Saioa Aginako Lamarain
Psikoterapeuta

Orakulu bat Delfosen

Oporraldi batean, Apoloren tenplua esploratzen ari nintzela, harrian zizelkatutako ondorengo esaldiarekin topo egin nuen: zeure burua ezagutu ezazu. Zein zara? Ba al daukazu erantzunik galdera horrentzat? Bakarra? Anitz? Bat ere ez? Ez al da munduko galderarik zailena? Ohikoa da bakoitzak, bere burua aurkezterakoan, berari buruzko hainbat datu ematea; esaterako, izena, adina, ogibidea eta jaioterria. Asko jota, zaletasunen bat gehituko zaio zerrendari.

Zaila ez da galdera bakarrik, norberak bere burua ezagutzea ere zaila da-eta. Autoezagutza ez da helburu bat, etengabeko eraldaketan gaudenez, inoiz ez baitugu geure burua guztiz ezagutzea lortuko. Hortaz, autoezagutzaren, esperientziaren eta bizipenen bitartez, ikasi eta hazteko aukera ematen digun jarioan dagoen prozesua dela esan genezake.

Hala ere, zenbaitetan, ingurua da prozesua zaila bihurtzen duena. Aldi oro, besteei erakusten diegun irudiari buruz kezkatuta bizi gara eta gehienetan, ezaugarri hutsaletan oinarrituta dago. Hortaz, gure izatearen mamia ahaztu egiten dugu. Modu berean, jaiotzen garenetik, besteek ematen diote esanahia egiten eta esaten dugunari. Maiz, ulerkuntza hauek okerrak dira, zerikusi handiagoa baitute eman dituenarekin, jaso dituenarekin baino. Horrela bada, norbere burua ezagutzearen prozesua, besteen iritzi eta interpretazioetatik distantzia bat hartzerekin batera hasiko da.

Bestalde, eta aurrekoarekin kontraesana iruditu arren, nor garen jakiteko, besteak bidaltzen dizkigun mezuak kontuan hartzea ere beharrezkoa da. Gakoa mezu horietaz baliatzea da. Horretarako, harremanek suposatzen duten hartu-emanean geure burua entzuteko prest izan beharko gara, nola sentitzen garen, ze emozio agertzen diren eta hauek nola kudeatzen ditugun erabaki. Hunkitzen gaituenak gure bizitza-historiarekin zerikusia dauka, hau da, besteak ez digu emozioa jartzen, baizik eta emozioa da gugandik ateratzen dena. Guk azaleratutako emozioari kanporako bidea baimentzen diogu, alegia.

Autoezagutzaren bidean, garrantzitsua da jakitea zenbait estimulu jakin batzuen aurrean izaten ditugun erantzunak errepikatzen ote diren. Horretarako, lagungarria izango zaigu pizten diren emozioak eta pentsamenduak behatzea, hauek epaitu gabe eta hauekin lehiatu gabe. Horrenbestez, oztopo bihurtu den jarrera ze egoeratan azaltzen den antzemango dugu eta automatikoki ditugun hainbat ohitura eta jarreraren finkapen mailaz jabetuko gara. Jarrerak urteen poderioz eraikitzen joan dira, hots, txikitatik. Haurtzaroan besteekin harremanetan jartzeko erabiltzen genituen estrategiak, orain heldu bezala erabilgaitzak bilakatu dira. Gaur egun, haurrak ez garen heinean, gure emozio eta erabakien agintea hartzeko gai gara, gure beharrak guk geuk asetzeko, beste norbaitek egin dezala espero gabe.

Oinarrizkoa da hausnartzea, benetan, gure zerizanetik edota, aldiz, azalekotasunetik bizi garen. Agian besteen aurrean pertsonaia bat eraikitzen ari gara, gure pertsona mespretxatuz, eta ez gara egoera honi behar duen arreta jartzen ari. Autoezagutzaren bidea ez da zaila, iraunkorra baizik. Kontzientzia, askatasun eta segurtasun maila handiagoa lortzea ahalbidetzen duena. •

saioaaginako@gmail.com