Datorrena

Datorrena

Iraila hurbiltzen ari da, abiadura bizian; udaren eta oporren amaierarekin urte politiko berri baten hasiera dator. Aukera eta arrisku zahar eta berriak. Katalunian gorabeherek, aurrerako eta atzerako pausoek jarraituko dute; ziurrenik, elkarrizketek eta negoziazioak ere beren tartea izango dute, baina, erabakitzeko eskubidea onartuko duen espainiar gobernurik ez den artean, eta egun ez dago, gatazka politikoak bere horretan jarraituko du. Diada, epaiketak eta hauteskunde munizipalak izango dira erreferentzia une garrantzitsuenak, independentziaren aldekoen erronka nagusia batasuna berreskuratu eta mantentzea izango delarik. Batasunik gabe ez dago aurrera egiterik: espainiar Estatuak ondo baino hobeto daki hori, eta bere estrategiaren helburu nagusietako bat hori bera da, zatiketa bultzatu eta areagotzea. Konponbide demokratikorako aukera errealik ez denean, konponbide prozesuek norberaren eta arerioaren indarrak eta posizioa indartu edo ahultzeko balio izaten dute. Jokoa jokatu beharra dago, baina norberaren aukerak eta helburuak, eta “etsaiarenak”, ondo ulertuta. Aurtengo Diadak, beraz, garrantzi berezia izango du (noiz ez?), aukeren eta batasunaren neurgailu paregabea izango delako.

Brexita badator eta honek Eskozian eta Irlandan izango dituen ondorioak ikusteke daude. Eskoziako kasuan bigarren erreferendum bat azkartu lezake, baina kasu honetan, Brexitak ez ezik, britainiar politika elektoralaren garapenak ere eragin handia izango du. Jeremy Corbynek zuzentzen duen laborismoaren balizko garaipen batek independentziarako aukerak gutxitu ditzakeela pentsatzen duenik badago. Nicola Sturgeonek zuzentzen duen Gobernuak mota guztietako kalkulu politiko eta matematikoak egin beharko ditu inolako erabakirik hartu aurretik. Gure kasuan ez bezala, Eskoziak erabakitzeko eskubidea lehen erreferenduma gauzatu zuenean irabazi zuen, eta bigarrena bai ala bai galdeketa irabazteko aukera errealak dituenean bakarrik egingo du. Gurearekin konparatuz, beste fase batean daude. Galdutako erreferendumek ez dute independentzia gauzatzen eta, gainera, nahitaez Erresuma Batuarekiko batasuna indartzen dute. Irlandak ez du presarik, baina emeki-emeki irlaren batasuna ekarriko lukeen erreferendumaren aldeko kanpainan darrai. Irlandak dagoeneko estatu bat dauka eta horrek bidea beste lasaitasun estrategiko batekin ikusteko aukera ematen du. Nire ustez, batasuna denbora kontua baino ez da.

Kanakyk independentzia erreferenduma egingo du azaro hasieran. Zalantzarik gabe, erreferentzia politiko garrantzitsua izango da euskaldunentzat, frantziar Estatuarekin adosturiko erreferenduma izango baita. Datozen asteak gako izango dira prozesu horretan, abuztuaren 31n bozka eskubidea izango dutenen errolda publikatuko da, eta horrek eragin handia izango du azken emaitzan. Egia da Kanaky urrun dagoela Euskal Herritik, bertako prozesuari jarraipen txikia egiten zaiola gurean, baina esango nuke politikoki pentsatzen duguna baino hurbilago gaudela bi herriok: arerio bera daukagu, Estatu frantsesa, eta horrek bakarrik fokua bertan jartzera behartu beharko gintuzke.

Flandriak aurrera darrai, ohi bezala zarata handirik egin gabe, isil-isilik baina aurrera. 2019ko maiatzean, egun berean, hauteskunde federalak (belgikarrak), erregionalak (Flandria, Valonia eta Brusela) eta europarrak dituzte. Flandria eta Valonia arteko diferentzia estruktural, ekonomiko, politiko, kultural, linguistikoek… bere horretan darraite. Ikusi beharko da gobernu federal bateratu bat gauzatzerik baduten edo berriro diferentzia guztiok azaleratzen diren. Bitartean, inkesten arabera, N-VA alderdi abertzaleak bozkatuena izaten jarraituko du bai Flandrian bai Belgikan.

Euskal Herrian, gertakariok gertutik jarraitu ez ezik, mugimendu eta herriokin ditugun harremanak indartu beharko genituzke. Batetik, Estatu espainiarrari zein Estatu frantsesari begira, presioa areagotzeko, eta, bestetik, Europari begira, benetako elkarlan eraginkorra abiatzeko. •