan izanik, kurduek ez dute Estatua erabat suntsitu eta beste bat eraikitzea xede izan. Horregatik, hainbat arlotan Estatuaren presentzia onartu dute, modu demokratikoan antolatu ahal izan arte.

Agintari kurduek jarduera ekonomiko osoa euren esku hartzerik ez zutela ere kontuan izan behar da. Petrolio industria mantentzeko, adibidez, gobernuko ingeniarien beharra zuten. Hala, hasiera batean, osasun sistema, ura, elektrizitatea eta hezkuntza Damaskoren esku geratu ziren, eta Gobernu siriarrak hainbat instituzio mantendu zituen. Ondorioz, orain zergekin gertatu bezala, hainbat bikoiztasun eman dira. Gaur egun, kurduak erabat autonomoak dira lehen hezkuntzan eta osasungintzan. Bigarren hezkuntza eta unibertsitatea ere kontrolpean dute hein handi batean, baita ur-sareak, argi-indarra eta ospitaleak ere.

Harremana ez da inoiz eten

Egoera horrela, indar kurduen eta Damaskoren arteko dependentzia sortu da hitzarmen informal ugariren ondorioz. Esaterako, Damaskok Rojavako petrolioa erosten du, atzerriko erosketak mugatzeko. Armada siriarraren eta indar kurduen kontrolpean dauden eskualdeen arteko merkataritza ere ahalbideratzen da batzuetan.

Kontuak kontu, baina, ikusteko dago bi aldeek bizirauteko orain artean ezinbesteko izan dituzten harremanek zer etorkizun duten. Batez ere kurduak gero eta bakartuagoak dauden honetan AEBek eta Errusiak egindako azken mugimenduen ondorioz.