Xabier Izaga Gonzalez
HERRIGINTZA, SARITUTA

OkupaTU Gasteiz dinamikak jaso du Txosnisaria bere urtebetetze borobilean

Gasteizko Txosna Batzordeak urtero lagun edo kolektiboren bati ematen dio Txosnisaria, urtean zehar herrigintzan egindako lana eskertzeko. Aurtengoan OkupaTU Gasteiz herri dinamikari eman dio, haren baitako kolektiboen aurtengo urtebetetze borobil eta berezia txosnagunean bertan ere ospatzeko asmoz.

Amaitu dira Gasteizko jaiak eta segurutik momentu politak utzi dizkiete hainbati. Beste batzuei, berriz, momentu latzak. Eskuarki emakumezkoren bati. Denon kalterako momentutzat hartu beharrekoak, oraindik. Txosnetara joateko ohitura dutenek horren eta beste kontu askoren kontzientzia hartzeko beharra errazago sumatzeko aukera dute, nonbait, jai giroari apurrik kendu gabe.

Bertan izan gara asteon. Harako bidean, taberna batera sartu gara. Gure aurretik, kuadrilla bateko lagun batek garagardo batzuk eta baso bi ur eskatu ditu. «Botila behar du izan», esan die zerbitzariak. «Tira, botilatxo bi ur», bezeroak. Txosnetan, jendea ogitartekoak jaten hasi da. Haietako batean aurreko tabernako kuadrilla bera dago. Eskatu dituzte ogitartekoak. Edateko, botila bat ardo (geroxeago, beste bat), garagardo bi eta botila bat ur. «Nahi baduzu, aterako dizugu, baina jendeak txorrotakoa edatea nahiago dugu». «Ederto!», besteak. Txosna guztietan lehen aukera txorrotako ura dutela jakin dugu, plastikoaren erabilera murrizteko. Gainerako edariak edalontzi berrerabilgarrietan zerbitzatzen dituzte. Horrez gainera, jasotako hondakin organikoekin konposta egin dute.

OkupaTU Gasteiz, saritua

Urtero, urtean zehar herrigintzan egindako lanagatik Txosnisaria ematen diote lagun edo kolektibo bati. Izan ere, txosnetan sustatzen dituzten eta nagusi diren balioak ez dira jaietako egunetarako edergarri hutsa. Iaz, AEK-k jaso zuen saria, gasteiztarrei euskara ikasteko aukera eskaintzeagatik eta txosna giroa euskalduntzen egin duen lanagatik. Euskaraldiak bere lekua izan du aurten txosnagunean. Euskara da, hain zuzen, bertako jai ereduaren ezaugarri nagusietako bat, feminismoa, parte hartzea eta kolektibismoarekin batera. Aurreko urteetan, besteak beste, Martxoak 3 Elkartea, Blanki Antepara, Gora Gasteiz eta Errekaleor Bizirik proiektuek jaso dute Txosnisaria. Aurten, OkupaTU Gasteiz herri dinamikari eman diote, hirian, autogestioa oinarri, egiten duen lana eskertzeko.

Hilabete batzuk baino ez ditu herri dinamika horrek; hala ere, haren urtebetetzea dela esan liteke, «urtebetetze borobila». Eta aniztuna. Zehazki, urtarrilean aurkeztu zuten okupazioa eta elkartasuna aldaketarako tresna gisa aldarrikatu eta gauzatzen ahalegintzen den OkupaTU Gasteiz. Dinamikan parte hartzen dutenetan beteranoena Hala Bedi irratia da, aurten 35 urte beteta. Gaztetxea, beti bezain gazte badirau ere, urteetan aurrera doa; maiatzean bere 30 urteko ibilbidea laburbiltzen duen liburua aurkeztu zuen. Hamar urte bete ditu Auzolana pilotalekuak, Gasteizko Alde Zaharreko bizilagunen beste autogestio eredu bat. Azkenik, Errekaleor Bizirik proiektuak bost urte daramatza beste bizi eredu bat posible dela erakusten.

Txosnisaria, beraz, kolektibo horien lanaren aitortza ez ezik, urtebetetze laukoitz horretan egindako oparia ere bada, eta Gasteiz hoberantz aldatzeko lanean jarraitzeko bizigarria. Zorionak, beraz, OkupaTU Gasteiz ekimenari, zorionak herrigintzari eta horren adibide den txosnaguneari.