joseangel.oria@gaur8.info
KIRGIZISTAN

Nahitaezko ezkontzen aurkako jarrera indartu du ikasle baten erailketak

Berarekin ezkondu nahi zuen gizon batek bahitu eta eraildako Buralai Turdaaly Kyzy ikaslearen hilketak gogor kolpatu du Kirgizistan. Erdialdeko Asiako herrialde musulmanetan ohikoa izaten da «andregaiak lapurtzea» ezkontzera behartzeko, baina 20 urteko medikuntza ikaslea polizia-etxe batean erail izanak nahitaezko ezkontzen aurkako jarrera indartu du Kirgizistanen.

Burulai Turdaaly Kyzy ikasle gaztea berarekin ezkondu nahi zuen gizonezko batek bahitu eta erail zuen. Neska bahitu ezkontzera behartzeko, horixe izaten da Erdialdeko Asiako herrialde musulmanetako gizonezko askok buruan duten ideia.

«Nire alaba txikia zen, apala eta ongi hezitakoa», azaldu du Gulnara Kojanaliieva amak, begiak malkotan dituela. Aldi berean, imam batek gaztearen alde otoitz egiten du, heriotza iritsi zenetik berrogei egun pasa direnean. «Etorkizunerako horrenbeste proiektu buruan izan eta begira», erantsi du alaba galdu duen emakumeak.

Burulai Turdaaly Kyzy 20 urteko medikuntza ikasleak pediatra izan nahi zuen. Ezkontzeko proiektua ere bazuen, baina ez bahitzailearekin, aspalditik mutil lagun zuen gaztearekin baizik. Baina, zoritxarrez, gauzak ez ziren berak nahi bezala gertatu. Ikaslea ezkontzera derrigortu nahi zuen gizon bat Buralai Turdaaly Kyzy bahitzen saiatu zen, baina gaizki atera zitzaion eta azkenean polizia-etxera eraman zuten. Baita ikasle gaztea bera ere. “Andregaiak lapurtzea” oso ohikoa da herritar gehienak musulmanak diren errepublika sobietar ohian. Kasu honetan, Poliziak hartutako erabakia tragikoa izan zen: gizonak ikaslea polizia-etxean bertan hil zuen. Maiatza bukatzeko zegoen oraindik.

Sekulako astindua

Sei milioi biztanle inguru dituen herrialdea erabat astindu zuen Burulai Turdaaly Kyzyren erailketak. Milaka lagun kalera irten ziren protesta egitera, krimena salatzera. Nazio Batuen Erakundeak eta giza eskubideen aldeko elkarteek gaitzetsi egin zuten neskaren erailketa. Asiako herri nomada batzuek erabiltzen duten jurta askoren sarreretan hildako gaztearen erretratua jarri zuten zintzilik. Eskolara eramaten zuen uniformea jantzita ageri da argazki horietan. Ile beltz lisoa du. Eta ume aurpegia. Irudi hori herritar askok ikusi dute Facebook bezalako sare sozialetan eta manifestariek erakutsi dituzten pankartetan. «Lotsa nazionalaren ikurra» bihurtu da argazkia, manifestarien iritziz.

Bahitzaileak 30 urte besterik ez ditu. Kartzelara sartuko zutela konturatu zenean, zauriak eragin zizkion bere buruari eta erietxera eraman behar izan zuten, Poliziak jakinarazi duenez. Ikasle gazteari gertatu zitzaionaren eraginez, 23 agente lanik gabe geratu dira, edo kargu hartu diete nagusiek, gutxienez, hedabideek esandakoaren arabera.

Ikaslea polizia-etxean bertan erail izanak haserrea eragin du. «Nola lortu zuen bahitzaileak Buralai hain modu krudelean hiltzea, polizia-etxean zegoela?», galdetzen du Seiit Kojanaliiev biktimaren osabak. «Legeek ezer lortzen ez badute, zerbait egin beharko dugu. Begia begi truk, odola odol truk».

Erdialdeko Asiako herrialde musulmanean tradizio bihurtua dute emaztegaia bahitu eta berarekin ezkontzea. 1920ko hamarkadan Kirgizistan Sobietar Batasunaren zati bihurtu zenerako hedatuta zegoen ohitura hori. Sobietar agintariak saiatu ziren ohitura ezabatzen, baina porrot egin zuten.

Gainera, desagertu beharrean, indartu egin zen ohitura 1990eko hamarkadan Sobietar Batasuna desegin zenean. Begirale batzuek uste dute hori horrela gertatzearen arrazoiak ekonomikoak direla, ez kulturalak: neska bahituz gero, ezkongaiaren familiak ordaindu beharreko ezkonsaria txikiagoa izango da. Estatistikek garbi azaltzen dute arazoa izugarri hedatuta dagoela, ez dela pertsona bakar batzuk jasan behar izaten duten zerbait. Esaterako, iaz, Kirgizistanen ezkondu ziren nesken %20 inguru bahitu egin zituzten ezkondu aurretik. Horrela diote Gobernuak Nazio Batuei bidalitako datuek. “Emaztegaia lapurtzea” ez da delitu askorentzat. Legeak dio zazpi urteko kartzela-zigorra ezarriko zaiela bahitzaileei, baina, gero, kasua ikertzen ere ez dira hasten biktimak salaketa aurkeztu ezean.

«Gizonezkoen arduragabekeria»

Umutai Dauletova Nazio Batuek gaiaren inguruan abian jarritako ekimenen koordinatzaileak uste du arazoa «legearen errespetuan eta jarduera judizialean» dagoela. Horren erakusle, 2017an abian jarritako ikerketen %70 bertan behera geratu ziren, Nazio Batuek egindako lan baten arabera.

Ekainean Bixkek Kirgizistango hiriburuak bi manifestazio jendetsu hartu zituen nahitaezko ezkontzen aurka protesta egiteko. Horietako bat Hezkuntza Ministerioak berak deitu zuen. Parlamentuan, berriz, Aisuluu Mamachova diputatuak esan zuen «gizonezkoen arduragabekeria arazo nazionala» dela gaur egun. Bastan Bekechev diputatuak Barne Ministerioaren ondoan ikaslea gogoraraziko duen monumentua eraikitzea proposatu zuen Parlamentuan.

Asol Moldokmatova telebista aurkezle ezagunak lan asko egin zuen protestak antolatzen. Berak ere herritar askoren jokabidea salatu zuen, besteek esaten dutenari gehiegi begiratzeagatik. Ondorioz, sarri, herritarrek bahiketak ezkutatzeko aukera egiten dute. Bere iritziz, Burulairi gertatuak eta herri mugimenduek lor dezakete herritarren jokabidea aldatzea. Esan zuen 7.000 emakumeren mezuak jaso zituela protesten ondorengo egunetan, beraiek jasandako egoeren berri emanez.