Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Arimaren minbizia: eta izoztu nintzen haur nintzela...

Euskal Herrian badago inoiz aipatzen ez den arazo handi bat. Landa eremuetan, herrietan zein hirietan ematen da. Berdin du hilabetearen bukaerara iristen zaren edo ez, maila ekonomikoa ez baita erabakigarria. Eta, nahiz eta nesketan gehiago eman, mutiletan ere ematen da heriotza isil hori. Tabua da gure herrian, sekretismo erabatekoan murgilduta dago. Minbizi ezkutu bat da: arimaren minbizia.

Belaunalditik belaunaldira pasatzen da birus bat izango balitz bezala. Eta era askotara harrapatzen du biktima: osabak iloba, anaiak arreba txikia, bizilagunak neska txikia, kirol hezitzaileak mutil gaztea, apaizak nerabea… Kasu gehienetan haurraren inguruko pertsona bat izaten da arazoaren sortzailea.

Denboran zehar maiztasun batekin errepikatzen da erasoa. Beti haurrarekiko joko manipulatzaile eta limurtzaile bat dago tartean, eta xantaia zerbait esaten badu: biktimak berak nahi izan duela, inork ez diola sinetsiko... Botere harreman bat da, adinean alde handia dagoelako, gutxienez bost urtekoa.

Herritarren %10-20 inguruk jasan dituzte sexu abusuak haurtzaroan; kasuen %80an, gainera, haurraren inguruko gertukoren batek egindakoak. Euskal Herrian salaketa kopurua oso baxua da, kasuen %2 inguru soilik salatzen dira.

Abusu sexualek haurrengan dituzten ondorioak izugarriak dira. Pertsona bere muin intimoan puskatzen da, bere arima izoztuz. Gainera, aita edo ama direnean erasotzaileak, haurraren sufrimendua handiagoa da, isilik eta sekretuan bizitzen baitu egoera.

Helduaroan, beste sintomatologia bat agertzen denean, pertsonen traumak terapiaren bitartez osatzen saiatzen gara. Berriz, haurrekin lanean ari garenean, askotan haurra ez da ausartzen gertatzen zaiona esatera, beldurrarengatik izututa eta izoztuta dagoelako.

Emakume eder bat ezagutu nuen, izugarrizko depresiorekin, alkoholarekiko adikzioa zuenaEmakume haren ibilbidea izugarria izan zen psikiatratik psikiatrara, medikutik medikura: neurologoak, iriologoak, xamanak… Inork ez zuen lortu hura sendatzea; esaten zuenez, arimako minbizia zuen. Bere ama hil zenean, orduan bakarrik, ausartu zen gertuko pertsona bati aitak behin eta berriz egiten zizkion abusu sexualak kontatzera. Baina ordurako berandu zen. Kontatu eta bere buruaz beste egin zuen, azkenean bere burua sendatuz.

Euskal Herrian eskoletako hezkuntza egitasmoetan txertatutako sexu heziketako ikasgaiak behar ditugu, Haur Hezkuntzatik bertatik hasita. Ikasgaiotan haurrei gaiok nola aurreikusi irakatsi beharko genieke, beraien gorputza nola zaindu eta maitatu, baita batzuetan maitasun batzuk maitasun gaixoak izaten direla ere. Beste gai batzuen artean, abusu sexualen prebentzioa beharrezkoa dugu, eta garaia da tabu asko landu eta sekretismo gaixook azaleratzeko !

Eskerrik asko EAEko arartekoari, pasa den uztailaren 4an Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan eskainitako “El abuso sexual infantil. Una realidad compleja que interpela a toda la sociedad” ikastaroarengatik. Oso interesgarria izan zen.

Denon artean indarrak batuz, ea minbiziok ere sendatzen saiatzen garen. Izan ere, gure haurren osasuna jokoan dago! •